Gure beste Europa
Kitsch-aren biluzketa Kunderaren eskutik
Mikel Lasa
Gure haurtzaroko denbora ez gutxi, purpurinez pintaturiko iduriei so iragan izan genuen: larrosa zurigorriak, hortensia moreak, ihiak eta izagak, mordoka piramide moduan antolaturik eta piramide honen erpinean, oihal urdin zerutiarrez inguraturik, beste piramide lirainago bat: Ama Birjinaren irudia. Piramide bat bestearen gainean, begiak behetik gorantza, beti gorantzago, zuzen zitezen. Koloredun piramide masa hark, kresalak jandako gure eliz gotikoetako harri zahar gorrizkarak eta Oratorioetako karez estalitako adreilu merkez eginiko hormak antzaldatu egiten zituen eta haurraren begi liluratuek edertasun zoragarri bat besterik ez zekusaten.
Haurraren bihotza purpurinez pintaturiko emakume haren begien katibu datza. Haurrak ez du uste irudi hori bizirik ez dagoenik. Lorak mordoka gainezka dagien bezala, bere sendimenduak borbor darie, kabitu ezin horretan beste eliztarren bihotzekin batera bat egin eta sentimendu ibai hori guztia badoa isuri. Orain Amabirjinaren aurpegi bete ederreko begiak berari ari zaie so, begiratua susmatzen du bere burua... Xarma haundiagotuz, anpuztuz doa... zein eta elizako aulkietatako mutil koskorretako batek puzker zaratatsu bat bota duen arte, mutil andana osoa farrari eutsi ezinik utzirik: etenik da xarma zerutiarra.
Olot, Saint Sulpice eta Kitsch
Olot deitu imajinak Espainian, Saint Sulpice Frantzian, Kitsch Alemanian, fenomeno bat bederaren izendapen desberdinak besterik ez dira. Aspaldidanik ohartu genizaion artearen eritasun, hobeto esan, inversio horri, ez ordea bere esanahi filosofikoari, halik eta Kundera irakurri arte.
Lehenengo biak eta hirugarren arteko eremuan geratu dira erizpen estetiko maila hutsean. Laugarrenak, Kitsch delakoak, bakarrik gainditu du eremu hori kontzepu maila lortuaz. XIX mende erditsuan agerturiko hitz alemana da, gero hizkuntza guzietara hedatuz joan dena. Erabili usuegia dela bide, hitz honen jatorrizko esanahi metafisikoa kamuztuta gelditu zen eta Kunderak «Izakiaren Arintasun jasangaitza» deitu nobelan jatorrizko zentzuaren berrezkuratze disdirant bat egiten du. Kunderaren nobela filosofiko hau irakurri ondoren, garbi dago izatearen modu kategoriko baten aurrean gaudela eta beraz, gizakiaren edo hobe, gizartearen portaera nagusi zenbait entelegatzeko ezinbestezko tresna kontzeptuala zaigula.
Parafrasi toteletan luzamendutan ibili gabe, Kundera berari utziko diogu hitza arestian aipatu baieztapen larri hori argudia dezan:
Izatearekiko akordio kategorikoa edo kakaren theodizea
«Unibertsoa Jainkoak sortu duela baieztatzen duten eta berekaza agertu dela pentsatzen dutenen arteko eztabaida gure ulermena eta experientziaz haraindikoa da. Axola gehiago du guretzat gizonari izatea bere horretan eman zaionarekin (bost axola nola eta nork) ados ez dauden eta besterik gabe onartzen dutenen arteko diferentzia.
Europear sineste ororen atzean, direla erlijioso, direla politiko; Genesiaren lehen kapitulua datza, non ikusten bait da mundua sortu behar den bezala sortua izan zela, izakia berez ona dela eta prokreatzea ere bai. Sineskizun funtsezko honi Izatearekiko akordio kategorikoa deritzogu.
Orainsu arte, liburuetan, kaka hitzaren orden puntu suspentsiboak ezartzen baziren, ezin esan arrazoi moralen kariaz zenik; ezin esan horratio kaka inmorala denik! Kakarekiko adostasun eza metafisikoa da. Kaka egiteko unea Kreazioaren karakter onartezinaren froga egunerokoa da izan ere. Bietarik bata: edo kaka onargarria da (berax ez zaitezte komunetan izkuta!), ala sortuak izan gareneko era onartezina da. Beraz izatearekiko akordio kategorikoaren goiburu estetikoa kaka ezeztatua izanen litzakeen mundua litzateke eta non norbakoitza hark existituko ez balu bezala portatuko litzatekeena. Ideial estetiko boni KITSCH deritzaio...»
Kitsch-aren funtsa kakaren erabateko ukazioan datza; Kitsch-ak giza existentzian guztiz onarezina den guziaz bere ikuspuntutik beste egiten du. Kristau itsuenak ere badaki ordea izan badela. Kontraesana gainditzearren teologoek bilatu beharra zeukaten kakaren justifikazio teologikoren bat (bestela esanda, Theodizea bat). Joannes Scot Erigenak, IX mendeko teologo prestuak, aurkitu zuen arazoaren irtenbidea: Paradisoan iraun ahal izan zuen bitartean gizonak, bitatik bata, edo ez zuen kakarik egiten, edo ez zuen kaka zerbait naskagarri bezala nabaritzen.
Bihotzen diktadura
Tarrataren irrupzio lotsagabearen aurretik, elizako aulkietan belaunbikaturik dagoen hamabi urteko haurra (adinaren loria!) prest dago beste eliztar multzoarekin batera bere bihotza eskainzeko; Kistch giroak bere lehen efektoa lortu du eta ondorioz haren vanpiro egaztiak bihotz horiei borboka darien sendimenduak xurgatzen hasteko bidea libre duke.
Kitsch-aren erresuman bihotzen diktadura da nagusi; jazarpen oro suntsitua da jadanik eta harrez gero zer nahi mezu eta prediku helarazi dezake beren buruetatik arrazoimena uxatu duen jende horrengana. Prozesioak, kantikak, gorasarreak has daitezke. Martxa Nagusia abiatzera doa.
Anti-Kitsch
Eliz aulkien artean puzkerraren kiratsak Maiatzeko loreen usain lurrintsua nardatu duenean eta tarratak kanta lirikoen xarma urratu, instant berean, Anti-Kitsch-aren kontextua sortzen da, sentimenduekiko haren agintea trantze txarrean utziz. Kitsch-aren gezurra agerian uzten den une beretik, ez-Kitsch-aren kontextura gatoz. «Bere ahalmen menperatzailea galtzen du eta, hunkigarria izanez gero, giza ahulezi ororen modura dateke hunkigarri. Zeren inor gizaguren bat ez denez, ezin Kitsch-aren menpekotasunetik guztik libratu. Errotik inguinduarren, Kitsch-a giza kondizioaren osagaia dateke».
|