L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-8 (1993-urria) —<garz0822>




 

 

Salako angelu ilunean

 

Erramun Garziarena

 

Orain dela hiruzpalau urte eman zion argi berdea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak «Literatur Unibertsala» izeneko proiektuari. Asmoa ambiziotsua eta interesgarria zen benetan: hamar urte inguruko epean, literatur unibertsaleko 100 obra euskaratuko ziren... Pozteko arrazoirik bazuten literaturzaleek!

        Euskal Itzultzalle, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak (E.I.Z.I.E.) hartu zuen bere gain proiektu hura gauzatzeko ardura. Eta liburuen argitalpena —gustora jakingo nuke nor den erabaki horren erantzule— Ibaizabal izeneko argitaletxe edo dena delako bati adjudikatu zitzaion. Lehen deialdi publikoa egin eta aukeratutako itzultzaileak aurreneko tituluak itzultzen hasi ziren.

        Pasa dira urteak, eta zertan geratu da proiektu hura? Itzuli eta argitaratu dira hogeita hamar bat obra: Tolstoi, Forster, Calvino, Stevenson, Hoffmann... baina alfer-alferrik, tamalez! Argitalpenen berria ez da zabaldu, eta gutxi dira, irakurle zaletuen artean ere, bilduma ezagutzen dutenak.

        Iratxoetan sinistuko banu, pentsatuko nuke gisa horretako izakiren bat ibili dela azpilanean proiektu honek kale egin zezan. Baina ez dira, ez, iratxoak bilduma horrekin gertatzen ari denaren errudun, baizik eta pertsona arrunt, axolakabe eta inkonpetenteak. Nork egin zuen, esate baterako, liburu guztiek daramaten azal itsusi hori? Eta nork onartu zuen? Izanez ere, liburuen itxura hutsa nahikoa da edozein erosleri atzera eginarazteko. Gainera liburu guztiek azal berdina dute eta ez dago titulo bat besteagandik bereizterik. Nik bi esplikazio aurkitzen ditut horrentzat: edo arduradunek ez dituzte merkatuaren lege oinarrizkoenak ezagutzen, eta ez dakite zer garrantzi duen produktuaren itxura zaintzeak; edo bestela bost axola zaie proiektua, literatura, kultura eta dena, salbu eta bere lantxoa eta hileroko soldata ederra gordetzea. Gaitzerdi ajeak hor bukatuko balira! Irekitzen dituzu liburuak, ikusten duzu letra txiki-txiki hori, eta susmo bat etortzen zaizu burura, Ibaizabalko horiek lupa-enpresa batekin bat eginda ote dauden. Gero, guzti hori gutxi izanda, liburuak gaizki banatzen dira, ez zaie inolako propagandarik egiten, liburudendetan apalik gordeenean jartzen dituzte etc. etc. Titulu batean interesatuta dagoenak, bilatu egin behar du, liburudendan enkargatu, itxoin. Gure kultur-munduko jauntxoek ez al dakite liburuak —merkatura ateratzen den beste edozein produktuk bezala— baldintza minimo batzuen premia duela eta, baldintza horiek gabe, liburuak ez duela sekula irakurlearen arreta erakarriko? Zokoratuta geratuko dela, salako angelu ilunean zegoen Bécquerren harpa hura bezala?

        Etxe bat pintzatzen denean, auzitara eramaten da arkitektoa. Horrelako proiektu batek kale egiten duenean, ordea, erantzuleen izena bera ere ez da ezagutzen. Eusko Jaurlaritzako arduradunak, bere besaulkian jarraituko du luzaro. Ibaizabalkoek berriz... ez dute hainbeste alditan aipatzea ere merezi. Eta E.I.Z.I.E-koak ere non egon dira eta non daude presioren bat egiteko, ala ez dira nor ezer lortzeko?

        Niri urte honetan, zerga-ordaintzaile bezala, proiektua bertan behera uztea iruditzen zait onena, eta falta diren hirurogeita hamar titulu horiek itzuli eta argitaratzeko beharko litzatekeen dirua —nirea ere badena— harrika bota ordez gauza probetxugarriago baterako erabiltzea. Esate baterako «Literatur Unibertsala» proiektuaren ardura izan dutenen artean beka polit batzuk banatzeko, Alaskara joan daitezen hango faunaren azterketa sakon bat egitera.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.