Bug-Jargal
Victor Hugo
euskaratzailea: Patxi Apalategi
Herri baten independentziaz Victor Hugo-k idatzi duen nobelarik bakarra da Bug-Jargal. Harek aipatu herria Dominika-ko Errepublika bihurtu zen, independentziaz geroztik. Bertako herritarren zoritxarrez, axeria larruz bakarrik aldatu zen...
Léopold d'Auverney kapitainaren txanda heldu zenean, begiak zabal-zabal ireki eta, jaun haien atentzioa pausatzea merezi zezakeen gertaerarik bere bizitzan zehar benetan ez zuela ezagutzen, aitortu zien.
Baina, kapitaina, esan zion Henri lugartenienteak, diotenez behintzat, hamaika bidaia egin eta mundua ezagutu duzu horratio. Antilletan, Afrikan, Italian eta Espainian ere izana ez al zara ba?... Ah! kapitaina, zure zakur herrena!
D'Auverneyk zirgit egin zuen eta bere zigarropurua erortzen utzi zuen, eta bapatean zakarki dendako sarrera aldera itzuli zen, zakurtzar haundi bat herrenka beregana korrika zetorkion unean.
Zakurrak bere bidean, kapitainaren zigarropurua zanpatu egin zuen; kapitaina ez zen horretaz batere axolatu.
Zakurrak oinak mihazkatu zizkion, isatsaz losintxa egin zion, ahausika eta jauzika saiatu zitzaion, gero bere aurrean etzan zitzaion. Kapitainak, hunkiturik, bihotzesturaz, oharkabean bezala ezker eskuaz fedekatzen zuen, besteaz bere kaskoaren kokozpekoa askatuz, eta tarteka-tarteka esaten zuen:
Hemen zara, Rask! hemen zara! Noizpait ere oihu egin zuen:
Baina nork ekarri zaitu ordea?
Zure baimenarekin, nire kapitaina...
Zenbait minutu lehenago, Thadée sarjentoak dendako sarrera-oihala jasoa zuen, eta han zegoen zutik, eskuineko eskua bere lebitan bildurik, begiak malkoz, eta Odisea honen amaiera isilean begiratuz. Noizpait ere hitz hauek esatera ausartu zen: «Zure baimenarekin, nire kapitaina...». D'Auverneyk begiak altxatu zituen.
Zu al zara, Thad; eta nola demonio lortu duzu?... Zakur gaisoa! Inglesen aldean zegoela uste nuen. Non aurkitu duzu ba?
Jainkoari eskerrak! hemen ikusten nauzu, nire kapitaina, «akerrak adarrak okerrak ditu» esaten erakusten zenionean zure iloba jarri ohi zen bezain pozik...
Baina esaidazu behingoz non aurkitu duzun.
Nik ez dut aurkitu, nire kapitaina, bila bai, bila ibili naiz.
Kapitaina zutitu egin zen eta sarjentoari eskua luzatu zion; baina sarjentoaren eskuak bere lebitan bildurik segitu zuen. Kapitaina ez zen horretaz ohartu.
Begira, badakizu, nire kapitaina, Rask gaiso hau galdu zenean ohartu nintzen, zure baimenarekin, ongi baderitzazu, zerbait falta zitzaizula. Horra egia esan, arratsero egin ohi zuen bezala nire arrantxotik jatera etorri ez zen hartan, ume batek bezala negarrari ekiteko askoren baitan ez zen egon, nire ustez, Thad zaharra. Baina ez, Jainkoari eskerrak, nire bizitza guztian bi aldiz bakarrik egin dut negar: lehenengoa, ba... bai, egun hartan, badakizu... Eta sarjentoak kezkatsu begiratzen zion bere nagusiari. Bigarrena, zazpigarren brigadaerdiko kaboa zen Balthazar xelebre hari buruan sartu zitzaionean, txikorda bat baratzuri zuritu erazi behar zidala.
Nire ustez, Thadée, oihukatu zuen Henrik barrez, lehendabiziko aldiz zein abagunetan negar egin zenuen ez diguzu esan.
