L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957. iraila-gabonila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Macbeth

 

William Shakespeare

 

Euskaratzailea:

Larrakoetxea'tar Bedita

 

 

SARREREA

 

Or dozu, irakurle maite, Shakespeare (Xeikspir, irakurri, obeto ezin ba'dozu) andi-entzutetsuaren antzerki bat geyago euzkeraz. Bat geyago diñot, beste bat beintzat nire adiskide Ametzaga'tar Bingen azkarrak oraindik atxiña ez dala emon euskun-da. Onek orduan emona «Hamlet» dogu.

        Nik orain damotzudana «Macbeth» yatzu. Antzerki au irakurriaz nekez egingo dozu arrausirik. Shakespeare'k ez dau emoten arrausi egiteko astirik. Gure biotza ta adimena, biak, or darabiltz ekin gorrian asi ta azkeneraño.

        ...Bedartza apitzean aratinik etzanda zagoz, burua eskuen ganean dozula; ibiliaren ibiliz nekatua, eguzkia laster etzatera yoateko da ta oz-ozta mun-egiten dautse mendi-ganai; ibarrak eta mendi-egal-barrenak itzalez yantzi dira; luzaroan abarotan egoneko ardiak an zure aurreko menditxoan yoranez daragoioe azkenengo agokadak yaten; artzaya an doa txistuka mendiska-egala gora ardiok aurrean artu, berantza eragin ta artegi ta etzalekuetara eroateko. Larra-txoriak gora-goraka egiten dau, igonez-igonez txorrotxioka eguzki unatuari agur egiteko. Zure aldameneko errekatxuak, etentzaka, marmarka daragoio, ez dakit pozak ala atsedenge yoan-bear gorriak eraginda. Zuk zeuk be ez dakizu, ta obe olan, errekatxuaren marmarrok nekeak eta kezkak eragiñak diriala ba'zenki, zerorren kezkak iratzarriko leukiez-ta. Erbestetik bere aberri ta etxe maiterantza doan bideztia aberri ta etxerago pozago izaten da-ta, errekatxua be iliago ta itxasorago da-ta marmarrok pozak eragiñak diriala esan bearko. Ertzeko bedar lirañak, burua makurtuta, agur egiten dautsoe yoan doan ur zoliari, «Yarraik, oa ondo» esanda.

        Gauza ederrok ikusiki, zu atsegin-eztitan, pozak, ameslari, bake-baketan zagoz eta zagozan toki orretatik yagiteko nagi zara...

        Itxaso zabalean zara: bean ura, goyan laño baltz-ilunak; axeak iñondiko indarrez putz-dagi, putz eta putz; ugin eskergak yagiten dira ta zu zaroazan ontzia or darabile euren yostallu, bein gora-goraka, bein ondamendiak iruntsi-aginik; ontziaren abe ta lokarriak kirrisk-karrask egiten dabe, axeak txistu zolia, ta zu zeu or zagoz estu ta larri, buruko uleak zutunik eta buru-narruko euren sustarretatik urteteko aleginetan bai'lebiltz. Ezin bestean ikaraturik zagoz.

        Onantxe erabiliko zau Shakespeare'k: bein poz-eztitan, bein ikaraturik. Shakespeare'k ondo be ondo dazauz giza-biotzeko okoluak eta igikuneak. Orretan berau mutila yatzu. Gauza ederrik aurkituko dozu ta bein irakurten asiezkero nekez geldituko zara azkeneraño eldu-arte.

        Guztitariko nortasunak idoroko dozuz antzerki onetan: bioz-gogortasun eta gaiztakeririk sakonena, lupukeriaz bat eginik, Macbeth eta onen andereagan; gizaki-eredu oso ta ezin beteagoa, Macduff'egan; giza-gurena, Bankuo'gan; «Auxe egin bear neunke, baña ez naz azartzen» esan eta egin daroenetarikorik gura izanezkero, or dozu Macbeth'eneko osagillea.

        Darabildan euzkereari buruz ez dot uste gatxa darabildala esango daustazunik. Itz barri gitxi-gitxi sartu dot nire lantxo onetan; zar eta ez-ezagunik ez asko. Orregaitik, lan au oztopo barik eta beingoan irakurri al izango dozula nik uste. Geyen baten, iñoren arloko oldozpenak gure euzkera-solora dakaguzanean itz-yokoa izaten da iñondiko bizkarrekoak artu bear izaten dauzana, ta itz-yoskerea izan be egin-eginean edozein izkuntzaren azur-mami ta gogoa.

