Egia ttikien katalogoa
051/ 51garren item hau katalogo honetako lotsagarrienetakoa da dudarik gabe. Eseri lasai, eta irakurri Donostiako Garziarenatar batek hidali digun eskutitza.
«Badakit hainbat itzulpenetan euskarari eta, txarrena, euskaldunei egiten zaizkien irain eta mespretxuak biltzen eta argitaratzen dituzuela zuen Garziarena papertxo horietan.
Ba, zuen bildumarako hona hemen perlatxoren bat.
Egilea: Euskal Herriko Unibertsitatea, bere argitalpen sailean!!
(por zierto, ez dakit beren eskutik pasa den ala ez, baina unibertsitateko euskararen kabinete teknikoaren burua, oker ez banaiz, X. Kintana euskaltzain berria da).
Gaia: Liburuak erosteko Visa txartela.
Duela gutxi banatu da UPV (EHU?)-ko irakasleen artean unibertsitate honetako Argitalpen Zerbitzuko katalogoa, non argitaratu diren liburuak agertzen diren. Jakina, ia katalogo osoa gaztelaniaz dago, baina tira! Azken orrialdean, liburu horiek eskuratzeko eskaera-orria agertzen da. Eta hor ordaintzeko-erak zehazten dira, haien artean VISA txartelarena agertzen delarik...»
Honaino gure lagunak emandako aurre-azalpena.
Aipatutako eskaera-orrian, Visaren zenbakia eskatzen zaio erosleari, eta segidan VISA horren... día de expiración / arnasbotatze eguna!!! / Expiration date.
052/ Josu eta Oscar Garziarenak Bilbotik idatzi digute:
«DEUSTU TXINA BEZAIN URRUN OTE? Hala pentsatzeko arrazoirik aski badukegu, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Itzulpen Zerbitzu honi gertatutakoari kontu egiten badiogu. Bada, Deustuko Unibertsitatera postaz bidali genuen lantxo bat, eta azalean helbide bat euskaraz paratu:
Deustuko Unibertsitatea
Zuzenbide Fakultatea
Euskarako Mintegia
Unibertsitateetako Etorbidea z/g
DEUSTU
Igorri eta handik 16 egunetara zer jaso eta bidalitako huraxe bera, "desconocido" azalean jarririk zuela. Nola liteke gaur egun ere posta zerbitzuko inork ere ez ulertzea "Deustuko Unibertsitatea"? Eta bertara iritsi bazen, ez ote zegoen inor unibertsitatean helbide osoa aditzeko beste euskara jakingo zuenik? Zurturik gaude oraino ere.»
053/ Emerson Garziarenak artikuluxka bat bidali digu, Valle-Inclán elkarteak EHUren laguntzaz ateratzen duen Paréntesis aldizkaritik hartua. Euskaraz idatzitako artikulu bakarra da aldizkari osoan. Parrafo bat besterik ez dugu kopiatuko, nahikoa baita testu osoaren maila ikusteko:
«Ega ateratzea orain "utopia" bat baino ez da. Gohernua bere instituzionen bidez, adibidez HABE, euskera berrikuratu nahi du, baina ikusten da ezin duela hori hortu. Beste aldetik, Travaz ipintzen ari da beste auskaltegi, subentzioia henduz eta gauza ezinezkoak eskatzen. Horrekin, zer nahi dute? euskera bueltzea ala jendeak dauzkan nahiak kenzea?.»
054/ Ondorengo informazio Udai Garziarenaren eskutik heldu zaigu. Eskerrik asko zuri eta katalogoa osatzen lagundu diguzuen guztioi:
«...Kontsumitzaileen, hiritarren eskubideak defendatzea, informazio egokia eskatuz, iruzurraren kontra borrokatuz eta kalitatea esijituz, etab... Guzti hori omen dute helburu "UCE-Unión de Consumidores de Euskadi" bezalako elkarteek. Ez diete begirune handirik ordea euskaldunon eskubideei, antza denez.
Gabonak hurbil zirenez gero kontsumitzaileei hainbat ohar zuzendu nahi eta, etxez-etxe, buzoiz-buzoi banatutako orritxoetan euskara parregarri txarra erabili dute. Izan ere, Edozein produktu era garbian agertu behar da, hots: nahasketak izan ez daitezen moduan, denda barruan zerbait galdetzeko sartu beharrik ez egoteko moduan. Eskerrak, euskaldunok kontutan izanik ziur aski, honako hauxe diotela segidan: Edozein errespetu falta zure oinarrizko eskubideen kontra, salatu itzazu.
Hori gutxi balitz, edozein produktu baldintz txarretan erosi baduzu, diru itzuli behar edo produktua baldintz aproposoetan itzuli behar zaituztela jakin ezazu. Hara! Inoiz itzultzen banaute, ez dut, otoi, UCE-ren baitako baldintza aproposorik berma diezadaten nahi! Eta noski, Publizitate gehiegi duten produktuetaz ez fidatu, hori ez du esan nahi hoberenak direla. Bai ala bai?
Bukatzeko, jostailurik erosterakoan zer? Bada, saltzaileek zein arrisku ekar dezake ohartarazi behar dute, eta jakina, argitasunen liburuxkak erkaz ulertu behar du, UCEk ere "erkaz ulertzen duten" liburuxkak inprimatzen dituen bezalaxe.
(...) Portzierto, Jaurlaritzak nominan duen euskal itzultzaile armadaren obra ez ahal zen behintzat izango mordoilo antologia hau; azken orrian eta erdera hutsean laguntzaile gisa Turismo Saila iragartzen bait dute beste 18 "Oficinas Municipales de Información al Consumidor"ekin batera».
|