Euskera Polita
(E. Gongo, Atletikeko jokalari beltzaren agur gutuna)
Enaize Gongo Garziarena
Zelaira salto egin nuenean, hango isiltasunak ahoa bete zidan eta ezin nuen irentsi. Ematen zuen ez zutela behin ere beltzik ikusi. Baina nire kolore propioa alkondara txuri-gorriarekin, bai konbinaketa ona, ze beltzak edozerekin konbinatzen du ondo. Eta beltz honi Txingurrirekin gustatzen zaio konbinatzea, Txingurri eta E. Gongo, golak eta golak Atletikentzat, eta laster hasi ziren euskera ikasten gradetako jende haiek ere, eta golekin eta euskerarekin utzi zioten puruak erretzeari San Mamesen eta Lertxundik argaldu eta ez zuen ardorik probatzen bazkalorduetan ere, eta bulegoko idazkari eder horrek ze izter ze gazela... ahoa urez betetzen zait idazkariiiiak uf euskerazko klaseak ematen zizkion lehendakariari, badira hamar urte hartatik eta Bilbo haundian gero eta euskera gehiago entzuten zen, umeek ikasten zutelako izango zen, edo lanik gabeko jendea ere ikasten hasi zelako ez aspertzeko, beltz batek bai eta beraiek ez jakiteak lotsa haundia ematen zien. Bilbo haundia, haundi haundia, nire herria baino askoz haundiagoa... Eta itzultzeko unea heldu zait, hemen egitekoa egina daukat eta, eta elkarrizketak telebistan laletxe izan ziren, ze telebikoak aluzine hutsa itzultzailearekin eta guzti, ze beste hizkuntza horretan hitzik ere ez, ez lehenago eta ez orain... Baina Txingurrirekin bai gol on onak eta euskera ere ikasi egin du jadanik, eta hasten den guztia amaitzen da, eta ni banoa, nire basoetara banoa nire maletekin eta nire ibai haundi haundira, eta guzti hau amets bat bezala izango da oihanean izaten naizenean, oihan barren barrenean.
|