IV Encontre d'Escriptors Gallecs, Bascos i Catalans
Felipe Juaristi
ASKATASUNA KIMERATZAT HARTUTA, izenburu horrekin Felipe Juaristik ponentzia bat aurkeztu zuen joan den urriaren azken egunetan Valencian egina GALEUZCAn. Argitaratzea interesgarria deritzogulako eta gure ustez literatur-aldetik puntu argigarriak dituelako ematen dugu ezagutzera. Besterik gabe.
Boterea, aberastasuna eta edertasuna eskeini zioten Atenea, Hera eta Afrodita jainkosek Paris Troiako printzeari, honek hiruetatik ederrago zein zen erabaki zezan. Parisek edertasunaren alde egin zuen apostu, horrela Afrodita aukeratuz eta jainkosa kapritxosa honek Helena, Menelao Espartako erregearen emaztea, emakumeen artean politena eukiko zuela agindu zion.
Ondorengoa ixtorio ezaguna da, irakurria izanagatik: Helenaren bahiketa, gerra luze bat, Troiaren azkentzea. Kontatzen dute Helena itzuli egin zela, greziarren untzietan bere sorterrira, baina ez dut sinisten. Oraindik bahituta bait dago eta berea horregatik da edertasunaren mito bihurtuta.
Horrelakoxea da askatasuna, zuriz jazteko ohitura duen dama hori, akaso bere birjintasun edo-ta gardentasuna aldarrikatzeko. Begiratuko bagenio hala ere arrasozko zeruko ilargipean jakingo genuke bere zaharkin itxuraz, bere tristezia eta malenkoniaz. Jakingo genuke ere geure eskuez biluzten utziko bagintu bere gorputz flako eta eiharraz, bere ximur eta arrailez. Inork ez daki bere edadea. Hori ere bahitu bait zuten neskato bat besterik ez zenean. Harrezkero gure begietatik gordetzen digute jainkosa handinahi eta harroa balitz bezala. Baina guk maite dugu, urrun dauden eta behin ere kontenplatuko ez ditugun neskatxak, badia gaineko ilunabar urdinak eta aingeruen sexoa maite ditugun legez.
Gezurra diote ere ispilu eta zetazko oihalen arrean ikusi dutela diotenek eta engainatzen dute beren burua flota handi eta ongi hornitutako baten konpainian etorriko dela, Helena bezala, pentsatzen dutenek. Harea anonimoetan galdu zen erregearen moduan, altxor guztien atea irekitzeko hitza asmatu zuen lapur gaztearen moduan, hiri txikitua konkistatzen duen gerlariaren moduan bera da deseatua. Munduko persekitu guztiek, bizitzaz etsitu eta nano guztiek, hitzak liluratu dituen guztiek eskeintzen diote gogoaren urrea, esperantzaren intzentsua eta fedearen mirra.
Idazleok, barne. Hauetaz hitzegingo dut ba bait dirudi deskontsolaturik, mindurik, eta koitatuta daudela bera desagertu zenetik. Ezer baino lehen nahi nuke zuen baimenaz abusatuz balentria notable bat, heroe homerikoen tamainakoa, aipatzea, lumaren artisau batzuena, beraien adoreagatik estatua guztien marmola beztu dutenena. Lehendabizi Vladimir Holan, poeta txekiarra. Oroimenera datozkit harrapaladan haren oihartzunak. 1948an Txekoslobakian legeztatu zuten estadu berriak haren poemak publikatzea debekatu zuen, "formalismo dekadente"tzat hartuaz. Holanek ondoren protesta moduan Moldava ibaiko uhartean zuen etxean ixteko erabakia hartu zuen. Ez zuen gehiago kalera irten, urte gutxi batzutan izan ezik, 1980ean amerikarren pelikuletan bezala hilkutxa batetan atera zuten arte. Bere idazlanen artean sakabanaturik hitzezko bitxiak daude, orain aipatuko dizuedana alegia: "Maitasunik gabe ez da ezer posible. Hiltzea ere ez da posible maitasunik ezean".
