Donostiako Hiria
Burnitx
Suerte onez gaudezi mendibajuzaleak, hirumilatik goitikoen garaipenaren ondoko poza ezin ukatuagatik betidanik ttikixeagoak gogokoago izan ditugunok. Nagia bainaiz (animalia-irakurleen bare-karakol edo dordoka dudarik gabe) nobela luzeen azalaren azpikoa irakurtzen hasteko, eta hagitzez aisago ekiten diot ordea ipuin edo kontakizun laburragoari.
Eta gure suertearen ontasun hori zeri ausiki egin ausarki izateagatik aipatzen dut. Liburudendak, pixar bat exajeratuz, euskal ipuin uholdeak inbaditu dituela erran baikenezake. Sarrionaindia, Mikel Hz. Abaitua, Josu Landa, J.M. Iturralde, L. Mintegi, M. Onaindia eta abarrek jenero horretako aleak merkaturatu dituzte. Liburu guzti hoien artean hemen laburki aipatu nahi nituzkeen bi edo bat bikoitza. Agian interesanteenak ez izanagatik beren koxka dutenak.
Hain xuxen ere Haranburu Altunak "Donostiako Hiria I eta II" izenburupean argitara eman dituenak. Izen bereko literatur lehiaketan sarituriko ipuinez osaturik, alegia. "I"an 79. eta 80.eko lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak gehi 82.eko lehenengoa. Nik behinipehin ez nituen ezagutzen eta ez dakit bertze inon ote diren argitaraturik. G. Garate, B. Atxaga, F. Krutwig, A. Zelaieta, M. Hz. Abaitua, I. Iñurrieta eta I. Zabaletaren ipuinak dakarzki. Nahiko izen adituak geure mendietako abelgorriak ezagutzen dituenarentzat.
Bigarrenean, Landa, Uria, M. Hz, L. Mintegi, M. Azurmendi eta M.J. Alberdirenak datoz. Hoietako hiru Susa 7. laranjatsuan irakurri ahal izan genituenez, arestian aipaturiko lehenengoan murgildu naiz oraingoan.
Ez dut hala ere haiei buruzko banan banako kritika eginen, sobera axaletik irakurri baititut gehienak hori egiten ahal izateko. Bainan aipamentxo honek aurkezten eta gomendioa izan nahi luke, batez ere ni bezalako distantzialaburtzalentzat, eta horretaz gain, idazle desberdinen estiloak edo ezagutu nahi lituzkeen irakurle berriarentzat. Guk gurean ikasleei eros erazi dizkiegu, lehen aipaturiko helburu hoiek direla eta, irakurri ondoren klaseetan lantzeko. A! eta ezin ahantz gure Iñaki leitzar amerikanoarenak ezagutu nahi lituzkeenak hemen duela bere kuriositatea asetzeko aukera. Voila!
|