Rigoberta Menchú-ri Nobel Saria eman diotela-ta
Marisa Garziarena
Aste batzuk besterik ez dira igaro Rigoberta Menchú guatemaldarra Euskal Herrian izan zenetik, eta, bere bisitaldiak utzitako oroitzapen ona oraindik itzali gabe zegoela, Bakearen Nobel Saria eman diotelako albiste pozgarria heldu zaigu. Oraingoan, ordea, Nobel Sariari buruzko eztabaidetan edo indigenen borrokari buruzko azalpenetan sartu gabe, komunikabideek TVE 1-ko telediarioak eta Correo Español egunkariak, kasu andre saritu berriaren biografia laburtzerakoan egin duten bereizketa txiki bat bakarrik hartu nahi dugu aintzat.
Rigoberta Menchú baino lehentxoagoko Nobel sarituekin, gizonezkoak izanik denak edo gehienak, une batez ere ez zuten komunikabideek aipatu saritua bere bizitza pribatuan zoriontsua zen ala ez, ezkondua zen, ala dibortziatua, ala bere zakurraren konpainian bizitzea aukeratu zuena. Rigoberta Menchúren kasuan, aldiz, modu bitxian laburtu dute bere bizitza: Bere lanari lehentasuna eman dion andrea, zorion pertsonalaren kalterako. Bistan da emakumezko gazte, ezkongabe bati buruz ari direlako errepikatu dutela esaldi hori. Uste zaharra da, azken batean, emumezkoek ez dutela lanean, kanpoan, zorionik aurkitzen, baizik etxe barruan, familia barruan, senar, seme-alaba eta sukalde barruko giro epelean.
|