Zalakain abentureroa
Pako Aristi
Fikzioa da haurtzarotik bizitzari antzematen zaion aspergurearen aurka hartzen dugun lehen salbabidea.Fikzioak adierazten diguna da badagoela beste bizitza posible bat eta inoiz ez dugula ematen zaigunarekin, erakusten zaigunarekin konformatu behar. Fikzioa da inkonformismoaren rebelazioa ekartzen digun lehen sujetoa, eta rebelazio hori, maitasunarena, seksuarena edo diruarena baino lehenagokoa izanik, bizitzako garrantzitsuena bihurtzen da.
Fikzioaren uhertzea hiru liburuen bitartez zapaldu nuen nik estrainekoz. Lehenengoa, "Gezi beltza", Stevenson-en nobela gogoan-garria. Nere fantasia urratugabea, ezpata, lantzaz, gudaz, urrez, traizioz, ohore galduez eta gezi beltzez betetzeko prest zegoen, eta eskolaren torturarik gabeko larunbata goiz haietan irakurtzen jasotzen nuen plazerra gero arratsean izikok egindako pastelittoak jaterakoan sentitzen nuena ere baino handiagoa zen.
Bigarren liburua jadanik nere memoria garden hura poblatzen ari ziren familiako istorio zoriontsu eta atsekabeekin lotu zen, eta fikzioak nere kuriosidadea asetu gabe uzten zuten kontakizun etxetiarren hutsunea bete zuen. Bigarren abentura liburu hau "Ifar Haundiko Abenturak" izan zen, Jack London ahaztezinarena. Alaskako ipuinak ziren, eta urre bila joandako heroe anonimo eta krudelen ondoan lur haiek habitzen zituzten indioen miseriak irakurri nituen, Alaskara joan zen gure bisaitona baten iragana, bizitza eta heriotze osatzeko eta imajinatzeko erabili nituen errelatoak.
Hirugarren liburua izan zen loari minutuak, orduak lapurtzea zer den erakutsi zidana eta neure izatez gehiena jantzi ninduena, gauak bufanda Belandia herri ttikiaren gainera botatzen zuenean elektrizidaderik ez zen garai haietan gure iragana eta historia nolakoak izan zitezkeen imajinatzen lagundu zidana: Zalakain Abentureroa, nola ez, Pio Barojarena.
Hiru ingredientek bihurtu zidaten liburua ordurarte jan nuen platorik gozoena. Martin Zalakainen bizitza linealki irakurtzea izan zen lehenengo lilura. Orduan ulertu nuen destinoak eta kulturak bakoitzak zein neurritan eta zein eratan osatzen duren pertsonaren izakera. Horrela, Martinen bizitza proiekto bezala agertzen zen jaiotzatik, gero bizitzaren zertzeladek aldatu ala baieztatu egiten zuten bozetoa. Baina Pio Barojak garrantzi sakona ematen dio Martin-ek bere erabakien bidez proiekto hori aldatzeko duen ahalmenari. Amaiera tristeak bi ikasgai dakarzkigu azkenik. Batetik, historia errepikatu egiten dela, eta hau betiko istorioen balioa eta unibersaltasuna reibindikatzeko anatema bat da. Bestetik, arriskutsua dela destinoaren aurka joatea, eta horrela eginik ere, ezinezkoa dela bere arpeak ebitatzea. Konformismo honek kontradikzioa sortzen du abentura liburuei darien inkonformismoaren ondoan. Halere ez zuen horrek nere lo baketsua hautsi, kontaketaren xarmak baizik.
Tellagorriren pertsonaia izan zen bigarren lilura. Hain lilura maitagarria, non Tellagorri bezalako jendea ezagutzeko gazteegia nintzelarik mende bat lehenago jaiotzea desiratu nuen gartsuki liburu irakurri eta ondorengo hilabeteetan. Oraindik ez zait erabat ezabatu mende bat lehenago jaiotzeko desio hori. Nostalgia deitzen dela jakin izan dut geroztik. Bakarzalea da Tellagorri, bizitzeko ez emakume ez gizonezkoen beharrik ez duena. Istorio izugarriak dakizki, badaki zortzi modutan arrantzuan egiten, alai da, zurruteroa, liberara, elegantea, lapurra, adimentsua, zinikoa eta askatasun zalea. "Sin vino y sin patharra, soy un hombre muerto" esaten zuen. Nik izan nahi nuen bezalakoa.
Hil aurreko pasartean, gaisoturik dagoela, edari guztiak kendu zizkioten. Barojak kontatzen duenez, "Tellagorri, con tal procedimiento de abstinencia, languidecía y se iba poniendo triste". Bizitza modu basati batez maite du Tellagorrik. Tellagorri bezalako aitona bat eduki nahi nuen. Esaldi batekin negar egin nuen arte ez nintzen konturatu Tellagorri nortaraino sartu zitzaidan bihotzera. "Por la madrugada dejó de vivir Miguel de Tellagorri, hombre de mala fama y de buen corazón". Geroztik Tellagorri asko ezagutu izan ditut Belandiako taberna bazterretan, beraien lagun egin izan nahiz eta negar egin dut, berriro, azken urteotan hiltzen joan direnean.
Hirugarren lilura liburuak zeharkatzen duen paisaia izan zen, paisai geografikoa eta paisaia humanoa. Identifikazio prozesu personaletik identifikazio kolektibora joan nintzen. Belandia bezalakoak ziren nobelako herri ttikiak, ibaiak ere bai, amuarrainak ere harri azpitan egoten ziren lo eta apustuak egiten ziren gazte ausarten artean. Euskal Herria zen hura, baina aurreko mendean. Iragana kolpe batez begien aurrera heldu zitzaidan eta gure ahaide zaharrak nolakoak izan ziren jakin nuen. Gu bezalakoak ziren, edo guk nahi genuen haiek bezalakoak izatea?
Geroztik liburu askok nekatu dizkidate begiak, orri askoren orbainak geratu zaizkit, parrafo manthar ugariek asaldatu naute eta askotan galdu zaizkit azken orriak asperguraren faduran. Baina oraindik ere "Zalakain" hartzen dudanean beste inorekin sentitu ez dudan sensazio definikaitz hori gaineratzen zait, mende bat lehenago jaio banintz nolakoa izan nintekeen imajinatuz zoriontsua izan nintzela gogorarazten didan sensazioa. Zalakain hil zuten edade berea harrapatu dut, 24 urte, baina oraindik ere malkoak jausten zaizkit matrail lorratzetan barrena 42garren orriko esaldi hori irakurtzen dudanean: "Goizaldera utzi zion bizitzeari Mikel Tellagorrikoak, fama txarra baina bihotz oneko gizona".
|