Presoak, Askatasuna
Marisa Garziarenak aukeratua
Maiz hitzegiten da Euskal Herrian presondegiez eta presoez, baina gutxitan karta guztiak mahai gainean jarriz. Batzuk, arinenak afariz afari edo festaz festa ikusten ditugu mirespenez eta sentimentalki hitzegiten dute presoez, eta hala dirudi, beraien sentimentalkeria higuingarri horri serbitzeko nahi dituztela presoak; beste batzuk, presoak berak edo presoen familiakoak, ixilegi egoten dira, zeren ixil egotea baita konsigna baten arabera jokatzea; hortik aurrerako guztiak, berriz hala gobernatzaileek nola hiritar arruntek, indiferentzia doi izkutatzen duen erretorika humanista bat erabiltzearekin konformatzen dira.
Gauzak hola, egi-egia alde batera uzten dute denek: bizitza honetan askatasuna dela haundiena, bera galtzea bizitza erraustea dela ia. Eta ideia hau, mundua bezain zaharra, Lawrence Sternek espresatu zuen bere A sentimental journey ospetsuan ia inork ez bezala.
Sterne Parisen dago, eta La Bastilleko presondegira joateko arriskuan. Zigorra hiru hilabetekoa bakarrik izango denez, Sternek hala egiten du gogoeta, ez zaiola libertatea denbora gutxi horretaz galtzea hainbeste inporta; eta orduan, zentzu hori zuen bakar hizketaren goren gorenean zegoenean...
«Ume batena iruditu zitzaidan mintzo batek eten ninduen, "kanpora atera ezinaz" kexatzen zenak. Pasabidean gora eta behera begiratu, eta ez gizon, ez andre ez umerik ikusi ez nuelarik, kanpora segitu nuen arreta handiagorik jarri gabe.
Pasabidetik barrena itzultzerakoan, hitz berberak aditu nituen bi aldiz errepikatuak; eta gora begiratuz, kaiola txiki batean eskegitako hartxori batenak zirela ikusi nuen.
Ezin naiz atera! Ezin naiz atera! esaten zuen hartxoriak.
Txoriari begira geratu nintzen: pasabidetik norbait etortzen zenero, hurbiltzen ari zitzaionaren aldera itsumustuan hegaldatu eta bere gatibutzaren lanturuari ekiten zion:
Ezin naiz atera! esaten zuen hartxoriak.
Jaungoikoak lagun diezazula! esan nuen nik. Baina libre utziko zaitut nik, kosta-lain-kosta.
Beraz kaiola inguratu nuen ateraino joateko. Baina atea gogorki katramilatua eta bir-katramilatua zegoen alanbrez, eta ezin zen ireki kaiola erabat puskatu gabe. Bi eskuez ekin nion nere lanari. Txoriak zirrikitua ireki nahian ari nintzen tokira jo zuen, eta burua burni artetik sartuz, harexen kontra estutu zuen bularra, luzeritzirik bezala.
Beldur naiz, gixarajo hori, ezin dizudala libertatea eman esan nion nik.
Ez esan zuen hartxoriak. Ezin naiz atera! Ezin naiz atera!
Benetan diotsuet, sekula ez dira nere sentimenduak une hartan bezala samurtu; edo ez dut nere bizitzako beste pasadizorik gogoratzen nere aldarte erratua, arrazoiaren axolarik gabe aritua, hain bapatean zentzatu zuenik. Mekanikoak izan arren notak, hain ziren naturarekin bat eginez kantatuak, non aitaren batean nere Bastilari buruzko arrazoinamendu sistemakiko guztiak zilipurdikatu bait zituzten; eta nekez igo nituen eskailerak, jaisterakoan esandako hitz bakoitza ezeztatuz.
Edozein itxura hartuagatik esan nuen, Esklabutza zara hala ere! Kopa garratza zara hala ere! Eta garai guztietan milaka izan diren arren zugandik edatera behartuak, ez duzu horregatik garraztasunik galdu».
|