Idazti Berriak
«XX'garren mendeko Nafarroako euskal-idazlariak»
Zeleta
Uste ez-genduan euskerazko idazti berri bat badegu oraintxe, gure idaztegietarako, «XX'GARREN MENDEKO NAFARROAKO EUSKAL-IDAZLARIAK» izenaz bataiaturik, Iruña'ko Instítuto «Principe de Viana» dalakoak Napar-aldundia'ren babesean argitara eman duana.
Aldi ontan euskerazko idazti-berriak maizki eskuratzen oituak geundenez, beste berri baten argital-iragarpenak, etzigun alañako adipenik ematen, olako albistak beti atsegiñez jaso oi ditugun arren; baña oraingo liburu berri onen iragarpenak, bai, oraingo onen argital-iragarpenak egundoko biotz-zirarrarik gozoena egin digu, nundik eta nolakoa datorkigun jakitze utsak bakarrik. Naparreraz bait-datorkigu, eta Naparroa'tik!
Izan ere, aldi-illunpetu ontan, nork uste izan beartzun Iruña'tik sortu bear zitzaigula olako argi-une uste-eztakorik? Baña, ala gertatu da, eta benetan poztu gaitu jazolkun-itxaropentsu onek.
Liburuaren idazburua irakurri utsaz, nekez antz-emango dio, irakugeak, zertaz datorkigun naparrerazko idazti berri au. Ezbaita, aurrenez iruditu litzakigun oitakoa, Naparroa'ko euskal idazlien bitelesti edo biographia alegia; gizaldi ontan napartar bi euskal-idazle ospetsuk «Manezaundi» eta «Larreko»-k aldi bateko euskal-izparringietan argitara eman zituzten idazlan berezi ta irakurgarri batzuen bilduma txukun bat baizik.
Euskal-idazlan berezi batzuen bilduma txukun bat, esan degu dala liburu berri au, eta alaxe dezu, izan ere, irakurlea txukunagorik ezindakoa geitu genezakiogularik, idazkai bakoitzaren barrenean dakarzkin itz-berri gabeko euskera garbi-errikoi bitarteko arauz tajuturiko iztegi-eraztu antzeko oarpen-irakasgarriengatik.
Taju ontako irakurgaiak antolatzen leen-maixu degun Irigarai'tar Aingeru, napartar euskaltzain goretsia, degu, eruapen eta arreta aundiaz 29 idazkai edo artikulu «Manezaundi»-renak eta 9 «Larreko»-renak bildu, banatu, osotu eta txukun-txukun jarririk, liburu lilluratsu ontan argitara eman dituana. Oraindik irakurri-berri degu «Euskaltzaindia»-ren babesean Irigarai jaunak oraiñago argitara eman zuan 40 ipuidun «EUSKALERRIKO IPUINAK» deritzan idazti eder-ederra ere, eta liburu onen antzera, beste oraingo berri au ere, atsegin aundiz erosi eta irakurria izango dalakoan gaude euskera egitan maite duten euskaldun zintzoen artean.
Ongi merezi du, Irigarai jaunak bigarren aldiz egin digun euskal-lan txalogarriak. Zorionak, Aingeru.
|