L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-11 (1981-abuztua) —<euzk1214>




 

 

—itzulpena—

 

T.S. Eliot

 

I - HILEN EHORZKETA

 

        Apirila da hilarik krudelena, lur hileko

        lilak hazten, oroimena eta desira

        nahasten, sustrai uherrak

        udaberriko euriez eragiten.

        Neguak bero mantentzen gintuen, lurra

        elur ahanzkorrez estaltzen, bizitza puska bat

        tuberkulu eiharrez elikatzen.

        Udak ustegabean atzeman gintuen, Starnbergersee gainetik

        zaparradarekin batera ailegaturik; arkupetan geratu ginen.

10    eta eguzkiaren argia iarraitu genuen, Hofgarten-eraino,

        eta kafea hartu eta solasetan aritu ginen aldi batez.

        Bin gar keine Russin, stamm'aus Litauen, echt deutsch.

        Eta haur ginela, artxidukearekin geundela,

        ene lehengusuak trineoan atera ninduen

        eta beldurra izan nuen. Marie, Marie

        oratu ezan ondo, esan zuen berak. Eta hara han bagoazela.

        Mendietan, aske senditzen duzu zeure burua.

        Nik irakurri egiten dut, gauean aldi batez, eta neguan hegoaldera noa.

 

 

        Zeintzu dira atxekitzen diren sustraiak, zer kimu sortzen

20    da harrizko zarama honetatik? Ezin dezakezu

        gizasemea, erran, ez asmatu, eguzkiak dirdirarazten ditueneko

        irudi hautsi andana ezagutzen bait duzu soilik,

        eta ez bait du zuhaitz hilak babesik ematen, ez kilkirrak atseginik,

        ez bait du harri lehorrak ere ur hotsik ematen. Arroka

        gorri honen azpian bakarrik dago itzalik

        (sar zaitez arroka gorri honen itzalpera),

        eta gauza desberdin bat erakutsiren dizut, bai

        goizez zure atzean doan zure itzalari buruz,

        bai arratsaldez zure xerka altzatzen den zeure itzalari buruz;

30    hauts eskukada batetan erakutsiren dizut beldurra.

 

 

                        Frisch weth der Wind

                        Der Heimat zu

                        Mein Irisch Kind

                        Wo weilest du?

 

 

        "Duela urtebete eman zenizkidan lehendabizikotz hyazinthoak,

        hyazinthoen neskatila izendatu ninduten"

        — Baina hyazinthoen lorategitik itzuli zinenean, berandu,

        zure beso beteak eta zure adats bustiak, ezin nintekeen

        mintzatu eta oker nituen begiak, ez nengoen

40    ez bizirik ez hilik, ez nekien ezer,

        argiaren bihotzera beharturik, isiltasuna.

        Oed' und leer das Meer.

 

 

        Madame Sosostris igarle ospetsuak

        marfundi handi bat zuen, halabaina

        ezaguna da Europako emakumerik jakintsuenetarikotzat,

        bere karta bihurriekin. Hemen dago zure karta,

        esan zuen, geniziar marinel itoa,

        (perlak dira behialako bere begi hauk. Begira!).

        Hemen dago Beladonna, Herrien Anderea,

50    egoeretako dama.

        Hemen dago Hiru Bastoen Gizona, eta hemen Gurpila,

        eta hemen merkatari betokerra, eta zuri dagoen

        karta hau, berak sorbaldan daraman zerbait da,

        ez zait zilegi ikustea. Ez dut

        Gizon Urkatua aurkitzen. Uretango heriotza, gaia.

        Jendetza handiak ikusten ditut, zirkulu batetan biraka.

        Eskerrik asko. Gure Mrs. Equitone maitea ikusten baduzu

        esaiozu neuk eramango diodala horoskopoa:

        garai hautan arreta handiz ibili behar da.

 

 

60    Ziutate irreala,

        negu egunsenti bateko behelaino arrearen azpian,

        jendetza handi bat zihoan Londreseko Zubian zehar, hainbeste,

        ez nuen uste heriotzak hainbeste ezabatu zitukeenik.

        Hats labur eta maiztasun gutikoak iaurtitzen ziren,

        eta bakoitzak irmo zeramazkien begiak oinen aurrean.

        Maldan gora zihoazten eta, behera King William Street,

        non Andere Maria Woolnothek ematen bait zituen orenak

        hots hilez bederatziretako azken kanpaina.

        Han ezagun bat ikusi eta geldiarazi nuen, oihuka: "Stetson!

70    Zu, Maylae-n itsasontzietan nirekin zeudena!

        Zure lorategian iaz landatu zenuen hilotz hori,

        hasi al da kimutzen? Aurten loratuko ote da?

        Ala izotz goiztiarrak hondatu dio ohantzea?

        Ah! atxekiezazu hemendik hurrun zakurra, gizasemearen adiskidea bait da,

        edo hatzaparrez desehortziren du berriz ere!

        Zu! hypocrite lecteur! —mon semblable—, mon frère!"

 

The Waste Land

Euskaratzaile: Joseba Sarrionandia

 

        OHARRAK (T.S. Eliot)

        20. (puntuan) Cf. Ezekiel II, 1.

        23. Cf. Eklesiastés XI I, 5.

        31. V. Tristán e Isolda I, vv. 5-8.

        42. Id. III, v. 24.

        46. Ez dut zehazki ezagutzen Tarot-eko kartak zelan osotzen diren, eta aldendu egin naiz, bidenabar, haietatik ene komenentzietara egokitzeko. Kartasorta tradizionaleko Gizon Urkatua modu bitara egokitzen da ene xedeetara: ene gogoan Frazer-en Iainko Urkatuari loturik agertzen delako eta V. Atalean Emaus-eko dizipuluen pasarteko irudi kaperatuari loturik ematen dudalako. Feniziar Marinela eta Merkataria agertzen dira geroago; "jendetza handiak" eta "Uretango heriotza" gaiek ere beren lekua dute IV. Atalean. Hiru Bastoen Gizona (Tarot kartasortako benetako partaidea) Errege Arrantzaleari berari lotutzat ematen dut, nahiera samar.

        60. Cf. Baudelaire:

                Fourmillante cité, cité plelne de rêves,

                Oú le spectre en plein jour raccroche le passant.

        63. Cf. Inferno III, 55-57:

                si lunga tratta

                di gente, ch'io non averei creduto

                che morte tanta n'avesse disfatta.

                (hain lilara luzean

                jendea, ezen ez bait nukeen uste izanen

                heriotzak hainbeste ezabatu zitukeenik)

        64. Cf. Inferno IV, 25-27:

                Quivi, secondo che per ascoltare,

                non avea pianto mai che di sospiri

                che l'aura eterna facevan tremare.

                (Hemen, entzuten zenaren arauera,

                ez zegoen zotinez beste nigarmenik

                baina aide eternala ikararazten zuten)

        68. Sarritan so egin dudan gauza.

        74. Cf. Webster-en Deabru Zuria delako liburuko Endetxa.

        76. V. Baudelaire, Les Fleurs du Mal delakoaren hitzaurrea.

 

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.