«Bai... baina ez»
Joxerra Gartzia
Ezetz ba: ez duela nobela honek nondik heldurik. Tristea da, baina halaxe da, nere ustetan, eta halaxe agertu beharra daukat.
Ez dut esango argumentua txarra denik. Agian idatz zitekeen nobela itxuroso bat argumentu hau bere erabiliz. Bai... baina ez honako nobela hau. Franz, Rosa eta Willyren inguruan gorpuztu nahi izan du Laurak bere narrazioa. Rosaren inguruan bereziki, uste dudanez.
Halabeharrak jipoituriko neska dugu Rosa, Franz helduak eskeintzen dion segurtasuna, eta Willy «gaizkile» gazteari dion maitasunaren artean harrapaturik gatazkan bizi dena. Horren inguruan osatzen da nobela, amodio, polizia, misterio eta gizarte kritika tanta zenbaiten laguntzaz.
Baina ez du funtzionatzen. Zergatik?
1.
Lehenik eta behin hizkuntzarengatik. Euskara dorpe, trakets, baldar eta are oker eta hutsez betea darabil Laurak nobela guztian zehar.
Badakit, jakin, literatur kritika ez litzatekeela hizkuntz azterketara mugatu behar. Baina hutsak eta okerrak, hankasartzeak eta astakeriak nobela honetan bezain nabarmen eta ugariak direnean, ez dago beste erremediorik.
Okerrik barkaezinenak aipatzekotan, hona hemen diodanaren zenbait muestra txiki. (Gehiago nahi dezanak irakur beza liburua).
Joskera ezinago zabarra darabil Laurak. Ez naiz ni Sebero Altube zenari itsu-itsuan jarraitzearen aldeko, baina haren arau guztiak zilipurdika jartzea ere ez zait bidezko iruditzen.
Ez du Laurak ahalegin handirik saiatu, esaldien erritmoa zaintzeko. Estilo kontua dela hori? Baliteke. Esaldiaren lehendabiziko lekuan ezartzen du gehienetan subjektua. Hori ere estilo kontua dela? Ikus dezagun:
«Rosa kalean, bere bakardadea paseatzen ari da». (97.ean).
«Yolandak bere (Frantzen) egun eta gauak, orduak oro betetzen zituen». (15.ean).
«Willy guztien buru, kolpeak planifikatzen zituen». (11.2.ean).
Esan dezadan, ohar gisa, Willy bakarra ageri dela nobelan, ez dagokion kasuan agertzen baldin bada ere zenbaitetan.
Baina badira arau batzu, estilo guztien gainetik zaindu beharrekoak, eta horietan ere huts egiten digu.
ERE. Behin eta berriz lekuz kanpo azaltzen zaigu:
«Norbait guztiz berea ez bazen, ez ikustea ere nahiago zuen». (82.ean).
«Ez nauk ere heuren aldeko jarriko, ulertzen ez ditudalako». (89.ean).
Eta gisakoak nahi adina (56, 62, 82, 89, 108, 113, 132. orrialdeetan).
ORAINDIK hitza ere lekuz kanpo darabil gehienetan:
«Ikasturtea amaitu zenean oraindik udaldiaren tregua geratu zitzaion». (110.ean).
GALDEGAIA da, hitz batez esateko, inondik ere agertzen ez dena. Horretan inolako araurik kunplitu beharrik ez dagoela uste duenak, irakur bitza ondorengoak:
«...gurasoak, ezer baino lehenago ezkondu zituzten». (82.ean).
(Esan behar da kasu honetan neska lehenago haurdun geratu zela).
«Bere ipuinak eta beso sendoak mundu honetan gehien maite zituen gauza bait ziren».
«Mutilak elharrizketa guztietarako gaia izaten ziren».
Horrez gainera bada nobelan zehar joskerari dagozkion zabarkeria ugari, baina ezin aldatuko dut hona obra osoa.
DENBORA adierazterakoan ere ez du gehiegizko ahaleginik jo:
«Langileei ez die benetako egoera azaldu nahi, berriro grebara joko zutelakoan». (94.ean).
«Zuzendariak kasuaren grabetasunez oharterazi nahi zion... hobe zitzaiola oraingo urtean amaitzea...» (108.ean).
«Itzalezko ardura jausi izan balitzaion bezala». (74.ean).
«Haren geroztik...» (60.ean).
