L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-9 (1988-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

El árbol mágico

 

Javier Sadaba
Mikel Azurmendi

 

        Gizon bitxia gure Sloterdijk hau. Best-seller bihurtu zen Alemanian bere Kritik der Zyniscben Vernunft liburua (Critica de la Razón Cínica, edota Arrazoi zinikoaren kritika, itzul daiteke), letraz mardul eta ugari eta gaiaz nekeza izan arren. Gazte xamar da oraindik filosofoa, bai, baina leihotik barrena bortxaz eta bapatean sartzen ohi den haize kolpea bezala lekutu zaie alemaniarrei gizon hau. Kaos elegante antzeko bat besterik ez omen da Habermas-en ustez, baina dagoeneko filosofia askatuago eta biziago baten esperantza ba omen dakarkio beste askori. Filosofo honek dionez, posmodernidadea utopiarantza itzultzea da, pauso ttiki ttikien artezia erabiliz, eta horixe dateke akaso berak egiten duen guztia: arruntkeriekin hautsi, idei hesparru erabiliegiak bazterrean utzi eta piskana ibiltzen saiatu, gogoz eta gustoz.

        Bere obsesioen arteko bat hauxe da: ideiek ez dezatela konkrezioaren beroa gal, gauzen berotasuna gorde dezatela, alegia; eta egia esan, ondo ornitua dago helburu horretarako, filosofiaz gain literaturan ere ikasia bait da oso. Horregatixe nobelari hozka egin dio El árbol mágico delako honetan. Nobela filosofikoa da, baina kontuz, filosofiaz aritu den nobelagile asko dagoen arren, gutti oso da filosofo nobelagilerik, baldin eta nobela zaku zabalegi batean sartzen ez badugu behintzat eta Platon-en lanak, adibidez, nobelatzat jotzen ez baditugu, noski. Filosofiaren esparruan mugitzen delarik ere, Sloterdijk nobelagile ona bezala azaltzen zaigu. Artearen tontor eta gailurra nobela dela esaten dutenak zozo atzeratu huts batzuk besterik ez dira esaten zuen Susan Sontag-ek, artean gaur abstraktoago, teknologikoago eta zientifikoago ere izatera iritxi omen da-ta. Horregatixe behar bada, Sloterlijk nobelaren behar bizian gertatu da filosofia desalienatu eta Ilustrazioaren amets nagusi (baina goizegi traizionatu) haietan berlekutzeko.

        El árbol mágico Frantziako Iraultza garaiko nobela honek, van Leyden izeneko pertsonai zoragarri bat dela bitarte, sikoanalisiaren fikziozko hasiera kontatzen digu, eta garai hartako giza-giroa bero bero erakusten, Marat, Guillotin eta beste hainbeste iraultzaile ospetsuen arteko fikziozko elkarrizketak tartean direlarik, berorien iraultzarekiko begiona nahiz kopetiluna begi bistan azalduz. Eta trabeska, ongi baino hobeago buruturik, amodio istoria zoragarria ere badago.

        Sikoanalisia totelka motelka ageriaz zihoan une berezi hura mesmerismoarekin nahasten du Sloterdijk-ek propio. Messmer zeritzana nor ote zen? Ba, magnetismo orokorrean sinesten zuen gizon xelebrea, naturalezako indar guztien batasunean eta elkartasunean fedea zuen bat, eta indarrak oro gizonarenganatu ezkeroz, sekulako osasun iturri bihurt lekiokeela konbentziturik zegoen gizona. Ridikulo hutsa dirudi guzti honek gaur egun, baina esan behar da Schopenhauer-gan beti dagoela tente idei hori, eta badira Traktatus-en bertan hori bera ikusi dutenak ere, kabalak eraginik-edo.

        Gai hori tresna bezala erabiltzen du Sloterdijk-ek. Zertarako tresna? Ilustrazioan arrazoia zertan den galdetzeko. Hori da helburua. Eta metafora batek pasatzen du aldenik alde nobela osoa: Ilustrazio aurreko gizakumeak katedralen gainetik behera ikusten du mundua; ilustraziokoak berriz, handik goitik jausi eta muturrez beheran jo du.

        «Ni» bat bihurtu zaio bere buru apurtua. Baina hara nondik ni hori, orain behetik gorantz begiratzen saiatzen den hori alegia, bere ttipitasunez jabetzen hasten den. Horregatik inkonszienteaz konturatzea (eta tantaka tantaka van Leyden-i agertzen zaion nozioa da inkonzientea) arrazoiak itzalak ba dituela konturatzea da. Zera deskubritzea da: gehiago jakin, eta orduan eta enigmaren handitasuna agiriago azaltzen dela; eta horri esker, Ilustrazio on bat urdintasun misteriotsu honen baitan hamaika mila perspektiba berri eta interpretazio berezi sortuaz joan beharko litzateke (Nietzsche ez litzateke portaera honen jarraitzaile zintzo bat besterik izango).

        Baina zoritxarrez Ilustrazio onik ez, eta dena arrazoiaren truke emango da, eta itzal ilunenak ere arrazoia bera dirateke azkenean, edota arrazoia indartzeko zerbait. Ulertua dago freudismoaren gaitza, ezta?

        Arin dago idatzia Sloterdijk-en nobela hau, eta filosofiazko alegoria horrez aparte, asko goza arazten du, narratzeko estilo bikaina bait du. Gazteleraz itzuli izatea azertu handia izan da, baina harritzeko da oraindik orain zein esan-mesan eskas sortu duen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.