        Onetan itzarrik ibili naz, itzarrik eta astiro, gure euzkereari minik ez emoteko.

        Lan onetako notin-izenik geienak euren idazkera yatorrean itxi dodaz, geienak abizenak dira izan be-ta. Sarritan erabili-bearreko toki-izenak bai bigundu dodaz, euzko-agoari gogor eta latzegi egin ez dakiozantzat, esaterako, Ingelanda ta Eskolanda. Shakespeare'n lan au euzkerara aldatzeko aurrean izan dodan idazti bakarra «The Complete Works of/ William/ Shakespeare/ Containing the Plays and Poems/ with special Introductory matter/ Index of Characters & Glossary of/ unfamiliar terms/ London & Glasgow/ Collins Dear-Type Press» izan da. Au ez beste irarpenik, ez beste izkuntzetara aldatukorik ez dot izan begien aurrean. Eta izan be, nire asmoa euzkeldunei irakurgai on-atsegina emotea bakarrik izan da. Bein-beinean Shakespeare urlia lekutan onan ala alan irakurri bear dala diñoenak nai esan leikienak gitxi ardura daustie. Aurrean izan dodan idaztiari zeatzik asko lotu dautsat nire burua, ez baña oso-osoan; iñoz lokarriak ausita, garagarrak irabazten be ekin dautsat, esaterako, txakurrak edo zakurrak aitatuten dauzan tokian, arenak-barik beste txakur batzuk aitatu dodaz. Beste toki baten barrua garbitzeko bedar edo landara batzuk aitatuten dauz eta euren artean gazteleraz «ruibarbo» deritxoena. Landara au ezautu ba-dazaut, Ingelanda'ko mayetan sarritan azken-gozagarritzat agertzen dalako ta ango baratzetan be gura dauenak ikusi leikealako. Barazki mingotz-mingotza yatzu, baña euskeldunen artean (erri zeari buruz daragoyot) ezaguna danik ez dot uste, ezta euzkeraz izenik daukanik be. Au dala-ta, Shakespeare'k landara orrizabal kirten-gorri au barru-garbitzalletzat dakarrenezkero, bere ordez nik «usturi» euzkel-itza yarri dot, «Usturiek barrue garbituteko ei dire onak» nire ama zanak bein niri esanari deutsodala. Nik beste orren ordez sartu dodan itz au be euzkeldun guztientzako ez da izango ezaguna, askok «usturi» ordez «miura» esan daroe-ta. Oñati'n beste izen bat darabile, baña orain ezin gogoratu dot. Usturi edo miura dalako landara orlegi-orlegi, ale-biribil-zuria iñoren lepotik, ots, beste zugatzen ganean bizi dana da ta Gabonetan eta ezteguetan Ingelandarrak au ta gorosti-abarrak eurrez erabilten dabez euren etxeetan edergarritzat.

        Shakespeare sakona ta noizik-bein yolastaria yatzu-ta, orrexegaitik, ulerkatxa be bai. Lan onetan aurkitu izan dodan txatalik ulerkatxena auxe dozu: «If thou couldst, doctor, cast the water of my land, find her desease, and purge it to a sound & pristine health...». Nik txatal ori zelan euzkeraratu dodan or ikusi daikezu, baña ez nago bape arro ta ase-beterik. Zer ete darabil or gure Shakespeare'k? Egia esan, itzok Macbeth'enak dira ta gizon gorrotagarri au une orretan estu ta larri aurkitu da, bateri au, besteari ori esaten.

        Lan au Bizkai'ko euzkeraz doa, nik ondoen ezagun dodana Bizkai'koa da-ta. Batasunera yo-bearrean gara ta orretarako aleginak txalogarri dira, baña bitartean eutsi daiogun euzkereari bizi dan tokian. Bizkai'ko euzkeldunei be ez dautsegue itxi bear euzkel-irakurgai-gosez ilten.

