L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Igela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Igela-1 (1962-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Erotika euskaldunaren lore zenbait

 

Ederrak

 

Herriak Xuberoan txikituak egiten zituen: lauko pertso berdeak ziren. Gure esperantza da urrengo numeroetan erriko txikitu batzuen publikatzea. Baina gaurko xuberotar idazle famatu batek, moda zaarreko bersetak era berritu ditu. Idazle horrek txikituak, ederrak deitzen ditu, arauez, leen bertsuan beti eder itza erabilli bear baita.

 

                Arrainak eder errekan

                Eder herriko karrikan,

                Gaua orduko ibilten diren

                Puta maiteak herrokan.

 

                Eder erriko eliza;

                Elizan dago Elisa

                Othoitz egiten senda dadintzat

                senargaiaren penisa.

 

                Nire neskaren ederra

                Behar den legez nork derra?

                Nektar da haren sabel ahoak

                Ixurten duen elderra.

 

                                                J.C.

 

 

Bi aoak

(Zubero-ko ipuin bat)

 

        Kondaira hau Xubero-ko artzai bati entzun diot edasten. IGELA-k euskaldun oituren zoko illun guziak argituxe nai lituke, ez du meritu andirik, ordea folklore bilduma egile ta eliza-gizon batzuen eragozpenak ez baititu.

 

Urte hartan Pazko eguna Maiatzean gertatu zen. Santa Graziko mendiak lilitzen ari ziren eta anbula-loren kirten luzeak aizean dantzan. Pazko bezperan bazterretxe hartako irur alabak Santa Graziko kalera kofesatzera joaiteko, goizintza urtu gabe bidean abiatu ziren.

        Bi alaba zaarrenak bidean oso serio joaiten ziren, Iruñeko kalean izan balira bezala. Gaztea, lorean erlea bezala, salto harat eta honerat, lorez lore kurritzen zitzaien. Bi aizpa zaarrenak predikatuta ere, ez zen gaztena geldirik egoten.

        Baina bide erdia eginik zutelarik aizpa gaztena oiuz eta dantzan asi zen: —Jesu maria. Hau gauza ederra. Eta lurrera apaldu zen zerbait borobilen biltzeko. Bi aizpak urbiltzean gaztenak: —Beira zer erraztun ederra, lurrean idoro dutan eta arri presios batekin—. Besteak bekaitzez lereginda zeuden: —Ez dun hirea, guk leen ikusi diñagu. Ez baldin badun gurekin partitzen edo galdu duanari itzultzen, jaun erretorari salatuko aigu.

        Apaiza asi zen, etxeko alabaren kofesetan eta etxeko primak bere pekatuak aitortu ondoren, aizpa gaztena salatzen du. Erretorak dio: —ez da egiaz pekatu erraztun horren edukitzea, galzalea agertu arte beintzat, zenbait tratalari faltsu edo kontrabandisten batek galdua izango da ta luzaro zuen eskuetan egongo.

        Alarik ere zeinek leen ikusi zuen eztabaida bat sortu baita bakoitzari galdera bat egingo dizuet eta obekienik erantzungo eta inardetsiko duenak erraztuna eramango du.

        — Zenbat ao ditutzu?

        — Jaun erretora biga.

        — Zein da zarrena?

        — Jauna bekoa.

        — Zertako?

        — Jaun erretora, bekoak bizarra baitu eta aldiz gainekoak ez oraindik.

        Bigarren alaba kofesatzera urbildu zenean apaizak ez zuen uste erantzun obeagorik etzungo zuela eta neska kofesatu ondoren bigarrenari ber galdera zuzendu zion.

        — Zenbat ao ditutzu?

        — Biga jaun erretora.

        — Zein da zaarrena?

        — Gainekoa jauna.

        — Zertako arren?

        — Zeren eta gainekoak aginak aspaldian badauzka, bekoak aldiz oraino egiteko.

        Biek zein obeto erantzun zioten eta orain erraztundunaren aldi zen gaztenak pekatu arin batzu aitortu ondoren, erretorak erraztunaren kondua aipatu zion eta ber kondizionetan, ber galderak egin.

        — Zenbat ao ditudan jauna, biga.

        — Zein da zaarrena?

        — Gainekoa jauna.

        — Zertako nere aurra?

        — Jauna, gainekoak aspaldian ez du mamatu eta edoski, bekoak aldiz bart oraino edoskitzen zuen.

        Hala gelditu zen gaztena erraztunarekin eta burua etxera sartu.

 

 

Gauza reserbatuak

 

Euskaldunak ain zirezte fededunak, erri bakoitzean erretoraren seme bat baita (J. Moulette, gaskoinak). Esaera hori argitu bearrez galdezka ibilli gira hona gure auziko leen dokumentua.

        NAFARROAKO, bertsolarisa baten bertso berriak 1830 urtean.

 

                           I

                Dozena bat zorziko

                Marijoan Igoak.

                Nere bizimodua

                jakin dezan munduak

                ondo esplikatzea

                eman dit gogoak

                laguntzen baldin badit

                gure jaungoikoak.

 

                           II

                Apez bat zerbitu dut

                amalau urtean

                jaun ta jabe egiñik

                aren ondasunean

                Señora bat bezala

                jauntzirik soñean

                pagu ona eman dit

                orain atzenean.

 

                           III

                Onela esan zidan

                urtea bete gabe

                "zure faltan nago ni

                osasuna gabe."

                Atoz nere oiara

                pasatzera gaube.

                Pozik agindu nion

                erreparo gabe.

 

                           IV

                Sazerdote batean

                Ez dira kabitzen

                burutikan galdua

                ezpada arkitzen;

                jarritzen giñanean

                graziak ematen

                gauza reserbatuak

                zizkidan esaten.

 

                           V

                Joan den abendoan

                eguerri jaietan

                nere lagunarekin

                endemas gaubetan

                gustora egon nintzan

                plazer andietan

                orduan jarri nintzan

                loka arrotzetan.

 

                           VI

                Bederatzi illabete

                urbillen urrian

                justo kunplitu ziran

                ogei ta bostean

                oñaze ta dolore

                aundien artean

                xita bat atera zen

                ez ustekabean.

 

                           VII

                Dama gazte batentzat

                alako otsoa

                aisa errenditu nau,

                pikaro faltsoa.

                Seme bat eragin dit

                bere antzekoa

                duda gabe eztuke

                lendabizikoa.

 

                           VIII

                Ojala baldin banintz

                munduan bakarrik

                onela bizitu dana

                disimulaturik.

                Lan egiña urriki

                ezta probetxurik

                ni emen gelditzen naiz

                dena urraturik.

 

                           IX

                Doktore medikuek

                etzioten igarri

                zer pasatzen zitzaion

                nere sabelari

                ordenatu zioten

                milla bat edari

                eskerrak zor dazkiot

                txikirotelari.

 

                           X

                Bizimodu polita

                dago neretako

                apeza ez dezaket

                artu senartako

                norbaitek nai banindu

                bere andretako

                makilla bizkarrean

                etzaide faltako.

 

                           XI

                Adios Erizeko

                zarrak eta gazteak

                nik iduki zaituzket

                nasirik guztiak

                ala agintzen zidan

                nere nagusiak

                oraiñ agertu dira

                gure maliziak.

 

                           XII

                Salve, Regina Mater

                Miserikordia.

                Anparatu nazazu

                Birgina Maria

                ongi konfesatzeko

                indazu grazia

                nere anima tristeak

                badauka premia.

 

Ulzama-ko Ballean, azaroaren ogeiean Milla zorzireun ogei eta amarrean Aetzak igorririk (inéditas).

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.