L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-5 (1993-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Fideltasunaz, bakartasunaz

 

Xabier Garziarena

 

Fideltasuna —eta ez naiz hemen sexuarekin lotzen denaz ari— betidanik biziki kezkatu izan gaituen kontua da, bakartasunarekin duen erlazio zuzenagatik seguruena. Izan ere, lehenengoa kolokan jarrita bigarrenaren aurrean gertatzen gara, hau da, gizakiari ikara handien eragiten dion mamuaren aurrean. Ildo beretik, «Besarkadaren premia» delakoa ezerezean galtzeko beldurrari emandako erantzuna litzateke.

        Bestalde, bakartasunak heriotzaren itzalpean aurkitzen du bere gordintasunaren islada ezin egokiagoa. Heriotzak fideltasunaren aurrean dugun kezka areagotu ohi du, nolabaiteko termometro bihurtzen dugularik.

        Bere emazte eta amoranteekin sekulan ezagutu ez zuen bezalako intimidade momentu batean, Rodolfo Valentinok aitortzen dio Ditra Flameri bakartasuna dela bizitza honetan beldur handien eragiten diona. Ondoren hitz emateko konbentzitzen du, bera hiltzean bisita egingo diola kanposantura, hilobian ere konpainia izango duela.

        Valentinoren heriotzaren biharamunean, hainbeste mirestu zuten milaka emakumeak munduan eta denboran sakabanatzen hasi zirenean, han zegoen Ditra Flame. Geroztik «Dama beltza»tzat ezagutua izango zenak hiru urtez egunero 13 arrosa eramaten iraun zuen, eta beste 25 urtez arrosa bakarra bere heriotzaren urtemugetan.

        Ordea 1954. urtetik, eta hil arte, Ditra Flamek, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, ez zuen gehiago Valentinoren hilobia bisitatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.