Saratarrak gara
Garziarena
Saratarrak gara, eta bi aldiz gara gutxi: realeuskaldunak garelako, gutxi; irakurri edota idatzi zale garelako, gutxiago. Gutxi gehi gutxi, zenbat ote gara? Hamar mila? Hamabost mila? Hiru mila bakarrik? Seguruenik ere, hiru mila bakarrik. Gauzak hola, nola jokatu?
Ez dut zorionik behar, nahikoa nuke irteera batekin, idatzi zuen mende honetako idazle batek, eta guk ere, gure lemaren arauera, baieztapen hori interpretatu eta klub bat osatu beharko genukeela uste dugu: nahikoa genukeela Club des Amis du Livre delakoen antzeko zerbaitekin. Hartara ez genuke noski Axularren desirarik beteko, gure hizkuntza bere arroztasunetik ateraz eta «iendartean ausart, entregu, bithore eta trebe» bihurtuz; ordea gizarte liliputiar bat izango genuke elkarrekin eta konpainian pentsatu ahal izateko.
Hori da kontua: elkarrekin batera pentsatzea; elkarri jakinaraztea noizbait ikusi, irakurri edo pentsatu genuena. Ahal duen neurrian, Garziarenak horretan lagunduko du.
|