Kritikari ala mitika
Jon Kortazar
1. Testu batetan irakurtzen dut zein den kritikaren eginbehar, zeregin, eta xede eginkor bakarra. Raymond Federman kritikari amerikarrak adierazten duenaz: «kritikak liburu diren eta ez direnen artean bereizketa egin behar du». Literatur-liburuez ari da, noski. Beraz, literatura denaren eta ez denaren arteko bereizketa. «Literaturaren antza eman nahi duenari erantzukizun politikoa ematea». Testu berak adierazten digu zein den literatura eta literatura ezaren arteko muga sotila: «denbora garaitzen duen diskurtsoa, iraupenean bizi den hitza».
Literatur-lana azken honen jabe da, eskumuturretik hartuta darama iraupena. Denboraz zein tokiz urrun egon daitekeen irakurlearentzat idatzita. Mugak igarotzen ditu, toki-mugak, denbora-mugak.
2. Poetikaren ingurutan mogitzen da kritika, eta lan batetan agertzen den hitz-jarioa literatur-alorrean sartzen den ala ez erabaki beharko du.
3. Baina kritikaren erantzukizuna politikoa ere bada, Federmanek gogoratzen digunez. Zuzena izan beharko du bere buruarekiko kritikak, baina mugak igarotzen ari da, eta poetikatik pragmatikara igarotzen. Literatura eta errealitatearen arteko mugak igarotzea ez da inoiz lan maitatua, eta gehienetan arriskutsua gertaturik, ez diogu honelako lan bati aurpegia ematen, ez dugu eskuratzen, eskuen artean hartzen.
Bereziko lana da hau kritikarentzat. Horpotik hartu behar duena.
4. Literaturaz hitz egin beharko du kritikak. Baina ezin dut ahaztu errealitatea harrapatzeko ikuspegia baino ez dela literatura. Atzo irakurri nuen aldizkarian Flaubert-en Lan kahierrak argitaratzen direla. 1.100 folio geroxeago bere lana izango zenaren oinarri puntu bezala. Eta ezin dut ahaztu Flaubert-en nobeletan ez dela bakarrik ideologia edo hizkuntza bat agertzen, errealitatetik literaturara igarotzeko zubia ere eraiki zuela: narratzailearen desagerpena izenarekin ezagutzen dugun teknika. Teknika baino gehiago, bizitza begiratzeko filosofia. Eta literatura lanek hau ere besotik hartu behar dute. Aukeraturiko ikuspegia errealitate eta fikzioaren arteko zubia da. Eta aukera ez da inoiz neutrala izaten.
ALA
1. Walter Benjaminen lan bat, gogoetarako maisu, ene loaldien begirale dut mesanotxean. «Emagalduak eta liburuak ohera eraman ditzakegu» esaldia ironikoak hasten du gogoeta. Baina serioago, gogokoago haren «Kritikariaren teknika hamairu tesitan». Lehendabiziko tesia: «Literatur-guduan estratega da kritikaria». Bigarrena: «Ezeren alde jartzen ez denak ixilik geratu beharko luke». Bostgarrena: «Borrokatzen duzun kausak benetan merezi badu, bere alderdi-izpirituaren menpe jarri behar duzu 'objetibotasuna'». Seigarrena: «Moral kontu bat da kritika». Zortzigarrena: «Geroak ahaztu edo goraipatu egiten du. Kritikoek soilik ematen dute epaia idazlearen aurrean». Hamargarrena: «Benetazko polemikak tendreziaz hurbiltzen dira liburura».
Ai, Tendrezia eta polemikaren arteko elkarrizketa bezala ikusi nahi nuke kritika. Azken batean, literatura eremu autonomoa baita, eta beti pentsatu izan dut literaturaz mintzatzea, bada kritikaren helburua, posible izango litzatekela literaturaz elkarrizketa ikasi ondoren gizartearen barnean ere elkarrizketa mantentzea. Kritika elkarrizketarako eremu askatua, toki utopikoa. Bai, injenuoegia nintzen.
2. Baina ez zen injenuoagoa kritikaren papera idazlearen aurrerapausuak kritikan ikusten zuena, eta kritikak idazleak bere ofizio ikasteko bide zela aldarrikatzen zuena.
Argi dagoena beste zerbait da, eta berriro Benjamin: «Arte-lanean ikasten du bere ofizioa artegileak». Literaturak Artea sortzen du, kritikak dokumentuak, eta beraz bere helburua: «Publiko hezitzea da».
MITIKA
1. Beste testu batean irakurtzen ditut egungo kritikak izan dituen osagarri eta okerkeri eta partzialkeri batzuk. Haien artean aipatzen dira: «Kritikoaren itxurazko neutraltasun ideologikoa; liburura eremu nahikotzat hartzea; testuaren barne konplexotasuna anbiguotasunarekin nahastatzea; idazkera literario eta ona gauza bera balira bezala onartzea; tekniken agerpen soilagatik balorazio ona ematea; berriaren goraipamen esajeratua; aurkako eritzien eta argumentazioaren urritasuna; kritika metodoen gutxiespena; hetorodoxoaren goraipamena».
2. Gure artean egiten den kritikak badu arazo historiko bat. Menendez de Pelayoren inpresionimo eta Menendez Pidalen neopositibismoaren barnean mogitzen dela. Eta ez daki ez mendi tartetik ez Menendez artetik irtetzen.
Testuak aztertzen genituen lehendabizi. Literatur-Historiarekin atrebitu ginen gero. Kritika falta zaigu, Literatur-teoria.
3. Baina Literatur-teoriaren sormena, errealitate eta fikzioaren arteko zubiari buruzko gogoeta gehiago dago idazlearen eskuetan eta ez kritikoen eskuetan. Idazleen teoriei (Atxaga eta Lekuonarena Cuadernos del Norte aldizkarian) arreta gehiago jarri behar genieke.
Azken batean, literatur-lana sortzea, errealitateari mitoz erantzutea baita. Orduan, ez dugu kritikarik behar, etorkizuna mitikarena da. Idazleek sortuko duten mitoena, eta kritikak neopositibismoa eta inpresionismoak jarri dioten hesitik irtetzeko aldarrikatu beharko dituen metodoena, fikziotik errealitatera, Artetik bizitzara igarotzeko behar dituen makila da etorkizuna. Kritikak errealitatea azalduko du orduan.
|