Poloniako Literaturak ere obsesionatzen nau, hain gaitza bera ere sailkatua izateko. Literatura horren ereduak, bestalde, badu zer esanik etengabeko eta askotan antzua den eztabaida horretan, idazlea eta inguratzen duen munduaren arteko kontraesanetaz. Eta hortxe dago Marek Hlasko, bere buruaz beste egin zuen idazlea, bere sorterrian debekatu egin ziotelako poema liburu baten argitalpena. Bi kasuotan aurretik jartzen dute Literaturarenganako fideltasuna. Jakina da arbitrarioa gerta daitekeela adibide batzuk aipatzea beste batzuk isiltzen badira baina hori gertatzen da beti aukera egiteko ahalmenak bere tirania ezarri egiten duenean. Gure lur propio eta txiki honen mugetatik ihes egin gabe aurkitu nitzakeen beste pertsonaiak, handitasun moralez, aipatutakoen parekoak. Miranderen oroimena daukat fresko xamar memorian, orain dela urte batzuk arte, eta orain ere, aski ulertua izan ez dena. Uko egin zion bere hizkuntzan idazteari protesta moduan edo desesperazio loratze bezala garaiko gizartearen hertsikeriaren aurrean, gizarteko alor kulto eta literarioa esan nahi dut gizarte hitzarekin, inguratzen baino itotzen bait zuen.
Askotan konparatu izan da, esku zabal-gehiegiz nik uste, askatasuna minutuz hainbat eta hainbat aldiz arnas-hartzen dugun aidearekin. Osigenorik gabeko landare eta loreak ximeltzen dira; animaliak eta gizakiak, ito. Baina zer gertatzen zaio askatasunik ez duelako idazten duen idazleari? Gizaki moduan bizi da baina hilik dago idazle gisan. Hitzegiteari uko eginaz nahita mututzen den idazlearena baino sakrifizio handiagorik ba ote dago? Behin ere ez da jakingo. Ixiltzen da hitza berea ez delako. Batzutan imajinatzen dut eta berehala hasten naiz dardarez, lan-egoera, edo gizarte mailako egoera hobetzeko une batetan ez jatea, gose-greba egitea, erabakitzen duen pertsona. Hitza askatasunean eguneroko ogia bezalakoa bait da, eta barka dezala Gabriel Celayak hitzaldi honetara bere bertso zoragarriak birlandatzeagatik. Eta batzutan idazlearen bizitza definitzen duena bere hizkuntzan espresatzeko ahalmena da. Gogorra da hori abandonatu eta bere barneko esilioan bejetatzen duen idazlearen bizitza.
Oroitzen ari naiz une hauetan orain arte dexente Ekialdean mixiolari egon ziren ahaide batzuek kontatu zidaten parabolaz. Antigoalean Txinan garrantzia izugarria ematen zitzaion bai ahozko eta baita idatzitako hitzari ere, oso jakintsu eta zibilizatuak bait ziren. Ba omen zegoen Kortean, barbaroak ailegatu baino lehenago, pertsonaia kurioso horietako bat. Bere zeregin bakarra zera zen, itsasoan bizi ziren animaliekin komunikatzea, egunen batetan itsas-ibilaldia egingo bazen, ditxosozko animalia horiek oztoporik edo trabarik jarri ez zezaten. Mongoliarrak nazio osoaren jabe egin zirenean eta bazter guztietatik barreiatu zirenean asesinatu egin zituzten Korteko mirabe eta zerbitzari gehienak baina itsasoko izakiekin hitzegiten zuenari bizitza barkatu egin zioten, bera Korteko parregarri edo pailazoa, mandarin errefinatu haien kapritxo bat gehiago zelako ustetan. Pertsonaia horrek mantsoagatik alde egin zuen iritsiezina zen herrixka batetan ezkutatzeko. Konkistatzaileak berehala konturatu ziren gizontxo haren garrantziaz. Untziak itsasoratzen zituzten bakoitzean hondora egiten zuten eskifaiko marinelak bertan hilik. Azkenean ikasi zuten itsasoko hizkuntza, baina ordurako berandu zen.