«Honez gero zaharra dun». (27.ean).
AURREKO eta AURRENEKO, LEHENGO eta LEHENENGO berdintzat dituela dirudi:
«Aurreneko emakume gorputz hark indarra galtzen du, lotan». (39.ean).
«Franz ikusten ari da orain zein izan den aurreneko guztiaren arrazoia». (132.ean).
OMEN hitza badela eta, zer denik dakienik ez da nabari:
«Soluziobidea, gaixoa bera baina okerragoa izan omen zen». (118.ean).
«Agian Encarna, goizean garbiketa egin ondoren zerbait ahaztu omen duela, edo...» (92.ean).
«Jarrera honetan omen dago aspalditxoan...» (144.ean).
EZ EZIK, ezik-en ordez:
«Ez dago egin daitekeen ezer... beste bostehun pertsonak... egiten dutena ez ezik». (131.ean).
HITANOa, guztiz nahasirik darabil:
«Horrela din bizitza!» (127.ean).
«Nik isiltzen nahi dinate».
«Zizkidaate». (145.ean).
Eta horiek gutxi balira, honako hauek orain:
«Eta hiru etxe banatan bizi ziren» (46.ean).
«Baina Rosak segitu zuen musu-eske... Pacori arre ala so egitera bortxatzen». (61).
«Aurreko etapan eramandako ia kafe beste ate itxi zioten».
«Dagoeneko mentalki ez zen berea». (78.ean).
Bestalde, bitalizioki, estrainoki, eta, bururik gabeko KI mordo ederra eskeintzen digu, inolako beharrik gabe.
«Ulertezinki...» (57.ean).
Eta beste hauek ere aipatzeko modukoak dira:
«Rosak lotan txikitu, estutu, hartu egiten zuen». (64.ean).
(Kuzkurtu, eskastu, txiki bihurtzen zela alegia):
«Rosa helduta lamia zen». (79.ean).
(Ez galdetu, nik ere ez baitut ulertzen hori!).
«Pasmagatik ez zuen maitasun berezirik prezisamente».
«Joateko gogoak dago». (148).
«Ez suabeki, etengabeki ordea».
«Klasera joatearen ordez, auzoko parkean egoten zen».
Guzti hori ikusirik, susmoa sortzen zaio bati, erderaz asmaturiko nobela ote den, eta ez ote diren huts larri guzti horiek itzulpen gaizto baten ondorio. Ikus bestela:
«Denak ez dira berarekin». (118.ean).
«Hortz eta atzazkalekin atxeki». (63.ean)
«Inspiratzen zion pena». (67.ean).
«Apropos, Anak esan dit...» (69.ean).
(Guk por zierto edo erabiliko genuke).
«Berbalapiko itzali da». (32.ean).
(Hori esaten du lehen mutu zen batez. Pentsatzekoa da itzuli behar zuela izan. Bihurtu alegia, gaztelerazko volverse, itzuli, noski).
«...baina jada 8.koak desastre hutsa izan ziren». (107.ean).
(Lehenago adierazten digu zazpigarren mailan nota txarrak atera zituela).
2.
Hizkuntz deskalabroa alde batera utzirik, narrazio tekniketan ere ba da zenbait puntu, nobelaren porrota esplika dezaketenak.
Elkarrizketak narrazioan txertatzeko joera azaltzen du Laurak, pasarte gehienetan, eta protagonista ez diren pertsonaiak mintzo direnean bereziki. Teknika horren bidez, giza-multzo diferenteak dira pertsonaia bilakatzen direnak. Aipagarrienak, agian, etxekoandre-taldea eta lantegiko langileena. Aldeak alde, trajedietako koroaren funtzioa dukete. Arriskurik ere badu horrek, ordea, eta bat behintzat latza: zuzenean ematen diren elkarrizketetan eta zeharkako adierazpenetan erremediatzen ez bada, pertsonaiarik gabe gera daitekeela nobela. Eta hori da nere ustez Laurari gertatu zaiona. Lehen aipatu ditudan zeharka emaniko elkarrizketa horietan klitxe gehiegi lerratu zaio, narradoreak dekretoz dihardu, ex machina, eta azkenerako txotxongilo-jaialdi baten aurrean bezala geratzen da irakurlea, pertsonaien barne-sikologiaz deus ikusi gabe, edozein pertsonaiari edozein jokabide onartzeko gertu.
