L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-11 (1994-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Zehaztasunik gabeko gogoeta

 

Bingen Garziarena

 

Denbora espazioaren bitartez ulertzen da, baina ulertu ezezik baita antolatu ere. Halatan, jendeak bere denborari begiratzen dionean, ordu zelaiak ikusten ditu, edo ordu-aldapak, edo arratsalde hondartsu edota lokatzez beteak...

        Ordea denbora ere ez du norberak antolatzen soilik. Neurri haundi batean, neurririk garrantzitsuenean, antolatua datorkio: zortzietarako lanean egon behar du, arratsaldeko lauretan ezin du inongo jantokitan bazkaldu, etxera gaueko hamarretarako iristen ez bada ez du telebistan emango duten pelikula zoragarria ikusiko. Eta horrela dena edo ia dena.

        Denboraren antolamendu horrek gauza asko argitzen ditu, nire ustez. Jendeak ez irakurtzearena, kasu. Jende askok nahi luke irakurri, baina desira horrek despausoan harrapatzen du beti: Suezian beharbada ez, baina gure artean bai. Irakurriko luke goizean lantokirako bidean —denbora zelai bat, ibilera metafisikoak xamur ditzakeenetakoa— baina, ai!, kotxez joaten da, edo kotxean eramaten du lagun batek, edo trenez egiten duen traiektoa laburregia da egunkariari begiratu bat emateko ere. Eta lanean ari den bitartean? Bai, batzuetan gerta liteke —Arestik bere bulegoan idatzi omen bere hainbat poema—, baina jeneralean ez. Eta bazkaldu bitartean? Eta arratsaldean? Eta gauean? Bai, badira hor une zelaiak —bereziki loa baino lehenagoko bizpahiru orduetan—, baina, ai!, une zelai horiek hartuta daude, antolatuta dauzka jendeak, eta —dela nekeagatik, dela beste arrazoi batengatik— telebistari begira pasatzen ditu. Pertsona batzuk saiatzen dira, geroxeago, ohera liburu batekin sartzen, baina —ai! berriro ere— loak hartzen ditu segituan...

        Aldian behin kanpainak egiten dira irakurtzearen alde. Txorakeriak. Lagun diezaiotela jendeari bere denborakera aldatzen, eta gainerako guztia zuzen zuzen etorriko da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.