L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<euzk0401>— Oh! Euzkadi-3 (1980-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Narragintzaren ezinak

 

Gerta liteke nobela handi bat sortzea garai batetan, herri batetan. Gerta liteke filma handi bat sortzea halako garaitan, halako herritan. Eta ezin esango dugu, besterik gabe, garai horretan, herri horretan, nobelagintza bat denik, zinemagintza bat denik. Nobelaz hitzegiteko nobelagintza behar den bezalaxe behar baita zinematografia bat zinemaz aritzeko. Egun eta hemen, euskal nobelagintza, euskal zinemagintza.

        Mogimendu bat hornitzen duten neurrian osatzen dute kulturgintza bat (nobela, zinema) kultur emaitzek (nobelek, filmek). Kulturgintza belaunaldi osoren lana da: nobela, euskal nobela, teoria, teknika eta metodo desberdinen erabilketaz (elkar ala aurka eginez) sortuko da, denboraren poderioz. Ez da nahitaezkoa poemagintza bat poema nazional bat sor dadin (Martin Fierro topikoa). Baina, eta bai dela zelebrea gure kasoa, poema ugaritasunak ez du poema nazional bat ematen. Badugu poema on frango, baina poema nazionalik ez (eta Orixeren alde ateratzen denari, horretaraz gero Hiribarren nazionalagoa dugula esango diogu).

        Hegoamerikari behatzen dio askok hemen, baina ez dute ikusten, zenbait gauzatan, areago garela ketxuak peruanoak baino, guaraniak paraguaitarrak baino, Asia eta Afrikako herri askoren antza ere badugula: poesia aberatsa dugu, berezia, nazionala ia (ez milenarioa haiek bezala, baina baditugu geure arkaismoak), eta apenas mintza gaitezkeen nobelagintza batez. Eta horra non zabaltzen zaigun leizearen ahoa: imitaziozko nobelagintza bat sortzearen arriskua. (José María Arguedas ikustea eta bere suizidioaren arrazoina ez ikustea. Peter Handke-ren suizidioari buruzko ihardunaz kezkatzea, eta euskal gizarteak zenbait urteren buruan ezagutu duen heriotzaren zentzuaren aldaketaz ez ohartzea. Patrick Modiano baten desliluraziotan liluratzea eta azterketarik eta lanik gabeko inspirazioaren zain gelditzea. Michel Tournier-en estiloa maitatzea eta gu noraino garen Vendredi ez jakitea). Mogimendu batek, eskola batek (berdinkeriarik gabe), eboluzio batek egiten dute nobelaren tradizioa. Mogimendu, eskola eta eboluzio burujabe batzuek: giro batek.

        Garaiotako nobelagilea, alderdi askotatik, atzeratua sentitzen da Carpentier zaharrak aitortzen zuenez, eta maiz pentsatzen du ez ote den zinema biderik egokiena nobelaren prosa baino, gaurko bizitzak eskatzen duen espresioari beharrezkoak zaizkion oraindik adierazi gabeko mundu adierazkizunak nobelatzeko. Zola, Balzac, Proust, Joyce, adierazten zituzten munduen jabeak ziren. (Ez Garoako Agirre, baina bai Jose Ramon Zubilaga eta Ataño, ez Kresalako Agirre, baina bai Jon Andoni Irazusta eta Joseba Eizagirre... noizko, euskal nobelen rebisio bat!). Egungo nobelaria, ordea, desorduan dabil.

        Mundua ez da iadanik nobelariaren manupeko. Euskal Herria, literato motzon zoritxarrerako, eskurakoia baino beste edozer da. Ia mikroliteratura da egin dezakegun ahaleginik bortitzena. Eta kontextoen ugariegitasun honetan murgiltzean itotzeko beldur den literatoari atsegin egiten zaio zinemaren indarra aitortzea. Ez baitira makalak zinemak "ezinbestekoak" dituen kontexto "berriak": ekologia (inguru bat begi objetibo batek hartua, ez Zabaleta baserria, ez Zorrotza kaia, bai bien arteko), argia (zenbat laino mota dagoen gure herrian, kolore urdinaren garrantzia...), jestoak (nola jokatzen du euskaldunak bere egunerokotasunean, zein da bizitzaren euskaldunon interpretazio ez teatrala, Max von Sydow ala Dario Fo, Liv Ullman ala Simone Signoret garen...), dialogoak (ez da "modernotasunagatik" bakarrik hain dialogo urria erabiltzen euskal nobela modernoetan, inork ez daki zer eta nola hitzegiten duen edo dezakeen euskaldunak, eta baldin badaki ere ez daki hizketa hori nobelatzen...) etab. Bai, zinema izan liteke desorduko nobelaren salbazio aingura. Baina oker dabil zinemara erraztasun bila doana. Nobelan bezain lan eskerga aurkituko du. Nobelagintza posible baten aztarrenak ageri baitira bakarrik. Zinemagintza probisional baten ikasketan ari baikara oraindik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.