        Lantxo au egin, orain urte bi diriala egin neban, baña orraztu ta garbian yarri, oraintxe, «gripe» dalako gatxak emoneko ikastola-oporralditxoan. «Gripe» ari eskerrak datortzu, irakurle, lantxo au.

 

 

MACBETH

AGERTUKO DIRAN LAGUNAK

 

Duncan, Eskolanda'ko Errege.

Malcolm, Donalbain, aurrekoaren semeak.

Macbeth, Bankuo, Errege-gudaroztearen Buruzagiak.

Macduff,

Lennox,

Ross,

Menteith,

Angus,

Caithness, Eskolanda'ko andikiak.

Fleance, Bankuoren semea.

Siward, Nortumberlanda'ko kondea, Ingelandar gudarien Buruzagia.

Siward Gaztea, aurrekoaren semea.

Seyton, Macbeth'en urreko otsein nagusienetarikoa.

Mutikoa, Macduff'en semea.

Ingelandar Osagillea.

Eskolandar Osagillea.

Gudaria.

Atezaña.

Agurea.

Macbeth Anderea.

Macduff Anderea.

Emakume Andikia,

Macbeth Anderearen laguna.

Hekate ta iru Sorgin.

Yaunak, Andikiak, Errege-ogipekoak, Gudariak, Eralleak, Otseñak eta Geznariak.

Bankuo'ren Koko edo Mamua, eta beste Agertuko batzuk.

 

 

Lenengo ekitaldia

 

I. Agerleku. Toki zabala. Odeya ta yusturiak dira. Iru Sorgin datoz aurrera.

 

        I Sorgiñak.— Noz egingo irurok orrengo batzarra odeitan, yusturitan, naiz euritan?

        II Sorgiñak.— Burrukea amaitu daitenean, gudaketea galdu ta irabazi daitenean.

        III Sorgiñak.— Aori eguzkia sar-aurretik izango da.

        I Sorgiñak.— Non egingo?

        II Sorgiñak.— Iñarradian.

        III Sorgiñak.— An Macbeth'ekin batzeko.

        I Sorgiñak.— Ba-noa, Katu.

        Irurak.— Kunkuna deyez dago: bertatik.

                Ederra itxusi da ta itxusia eder;

                Egaka laño ta aide zikin-artetik.

 

(Sorgiñak yoanak dira).

 

 

II. Agerleku. Forres-aldeko zelaya. Gudarako otsa barruan. Duncan Errege, Malcolm, Donalbain eta Lennox datoz aurrera euren otseñakaz eia odola darion gudaria aurkitzen dabe.

 

        Duncan'ek.— Nor ete da gizon odoldu ori? Orrexek emon leiskiguz barriak; orren ganorea bera dago esaten berorrek eralgi leiskiguzala matxinadako barririk barrienak.

        Malcolm'ek.— Ori sarkentoa yatzu; egin-eginean be, gudari sendo ta bulartsuari dagokion lez, zintzo yokatu eban orrek bein ni menpean ez yausteko. Gora adiskide kementsu! Esan Erregeri matxinadeaz dakikana; ik andik alde egikeran zelan gelditu zan.

        Gudariak.— Ez-bayan gelditu zan; euren antzea alperrik dala, ugerlari nekatu bik alkarreri eldu-ta alkar itoten daben antzera. Yayotzatik iñondiko lera ta giriña makurrez yosia ta matxin zale izateko yayoa dan Macdonwald orrek eguzki-sarkaldeko izaroetatik izkillu arin eta aztundun gudari-taldeak ekarri dauz. Aduak berak be, orren matxinada denganiñoari txera ona eginda, orren emagaldua bai'litzan erakusten dau bere burua. Baña dana da makalegi; eta izan be, «kementsu» izen-goitia ondo irabazita daukon Macbeth adoretsuak, zer yazokoaren bildurge, bere kemenaren esaneko-antzo odol-lurruna erion ezpateari eraginda, yopuaren aurrez-aurre yarri-arte zirti-zarta urratu eban bidea; eta ez eutson eskurik estutu, ez-ta agurrik egin be, burutik matralla-azurretaraño azkatu ta aren burua arresien ganean eskegiarteño.

