L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1959. Ilbeltza-Otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Basurko zanaren oroimenez bere eriotz-urtebetetzerakoan

 

Beiztegi'k

 

Nik baino lenago norbaitek esan izan dau —azketsiko al daust bere izenaz ez gogoratzea— bertsolariak izan dirala, gure erriak aukeraturik, euzkel-elertia sortu eta zabaldu dauen langileak; beste izkuntza aundietan, iakitun banaka-batzun gain izan ei-da egikizun ori: gorenengo izkuntza, erabili gorenengo gizasemeen artean. Gurean, ostera, erriko seme iatorrenak izan dira, eta dira, gure ele maitearen bizitasun-eraginkorrenak. Orra aldea eta or gure izkuntzaren iraun-indarrak.

        Ba-dira baina, bai, ba-dira olerkari aratzak ere, Euzkerea gorenengo mailetan darabilenak, eta, norek ukatu onein bear-bearrezkotasuna? Sabin maiteagandik asi eta Arrese, Lizardi eta Lauaxeta zear, Orixe eta Otsalar arte, eundakak darabilguz inguruetan; euriaren ondorengo gibel-urdinak lez ugaritzen; gure aurreragokoen ereintza: batetik eun ainakoa.

        Emen gatoz, gaur, onetariko baten oroipenez. Bertsolari ala Olerkari? Zarretariko ala Barri? Ereintzale ala Landaratua? Danotatik zerbait... danetik asko ziurrago. Basurko eta Ansola' tar Ion iatorra maila bi orretakoekin kide dogu. Errikoi eta Aratz: Ikasle eta Irakasle; neke-lanetan eta, ala ere, laguntzaile bikain... Izkuntza-arotz, zugarotz zanetik bere lan bidea.

        Ondarrabi'tarra iaiotzaz... Urantzu'tarra bizitzez. Jaizkibel barrenean iaioa... Bidaso ibaiaren ezetasunak biotz-beratua. Ibai onek dagian aberri-erdibitzea nabaiturik, bere erru-eza ondo ulerturik baina; ez gauz ba onek erdibitzen, gizonen okerkeriak baino. Bidaso'ra doaz zati bietako mendi-negarrak, eta, Basurko'k, malko orreitatik edan izan dau. Igaz, Urtzi-Semea'ren iaiotegunean il iakun, utsune bete-ezina lagarik bai bere sendian, bai Euzkera-arloetan, baita Aberri-minetan ere, Goian Bego!

        Ba-dauke Euzkotar seme zintzoak zer ezaugarri: Euzkel-maitasun, mendi-zale, guraso-lots eta Kistartasuna... Euskeltzaletasunean ez zan bada-ezpadakoa gure Basurko zana. Biotzean ezeze, arnasan eta izardian ere iariola erabilen maiasun ori: Euzkelduna ba oso-osorik.

        Berak esango dausku inork baino obeto, mendietarako ioeraren barri, Ara:

                «Mendi artean hola bai dagon

                Gure Euskal-Erri maitea,

                Ez da arritzeko bere semeak

                Mendi zale izatea;

                Errian zintzo igaro ondoren

                Lana egiñaz astea,

                Norentzat ez da atsegingarri

                Iñoiz mendira joatea?»

        Gurasoen bidez datorkigu bizitza, euron magalean ikasten doguz maitasun eta on-izateak. Basurko'k ederto nabaitu euzan sendi-biotzkada orreik, begira bestela:

                «Aitatxo lo dago ta

                Ez da esnatuko...

                Ene seme, zuk ere,

                Arren! egizu lo;

                Txikitxoa bai zera

                Gauz oik jakiteko,

                Amak negar egiñaz

                Dizu abestuko.

                Loooo...»

 

        eta Amari barriz:

 

                «Aurrak gaztetan amari

                Neke, naigabe, komeri...

                Guk esker txarra berari.

                Ama il ondoren ezagutu det

                Semeak degun zor ori;

                Oroitz illun orrek

                neri Samintasuna ugari...

                Ta maiz negarrez naiz ari.»

        «Kistar zintzo, gizon on, guraso leial, euskaldun biotzez eta egitez», Basurko'tzaz ari dala dinosku «Karmel» aldizkariak. Kistar zintzo... entzun urrengo au, Sortzez Garbia'ri egin eutsan olerkiaren atzen zatia:

                «Gorputz guzia

                Zauriz betea,

                Gurutzea bizkarrean

                Aldapa-gora

                Eriotz-billa

                Seme ona ikustean,

                Gugaitik zenbat

                Naigabe samiñ

                Zegon zure biotzean!

                Eriotz ordu

                Larri artantxe

                Gurutzearen oñetan,

                Seme maiteai

                Lagundu nairik,

                Antxe egon ziñan bertan

                Arren, gu ere

                Artu gaitzazu,

                Iltzean, zure besotan.»

        Or ba, ene entzuleok, gure ondotik oraintsu iges egin dauskun euzkotar iator baten biotz zatitxu batzu. Ba-daukagu bai, nori iarrai eta zein bide io. Onelakoen neke eta lan asper-ezinak iaso daue euzkeltzaletasuna, eta, zelako ondorenak dakusguz? gure artean irakurleak sortu eta lo legokezenak esnatzea. Euzkel-Errietan ba-datoz gora, Ameriketa onetatik ere bete daikegu gure egin-bearra: erosi eta zabaldu gureen idazti eta aldizkariok.

        Eta errimina zuen biotzetan sutu nairik, ara amaitzeko Rosario de Santa Fe, Argentina'ko urian il zan Otaño'tar Pello Mari'ren bertso bat, bere naia lortu ezin izan ba'euan ere:

                «Nere lagunik maitatuena,

                Onbu laztana, zu zera;

                Argatik nator zure kolkora

                Ni malkuak ixurtzera,

                Iduriturik naramazula

                Atariko intxaurpera...

                Beti izango zaitut goguan;

                Bañan joan nai det ostera,

                Euzkal-lurreko zuaizpe artan

                Nere ezurrak uztera.»

 

(1958-nko. Euzkera'ren Egunean, Mexicoko Euzko-Etxean irakurri ta abestua.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.