L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-6 (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Christa Wolf

Nachdenken über Christa T. (1)

 

Joxerra Gartzia

 

        Christa Wolfen liburu honen aipamena egiteko enkargua hartu (eta berehala onartu) nuenerako banekien bekatu egingo nuela. Nahita ere ez daukat eleberri honetaz eritzi neutral-objetiborik ematerik. Nahi ere nahi ez dudanez, berriz, are gutxiago espero lezake irakurleak neutraltasunik ondorengo lerrootan.

        Beti eskumenera edukitzeagatik apaletan legokiokeen tokitik urrun, mesanotxearen paraje intimoetan gordetzen ditudan kuttun bakan horietakoa bait dut Christa Wolfen «Christa T.» hau.

        Horregatik ez dut liburua osoa berriz segidan irakurri nahi izan. Ez dakit horrenbestez eskatutakoa beteko ote dudan, baina neure Christa Wolfek sorturiko Christa T. neureaz hitzegiteko asmoa daukat.

        Liburuetan ageri denez, 1929.eko martxoaren 18an jaio zen Christa W. (2), Landsberg an der Warthe herrian. Germanistikako ikasketak egin ondoren, Berlingo DSV argitaletxean, gero Neues Lebenen irakurleburu gisa (noizko Irakurle lanbide hori gure argitaletxeetan?). Neuen Deutschen Literatur gazetan erredaktore arituko zen gero, eta baita literaturarekin zerikusi duten beste hainbat lanpostutan ere. 1962z geroztik idazle independiente gisa dihardu, Berlin ondoko Kleinmachnow-en. Eleberriaz aparte saiakera eta narrazio laburrak ere landu izan ditu (Der Geteilte Himmel, «Zeru zatitua» adibidez). Hemen aipagai dugun eleberria, 1968an eman zuen estrainekoz argitara.

        Honaino Christa W. Eta Christa T.? Ekialdeko Alemanian jaioa, honek ere Germanistika ikasi zuela dio liburuak. Albaitero batekin ezkondu eta seme alabez inguraturik izan zen, leuzemia gaizto batek jo eta eraman zuen arte. Christa W.ri sisistu behar badiogu, Christa T.k utzitako eguneroko, gutun, zirriborro eta abarrak jaso eta taxutu beste lanik ez omen du berak egin nobela hau osatzerakoan.

        Ez da, beraz, ezer berezirik orain arterainokoan: argumentu arrunt samar bat, aitzakia guztiz ezaguna... nondik ote ditu obra honek xarma eta indarra?

        Lehendabizi, esango nuke, Christa bien arteko harreman berezietatik. Nor da Christa T.? Benetan bizi izandakoa dela dio Christa W.k. Sinistu behar ote diogu? Zergatik ezarri dio orduan bere izena? Zergatik Christa, eta ez beste edozein, Sigrid adibidez?

        Bat izan, bi izan, halere, berdintsu dio. Ez bait da hori kontua.

        Norbanakoaz ari da Christa W.: norbera nor bera izatera heltzeko itxaropen, zailtasun eta ezinez. Baina norbanakoa ez da bakan bizi. Gizartean bizi da. Giza artean. Horregatik lerratzen zaio Ich, Ni hori batetik bestera eta bestetik batera. Horregatik behar du beste Christaren sostengua lehen pertsonaren itxura hartzea erabaki duen narradore ausartak. Eta aitortu beharra dago, maixuki egiten dituela ikuspegi aldaketa horiek. Eta hortik datorkio liburuari bere liluraren puska handi bat.

        Heriotzaren tratamendua da aipatuko nukeen bigarren alderdia. Badu, noski, zerikusirik Christa biak bat izatearekin, hizketan ari zaiguna ez baita hildako arrotz batez ari, neurri batean bera ere baden bati buruz baino.

        Heriotza, eta denbora. Hildakoak zehazten bait du dena. Hark bakarrik asmatzen du gauza bakoitza bere tenorean egiten:

        «Egun bat lehenago mingarri eta egun bat beranduago aspergarri zatekeena garaiz esateko une aproposa aurkitzen zuen beti Christa T.k» (161 or.).

        Garaiz esan, eta garaiz egiten jakin. Hori omen zen Christa T.ren abildadea. Esan liteke, beraz, hil ere garaiz hiltzen asmatu zuela. Eta hil ez denak badu garaiz hilarekiko inbiria eta bildurraren artean zehazten errez ez den sentimentu lanbrotsu bat:

        «Barregarria da, esan zuen (Christa T.k) nola iritsi garen guzti hau izatera.

        Baina sentimentu hori argitu beharra legoke gaur egun. Utzi diezaiodan halere lehendabizi berari hitzegiten. Hori esan al zuen egiazki, edota galdera egin ote zuen: Esaidazu egia. Une honetan, orain, instant honetan bizi al zara? Guztiz eta erabat?» (98 or.).

        Galdera bildurgarriak, benetan, zinez hartuz gero behintzat. Egin beharrezkoak, ordea: «aldez aurretik pentsatu izan ez dena ez baita inoiz errealitate izatera iritsiko» (169 or.).

        Aldez aurretik egin ez dena, ondoren egin beste erremediorik ez balego bezala; bere iragana errealitate bihurtzeko ahaleginetan dabil Christa W., Christa T.ren laguntzaz.

        Horixe bait da liburua, izenburuak eta lehen parrafoak argi asko adierazten duten bezala:

        «Hari buruz, hari jarraika pentsatzea. "Norbera izateko ahalegina". Horrela ageri da geratu zaizkigun haren egunerokoetan, aurkitu diren eskuizkribuen orri solteetan, nik ezagutzen ditudan gutunen lerro-artean. Guzti horiek erakutsi didate, hari buruz, Christa T.ri buruz ditudan oroitzapenak ahaztu behar nituzkeela. Oroitzapenaren kolorea engainagarria da... galdutzat eman behar ote dugu orduan?» (7.or.).

        Inola ere galtzen utzi behar ez dena, Christa Wolfen eleberri hau da, dudarik gabe. Bera idazle libre gisa hasi baino urte bat lehenago, 1961ean eraiki zuten Berlingo hesi hori gainditzen hasteko okasio polita eskeintzen digu liburu honek. Orobat teloiaz bestekaldeko literaturan «eguneroko prosa» edo «prosa vom Tage» delakoaz gainera eta gainetik ere mogimenturik badela ikusteko ere.

        Eta Christa T.ren ondotik, Günter Kunert, Irmtraud Morgner, Günter de Bruyn, Rolf Schneider eta beste hainbat baletoz, hobe.

        Baina hori beste batetarako gaia dugu.

 

        1) Liburu hori gazteleraz argitaratuta dago «Reflexiones sobre Christa T» izenarekin. Laia argitaletxean.

        2) Gazteleraz ere beste liburu hauek daude: Cassandra. Alfaguara argitaletxea. 1988. Recuerdos de infancia. Alfaguara argitaletxea. 1984. Bajo los tilos. Laia. 1988.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.