        Duncan'ek.— Nire lengusuaren adoratsua! gizonaren zintzoa

        Gudariak.— Eguzkiak bere bidea ebaten dauen alderdi beretik ekaitz ontzi-ondatzallea eta ostots ikaragarriak sortzen dirian legetxe, era berean urten dira kezka larriak poza ta nasai-aldia emoteko zala zirudian iturri aretatik. Ara, Eskolanda'ko Errege, ara: Zuzentzeak, izkilluz, arei izkillu arindun yauzkariei igesi eragin-ordukoxe, Noruai'ko yaunak, ekiña gure aldera itzulirik ikusita, izkillu dizdiratsu ta giza-talde berriakin burruka barriari ekin eutson.

        Duncan'ek.— Eta au ikusiki, gure gudalburu Macbeth eta Bankuo ez ete zirian kikildu?

        Gudariak.— Bai; artatxoriak arranoak edo-ta erbiak leoya kikildu daroan legetxe, areik be arerioari zartadatan len lango bi emoten eutsoezan. Nik ezin esan areik, ala euren buruak zauri lurruntsuetan ikuzteko asmoa, ala bein Golgota'n yazoa barriztutekoa eukien. Baña yoan doakit burua; nire zauriok laguntza-eske dodaz.

        Duncan'ek.— Ire itzak ire agoan eder dozak, ire zauriak ire soñean legetxe; bitzuoi darie zintzotasun-sundea. Oa, eroan egik osalariekana.

 

(Gudariak alde dagi, lagunduta).

 

        Nor dator emen?

        Malcolm'ek.— Ross'ko Thane zintzoa.

        Lennox'ek.— Zelango artegatasuna darion begietatik Olango begiak barri bakanak dakazanak ekarri bear leukezala dirudi.

 

(Ross aurrera dator).

 

        Ross'ek.— Yaungoikoak yagongo al zau, Errege.

        Duncan'ek.— Nondik etorria augu, thane zintzo?

        Ross'ek.— Fife'tik, Errege goragarri; Noruai'ko ikurriñak aidean arro zabaldu ta euren axeak gureak otzituten dauzan lekutik. Noruai'ko erregeak berak gudal-talde itzalakin, Cawdor'ko Thane saltzalle-zintzotasunik arean-bakoak lagunduta, burruka azalari ekin eutson, arik eta Belona'ren (1) ezkongai arek, yantzi zulagatxez yantzita, areri bularra emon izkillu bardiñiez: mokoa matxinzalearen mokoari, besoa besoari, ta, olan, besteak eurrez erabillen adoreari eutsin; eta, amaitzeko, gurendea gure aldera itzuli zan.

        Duncan'ek.— Zorionaren andia!

        Ross'ek.— Eta orain Sueno, Noruai'ko erregeak, itunbena gura dauela, guk, ostera, bere gizonak eortziteko baimenik be ez geuntsala emon gura izan Kolunba Deunaren izaroan gure erriarentzako amar milla dolar sakeletik atera-arte.

        Duncan'ek.— Cawdor'ko Thane denganiño orrek eztausku egundo geyago ziririk sartuko. Oa, yo adarra, arek bertatik il bear dauela yakin eragik eta Macbeth'eri aren izenagaz dei-egiok.

        Ross'ek.— Ori neure kontura.

        Duncan'ek.— Arek galdua Macbeth zintzoak irabazi dau. (Alde dagie).

 

III. Agerleku. Iñarradia. Ostotsak dira. Iru sorgiñak datoz aurrera.

 

        I Sorgiñak.— Non izan az, aizta?

        II Sorgiñak.— Txarria ilten.

        III Sorgiñak.— Aizta, i non?

        I Sorgiñak.— Itxas-gizon baten emazteak gaztañak eukazan altzoan, eta yan ta yan eragoyon: «Ekazan» diñotsat nik, eta emakume alperrontzi epertoak deadar: «Alde, sorgin orrek». Aren semea «Tiger» ontziaren yabe da ta Alepo'ra yoana, baña, baea ontzitzat artuta, buztanbako arratoya legetxe, ara yoan ta yoan ta yoan egingo naz.

        II Sorgiñak.— Axe bat emongo dausnat.

        I Sorgiñak.— Biotz onekoa az.

        III Sorgiñak.— Nik beste bat emongo dausnat.

