Joakin Balenzia
Hik iraun huen haize zital horietan zehar,
lizarra, haritza, mendia, erraldoiemea;
basoa mugitzen da jadanik gaztelua
asaltatzeko kupidarik gabe; gaur da
gerra bikain bat, oihuak, erostak, dardarak:
herri honen alabak erakusten du bere benetako
tamainua.
BEHIN "Esku zikinak" delakoa
J.P. Sastrek idatzi zuen,
eta geroztik guztiok geureak
gehiago begiratu ohi ditugu
BEHIN Iranen lapurrei eskuak
oraindik ebaki egin ohi zizkietela
irakurri nuen
eta dardaratu nintzen
BEHIN makina batek lagun bati
eskuaren hatzak moztu zizkion
eta neuk nolabait
mendekutuko nintzela
zin egin nuen...
UNE HARTAN zergatik langileek
ukabila altxatzen duten
ulertu nuen betirako.
NIRE BEHATZEK
hire ile jorien artean
nora jo ez dakite.
Biziaren aintzinako misterioak
altxor helezina bezala,
hire buruak ezkutatzen ditu;
eta altxor horren babesa
hire adats oparoa da,
laberintoa, ulergabeko mapa;
azkenean baso ikaragarri horretan
fereka galtzen da
hire begiek ate esperantzagarri bat
zabaltzen duten bitartean.
|