Agurtzen zaitut
Joakin Balentzia
"KORRIKA" berriz dela eta euskararen klabepean irakur daitekeen bi poema
Agurtzen zaitut, solasean,
baina ez dut ikusten gaua.
Itxita dago kobazuloa eta
ezin dut ikusi kanpoko iluntasuna;
harrapariak ote daude
zure begien zain?
Hotza eta hotsa
bildu dira erotzeko zorian
tenore honetan.
Hatzaparkadak eta urradurak ditut,
non eta zenbat ez dakit;
biziaren erritmoan
galtzen dira ene kontuak
iragan gizarajoaren antzera.
Ez dugu astirik
hainbeste zama jasotzeko,
herritar urdinok.
Agurtzen zaitut, errepidean,
zarata eta kotxeen trumoiak
uzten ez didate
zure begirada gorria ikustea,
ameslari, arlotea,
labezomorroek jarraikitzen dute
helburu ezinezkoa.
Dardaraka ateraino
hurbildu nintzen
hostoen loa bereizteko,
baina ehuntzangoak ziren
irteera gordetzen,
zelatari ausartak;
tristurak pozoindu zituen
saguzar horiak eta
hauxe ez zen notiziarik.
Agurtzen zaitut, mila aldiz egunero,
arnasa hartzearen antzera;
labanetako kaparrak,
mihura eta goroldioa
jaiotzea apaintzeko?
Ezta hori,
izerdia eta nekea,
erleen ibilbidea.
Guzti horrekin bai
egin daiteke etxe morea;
biolentzia espiralaren norabidea
iragartzen omen dute
azti harroputz berriek,
baina ez dakite
zenbat ur daramate
geure hibaiek,
zenbat dira hemengo irriak
eta nolakoak geure emeak.
Inoiz ez dute jakinen
geure haizea harrapatu.
Agurtzen zaitut, oraingo zaparradan;
bazterrak zikinak jarri dira,
gure seme-alaben gogoekin;
haizearen semeak,
ilargiaren alabak.
Esnatu da sua
elurren eraginez,
ezpain zimurtuak
gorputz zimurtuak
gorputz gutiziatsuan;
ozenki deitzen zaitut
solasean, errepidean,
oraingo zaparradan,
mila aldiz egunero
agurtzen zaitut.
|