NARRADOREARENak aipamen berezia merezi du. Orodakiena da, baina batzutan ez daki ezer, irakurlea haserretzerainoko xehetasun edo ahaleginik ezaz dihardu:
«Willyk bizitzaren jipoirik handiena jaso zuen, agian lehena». (109.ean).
(Willy eta bizitzaren, sic.)
«...eta X pultsazio minutuko lortu zuenean...»
(Hori kontatzen ditu, kontabilitatea ikasten hasi zelako. Ez dakit zertan nekatzen diren batzuk, astoen bataz besteko pisua zein den jakiten, astoez ezer idatzi baino lehen).
Utzikeria hori, hizkuntza mailako da batzutan:
«...eusteko zerarik gabeko bular pikuak...» (19.ean).
«Zera baino pozago». (71.ean).
Erreferentzia eta aipu dexente ageri da nobelan. Baina gehienetan besterik gabe, narrazioan behar bezala integratu gabe daude, ez diote obrari inolako mesederik egiten.
«Baina nesha hark bere senetik ateratzen zuen... Bere gogoz kontra edo, pizten zizikion (Franzi) barruko mekanismo sensual guztiak, Pauloven txakurrek esperimentatzen zuten haren antzeko zerbait nabaritzen zuen Franzek bere baitan...» (21.ean).
Pauloven txakurren erreferentzia, erreferentzia hutsa da testuinguru horretan. Ez du sentimendua zehazten, ez dio irakurleari inolako informaziorik eskaintzen, salbu eta nobelaren egilea sikologi-alorreko liburuak irakurtzen dituenetakoa dela. Gisa horretako 13 bat erreferentzia aurki lezake irakurleak obran barrena. Eta nobelan esaten denez, Franz bera ez da gizon irakurzale-kulto horietakoa, idazleen kontrakoa baizik.
3.
Egituraz ere zerbait esan nahi nuke. Puzzle baten modura egitaratu du Laurak nobela, denboran atzera eta aurrera eginez. Lanketa handia esijitzen duen aukera da hori, eta ez dakit nik horretan ere behar adina lan egin duenik Laurak.
Zenbaitetan, behintzat, ez dirudi oso natural lortzen duenik, oraina eta iraganaren arteko kateatze hori. Eta idazlea bera ere konturatu egiten denez, abixua jartzen digu, badoala, eta kontuz ibiltzeko:
«Agian inkonszienteki, egoera harekin kontaktu-puntua zelako edo, Franzek Margoten etxera joan zeneko gogoratu du, lehenengoz joan zen egunekoa». (21.ean).
(Eta ondoren noski, gau hartakoa kantatzen zaigu. Orobat 77 garrenean, adibidez).
Pertsonaiak mamitu gabe daudela esan dut lehen. Hori ikusi nahi duenak, jo beza 81-86 orrialdeetara, bertan erabakitzen ditu idazleak lagun talde oso baten historia. Hau honekin, hori horrekin, eta hura harekin elkartuz, garai bateko VIDAS EJEMPLARES hoien estilorik jatorrenean. Eta ez hori bakarrik. Kontaketa gertatzen ari denean dituen pertsonaia batez honela baitio:
«...berrogeita hamabost urteak bete arte, eta lau seme-alaba egin zueneko tarte luzean, inoiz ez zuen erratu zenik onartu, matrimonio horretan zoriontasun egunak nekez eta laburki konta bazitezkeen ere». (82.ean).
4.
Klitxez bateriko azken aipu honek emango digu komentatu nahi dudan punturako bidea.
Aipatu berri horren antzeko klitxe eta aurreritziz beterik dago nobela osoa. Ikus batzu:
«Laster aurkitu zuen familia oneko neska ederra, edo hobe esanda, diru askodun emakume single». (82.ean bertan).
Eta gisakoak:
Lanari buruz (33, 81ean).
Emakumeei buruz (73, 76ean).
Idazleei buruz (121ean).
Amaitzeko, eta laburpen gisa, arinegi idatziteko nobela dela esango nuke. Eta abiapuntutzat duen argumentua baliagarri izan bazitekeen ere, ahalegindurik ezak, lanketarik ezak, eta zabarkeriarik axolagabeenak inoren lotsa sentitzeko moduko folletina bihurtu dutela.
|