Bizitzea eta Xake Jokoan aritzea
Jone Garziarena
Itzuli berri da bizitzara, bueltatu zaigu mundura aspalditik ezkutupean, klausura abadeen gisa, bizi zen Fischer xakelari ospetsua. Hamaika parabola, alegia, metafora eta paralelismo eraiki izan dira betidanik bizitza, mundu hau eta xake jokoa, xake taula erkatuz. Orain, Fischer hogeitabost urte beranduago plazaratu delarik, berritu egin da ostera ere lehen aipaturiko paralelismo eta erkatze horren sinbologia, zeren, kritikoek diotenez, orain bizitza den denboraren joate hori geure begien aurrean ikusi eta nabaritu baitugu Fischer kasuan. Adituek diotenez Fischer genio bat izan zen bere garaiean eta oraindik ere oso ongi eta maisuki daki xakean jokatzen baina urteak aurrera joan diren heinean bere maila eta kalitatea asko jaitsi omen da dudarik gabe. Eta horixe da hain zuzen beste arrazoi bat xake jokoa kirola dela azaltzeko, hots, urteek aurrera egin ahala jokalaria ahulduz joan ohi dela, zahartuz eta bere abildadeak galduz nahiz eta gezurra dirudien. Ez baitu ematen inondik ere berrogei urteko xake jokalari bat zahartua eta bere onenak emana dagoenik Joko/kirol/arte hori praktikatzeko.
|