L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

Kolokazko altxorra

 

Xabema

 

Orain dela urte asko, hainbeste urte, egutegian ere galdu egiten bait zaigu, eta aldi berean urritu oso urrutian mendi hagitz eder batetan bazen agortezinezko Harrobi bat, baina ez nolanahiko harrobia, ez, baizik eta Harrobi altxorduna. Izan ere harrobi hark bazuen bere barnean inongo diruz ordaindu ezin zitekeen altxor baliotsua. Bere izena ALTTOR zen. Alttor honen osotasuna zati, puska, alderdi, molekula, atomo eta beste hainbeste pusketa ttipiz horniturik zegoen; bakoitzak bazuen bere izen berezia, eta Harrobi hartako izaki guztiek ongi asko zekizkiten pusketa guzti haien izenak nahiz eta haruntzago, honuntzago, gorago ala berehago egon.

        Esan bezala, jakina, Harrobi hartan Alttor ez zen biztanle bakarra. Harekin aldi berean, eta inguruan edo nahasita hantxe bizi ziren Harrikozkorrak, Marmolak, Legarrak, Harkaitzak, Haitzak, Hondarrak, Hareak, etabar.

        Hasiera batetan denek ezagutzen, estimatzen eta maitatzen zuten gogotik Alttor jauna.

        Baina urteak joan urteak etorri beste harrobi batzutako IZAKIAK hasi ziren agertzen eta gure harrobikoekin harremanetan jartzen.

        Denbora luze batez, nahiz eta hori gertatu Alttor eta beretarren anean gauzek berdintsuki segitzen zuten.

        Hala eta guztiz ere, zoritxarrezko egun batetan kanpoko eragin horiek Harrobiaren barrutian hasi ziren nabaritzen, eta ez hori bakarrik bainan pixkanaka pixkanaka kanpotar horiek Harrobiaren MAMIA kendu bait zieten (irakur burujabetasuna). Geroxeago HARKAITZik nagusienak ere lapurtu zizkieten (irakurri Lege eta Foruak). Handik gutxitara Alttorren Harrobian bertan hasi ziren bizitzen kanpotarrak bertakoekin batera beren eskubide guztiak txit ongi errespetatuko balizkiete bezala, baina hurrengo aldian Alttorren egitura berbera ohostu egin zieten (euskararen ofizialtasuna maila guztietan leittu beharra dago).

        Ordurako Alttortar batzu, Legarrak eta Hondarrak alegia, beren altxorraren alde altxatu eta borrakatu ziren ezer gutxi lortuz (esan dezagun abertzaleak). Baina zoritxarrez beste batzuek, hots, Marmolak eta Harrikozkorrak, aurka jarduten zuten jadanik beraientzat ondorio onuragarriak atereaz (derragun fatxak eta saltzaileak). Beste batzu ordea, gehiengoa, desarduratsu mantentzen ziren (nortasun gabekoak interpreta dezakegu).

        Dagoeneko, Harrobian sortutako hiru taldeak nabariak ziren, goikoak behekoen aurka eta alderantziz, eta erdikoak, Alttor inguruan zeudenak zeintzuak mugida guzietaz pasa egiten bait ziren.

        Gatazka latzak ziren noiznahi, ia-ia beti Alttortarren kaltetarako. Mendeen igaroketarekin Alttor eta bereak aberastasun haundiak galtzen joan ziren, kasik elur artean erantzirik eta babeslekurik gabe gau ilunetan gelditu zirela esan liteke, nolabait ere herrautsita eta suntsiturik. Alttor, nere ustez behintzat, eta beste askorenean ere, hilzorian eta arras desitxuratsua aurkitzen zen.

        Hala ere, harrapakariek, lortutakoarekin pozik ez zeudela, gehiago nahi zuten eskuratu, beren zapaltzaile eta inperakor egarri guztiak asetuta ez zutelarik, inposaketa bideari ekiten zioten behin eta berriz; hitz batez, jatorrizko legez ezertxo ere egokitzen ez zitzaienetik dena erdietsi nahi zuten. Esate batetarako Telealttorra, Irratialttorra, bide eta karrika izkribualttorrak, administralgo eta irakasalttorrekin batera ukatu eta debekatu egiten bait zizkieten beren osotasunean behin eta berriro. Ez pentsa hemen alttorgai guztiak aipatu ditudanik, ez, zuek gehiegi ez aspertzearren gelditu naiz horretan.

