Itz Lauz
Europako erri zaarrena
Euskaldunen izkuntza, lantze eta oituretaz
Anton Hilckman
euskaratzailea:
Garate'tar Gotzon
Anton Hilckman'ek idatzi ta Garate'tar Gotzon
Mirena'k S.I. deuxtarretik euskeratuta.
Pirineo'ak Prantzi ta Españi alderazten dituzte; baña Euskal-erria ez. Euskal-erria bat da. Euskaldunak Europa'ko erri zaarrena eratzen dute. Beaiek bakarrik Europa'n ario-aurreko (vorarishe) izkuntz hatean mintzatzen diranak. Izkuntz onek, era askotan zabalduta, ez du antzik gure kontinenteko beste izkuntzekin. Jakintsueri izkutuki bat zaie. Ez ori bakarrik; zalantzik gabe, ez du zer ikusirikan ludi guztiko beste izkuntzekin. Len antz ematen zioten Amerika'ko kolomb-aurreko izkuntzekin; baita japonesarekin ere. Baña tokizen (toponimico) asko izkuntz bietan berdin xamarrak izan arren itz-etorrera ezberdiña da.
Gaurko jakintsuak Georgi ta Kaukaso'ko izkuntzekin aidetasuna ote duan diote. Dana dala, ez degu oraindikan gauza garbirik. Ori bai, ezpairik gabe, Europa'ko izkuntz guztien artean euskera zaillena da. Arritzekoa da, baña euskaldunak edo euskera ikasteko gauza diranak beste izkuntzak illebete batzuetan ikasten dituzte. Esate baterako, japonesa, beste europatarrentzat ain zalla dana, neke aundirik gabe ikasten dute.
Europa'ko erri zaarrak maite dituana, euskera galtzen ari dala ikusiaz, naigabez betetzen da. Orregatik A. Marr'ek, Rusia'ko izkuntz-jakintsuak esaten zuan, urrezko dorre bat egin bear zala Europa aintziñako bitxi estimagarri ori etorkizunerako gordetzeko. Batez ere Araba ta Naparroan, la ibar izkutuenetan ere euskera galdua da. Naiz ta Erronkal'eko erriak mendi tartean izan, Ustarroz'ek bakarrik eutsi dio zintzoki euskerari. Gizaldi ta gizaldietan euskaldun jakintsuak, españitar ta prantzesen oitura zalegikeriak garaitu dituzte. Oran gazte gendeak zinesteraztuta daude bere baliotasunaz. Eta badute ortarako errezoia edozer gaietan izan dituzte euskaldunak gizon ospetsuak. Guipuzkoa'ko euskaldun bat, Loyola'ko Iñazio jesuiten irasle izan zan; eta aren ikasle ospetsuena, Xabier'ko Franzisko, Goi-Naparra'ko euskalduna. Eta gizalde berri auetan, Bitoria'ko Franzisko, pilosopo ta Derecho Natural-gaietan oso ezaguna, kolonia-errien alde lan gogorrak egin ta jabeen naikeriak galerazi zituna.
Milla bederatziregun ta berrogeta zortzigarren urtean Biarritz'en jakintsu-batzar bat izan zan. Berregun itzaldi izan ziran, batzuk estimagarriak, benetan. Berregun jakintsu oiek ia guztiak eusko-prantzesek ziran; 100.000 eusko prantzesen ordezko. Españi'koak etziran joan, atzerrian bizi ziranak baizik. Aintziñako oiturak bizirik gelditu dira Euskal-errian. Ezaguna da eusko-folklorea; Europa'n berdiñik ez du. Orretzaz gañera euskal-artea indartsua da. Europa'n erri gutxi dira, Euskal-erriak bezela, bere «bertso» ta abesti bereiziak dituztenak. Abesti oien etorrera ta egilleen izenak ezagun-gaitzak ditugu. Norberak ikusi ta entzun bear ditu bertsolari oiek, bertsoak nolakoak diran eta euskalduneri zein maitagarri zaien jakiteko. «Abeslari ta azkatua da gizona» zion bein Herder'ek. Baña arrisku bat dago: gezurrezko kulturak aintziñako goi-arnas ori itotzen dute. Erri gazte guztiak erri-abestiak izan dituzte, eta aldrebez...: erri bat gaztea da, erri-abestiak baldin baditu. «Koblakari» ta «Bertsolariak», gertugabeko bertsoak botatzen dituztenak, nunai arkitzen dira. Batzuetan semeak ondoretzen dute aitaren bertsoetarako etorria.
