Sinestea da kontua, amigo
Joakin Balentzia
Amaiera hori ez nuen espero,
egitan, sinestea da kontua, amigo;
miseriaz inguraturik gaude eta
bonba da irtenbide bakarra,
diotenez, bonba leher bedi...
Baina ez zaitez haserre
kondatzen badizut
nire biziari buruzko zerbait,
pertsonalago,
hitzen prozesio trakets eta zerritsu hau
debotuki itxadotea dela eta.
Atzo jaio nintzen, nolabait errateko,
ez zait gustatzen publikoki kontatzea
betetzen ari naizen urteak,
dezentziaz, ez zaizkit guztatzen
batzea ez kentzea,
bakarrik atsegin ditut asmatzea
egunero jaio naizela
eta ezabatzea bizi izan naizela
edo eta bizi izan ditudan gauzak;
ez dut nahi oroitu
niri inork ez errateko
zerbait bizitu izan dela,
edo ikusia,
edo igarria,
edo maitatua.
Mutiko bat nintzen
orain hogei urte eta oraintxe ere
jarraitzen dut izaten, amigo,
sinestea da kontua eta;
hemen ez dago joku antzutarako lekurik,
malko eta ardura ezgauzetarako posturik
ezta ere; hori pisu hauendiegiko bait da,
burdinezko eta kakazko zama,
zera, ezin da salbazio espero izan
edozeinengan,
gerra da, eta nolako gerra badakizu,
zuk eta biok
elkar ulertzen dugu
gure iratzeak
nola gorritzen diren
bait dakigu.
Enganiatzen ari natzaizu, agian,
baina, faborez, utz nazazu,
gustora akituko dugulako
arazo itsusi hau;
ez begiratu adi-adi
eta entzun bakarrik
nola soinu egiten duten hitzek,
adigalkor eta fidakor, hots,
nire konfesioaren ordua da:
balio urdin eta gorria ote zen
txikitan nik maite nuena,
isuri zen esnea edo edan nuen,
ez naiz oroitzen, gogorik ere ez dut,
mutiko talde bat zen
eta harriak airean,
eta nik bukatu nuen
zauri batekin iztarrean.
Ondoren badakit korridore ilun bat
izan zela, bakardadean bizitzen
ikasi nuela
bele kirtenez inguraturik,
nire buruaz sinesten ikasi nuenez,
sinestea bait zen kontua, amigo;
eta aurkitu nituen ene benetako armak
erhateko, zinez;
ez nuen hil behar Jainkoa,
zorionez, eskuen artean urtu zitzaidalako,
pentsatuz, sinpleki, guzti hori dela
haur kondaira solemne bat,
noizean behin poesiaz kargaturik,
zergatik ez, baina hondarrean
irrigarri,
krudel
eta kiratsua.
Orain nik ere kondaira berriak
sortu nahiean nago,
solemnerik ez,
baina bai luzaro irauteko moduan,
edo bonba lehertu arte bederen;
zer erran nahi dudan badakizu,
zuk eta biok
herri honen benetako arnasak
somatzen ditugulako,
eguzki eta euri berrien indarrez
bizirik;
hemengo iratzeak ere
nola gorritzen eta nola hiltzen diren
jadanik ezaguna dugu;
gaueko zirgitaldiak,
ohantzeko plazerrak,
larruaren premia, bai,
herri honetaz
sinestea da kontua ere bai, amigo.
|