L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Karlismoa hil da... biba post-karlismoa—

 

Hiru poema post-karlista

 

Iosu Landa

 

—I—

Bost merindadeok,

ez nuke zeuokin manikeoa izan nahi,

gorrotorik gabe isilarazi nahi zintuzket

hildakoari betazal erdi zabalak

hertsi ohi bezala.

Aski nuke maitalearen begirada konprentsiboa

ganibeta zeuon bihotzean barneratzeko,

malko isil bat

neure traizioa mozorrozteko.

Ez nuke zeuokin manikeoa izan nahi,

bainan zeuon odola gorriegia da.

 

—II—

Nola esanen ez dela gogorra

aurpegira begiratu ezina,

merezi gabeko zimurren mina?

Bizi-ispilu gabe nola jorra

 

galdutako isladekiko zorra?

Lur hezeak (ekinaren ezina)

odoltzat damaigu nafar buztina,

hordi-biharmonaren lehorra.

 

Nola esanen ez dela isila,

zere prostituzio horren kantua,

geure ametsen bake santua;

 

hurrengo festaren iragan hila.

Zeure faltaz krabelin gabe dirau

hilobi honek; urrunegi berau.

 

—eta III—

Ganibeta barneratzeko indarrik ez,

eta gure hildakoek betazalak betiko jasoak;

halaber, hilobi hau aspaldi izan zen

profanatua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.