G. Acilu-ren "Pater Noster"a
Jon
Nafarroan apenas ezagutzen badugu ere, Agustin Gonzalez Acilu-k, altsasuarra, 55 urtekoa, bere bizitza osoa darama musikagintzan, pentagramak aztertzen, hots eta abotsen arteko harremanak arakatzen. Dagoeneko Estatu hontako musikagilerik interesgarrienetarikoa dugu Acilu, musikaren azterketaren munduan guztiz ezaguna, abanguardiako musikagintzan puntako konpositorea, jakintsuek diotenez.
Aciluk hainbeste jenderi gertatu zaion bezala Madridera joan behar izan zuen bere bizimodua aurrera ateratzeko, musikarekiko harremanak apurtzeke. Orain bertako kontserbatorio baten zuzendaria da. Hala ere ez du ahaztutzen inolaz ere bere sorterria, ez eta hemen egosten diren kezkak. Joan zen urtean burutu zuen azkeneko obra, "Pater Noster a Luis Morondo In Memoriam" deritzana, Iruñako Kamara Koralaren zuzendari Luis Morondo izan zenari dedikatua, azken omenaldi gisa. Eta, hona hemen pozgarriena, orain argitaratu den obraren partitura euskaraz kaleratu da. Euskara hutsez, beste sei hizkuntzetara itzulia.
Aciluk berak dioenez, "hau gure herritik kanpo euskal kultura egitea dela pentsatzen dut, zeren bostehun bat ale mundu guztietako kultur zentru eta Unibertsitatetara bialduko bait dira".
Aldizkari apal honetatik txalotzen dugu jarrera hau. Euskara, ez bakarrik musikan, baizik eta kultur arlo guztietan urtero hau bezelako ehun-berrehun lan sortzeko gai izango balitz... Eta ametsak ametsak dira oraindikan.
|