L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Hura eta ni aszensorean

 

Amaia Etxezarreta

 

        Sariketen alde onak ala txarrak gora-behera, ezin uka gure artean ere ugari ez direnik. Halabaina, ritual geihegi errepikaturikoaren nekeaz egunkarietan agertu ohi diren erabaki soilari buruzko aipamen laburretaz kanpo, deus ez da jakiten sari gehienetaz. Ezaxolaren itsasoan galtzen dira nola ez-sarituak nola sarituak. Sariketak gazteentzat badira, oihartzunik eza erabatekoa izan ohi da. Tamalez, zeren mentura ez hain onez burututako lan askoren artean harribitxi ederrik galtzen baita. Frogaren beharrik balego, irakurri ezazute, C.A.M.-ek antolatu «XVIII Literatur Sariketa Gazteentzat. 1985» delakoan saritua gertatu den gai sotil baten gainean hain xumeki eraikitako ipuin hau.

 

—Nora?

        —Hirugarrengora mesedez.

        Neri lotsa haundia sortzen zait ezezagun batekin denboralditxo bat egon behar dudanean, betiko esaldiak errepikatuz, oinetara begira..., eta arratsaldero etxera sartzen naizenean, aszensorean botoia zapaltzen inor ote dagoen begiratzen dut. Eta han zegoen laugarrengoko mutil hura, ez nekien izena ere, Etxeberriatarra zen. Hala ere, esfuerzo txikien aurrean sortzen zaidan alferkeriak bultzatuta, «epa!» ixil batekin inguratu nintzaion. Jadanik jeitsia zen aszensorea, eta ez genuen itxaron beharrik izan.

        Gure etxeko aszensorea berria da. Guzia moketa urdin batez dago, eta atearen parean ispilu haundi bat ezarri zuten. Guztiok begiratzen gara bakarrik goazenean, baina inoiz ez besteen aurrean.

        Atea irekitzen zuen bitartean begiratu egin nion. Ia ez ginen ezagutzen. Bizilagunak ginen bizitza guztian, baina oraindik, «nora?» galdetzen genuen inoiz ikusi izan ez bagina bezala. Gure etxean bakoitza bere burbuilatxoan bizi da eta noizbehinka irtetzen gara ordua galdetzeko edo «ogia bukatu zaigu, emango diguzu pixka bat mesedez?».

        Gure etxeak bost pisu ditu. Garai hartan lehenengokoak kanpoan zeuden. Senar-emazte gazte batzuk dira eta ia beti bidaiatan daude. Aldamenean familia gailego bat bizi da, pila bat dira. Beti dabil jendea aurrera eta atzera, ez dakit guziak bertan bizi diren. 2. pisuan beste familia bat: aita, ama, alaba eta semea. Hauen ezkerretara, emakume bat bakarrik. Dibortziatua dela uste dut. Orain dela urte bat edo etorria da, garai hartan hutsik zegoen etxe hura. 3.goan gu bizi gara. Aitona, ama, aita, Mikel, Pello eta ni, eta gure ondoan Joxepa andrea, bere senarra, eta alokaturik duten gelan bizi den neska gazte bat. 4.goan, momentu hartan ikusten nituen Jhon Smith zurien jabea...

        —Aizu neska: mukizapia erori zaizu.

        —O! Eskerrikasko... eee... beti galtzen zait dana.

        —Neri ere bai, ejem.

        Irrifartxo bat.

        Ekainan sartuak ginen eta hego haize epela zebilen egun haietan. Beroa egiten zuen, ia ezin zen arnasa hartu ere. Kopetean izardia nabaritzen nuen.

        Dana isilik zegoen.

        —Ze mantxo doan hau ez? Badirudi geldirik gaudela.

        —Bai, erantzun nuen, oso leuna da eta.

        Bapatean, Klak!!! sekulako hotsa entzun zen.

        —Eeeeeeeee! Zer da hau?

        Esaldia amaitu baino lehen ilunpetan geratu ginen.

        —Ama! Argia joan da.

        —Lasai, neska, segituan etorriko da.

        Ilunpetan ez nuen ispiluaren beldurrik eta sustoarekin lotsa ere galdua nuen. Orain ez zen ezertxo ere entzuten, eta geroz eta urduriago jartzen ari nintzen. Azkenean, besotik heldu nion mutilari.

        —Ez dator —zurrumurrutxo bat entzun zen, norbaitek entzungo zuenaren beldurraz bezala.

        Bazirudien aszensorearekin batera denbora ere gelditu zela, eta han, ilunpetan, isiltasunean... arraroa zen, mundutik apartatu bagina bezala. Horrela, zai, argiaren zai pasa zitzaizkigun segunduak (segundu luzeak), minutuak (luzeagoak oraindik)...