Eusko-olerkiak biotza ukitzen dute; alare ez da errexa aren era itz gutxitan esatea. Olerki ta abesti alkarturik daude. Bertsolariak kantari esaten dituzte bere bertsoak. Doñuak ekartzen die bertsoen neurria; abestu gabe ezin. Bertsoak bat batean bururatzen zaizkie ta doñuz biribiltzen dituzte. Bertsolariak ez du pensatzen bertsoen silabatzaz; ezta aien bukaeraz ere, «punktoak » zuzentzen die bidea.
Iñoiz ezin diteke bertsoen bukaeran itz bera ipiñi; gendeak bereala igarriko luke ta bertsolariaren izena gutxitu. Bertsolari auek oroipen sinisgaitz bat dute. Bein erabillitako itz-esaerak betiko gelditzen zaizkie eta alaxe ez dute arriskorik olerki batean, naiz ta luzea izan, lengo esaerak berripintzeko. Beraz, bein entzundako bertsueri erantzun egokia neke aundirik gabe ematen die.
Sarritan izaten dira sariak bertsolari onenentzat. Orduan gendea edo epai-batzar batek banatzen ditu sariak. Bertsoak naiz ta batzuetan naigabezkoak izan, ia beti satirikoak izaten dira. Euskalduna jatorriz oso sentzuduna izan arren, satiri zalea da. Bestetan bertso-gaia aspalditik erabillitako alkar-izketa degu: Mendi ta Itxaso, Uda ta Ardoa, Illargi ta Eguzkia, Erri ta Uri, Gizon ta Emakume, Ezkondu ta Ezkonge, Etxekoandre ta Jostuna, Bizardun ta Bizargabekoa. Egunotan antomobilla ta gurdia ere. Ez dago gauzik bertso auetan aitatzen ez danik. Bertsoak berriz gutxitan izaten dituzte zortzi errenka baño geiago.
Aintziñako jainkonazpillen ta sagas-gaiak, euskaldunen ezpata-dantza ospetsuan, zearo alkarturik ikusten ditugu kristautasunaren egiekin. Igandeetan, meza bukatuta, eliz aurrean dantza ori ikusi diteke. An dabiltzate ezpata-dantzariak jausika, jantzi txuriz ta txapel gorriz apainduta. Gendeak, baita agintariak ere, arriturik begiratzen die.
Euskaldunen kultura ta etxe-laneko tresneen izaera ondo ulertzeko, ez degu aaztu bear aien kultura aintziñako artzaiena dala. Garai zaarrenetako tresna «kaikua» degu, kirten ta guziz egur bakar batetik egindako esne ontzi aundia. Kaiku ortan esnea berotzen da. Eta arri beroen gañean ipintzen dalako, ipurdia beti erreta izaten du. Prehistoriak esaten digu, gizonak lelengo gizaldietan buztinkintza ez baizan ezagutzen era ortaz gertatzen zituztela bere bazkariak.
Kaiku bezin zaarrak, badira noski, beste tresna batzuk. «Laya» deritzan eta bi ortz dituan, tenedore antzeko lan-tresna. Egoaldeko Pirineo'tan lurra arrotzeko erabiltzen dute. «Lera», belarra ta abere-azpirako garo legorra eramateko egurrezko tresna. «Uztarria», sarritan labarnez egindako apaingarriekin; idiak alkartzeko da. «Pegarra»: buztiñezko txarro astuna, metallezko «Forreta» antzekoa; eusko emakumeak buru gañean sotilki eramaten dute. «Gurdia» ere oso ezaguna degu; errogabeko gurpilak ta sarritan zumez egindako gurdi kajia ditu.
«Ill-arri» borobillak eusko kulturantzako oso estimagarriak dira, eta diotenez 1000 urte baño zaarragoak. Arri auetan, kristau irudien ondoan, kristaurreko ezaugarri ta apaingarri txit zaarrak ikusi ditezke.
