L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-4 (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pornografoa sekuestratu zidatenekoa

 

Raul Guerra Garrido

 

euskaratzailea:
Juan Manuel Basurko

 

        Inkisizio eta zentsura anekdotak denok daukagu mordoxka bat, bai eta politika eta filosofiakoak ere, baina erotismokoak gutxixeago. Behobiako mugan maleta miatzen zioten aita harena daukat gogoan.

        —¿Trae pornografía?

        —No. ¿Para qué? Ni siquiera tengo pornógrafo.

        Norbera eta besteen gorputzarekiko harreman guztiak sentsualduko lituzkeen erotismo sanorik eza da Euskal Herriari dagokion nire teoria zabalaren konstante bat. Sentsualitatea bete betean, eta ez jenitalitate hutsa alegia, eta orduan bai izango liratekeela bitalago eta indarkeriaz apalago delako harreman horiek. Horregatixe, Kurpil aldizkariaren 10.n alearen sekuestroa zela-eta, disgusto bikaina jaso nuen arren, neure izpiritua poztu egin zen, pornografiaz salatua izan zelako hain zuzen ere. Zenbaki horretarako María Pardo, Elena Santiago, Paca Ruano eta José Luis Merino izenpean, Pepa Mendiguren emakumeen narrazio erotikoren antolojia laburra nuen aukeratu. Baina Información y Turismo Ministeritzako lenzeria intimoaz arduratzen zen funtzionari zintzoari gordinegia iruditu zitzaion, batez ere Paul Wunderlich-en ilustrazio deliziatsuak ikusterakoan, aldizkariaren azaleko Ideólogo y mujer koadroaren zatia bereziki. Marrazkiok Paul-ek berak eman zizkidan klabelinez eta pintadaz betetako Lisboa alai hartako «Francisco Franco» liburutegian —hau ez da konfunditu behar bere homonimo famadun harekin, Tratado de la Nieve idatzi zuen XVI.mendeko medikuarekin, alegia—. Funtzionari hark, aldizkariaren azala ikusi eta hitzez hitz hauxe bota zuen: «se le ven los huevos», zehaztu gabe zeini, ideologoari ala hontz jakintsuari.

        Halere sekuestroa positibotzat jo nuen Euskadiko historian zehar, literatur historian behinipein, hura lehen aldiz hemengo «zerbait» pornografi-salaketa leporatzen zitzaiona izan zen eta. Lastimarik erotikotasuna eta porno gogorra elkarren artean konfunditu beharra, sentsualitatea eta jenitalitatea. Baina horrela idazten da historia eta, horra hor, hura ospatzeko urteurrena: parrez ikaratzeko adinakoa, gero: 1978.ko Apirila. Berandu gabiltza, baina bagabiltza.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.