Korrika, gu?
Kapi
Lerro hauek argitaratu ardurako "Osasuna"ren jarraitzaileek galdua izaten dugu lehenengo dibisioan mantentzeko esperantza, AEKren Korrika, istilutsua (Geure Gobernadoreek-Gobernuaren orlezkariek-astazakilkeriak egiten segituko baitute) akabatu izanen da, ipurtzuloa, pixar bat handixeagoa izanen dugu, sartuko dizkiguten misil-supositorioei esker, eta gure kaleko dendari kontsolagaitzak segituko du bere amets zimeldua laztantzen, gizongairik harrapatu gabe.
Hala ere, ze arraio, zeinek daki idazteko bigarren aukerarik izanen ote dugun, KORRIKAz hitz egin nahi dut honetan, prisa handirik gabe. Bizpahiru gauza erran nahi ditudalako, nere kilometroa egin ondotik eta oraindik arrontean baretu ez zaidan arnasa hestuaz.
KORRKA fenomeno berexia baita, eta ikaragarri inportantea iruditzen zaidalako euskara dela kausa hainbertze jende mugieraztea. Batzuk "euskararik gabe ez delako Euskal herririk", bertzek "lastima delako honelako gauza galtzea", hango hari lotsa ematen diolako ezetz esateak, eta hemengo honek lagunak forofo samarrak dituelako... Hortxe ibiliko da makiltxoa, euskalzale militantearen eskutik bide hau ez dela egokiena uste duen burupentsantearenera. Asunttoaz sobera konprenitzen ez duenak ea egunkarian agertzen den pentsatzen ari den gizon publikoari emanen dio. Ea lau minututan egiten duen kirolari epelak laoslia garela sinesten duen atso borrokari. Badu bere xarma jendea karreteraren azal hotza, trikitin-trokoton, danborra bailitzan, jotzen ikusteak.
Giroa sortzen baita. Giro kilikagarria. Eta begiak pilaka. Parte hartzaile eta begiraleenak: ikusi eta izkutatuko den apez kontrarioa, odoia irakinen dion jauntxo burumotza, irri eginen duen nekazari gordina, bi aldetara burua mugituko duen asto zahar ikaragaitza, amatxoren bizkar gainean arrikonkon eta saltoka joanen den mutiko mukizua, ikusi eta aitaren eginen duen amona enlutatua. "Izan bizkor", agurtuko duena, "Korrika, Korrika" bere indar guztiz oihu eginen duen leihoko begiralea, eta kaskoz jantzirik giharreak tentsatuko zaizkion uniformatu betokerra.
Eta Naturaren pertsonai nagusiak. Ahanztezinak. Laino-lanbroak, lehengusuin propioak, goizeko musu frexko iratzargarria. Guttika ta poliki agertuko den eguzki pottoloa, txapela erantzirik kaixo erranen diguna. Txipiroi tintatan murgildurako ilargi misteriotsua. Xirimiri adarjole aspergaitza ere jasan beharko, eta euri erauntsi pixontziaren saludoa, goitik behitiraino txipatuko gaituena. Horietaz gain, neguaren enpatxo itzelaren goitikinak ere zipriztinduko gaitu dudarik gabe, xuriz... elurra ixil ixilik eroriko... bere sabelaren atsedenerako.
Kirol zapatilak eta mendi botak, txandal eta gona motzak, bizar gorriak eta burusoilak, mehe eta pottoloak, titi ta ipurdi dantzak, barrabil borobilenak, bihotzen ritmo frenetikoa eta arnasa behartua, eta pausu-hots deskonpasatuen konpasa.
Gauza izugarria, alajainkoa. "Heldu ttuk, heldu ttuk!" Aibadios zenbat jende! Hori marmarioa eta burrunba...! Pasatu dira. Karretera huts. Ixiltasuna... Hamabiak joak dira eta Zenizienta buelta lasterka etxera. Zulo hartan jarraitu behar neskame zoritxartuak bere amorde-ahizpordeen irainak jasan behar izanik, bere ametsetako printzea noiz etorriko den zai.
Bizpahiru aldiz urtero berreraikitzen dugu amets berbera gurean. Oroit "Nafarroa Oinez", "Nafarroa Euskararen Alde"... etabarrez.
Eta ez diot nik inori ukatuko ametsaren plazerra, are guttiago gisa honetako ametsen alde positibo guztiak, aipatu horretaz gain. Ezta pentsatu ere. Bainan hemen ziria sartu beharra dago. Zeren eta baitirudi denbora soberaxko dedikatzen diogula kanpaina eder hauek prestatzeari eta hagitz gutti, guttiegi, konponbide iraunkorragoak zein izan daitezkeen pentsatzeari.
Nafarroa berexia da, oraindik elebitasunari buruzko legerik ez duen komunitate autonomo bakarra. Euskerarena basamortu, eremu hotz eta abandonatua da hemen. Deus egiten ez delako abandonuaren etsipenetik dena egiteko dagoelako esperantzagunera salto ematea posible den tokia. Eta hemen ez da ideia berririk sortzen. Hankak lohian sarturik ditugu, aintzinpausurik eman gabe. Ez gara saiatzen edo ez dugu kapazitaterik edo bi gauzak batera. Bide berriak urratu beharra daude. Minimo itxurosoak finkatuz, oinarrizko puntutatik abiatuz, aginte publikoarekin sokatiran ausartki jokatu behar delakoan nago.
Amets egin dezagun, ametsez mozkortu, bainan ez gaitezen egunorokoaz ahantz. Biba KORRIKA.
|