        Nere erlojuak orratzak ditu, eta ilunpetan ez ziren ikusten.

        Ez dakit zenbat denbora pasatu zen, halako batean ate baten txirrioa entzun zen. Eskatzekoa izango zen. Gero norbaiten oinotsak entzun ziren, tipi, tapa... Argia piztu nahi izan nien.

        —Mekaxuen! Ez zegok argirik.

        Joxeparen senar gizarajoa zen. Gaixorik zebilen aspaldian, bronkiotatik edo... Ez zen ia etxetik irtetzen, anbulatoriora bakarrik. Hauzoko esamesek alfer bat zela zioten, emaztea jotzen zuela lanera joan zedin bera etxean ardo botilarekin gelditzeko. Niri berriz, beti gizon jatorra iruditu zait. Txikiak ginenean regaliza ematen zigun, eta gainera gaixoak ez zuen eskilarak oinez igotzeko indarrik ere. Txikia zen, argala, eta beti abrigo gris berdinarekin ibiltzen zen. Orain hilik dago. Neguko lehen hotzek eraman zuten. Hauzotar guziak joan ginen hiletara. Esanak esan, guziek maite zuten.

        Bere eztula entzuten genuen. Arnasestuka igotzen zituen eskilarak, «tipi, tapa, uf!... mekaxuen...», atsedenalditxoak hartuz. Oinotsak gero eta gertuago entzuten ziren, ia gure ondoan zegoen gizona jadanik. Orduan gelditu egin zen. Giltza batzuen soinu metalikoa entzun genuen.

        —Arraioa! Giltza guztiak probatu beharko ditut, ez da ezer ikusten.

        Bere buruarekin hitzegiten zuen, baina isiltasun hartan garbi iristen zitzaizkigun bere hitzak.

        Gu azken minutuetan ez ginen mugitu ere. Oraindik mutilaren esku besoa eskuartean nuen.

        —Aizu, zer izena du? —galdetu zidan bapatean belarrira.

        —Ez dakit ba. Beti izan da «Joxeparen senarra».

        —Bai, gure etxean ere bai. Berdin da, deitzen badiogu, beste batzuekin aterako gaituzte hemendik.

        Ganbarara igoz gero, bertan dagoen manibela bati esker, gora igoko gaituzte, eta han atea irekiko dute.

        Guzti hau esplikatu zidan gizonak giltzak probatzen zituen bitartean.

        —Aizuuuuuu! Hemen gaudeeeee!... eeee!... eeee!

        Gure oihuek oihartzuna sortzen zuten aszensorearen tunel ilunean. Baina ujuak beste oihu batzuekin nahastu ziren.

        —Joxepa!

        Gizonak ez zuen giltza edo agian zerraila zuloa aurkitzen iluntasunean, eta emazteari deika ari zen. Atea ere kolpatzen zuen.

        Joxepa lasaiak laister ireki zuen atea.

        —Zer istilu da hau, gizona? Ez al daukazu giltzarik?

        Guk oihuka jarraitzen genuen, baina oihartzunak bakarrik erantzuten zuen. Atea isten entzun genuen. Neri jadanik itolarria sortu zitzaidan, iluntasuna, beroa, apuroa... Nekatzen ari ginen. Lurrean eseri eta beste norbait azaldu arte itxoiten jarri ginen.

        —Zu lasai. Zer? Ez zinen beldurtuko ba, e? —galdetzen zidan mutilak.

        Orduan ate bat irekiten entzun genuen.

        —Hara aurkitu dut, hemen dago.

        Joxepa zen berriz ere. Zerbait eroriko zitzaien lehen ate ondoan eta bila zebilen. Mutila salto batean zutitu zela nabaritu nuen (ez bait zen ezer ikusten), eta deika hasi zitzaion:

        —Joxepaaaaaaaa!

        Minutu batez berriz ere isilean aurkitu ginen. Gero, oinotsak entzun ziren.

        —Nor da hor?

        Ni ere zutitu egin nintzen. Joxepa laister konturatu zen gure egoeraz. Bigarren eta hirugarren pisuen artean geratuak ginen, eta ez genuen bere abotsa ondoegi entzuten.

        —Gaixoak! egon pixka bat.

        Bizilagun guztiak mugitu zituen eta laister sekulako iskanbila entzuten zen eskilaratan. Gu biok berriz ere eserita geunden, lasaiago. Ez zitzaigun inoiz halakorik gertatu, egoera benetan bitxia zen.

