Hitzaurre, aitzinsolas edo aurkeztitz
Hamaseigarren mendeko idazleek ez omen zuten oso lanbide onuragarria eta honegatik beren ausardiak inprimatzerakoan jaun zaindariari, begirale eta dirudunaren errespetoak eta ohoreak kantatu behar izaten zituzten, orrialde guztien aurretik eskertzarako hitz batzu jarriz. Hogeigarren mendeko idazle gehienek ez dute inoren itzala agurtu beharrik, baina hala ere zaila da munduan hitzaurregiletan gurea bezain emankor eta obra onetan gurea bezain urri den literatura modernorik ezagutzen. Jakina, besteren eskuz eta lumaz, edo norberaren kasa, ezer aurkezteko beharrean aurkitzen dena irakurlearen gogoan jatorriz ez legokeen interesa eta ardura sortarazteko asmotan dator, eta horregatik gu bost-hamar orrialde hoiek bertan behera uzteko ohitura sanoan saiatu gara betidanik, baina nekez eta ofizioz ikasi genuen ere hamaika biderretan atzekoa erre eta orrialde hoiek gordetzea besterik merezi ez duten liburuak ere badaudela, eta azken finean hitzaurregile ofizioduna dagoen bezala hitzaurre-irakurle izatea beste edozein motatako irakurle soila izatea bezain aspergarri gerta daitekeela, eta tira. Noiz behinka gauza xelebreak ere aurkitzen direla, alegia. Egia da azken aldian ez garela oso ohituak euskarari buruzko iritziak jasotzen, azken hitza esana balego bezala, eta Xabier Kintanarena debaterako esperantza ia galdu hori berpiztera etorri dela, inork eutsi nahi badio. Argi dago euskaraz idazterakoan hautapen bat egin behar dela, lehenik euskararena eta gainera nolako euskararena, egindako aukera lortuko den produktoa nolabait mugatu eta koloreztatzeko nahikoa izaki. Horregatik gauza eskergarria da besteren arrazoiak entzutea, jakin dezagun, besterik ez bada, ez garela geure burua garbitzeko zorian aurkitzen garen bakarrak.
Hautapenarena arazo latza da, are ta larriago literatura egiteko erabili behar den hizkuntza eta hizkera motak literatura horri erabateko txertoa ezarriko diola jakinik. Adibide erraza eskuratuz, euskara batuarena oraino gaur aukera konsziente bat da, hasieratik egin eta tajutu behar den hizkuntza delako lehenik, eta gainera standarizatzearen beharrezko bilakabide horretan aiton-amonen ganbaran ditugun tresna zaharrei ere hautsa astintzen jakin behar dugulako. Hau da, bere izate posiblea justifikatzeko duen euskara urbano eta kaletar horri, edo hobe esateko urbe eta kale horri berari, baserritar adarjole iaioaren haize deskontaminatzailearen pasadatxo batek edo bestek ez liokeela batere kalterik egingo.
Beste askok dakien bezala, badakigu guk ere ordea esandako aukera guztien oinarrian benetako dilema dagoela, hau da, euskara ona ala euskara txarrean idaztea eta hitzegitea, baina hori ez da printzipio bat besterik eta printzipioek ez dute zerikusi handirik helburuekin. Zeren euskara txarra, eta ez bakarrik kaskarra eta moteldua, zoritxarrez ikastola handietako eguneroko buruhaustea bihurtzen ari baita egunez egun "ez det nahila", "berdin ikusten dizut bihar" eta halakoekin. Euskara gaizto eta baldar hori gazteria ilajedun eta porruzaleari leporatzeak bete betean, itsukeria bat baino guraso txukuntasunzale eta mononoaren argumentoa dirudi, baina datorrenetik datorrela ez ditugu adjetiboak gehiegi kargatu nahi. Erdarakada, eta areago erdalkeria aldrebesean mintzatzen den mingainluze gehiegi dagoela ez dugu ukatuko, baina haur ikastolero, gazte muturzikin edota sekulan ez erabiltzeaz beren euskara erdoildua duten señora hoien jokabidea inor justifikatzen dabilenik ezin daiteke esan, are ta gutxiago "jokabide likidazionista" eta "gure Herria hain dependentzi umilagarrira ekarri duen politika genozida bera ere ontzat ematen dute inkontzienteki" salaketa ikaragarrmiak aho-beroz tiratuz.