        I Sorgiñak.— Neronek daukadaz besteak, eta putz-eta-putz kayak eurak be aurrean eroaten dabez, itxas-mapatik ondo ezagun dabezan baztar guztiak. Arako gizon a bedar igarra baño be igarrago egingo dot; ontziko bere txabolatxoaren ganean loa ezta kokatuko ez gabaz ez egunez; beragana iñor eltzea galazota dauen gizona legetxe biziko da; zazpi gau gogaikarri bederatzi bidar bederatzitan makaldu, argaldu ta iristu egingo da; aren ontzia gal-eziña izanarren ekaitzen yostallu izango da. Begira zer dodan.

        II Sorgiñak.— Erakutsi egidan, erakutsi egidan.

        I Sorgiñak.— Pilotaren atz orkoroa yaukanat emen, etxerantza etorrela ontzia urperatuko itxas-pilotarena.

 

(Barruan tuntuna.)

 

        I Sorgiñak.— Tuntuna! Tuntuna! Macbeth dator.

        Irurak.— Aizta sorgiñak, eskuak alkarreri emonda, legor da itxasoko bidariak, onantxe yoaten dira batetik bestera, batetik bestera. Iru bidar irera, ta iru bidar nirera ta beste iru bidar bederatzi osotuteko. Ixil! Zoragarria amaitu da.

 

(Macbeth eta Bankuo datoz aurrera)

 

        Macbeth'ek.— Onelako egun itxusi ta ederrik ez dot egundo ezagutu.

        Bankuo'k.— Zenbat bide dago Forres'era? Zertzuk dira orrako orreik, orren zimelok eta ganorabako yantzi orreikaz, mundutarrak ezpaitirudie ta a ta guzti be emen baitagoz? Biziak ete zarie, ala ez ete zarie gizonek itaunik egitekorik? Ulertzen nozuenarena egiten dozue, batera bakotxak bere atz tximurtsu narru utsezkoa ezpanetara eroanda. Zuok emekumek izan bear zendukie izan, ori siñistea zuon bizarrak galazoko ez ba'leustie.

        Macbeth'ek.— Itz-egin, al ba'dozue: zer zarie?

        I Sorgiñak.— Gora, Macbeth! Gora i, Glamis'ko thane ori!

        II Sorgiñak.— Gora Macbeth! Goa i, Cawdor'ko thane ori!

        III Sorgiñak.— Gora Macbeth! oraindik aitziña errege izango azan ori!

        Bankuo'k.— Yaun yator, zer dala-ta ikaratzen zara? Eta zegaitik zara bildur belarrien gozagarri diran gauzak entzunda? Egia-arren, irudi utsa zarie, ala izan zarie azalez iragarten dozuena? Nire lagun yatorrari oingoxe emayagazko txerea egin dautsatzue, ta orrez ganera, gerorako thanearena ta erregetza-itxaropena aurreztik iragarri dauskuzue eta au guzti onegaz sortuta gelditu dala dirudi. Niri ez dauskuzue ezertxo be esaten. Etorkizun-aziaren mamia ikusteko almenik ba'dozue izan, eta zein azi aziko dan eta zein ez, esan al ba'dozue, niri be itz-egin, ni ezpainago ez zuon emayen eske ez zuon gorrotoaren bildurrez.

        I Sorgiñak.— Gora!

        II Sorgiñak.— Gora!

        I Sorgiñak.— Gora!

        III Sorgiñak.— Macbeth baño txikiago ta andiago.

        I Sorgiñak.— Ez ori aña zoriontsu, orraitiño askozaz zoriontsuago.

        I Sorgiñak.— Ik semeak izango dozak errege, eu izan ezarren. Ori dala-ta, gora Macbeth eta Bankuo!

        I Sorgiñak.— Bankuo ta Macbeth, gora!

        Macbeth'ek.— Geldi or, gauzak erdizka esaten dozuezanok, esan niri geyago; Sinel'en eriotzea dala-ta ba-dakit Glamis'ko Thane nazana, baña zelan Cawdor'koa? Cawdor'ko Thanea bizirik da ta zaldun aberatsa da. Ni errege izango nazana siñistea gatxa da, Cawdor izango nazana legetxe. Esan, nondik dozue barri bakan ori? Edo zegaitik gelditu eragin dauskuzue axe-boladak yoten daben iñarradi onetan etorkizun diran gauzez beteriko agurrakaz? Esan, neuk agintzen dautzuet.