Horrela da idazlea batzutan, gerreroentzako elementu dekoratiboa, baina bera gabe zaila izango litzateke komunikazioa, ez itsas-animaliekin bakarrik, baila gizakoekin ere. Barbarie-ekintza da hitza debekatzea. Hala ere eguneroko egitatea da, oso arrunta, eta apenas dagoenik erreakziorako espaziorik, gehienetan azaleko solidaritate batentzako ez bada, errukira makurtzera ere bultzatzen ez duena. Diotenez, egon daitekeen mundurik onenean bizi gara, diktadoreen hezurdurak beraien hilobi abandonatuetan datzatela. Behar bada horrela da Mendebaldeko Europa deitzen dugun zati honetan. Besteaz zertarako hitzegin? Hor barbaroek segitzen dute itsasora eramango dituen hizkuntzaren bila. Hala ere badago galdera bat nire barnean burrunban. Erabateko eta askatasun osoa dagoela ez al da faltsukeria? Mendebaldeko Europan inor gosez edo hotzez hiltzen ez dela bezain gezurra? Ez dago jende askorik gure herrian edo gure gizartean gosez edo hotzez hiltzen denik, baina nahikoa da bat bera egotea zalantzatan jartzeko hainbatetan errepikatzen den esaldiaren egia. Ala ahaztu egin zaigu zentsura dagoela? Berria da Donostiako kazetari gazte eta bide onetik doanaren kasua, berak egunkari konkretu baten ideologiarekin txoke egin zuen artikulu bat argitaratu zuelako betatu zuten. Behar bada hemen zaudetenon arteko norbaiti normala irudituko zaio kasu hori, prentsako lanak ideologizazio ebitaezina dakarrela argudiatuz, eta justua dela egunkari, aldizkari edo direnak duela ideologia edo alderdikeria baten feudoak izatea. Nik neu aberrantetzat dut, gaurregun prentsa gero eta teknifikatuagoa delako. Ez da nire asmoa hemen tolerantziari aldare bat eraikitzea, baina ezin dut utzi aipatu gabe Voltairek bere "Tolerantziari buruzko Tratatua" ilustratzen duen anekdota bat. Kontatzen du Voltairek berarengan ohizkoa den grazia horrekin Varmie, Polonian, obispo batek zerga-biltzatzaile anabaptista zuela, eta inspektore soziniano bat. Kanpora bidaltzeko proposatu zioten, persekitzeko esan, batak konsustanzialidadeaz sinisten ez zuelako, eta besteak hamahost urte bete arte bere semea bataiatu ez zuelako; erantzun zion obispoak hurrengo munduan kondenatu eta zigortuak izango zirela dudarik gabe, baina hemen, mundu honetan, behar zituela.
Baina askotan espien pelikuletan gertatzen den legez, etsaia etxean egoten da. Autozentsuraz ari naiz, idazleak edo kazetariak bere buruaren inkisidore lana hartzen duenean eta erdizka isiltzen denean, besteen deseoaren arauera. Izugarri arriskutsua da joko hori, eskizofrenikoa, erotzeko modukoa. Norberaren nortasuna gris kolorezko bi zatitan geratzen da banatuta. Azkenean gerra zibil eta intimo bihurtzen da, behin ere kanpora zabaltzen ez dena. Baina autozentsura ez da besteek entzun nahi ez dutena isiltzea, horixe bera adierazteari uko egitea. Autozentsura da norberaren konbentzimenduaren kontra besteen gustoetara egokitzea. Batzuetan ez dago beste erremediorik. Bizi ala hil. Czeslaw Milosz poeta poloniar, disidente eta Nobel saridunak abesten duen moduan: "Hil ziren haiek baino hobeak gara". Baina bizitzeagatik isiltzen dena bere hitza makularik gabe mantentzearren hiltzeko presto dagoena baino hobea al da benetan? Horixe dela uste dut hitzarengatik bizi den pertsona mintzen duen zauri amaiezina.
Tranpa eta segada asko daude idazlearen zelatan. Boterea duenak hizkuntza kontrolatzeko bitarteko guztiak bait dauzka, eta ez bakarrik zentsura dela medio, baizik eta hitzen esanahia aldatuz, beraien mugen barrean itxiz edo buelta emanaz, azkenean haseran adierazi nahi zutenaren ezberdina esaten duten arte. Orduan ez dago beste erremediorik isiltzea baino. Eta alderantzizko kasuan, hau da, isiltasunaren konspirazioa gordetzearren mundu guztiak txintik esaten ez duenean, oihu bat jaurtitzea probokatzailetzat hartu daiteke, oihu hori nahiz eta ulergarria ez izan.
Bukatzeko esango dut askatasuna esistitzen dela, baina edertasuna bezala dena eta ezer ez dela. Pertsona bera bait da. Parisen eskuetan dagoen Helena distiranta. Espero dut egunen batetan itzuliko digutela. Distantziak ez du itzaltzen berarengana dugun sentimendua.