L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-1 (1984) —Hurrengo artikulua




 

 

Igande petrala

 

Burnitx

 

Igande petrala. Asteburuan hau ta hori ta bura egin gogo genuela eta deus ez. Ez lan, ez kirol, ez jai, ez atseden, ez deus, geure motore gero ta ahulagoaren pilak gehixeago gastatu baino.

        Hamaiketan altxa, gogorik gabe, planik ez dugula eta igande batek ezer gutti eskain diezakegula jakinik. Gehienez ere astelehena bitarteko zubia besterik ez den igandea. Puaff. Ez daukat nere mingortasuna kutsatzeko asmorik, "bertzea" mutur jartzen bada, orduan bai, arraso okertuko baita eguna. Baina zaila odolean barrena, gorputzeko muturretik muturrera, bidaiari gogaikarria dudan har honen ziztaden eragina kanporatu gabe gordetzea.

        Ixilik, komunerantz. Laguna erdi loak harturik ohatzean. Igandea eta hemen, kaka! Ustelduta nago. Begira ze aurpegia! Puaff. Jairik egin gabe, goxatu gabe —logaleak ta nekaturik geunden—, gorputz osoa minbera eta kexa. Ispilua puskatuko nuke. Inoiz baino fidelago erretratatzen nauen ispilua. Betondo marroiak, aurpegi horia, mingain zurixka. Tripetako mina, ilea zikina, haznahia, arnasa ere ez dut gustora hartzen! Kaka zaharra berriz!.

        Janzten naiz eta kalera, egunkaria eta ogia erostera. Eguna goibel. Parfait. Zer berri? Zaharrak berri. Gosaldu. Hamabiak. Jode goiz osoa pasatua eta gu hemen... igande batetan... GORROTATZEN DITUT IGANDEAAAAAK! "Aaaa,... egun on motel, kaixo!" Ahots alaiez saludatzen nau kopinak. Baina nola koño egon liteke bat kontent honelako igande batetan? "Egun on", nik, hortzak hestutuz. Zer pasatzen da, serio hago? Ni? Zergatik? Anda la letxe, ni ezzz! Zer eginen diagu? Ez zekinat, buelta bat eman. Nahi duk oinez, lasai lasai, hankak luzatuz, kafesnea pausatzen den bitartean, ohizko puzkerrak botatuz, Txantrearaino joan, Rastroraino? Rastroraino? —aiba la ostia, rastrora!— Ba, ez dun ideia txarra hi!

        Ekarran musu bat, ze arraio, sorgin hori! Orain nahi duk musua? Gauez ipurdia baino ez didak eskaini ta! Ipurterre hori, benga, mugi hadi, goazen Rastrora!

        Ondorio filosofikoa:

        Gure bizimodua astegun stressatu, jai-egun absurdo eta bizirik doi-doi segitzen ahal izateko oporrez osatzen da. Atseginaren bidea deserrotu ditugu eta bestearen gainetik egoteaz elikatzen gara gehienbat. Lan egiteko behar fisiolojikoak sortu zaizkigu eta astia izateak itotzen gaitu. Egia jaun-andreak. Egia hutsa. Hau mixeria!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.