Zalantzarik gabe, adiskide, Frantziako lehen granadero, Tour d'Auvergne-n bizkarrekoa hartu zenuenean izan zen, ala? galdetu zuen amultsuki kapitainak, zakurra ferekatzen segituz.
Ez, nire kapitaina, Thadée sarjentoak negar egin ahal izan badu, eta zu horretan ados izango zara, Bug-Jargalen kontra, Pierrot-en kontra alegia, «su» oihukatu zuen egunean bakarrik izan da.
D'Auverneyren aurpegi guztira halakoxe laztura-gandu bat zabaldu zen. Sarjentoarengana bizkor hurbildu zen eta eskua hertsi nahi izan zion; baina gehiegizko ohore horretaz jabetu arren, Thadée zaharrak bere eskua kapusaiaren azpian estalirik gorde zuen.
Bai, nire kapitaina, jarraitu zuen Thadéek pauso batzuk atzera eginez, bitartean d'Auverneyk espresio penagarriz betetako bere begirada haren gainean kokatzen zuelarik; bai, egun hartan negar egin nuen; eta merezi ere, benetan, merezi zuen! Beltza zen, hori egia da, baina kainoiarentzako polbora ere beltza izaten da, eta... eta...
Sarjento gizarajoak nahi izango zukeen bere konparazio bitxia ohoretsuki burutzea. Bere adimenak atsegin zuen konparazio-bide horretan agian zerbait bazegoen; baina alferrik saiatu zen aditzera ematen; eta behin eta berriz bere ideiari, nolabait esateko, eraso ondoren, plaza fuerte baten kontra poto egiten duen gudalburu baten gisa, bapatean erasoa bertan behera utzi eta aurrera segitu zuen, entzuten ari zitzaizkion ofizial gazteen irribarreak aintzakotzat hartu gabe.
Aizu, nire kapitaina, gogoan al duzu beltz gaiso hura itobeharrean heldu zenekoa, bere hamar lagunak hantxe zeuden une berean? Benetan, nahitaez lotu egin behar izan genituen. Ni nengoen buru. Eta nahi ez zuten arren, haien lekua hartzeko berak askatu zituenekoa. Baina ez zuen amor eman. Oh! Zer nolako gizona! Harria baino gogorragoa zen. Eta gero, aizu, kapitaina? han tente zegoela, dantzan hastera lihoakeena bezala, eta bere zakurrak, orain hemen dagoen Rask honek berak, hari zer gertatu bide zitzaion ulertu eta zintzurrera salto egin zidanekoa...
Maizenik, Thad, moztu zuen kapitainak, zure kontaldiaren pasarte honetara iristean, Rask-i fereka batzuk egin gabe ez zara pasatzen; begira nola duzun, so eta so.
Arrazoi duzu, esan zuen Thadéek larri-xamar; niri begira dago Rask gaiso hau; baina... Malagrida atso zaharrak esan zidan, ezker eskuaz ferekatzeak zorigaitza erakartzen duela.
Eta eskuinaz zergatik ez? galdetu zuen d'Auverneyk harriduraz, eta lebitan bildutako eskuaz eta Thad-en aurpegira hedaturiko zurbilduraz lehen aldiz ohartuz.
Sarjentoaren larridurak berretu egin zela zirudien.
Zure baimenarekin, nire kapitaina, ba... Lehendik zakur herren bat baduzu, eta azkenerako sarjento besomotz bat ere izango ote duzun beldur naiz.
Kapitaina jauzi batetan zutitu zen.
Nola? Zer? zer esaten duzu, Thadée lagun zaharra? besomotz! Ikus dezagun zure beso hori. Besomotz, ene jainkoa!
D'Auverney dardaraz zegoen; sarjentoak poliki-poliki bere lebita eskatu zuen eta bere buruzagiaren begibistara azaldu zuen musuzapi odoldu batetan bildurik bere besoa.
He! Ene ba! esan zuen kapitainak ahopean, arreta handiz zapia jasoaz. Baina esaidazu ba, nire aspaldiko?...