        Lehen esan bezala orain ere Harrobiko gehiengo alper horrek bere nagikerian irauten zuen patxadaz beterik eta inolako kezkarik gabe; izan-nortasunaren usaia ere zeharo galdeta zuen eta.

        Aurreko guztiokin onezkero ezer gutxi egiterik dago. Itxaropena Legar, Hondar eta Hare etsiezkor eta amore emangaitzengan bila daiteke oraindikan.

        Ostera, hauengan ere, Erdal Teleputza, irrati-bide-kale-administralgo-irakas eta gainerako zakurrenputz guziei esker nabarmenak dira hauek bezalako Alttor desjatorketak; adibidez, solasaldi eta elkarrizketa arruntetan, Alttor hizkeran TZAKOTE, TXATSETZI, TTADDO, XAXU: etabar luze bat esan beharrean hauexek entzuten dira sarri asko pero eta gehiagotan nonahi:

        Zenbaki eta kontuen sailean:

        «...Gaurko erosketak "treszientas kuarentaizinko pesetas" kostatu zaizkit...».

        «...Begira, nere telefonoa hauxe duzu "beintidos-beintiotxo-zero-tres"...».

        «..."Calle Arrieta, número seis, terzero izkierda"-n bizi naiz...».

        « ...Osasunak "zero-tres" galdu du etxean...».

        «...Gaurko kiniela honelaxe geratu da: "Real Madriz Athetiko de Bilbao dos"...».

        « ...Zenbat kostatu zaizu? Ba, guztira, "dosmil zien, más kinientas zinkuenta, ...umm..., dosmil seiszientas zinkuenta pesetas"...».

        «...Hilabeta honetan argitan "zinkomil kuatrozientas beintiotxo pesetas" gastatu ditugu, eta uretan "otxozientas katortze"...».

        «...Bonbila hau?, ah bai, bai, "zien Watios"koa da...».

        «Makina honek "treszientos kaballos" gutxienez izanen dittu...».

        «...Arategietan "el treintaizinko portziento" igo dute baina nekazarientzat ordea "el otxo portziento" besterik ez...».

        «...Ni ere "kinta del treintaiseis"-koa naiz...».

        «...Joe!, gauotan Abaurrean "diezisiete grados bajozero" egin omen dittu...».

        Bestaldetik, irratitelealttorra, aldizkari, egunkari, liburu, komiki etabalttor luze batean aurrean, badago alttortzale ugari Alttorren hizkuntzan ez daudenak hautatzen dituena sistematikoki behin ere pentsatu eta eztabaidatu gabe, zinez aukera litekeena badagoenean; beti irratiputz, teleputz, eta astaputz oro aukeraturik...

        Eta noski, horren eragin argi eta garbiaz, gure Harrobi gizagaixoan, nahiz eta atomo, molekula, protoi, elektroi eta neutroi askok (irakur neskamutiko, haurtxoak, e.a.) Alttorren hizkuntza jakin badakiten eta baita menderatu ere, askotan jolasten dute hizkuntz arrozputz batetan, holakoak esaten dituztelarik:

        «...¡Manos arriba!...»

        «...¡Al ataque!...»

        Eta nahiz eta eskuen artean duten ipuin liburuan "Lulu Txikia" jarri "La pequeña Lulú" esaten jarraitzen dute.

        Ai ene!, egoera tamalgarri honetan aurkitzen da une hauetan Alttor Herria, ez gehiago ezta gutxiago ere, eta alttortar gehienek jatorrak eta alttortzaleak direla ustea dute.

        ...Hondar ale hau berriz ez da bat ere zoriontsu sentitzen Harrobi honetan, eta bere etxean bertan arrotza aurkitzen du bere burua; indarkeriaren indarkeriaz ittomena arnasten du zoko guzietatik.

        Zer egin diogu, diote, digute gure ALTTOR-ri? Noiz arte bizi ote ahalko zaigu odoluste izuikaragarri eta itxarogabetu honetan?

        ...Nahi duenak nahi duena uler dezala...!

Alttorkume batek

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.