Erdarakada, dudarik ez, oso grabea da, bai, eta aiton-amonen esakera haiek sanskrito bihurtu zaizkigu agian, baina euskararen bihotzeko gaitza utz ditzagun idealismoak oro erdararen nagusitasuna da. Gu baino euskaldun ausart eta jantziagorik ere badago dudarik gabe, eta neuk ez nuke agian aukera bat-batean egiten jakingo "bizimodu kotidianoaren angustietatik eskapatzeko parapeto inutilak" eta "las emakumes fueron al batxoki con los umetxus y las pospoliñas para el jaialdi del día de aberrieguna" biotatik zein ote den euskarago eta zein erdarago, baina susmo erdi-fidagarri batek esaten dit zapata esaten duenak el zapato esaten duenak baino azkarrago ikas dezakeela oinetakoa esaten. Horregatik barka, hau ere esan beharra dago eta probokazio mingarriaren eremua ukitzen digu Kintanak zenbait idazlek beren lanak "espainol edo frantses erdara batuan" egin beharko lituzkeela esaten ausartzen denean, hain zuzen "lehenagotik ere zenbait idazle aurreratuk, horrenbeste koplarik gabe, egiten digunez". Hain zuzen, bai, ikaragarrizko deserzioak ezagutu ditugun hontan, inork hitz bat besteren gainetik esan gabe erdara zerbantinora zenbait idazle euskaldun transfugak ihes egin digunean, hauxe bakarrik behar genuen, geure filetatik beren koherentzia txalotzea. Espektakuloa berez nahiko tristea baita, ez dute animatzaileren beharrik.
Euskaraz idazterakoan gramatikaltasuna gordetzea eskatu behar zaiola edonori, ez dugu hori ere ukatuko, euskara zuzena erabili behar dela. Baina (mesedea egingo zenidakete orain arteko baina guztiak kontatzen hasiko ez bazinate) aitzaki honekin, edo halako argudioa estu-estuan harturik hatxe baten gora-beheraz eta "etorriko zen edo etorriko zatekeen" hortaz su eta gar jendea deskalifikatzen jardutea beste ezertan erreparatu gabe, hizkuntza idatzia eta era berean literatura txukuntasun gramatikalaren iritzi fribolo eta kondenatzaile bakarraz baloratzea, ditugun posibilitate eta ahalmen urriei hanka-besoak moztea litzateke burua mantendu dugulako aitzakian.
Garbi esan nahi nuke: geure burua literatotzat jotzeko halabeharrezko lotsaren gorritasunez ia herenegun hamaika beldur (eta depresio) izan dugunok ez dugu inorentzat "eredu izateko erantzukizun larria" izateko ez prestutasunik ez eta asmorik ere, galdera nahikoa astuna zabaltzen baitigu literatura eta literatoa zertarako diren horrek bakarrik gainera inori exenplu eta bideak eskaintzen ibiltzeko. Literaturaren helmuga bakartzat "euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatu eta zaletasuna sendotzea" onartzea behin eta berriro, ene eritzi apalean, euskal literaturak jasan duen plaga gaiztoenaren sutara egurra botatzea da: hots, literatura eta pedagogismoa nahastea. Euskaldunok ez gaudela testo luzeetara ohituak, konforme, prosaren behar gorrian ipuin eta narrazio laburra biderik egokiena izan daitekeela, ados, baina (hamaikagarrena, bai) mesedez, ez esan sekulan Karraspio edo Julio Verneren itzulpen erraztuak euskal literaturaren parte direnik. Literatura hizkuntzaz egiten da, eta egun hizkuntza horrek alde guztietatik erasoak eta eragozpenak ezagutzen ditu, zeinetan ez baita txikienetako bat hizkuntza literario bateratu eta kultoa (adjetibo aski) lortzea. Beraz ez nahas, faborez. Paper zuriaren aurrean sekula santan esertzeko paradarik izan duenak ondo aski baitaki folio baten luze-zabalera betetzeak zenbaterainoko malko eta izerdi eskatzen duen. Tamala da, bai, oso tamala benetan inoren lana, ondo kostatakoa, abanguardismo delako argudioarekin nola mespreziatu daitekeen ikustea, zergatik eta gau-eskolako hirugarren mailarako desaproposa gertatzen delako edota andereño ipurtaundi ikastarozaleek ulertzen ez duelako (barka nazatela oporrak ikastarotan zehar izorratzeko heroismoa duten andereño guztiek). Zoritxarrez guretzako eta gure munduarentzako, gaurko euskal literaturaren egitekorik bakarra, literatura izaten jarraitzea da, eta ea nondik ateratzen ditugun kemenak. Hau ulertzen ez duenak badu nahikoa Karraspio lanean aritzeko bitartean.
|