L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-3 (1993-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hileta eguna zen

 

Beñat Garziarena

 

Hileta eguna zen, eta diztira batean zegoen eliza ehunka lanparattoen argiaz: diztira egiten zuten zutabe doratuek, diztira argizaria emanda zeuden egurrek, diztira bitrinetako kristalek. Aldarearen gailurretik, Antxietak irribarrez sortutako San Pedrok ikusteko moduan erakusten zuen orain, argitasunari esker, bere irribarre hura, eta bazirudien berari ere poza ematen ziola Etxea hain apain ikusteak, eta poz haundiagoa oraindik bertara sartzen ari zen jendetzak, bankuetan kabitu ezinez ate inguruetan tropoilotzen zenak. Ezpairik gabe, egun haundia zen hora Argiaren semealabentzat: Non da, herio, zure garaipena? Non da, herio, zure eztena?

        Heriok ez zeukan erantzun beharrik. Hantxe zegoen, elizaren erdi erdiari eta katafalkoak egiten zion tronoan ondo ezarrita: Ni naiz Ilunpetako Errege, nirea da hilkutxan etzanda dagoen gizon hau. Eta mezuak egia zioen. Gizona, herriko jendeak hain maitea zuena, hilda zegoen. Kalean ez zen iada ageri. Inork ez zuen berriro ikusiko.

        Errege haren mezuak hutsa behar izan zuen eliz guztira zabaltzeko, eta —argiak argi— gailendu egin zitzaion Antxietaren imajinak predikatzen zuenari. Gero eta makurtuago, elizako zokoek ixuri zuten hotzaz ohartzen hasi ginen; handik piska batera, aurreneko lerroan zegoen gizon bat zorabiatu eta albokoaren bizkarrera erori zenean. Heriok bere mende hartu gintuen erabat. Korutik aldareraino, eliza ixilik zegoen.

        Bapatean, Purcellek Mary erreginaren hiletarako konposatu musikaren genituen, barrokoaren zale kaxkarrek ere Kubrick-en filme bati esker ezagutzen dituztenak, eta elizako giroa, kolpetik, organoaren lehen mintzo grabearekin batera, aldaketa batez eztitu zen. Heriok lehen bezain nagusi jarraitzen zuen eta katafalkoaren alturatik guri begira, baina bere zama arinagoa zen orain. Musikak, sarea bailitzan, korutik aldarerainoko ibilera egiten zuen, eta ibilera hartan buruetan sartuta geneuzkan zenbait pizti edota zomorro likits harrapatzen zizkigun gu haietaz libratuz. Musika joan eta etorri egiten zen, sarea pasa eta pasa egiten zen, elizako giroa garbituz zihoan. Kezka bat sortu zitzaidan: Egitan ote nengoen Gipuzkoako herri ttiki batean? Egia ote zen zen organista herri hartako kamiozale bat zela?

        Dudarik ez egia zela, eta ez inolako mirakuluz. Gipuzkoako herri hura tradizio edo kultura baten jabe zela, horixe besterik ez zen, eta herri hartako pertsonei baliatu egiten zitzaizkiela —bizitzeko orduan bezala hiltzekoan—, tradizio edo kultura horren formak. Zeremonia hura, kasu, eta zeremonia hartan tarteko ziren elemendu guzti guztiak, bai argia, bai Antxietaren eskultura, bai Purcellen musika.

        Eta, pentsatzen jarrita, ez al zen haundia hura? XVIIgarren mendeko musikagile britaniar batek bere Erreginaren ohorez idatzitako musika Gipuzkoako herri ttiki batean entzun ahal nuen... Zenbat lan, zenbat neke ez ote ziren behar izan nik aukera hura eduki nezan! Baina, azken batean, horixe zen tradizioa eta horixe zen kultura, bizitzen eta hiltzen laguntzen zuen forma zerrenda bat, eta forma zerrenda unibertsala —tokian tokiko ñabardurekin, baina bereziki unibertsala, inongoa ez eta guztiona—...

        Nire pentsamenduetatik atera eta ostera elizan kokatu nintzenerako meza bukatzen ari zen, eta herriko langile batek, koruko tenoreak, azken kantuaren lehen esaldia ebakitzen zuen poliki poliki: Libera me Domine de morte eterna. Doinuaren laguntzaz eta denbora askoan urruti egon denaren gutiziarekin, inguruan neukanari erreparatu nion: mila lanparattoen argia ikusi nuen, eta Antxietaren irudia, eta elizaren erdian zetzan hilkutxa. Heriok ikara eta oinazea ematen zuen artean, baina jendea ez zegoen hasieran bezain makurtua. Norena ote zen Libera me hura? Corelli-rena ematen zuen. Eta nik pentsatu bitartean, tenorearen ahotsak aurrera egiten zuen —erreten urdin urdin batek bezala— baxuek eta organoak egiten zioten paisaia ilunean barrena.

        Kolpetik, ez non eta ez han, gure pedanteak eta gure trogloditak etorri zitzaizkidan gogora, eta beroiek euskalduntasunari buruz dituzten ideia estu bezain patetikoak, eta —oi irudimenaren jukutriak!— eliza hartan bertan imajinatu nituen, batzuk herrixka hartako nekazariei goitik behera begiratuz eta besteak txistu-protestaka musika kanpotar haren aurka. Zoritxarrez —zoritxar haundiz— pentsamendu hark alferrikaldu egin zidan kantuaren bukaeraz gozatzeko aukera, eta azkenean haserre batean atera nintzen elizkizunetik, eta susmo batekin: ez ote nengoen, ni ere —pedanteak eta trogloditak bezalaxe—, histeria itsusi baten mende.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.