        Orain danak guri deika ari ziren:

        —Ondo zaudete?

        —Berorik duzue?

        —Lasai egon. Bagoaz ganbarara.

        Guk far egiten genuen.

        —Aizu, ba, inoiz ez genuen hitzegin. Gezurra dirudi!

        —Nik ez dakit inoiz zer esan. Ia beti zure atzetik joaten naiz trenera goizetan.

        —Ene!

        Aszensorea mugitzen hasia zen. Astiro, astiro, goruntz zioan. Hirugarren pisura heldu ginenean argi izpi bat sartu zen ateko leihotxotik. Tximista batek bezala aszensorea argitu zuen momentu batez, eta lehen aldiz elkar ikusi genuen. Isilean begiratu ginen alkarren ondoan eseririk. Flash bat izan zen eta berriz ere ilunpetan geratu ginen. Laister irtengo ginelakoan lasaitu nintzen. Baina, benetan filma bat zirudien. Aszensorea balantzatzen hasi zen. Horma batzuen eta besteen kontra erortzen ginen, eta goian oihuak, oihartzuna. Gero hots gor bat, kolpea. Geldirik geunden.

        —Ondo zaudete?... te... te... te... te...

        Ezin genuen arnasa hartu ere!

        —Zer gertatu ote da?

        Berriz ere oinotsak entzun ziren. Jende piloa zetorren behera, denak korrika. Laister argitxo bat ikusi genuen aurrean. Itzalak sortzeko baino ez zen iristen, baina iluntasunaren itolarria arindu zitzaidan.

        Nire aita zen kandela batekin:

        —Soka bat hautsi zaigu eta beheraino erori zarete. Lasai, orain ez da traste madarikatu hau gehiago mugituko.

        Bere inguruan jendea pilatzen ari zen. Han zeuden gailegoak, neska berria, gure familiak, Joxepa, entzuten zen bere senarra ere eztulka.

        Nere aita mintzatzen zitzaigun:

        —Zuek lasai eseri eta argia etorri arte itxoin. Gau guzia pasa baino lehen etorriko da.

        —Aita! Utzi kandela bat.

        Eta pixkanaka bakoitza bere txokora biltzen joan zen eta handik laister ez zen elkarrizketarik entzuten.

        Elkarren kontra eseri ginen. Kandelaren ordurarte ia ikusi gabeko mutilaren rizoak, eta alkandora urdina ikusten nituen.

        —Inoiz ez nuen Joxepa gailegoekin ikusi, bueno, inoiz ez nituen bizilagun guztiak elkarrekin hitzegiten ikusi.

        Baju hitzegiten genuen. Isiltasuna inposatzen zen gauean, eta bazirudien gure ahotsa etxe guzian entzungo zela.

        Berriz ere bakarrik ginen, ordurik gabe. Ez dakit zenbat denbora pasatua zen, baina begiak isten hasiak nituen, eta bere abotsa ere itzaltzen zihoan. Azkenean loak hartu gintuen.

        Nire ametsak aszensore estuan itoko balira bezala goruntz abiatu nintzen, gora urrun, oso azkar. Aszensorea oso urrun zihoan eta ezin zen gelditu. Nik ez nuen nahi hain urrun aldegin, hasieran ez, baina gero oso libre sentitu nintzen. Atearen leihatilatik begiratzen genuen kanpora eta gure inguruan izarrak ikusten genituen. Orduan, atea ireki zen, eta ni erori egin nintzen. Mutilak esku batetik heltzen ninduen, baina gorputza zintzilik nuen. Eskuak irristatzen hasi ziren eta lotura geroz eta txikiagoa zen, behatz puntak ukitzen genizkion elkarri, eta hauek ere irristatzen ari ziren. Orduan hutsera erori nintzen.

        —Eeeeeeeeeeeeez!

        Baina han nengoen ni, bakarrik. Ez nuen aszensorea ere ikusten eta beheruntz amiltzen nintzen amaierarik gabeko zulo ilunera.

        Nik beldur haundia nuen, galdurik nebilen, bakarrik, beti behera eta behera.

        Orduan argitasun haundi bat nabaritu nuen. Ene, eguzkia ote?

        —Esnatu. Argia etorri da.

        Argiak min ematen zuen begietan. Pixkanaka ireki nituen, eta mutilaren aurpegia ikusi nuen nere ondoan. Amaitu zen hura, aitak utzitako kandela bezalaxe.

        Eskua luzatu zidan zutitzeko. Atean ezarririk zegoen, eta irrifarrez begiratzen zidan.

        —Nola duzu izena?

        Atea ireki zuen eskuak harturik eskilarak igo genituen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.