L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Hastera noa gramatika luzean

 

Domingo Kanpaña hilezkor baten gisan, kritika, literatur kritika esan nahi da, zamari geldoan dabilen animali motza da, gurean. Ez da noski notizi berria hauxe, eta hala adieraztea ere ez da ausardia latza, denok baikaude ohartuak kritikak beharrezkoa duen sorketa lanaren makalaldiaz: berez oso duadrupedo laisterkaria ez zena pentsu gabe gelditu. Ez hanka eta ez buru dabil, autoaren maleteroan, komuna publikoetan, ohe azpian, guaguaren geltokian eta edozein taberna zokotan topatzen dugula, atzaparra nesken kolkoan edo geronen sakelean sartzen digun arrantzale arrantzagilea, eguneko eta eguneroko jakiaren bila erromes karota.

        Elikadura berriak bilatu behar honek zorroztu egin dio instintoa, eta alor berritan barrena hasi zaigu abiatzen arin, deusetan erreparatzen ez duelarik. Hala zapaldu ditu batere kupidarik gabe, azken bolara honetan, aza hostoak eta sinekdokeak, artadiak eta motonimiak. Ez instintoa zorroztu bakarrik, irudimena harrotu ere bai, eta bertsolaritza asmatu.

        Oraintxe omen dugu herri bat izaten hasteko aukera, diote politikoak ez diren ez gutxik ere. Non ezagutzen da, ordea, heroerik gabeko herririk? Herriek, serioek behintzat, beren kanpeonak dituzte: konterriko zerbeza edalerik handiena, bailarako pipa tiratzailerik dotoreena... Lehiaketa bat, nor gehiago bat, txapelketa bat egin nahi zuten bada inondik inora, eta bersolari torneo bat otu zitzaien egitea. Izan ere hamabi urte tarte luzeegia baita, epaiaren pruritoari atsegin egin gabe. Horrela bakarrik uler daitezke Satrustegi euskaltzain jaun apezaren hitzak Baldan: "...gertakizun hau garrantzi gehiegikoa da...".

        Bai, zein egiteko ederra den "egoki, egoki ari da gaztetxo hau" komentatzea bernak gurutzatuta, Voltigeurs-aren kea jaurtiz. Horretarako prestatu zituzten, bilera asko eta eztabaida luzeren ondoren —hala uste dugu behintzat— era guztietako gai apropos haiek. Alde batetik, inuzente itxurako koxkadunak:

        "eta ni? dio haurrak dibortziatu nahi dutenei"

        "ez dut handitu nahi, dizu haurrak..."

        Bestetik, ezin ahantzizkoak, sozial gisakoak:

        "emaiguzu eguneroko lana"

        "biok saltzeko zaudete..."

        Angustianteak ere bai, amets histu bat iduri:

        "hire jaiotetxea sutan zegok"

        "arrantzale bat falta da lehorreratutako txalupetan: zure senarra"

 

        Badutela denek ere beren 'zera' eh? Egon, egon, sakonenak ez ditugu aipatu eta:

        "aita"

        "Euskal herria"

        "bihotzean min dut"

        Noski, entzulegoa heterogeneoa izaten da, eta gaion seriotasuna nolabait konpensatzeko, horra non epaimahaineko jaun eskuzabalek bi situazione humore jatorrezkoak asmatzen dituzten, herri xehearen alaigarri:

        "neska polita eta neska itsusia"

        "komunera larri joan eta okupatua aurkitu duzu"

        Gu Satrustegirekin: gehiegikoa.

        Kritika indarberritu honek asmatutako azken laisterketak, nola ez, sasoi berri bat urratzen du, bersolaritzaren aro modernoa estrainatu omen du, osasunez. Aro beai honen izena, noski, postxalbadorismoa da. Badakizue beraz, poesia egin zaigula nagusi, eta poeta ez den edo egin ezin den (edo nahi ez duen) bersolariak jai duela. Eta bat baino gehiago akojonatu egin da, ezinbestean. Orain, edo hemendik aurrera, ez dira gauzak lehen bezala gertatuko, `prestatu' egin behar du nork bere burua, `entrenamendua' behar dute bersolariek, ezer eginen badute. Nola uler, bestela, bakarkako bertsoetan ere doinua aldatzea? `Entrenatu' egin behar "sentimentua nola dugun guk haize hotzeko orbela", "mihingainetikan bihotz barnera doa herriko kordela", "zer kolorezko airea ote da gizonaren samina?"... eta antzekoak botatzeko. Ez gara gu, by jainko, irakurketa eta estudioaren etsai. Baina, juradoko jaunok (noizko emakumezkoren bat? diote zenbaitek), ez ditzagun egin bersolari guztiak poeta makuludunak. Kritikak bultzatu eta bide bakartzat hartutako postxalbadorismo han, post guztiak bezalaxe, dekadentziaren harrak joa baitator: prosaismoaren ordez transzendentzia, azkartasunaren ordez geldotasuna, ironia eta humorearen ordez seriotasuna eta asperdura. Beste hitz batzuetan, ziri eske genbiltzanoi enbor lehorra erori buru gainera, eta piperzalea zena ezkurrak bazkatzera.

        Herri serioek estilo bat dute. Opereta edo zarzuelaren estiloa hautatu dute kritikoek: kantatzerakoan boza gaiaren arauera aldatu edo mudatzea ere ganza berria da. Baina kritiko jaunok (noizko emakumezkoren bat? diote zenbaitek), non ikasi duzue la belle de Cadix edo la tabernera del puerto estilo bat direla?

        Hasieran erabili dugun metafora zoomorfikoa berriro profitatuz, Bilintxen hitzetik hortzerako ahalak eta ezinak harrotzen hasi behar ez badugu ere, gogora dezagun Amurizak "afta" gaiari botatako hiru berso diotenez kritiko jaun agurgarri bati (noizko emakumezkoren bat? diogu denok) negar egin eraziak haietan bi aldiz aitortzen duena, lehenengoan aurrena:

 

                aukera eder han izango zenik

                ez nuen hemen espero

 

        Eta hirugarrenean ostera:

 

                gai han kolpera jarriko zenik

                ia ametsa dirudi

 

        Bai, ongi etorri zitzaion, primeran, gaia Amurizari. Baina hori, irakurle maitea, ez da tranpa bat, examinatzera joandakoan ongienik ikasitakoa suertatzea bezala da, suertea eta entrenamendua. Eta han bai garrantzizkoa dela lehiaketa batetara azaltzen denarentzat. Hori da Amurizak erakutsi duena: bersolaritza 'ikasi' ere egin litekeela. Hori da ikusi ez dutena, eta hala gelditu dira, proteinak asmatutako munduan baba jaten. Beti esan ohi dugu lehiaketak kalterako direla. Egotea zuten presentatu gabe.

        Mando gaineko kritikaren arrazoinak ustelak direla gaude. Baina azken bolada honetan hartu duen indarrari erreparatuta, beldur gara ez ote gauden dagoeneko bersolaritza monolitiko eta akonplejatuaren aroan. Ojala ez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.