Egizu Korrika
Mikel Bujanda
Arineketan dator izeba Pantxika, ipurdi
gizena du, hesturik birika.
Zedozer esan nahirik badauka irrika,
Laster entzungo duzu beraren predika.
"Mundua berritzen da aldian aldika,
gizakumeak dira sortzen gizaldika.
Oinazez galdetzen dut jarriz belaunika,
beti behar al dugu ibili KORRIKA?"
Iruñe inguruan dago Zabaldika,
han bizi dira Peru eta Koldobika;
ezagun dutelarik euskaldun mistika
konbentzituko dute izeba apika.
"Agertuko dizugu geure dinamika,
konpondu gabe dugu hor problematika,
erdi husturik dugu berriro pratika,
hara zertarako den aurtengo KORRIKA.
Zabaltzen ari gara euskal didaktika,
Bihotzetik maitea dugu gramatika;
baina askoz hobea da mintza-praktika,
eta hau behar dugu orain aldarrika."
"Urratsak onak dira emanik gutxika
eta ez ibiliaz itzulmitzulika.
Zintzurretik gorantza datorkit kolika,
norengandik gabiltza hala ihesika?"
"Oraingo gizartean sobran da lirika,
zoroak gidatzen du gure errepublika.
Asperturik gaituzu hemen aharrausika.
Isilik egon zaitez edo has KORRIKA!
Ibiliak ditugu plaza ta karrika
jantzirik galtza motzak edota tunika
euskara zabaltzeko oihu-irrintzika;
arrazoirik badago hasteko KORRIKA."
"Gelditu gabe dabil jiraka txirrika,
baina makil batean dago zintzilika;
irmoki tinkaturik egonik pertika
ardatz baten ingurun gabiltza KORRIKA.
"Egarria kentzeko ona da mertxika,
umeek entzuteko kanta Xixupika,
irri egitekotan leitu Basilika,
lirain kontserbatzeko egizu KORRIKA".
"Montaje handi honek badu mekanika.
Bere sorterria du Iparramerika.
Aspaldi samarretik galdu da Etika,
diru biltzeko on da edozein tenika."
"Batzuk ikusten dute nonahi politika;
igarria daukagu guk zeure taktika.
Eginagatik ere zimur ta zirika,
ez duzu zulatuko inola puxika.
Ez dugu gaizki hartzen zuk egin kritika
bainan ez zaitez hasi mesedez harrika.
Gustatzen ez bazaizu hemengo musika,
etxean geldituta jo filarmonika."
Inork eskatu gabe egin dut kronika
haintzakotzat harturik puntu ta metrika.
Otoi ez nazazue orain madarika,
eta gogoan hartu gure errepika:
KOMENI ZAIZU ETA EGIZU KORRIKA
|