Eskualdunak oso jainkozaleak ditugu. Eguneroko jun etorrerak, kiñu ta ibillera guztiak, esate baterako, ogiaren zatitzea, igitea, txarri iltzea, Jainkoari eskeiñita daude. Eliz-jaiak erri jaiak dira. Itxas-aize bedeinkatzeko zeremoni bereiziak sortu dira. Or degu itxas prozesioa Ciboure'n Irutasun Guztiz Donearen egunean. Angelus entzunda, euskaldunak, nunai arkitu, an otoitzaz bakarrik pensatuko du. Pelotariak ere pelota jokua da euskaldunan jolas maiteena Angelus jota, tanto erdian, aurrera jarraitu gabe, gelditzen dira. Bere biziko une guztietan euskaldunak «Jaungoikoa» du bere begi aurrean. «Jaungoiko» izenak «goineko Jabea» (der Herr aus der Hohe) adierazten digu.
Eztakigu euskaldunak noiz biurtu ziran kristautasunera. Erri onek lera bereizia izan bear du bere animan kristautasunarako; bestela ulergaitz litzake kristianismuak eusko izaeran barru barruraño ezarri duan kutsua. Irutasun Donearen izkutukia oso siñisgaitza omen zitzaien; euskaldunak egi ori mamitu zezaten, berri onaren zabaltzalleak elizetan dorre bat eraiki bearrean, iru eraikitzen zizkien. Dana dala, ipar-sortaldeko Euskal-errian, batez ere, orrelako eliz asko arkitzen dira. Euskal-erriko elizetan bada beste bereizitasun bat: eliz barruan, eskubiko ta ezkerreko aldera, bi edo iru pisuetan, tribunak izaten dira gizonentzat. Emakumeak beian jartzen dira. «Gora Jaungoikoa ta lege zaarrak»; au da orain ere euskaldun guztien idagoa.
Euskalduna asarreraziko dezu, egoaldeko gendearekin berdintzen badezu. Baserritar batek esaten zigun: « gu ez gera egoaldeko antzekoak; gure aldamenekoak zearo ezberdiñak dira.» «Ederki. Noren antzekoak zerate orduan?» «Berez, iñorena ere ez. Baña geienez iparraldekoak atsegiten zaizkigu, breton, belgi, inglandarrak, alegia. Auek ditugu aidekoenak.» Erantzun au sarritan entzungo dezu. Izan ere, euskaldunen ezagupide batzuk ez dute zer ikusi bearrik egoaldeko izaerakin. Txukuntasunaren zaletasuna, esate baterako. Eusko etxeak badute ain beste bidar aipatutako Holanda'-ko etxeen txukuntasuna. Euskalduna etxe ta pameli maitalea da. Egoaldekoak berriz sarritan ez dira olakoak. Etxea lo egiteko bakarrik dute. Bizitza kampoan egiten da. Euskaldunak nunai etxe-miña nabaitzen du. Goi-europatar bat euskal-etxe batean bere etxean bezin ondo arkitzen da.
Euskal-erriko lurraldeak oso ezberdiñak ditugu. Iñun, Europa guztian, eta orrelako toki txikian, emen bezela, ainbeste izakera, ainbeste ezberdintasun ta ugaritasuna. Or ditugu Bizkaia, Gipuz koa ta Lapurdi, itxas-lurraldeak. Orkoak arrantzale ta itxasgizon dira; aien bizi-izaera itxasoak mugatu du. Ozeano barrurra, Islandia ta Terranoba'raño juten dira eusko-arrantzaleak. Benabarra, bere soro ta zelaiekin euskal prantzesen mamiaren antzekoa da, Pirineo'en orpora eldu arte Larraun ta Santa Engrazi antzeko ibarrak zabaltzen dira. Udaroan, mendi gallurrean ganauak larratzen dituzte. Ezin ditezke aaztu mendi oien zear egindako ibillaldeak. Udaroan, arratsaldeko argi lilluragarri artan artzai-abestiak entzutea, aintziñako biotz-samingarri abestiak, zoragarri da.
Erri onek, bere edesti guztian ez du menpetasunik ezagutu. Guztiok azke, libre ziran. Gizaldi ta gizaldietan izan zituzten Ezpañi'ko probintziak bere eskubideak, bere «fueros», beaintzat sinismena bezin donea. Eta gaur, guztiok biotzetan «Pan-europa» bat egiteko asmoa degun ezkero, euskaldunen antzeko erriak, bere izaera ta oitura bereiziekin gordetzeko beartuak gaude.
|