Oh! gauza oso xinplea da. Lehen ere esan dizut, ingles madarikatu horiek zure zakur ederra, Rask gaiso hau, Bug-en tzakurra, harrapatu zigutenez gero, zure tristura nabaria zela... Aski zen. Gaur erabaki dut hau berriro gureganatzea, bizia kostako baldin bazitzaidan ere, gaur arratsean gustora afaldu ahal izateko. Eta horregatik, zure soldaduari, Mathelet-i alegia, zure uniforme hoberena ongi eskubilatzeko gomendatu ondoren, zeren eta bihar eraso-eguna bait da, kanpamendutik emeki emeki aldendu egin naiz, nire sablea beste armarik gabe, eta hesietatik zehar abiatu naiz, inglesen aldera lehenago iristearren. Artean lehen lubakietara iritsi gabe nintzela, hantxe zure baimenarekin, nire kapitaina, ezkerretako baso txiki batetan, soldadu gorri samalda handi bat ikusi dut. Bertara hurbildu naiz zer ote zen sumatzeko, eta, haiek nitaz ohartzen ez zirenez, beraien erdian Rask hauteman dut zuhaitz bati loturik, eta bitartean bi milord, paganoen gisa honaino biluzirik, brigadaerdi batetako danbor handiak adinako zarata ateratzen zuten ukabilkadak elkarri zartaka hezurrak astintzen ari ziren, jakina, zure zakurrarengatik dueloan burrukatzen. Baina halako batetan Rask-ek ikusi egin nau, eta egundoko koilare-kolpe bat eman eta lokarria eten egin du, eta itsumustuan hor dator pikaro hau nire atzetik. Pentsa dezakezue beste saldu guztia ez dela atzera geratu. Ni basoan barrena sartu naiz. Rask nire atzetik. Bala batzuk ziztuka ziren nire belarrien ondotik. Rask zaunkaz ari zen; baina, eskerrak, beraien garrasiengatik zaunkarik ezin zuten entzun: french dog! french dog! zioten, zure zakurra Santo Domingoko zakur eder eta on bat ez balitz bezala. Dena den, zarba artea iragan eta garbira irtetera nindoalarik, bi gorri azaldu zaizkit aurrez-aurre. Nire sableak egin du batekikoa, eta bestearengandik ere libratu nintzatekeen eskierki, bere pistola kargaturik katuerdian egon ez balitz. Nire eskuineko besoa ikusten duzu. Dena dela! french dog lepora saltatu zaio, aspaldiko lagun zahar bat izan balitz bezala; inglesa, zintzurra zarrataturik erori da, eta, egia esan, besarkada zinez zakarra izan da. Eta gizon demonio horrena ere bada, nire atzetik hain setati etorri beharra, eskale bat seminarista baten atzetik bezala! Azken finean, Thad hemen da berriz ere kanpamenduan, eta Rask ere bai. Nire arrenkura bakarra zera da, gure jainkoak hau niri biharko erasoan bidaltzea ez duela nonbait nahi izan. Horra!
Zauri hura bataila batetan jasoa ez zela pentsatzean, sarjento zaharraren aurpegia goibeldu egin zen.
Thadée!... oihu egin zuen kapitainak, ahotsean halako haserre doinu batez. Gero emekiago erantsi zuen: Baina zakur batengatik zeure burua horrela arriskatzeko bezain ero nolaz zaude?
Zakur batengatik ez da izan, kapitaina, Rask-engatik izan da.
D'Auverneyren aurpegia erabat samurtu zen. Sarjentoak segitu zuen:
Rask-engatik, Bug-en tzakurrarengatik...
Aski da! aski da! nire lagun zahar Thad, oihu egin zuen kapitainak eskua bere begietara jasoaz. Goazen, esan zuen isilune baten ondoren, niri helduz sostenga zaitez eta zatoz anbulantzira.
Errespetoz apur bat aurka egin ondoren, Thadéek obeditu egin zuen. Zakurra, eszena honetan zehar bere nagusiaren hartz-larrua pozaren pozez erdi marruskatu ondoren, jaiki eta bien atzetik joan zen.
|