L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-10 (1994-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pertsonaia miresgarria

 

Manu Garziarena

 

009/ Crescencio

        Crescencio Salcedo (Palomino, Bol., 1913 — Medellín, 1976), herri musikaren konpositore Colombiar handiena izan ez bazen, bai handienetako bat. Nazioarte mailan bere abestiak izango dira, apika, musika Colombiarraren ezagunena. Crescencio da Colombia herrian Europako Erdi Aroko juglar eta koblakarien pareko, zeintzuek, beren herri maiteko lurretatik ibiliz, musikaren hizkuntza unibertsala zabaldu baitzuten. Lurrari erantsita "Amalurrarekiko ikutua hobeto sentitzeko", bere kapela alboratua, motxila eta txirularekin, bere herrian barrena ihili zen, gero bere kantuetan ixuriko zituen gaiak bilduz "materia adoretzeko triste dagoenean". Maiteminduta, eta igarotzen zen toki orotatik bere doinuaren alaitasuna eta bere esakeren irakaspen sakona lagatuz.

        Palominatik Barranquilla-ra. Hortik La Guajira-ra, non bere anai indioekin bizi izan baitzen, hauek ondo hartu eta landareen sekretuen berri eman ziotelarik. Ondoren Cartagena, Santa Marta, Bogota, Medellín-era. Beti oinez, bideska eta herrixketatik, ihauteri eta fandango artean.

        Gaixotasunak baino ezin zezakeen geldi mundua ezagutzeko bere egarri hura. Eta hola izan, 1957an burmuin derrame batek gerarazi zuen.

        Inoiz ez zuen jabego intelektualaren erregistroaz ezta egile eskubideez jakin. Bere txirulatik doinuak ateratzen ziren, eta besteek, letra txikia ezagutzen zutenak, osten zizkioten, beren izenean erregistratuz eta guzti. Harrigarria bada ere, hona hemen argentinatar baten kasua: Nóbile, Colombian behin ere egon barik, "Santa Marta y Cartagena" porroa bere lantzat hartu eta erregistratu zuena. Beste horrenbeste gertatu zen "La Mucura", "Mi cafetal", "El Caimán" izeneko abestiekin. Horrela bada, sasikonpositore hauei disdira faltsua eta aberastasunak eman zizkieten beste hainbat kantu. Bien bitartean, Crescencio halako pobrezia larrian bizi zen, ezen hiri handiko kaleetako espaloira jotzea beste erremediorik ez baitzuen izan. Eta hortxe egoten zen, nahiz ahoa itsustua eta besoa ezindua, burmuin derramea zela kausa, txirula jotzen. Eta hiriko zenbait ibiltarik, irudi hartaz errukiturik, txanpon batzuk luzatzen zizkioten. Baina Crescencio, holakoetan, oso urguilutsu izaten zen, eta errieta egiten zien, esanez: "Nik ez dut limosnarik onartzen. Nik txirulak saltzen ditut". Eta holaxe izkiriatu zuen txirulak iragartzen ziruen kartelean.

        Eta beti gertatu ohi den bezalaxe, Crescencio hil eta gero, instituzio colombiarrek, beren erru konplexua ezabatzeko ahalegin antzu batean, konpositore handia gogoratu nahi izan zuten. Eta gizon biziari laguntzen ziztrin bezala, eskuzabal izan ziren hildakoaren laudorio eta omenetan.

        (Jorge Villegas eta Hernando Grisales-en "Crescencio Salcedo: Mi vida" izeneko liburuan oinarritutako oharrak.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.