 

(Sorgiñik ezta agiri).

 

        Bankuo'k.— Lurrak anpuluak dauz, urak izaten dauzan legetxe, eta orreik orretarikoxeak yatzuz. Nora ondatu ete dira?

        Macbeth'ek.— Axetara, eta soñezko zirudiana urtu egin da, arnasea aidean legetxe. Gelditu aiba'lira!

        Bankuo'k.— Baña izan ete da emen, gero, guk orain eurei buruz itz-egiten dogun lako izakirik? Ala, buruko argitasuna kentzen dauen sustar edentsuren bat yan ete dogu?

        Macbeth'ek.— Zure semeak errege izango dira.

        Bankuo'k.— Zu errege izango zara.

        Macbeth'ek.— Eta Cawdor'ko Thane be bai; ez ete dau onan esan?

        Bankuo'k.— Itzez itz.

 

(Ross eta Angus datoz aurrera)

 

        Ross'ek.— Macbeth, Erregek pozik be pozik artu dauz zure gurendea-buruzko barriak, eta matxinen menderatzetik zuri etorri lekikezun etorkizuna igarriz, bere kezka ta goralbenak or dabiltz ebatzi-eziñik zelakoa izan leitekean zurea eta zelakoa berea; au alde batera, ta egun berean yazoriko enparaua begiraturik, arek zu Noruai'tarren lerrokada sendoetan aurkitzen zau, zuk arei egiñaren bildurge: eriotz-irudi bakanak. Txingorra baxen sarri erdu da bidaria bidarienagaz, eta bai batek eta bai bestek zuk errege-erriaren alde egiñiko oldargune andiaren gorapenak ekarrezan eta Erregeren aurrean eralgiten ebezan.

        Angus'ek.— Gu gure ugazaba Erregeren aldetik zuri eskarrak emoteko bidaliak gara; zuri bere aurrera dei-egiteko bakarrik, ez zuri ordaintzeko.

        Ross'ek.— Eta gorapen andiaren baitzat zuri bere aldetik Cawdor'ko Thane izenez deitzeko agindu eustan. Izendatze barri au dala-ta, gora, thane goragarri ori! zeurea da-ta.

        Bankuo'k.— Zer? Txerrena be egi-esaka ete datorku?

        Macbeth'ek.— Cawdor'ko thanea oraindik bizirik da. Zer dala-ta yantzi gura nozue iñoren yantziz.

        Angus'ek.— Thane zana bizi da bizi, baña epai larripean daroa galtrea irabazita daukan bizitzea. Nik neuk ez dakit Noruai'koakin itundu zanentz, ezkutuko laguntza ta irabaziaz matxiñakin batera lerrotu zan, ala bitzuokaitik erri au ondatzeko alegindu zan, baña autortu ta erakutsiko salkeririk baltzenak itzuli dabe.

        Macbeth'ek.— Glamis eta Cawdor'ko thane, andiena gero (berekautan). Eskerrak zuon nekeakaitik. Ez ete dozu zure semeak errege izateko itxaropenik, niri Cawdor'ko thanetzea emonak gitxiagorik ez eutzuen agindu-ta?

        Bankuo'k.— Areik esana aintzakotzat artuezkero, oraindik burestunagaz be argitu zendikez, Cawdor'ko thanetzeaz ganera. Baña gauza bakana yatzu auxe, ta sarritan gu geure okerrerako bidean yarteko, ilunbearen bitartekoak egiak esaten dauskuez; uskeriekaz irabazten gabez ondorengo larrietan uts-emoteko. Lengusuok, itz bat, arren.

        Macbeth'ek.— Egi bi dira esanak, erregetzarako itxaropen-sendagarritzat (berekautan)
— Eskerrik asko, yaunak—. Goitiko dei au ezin daiteke txarra; ezin daiteke ona be. Txarra ba'da, zegatik emon daust ondo yazoaren baya, egitik asita? Cawdor' ko thane naz. Ona ba'da izan, zegaitik amore-egiten dautsat bere irudi ikaragarri utsak buruko uleak zutundu ta, izateaz bestera, nire biotz bareari sayetsak yo-azoten dautsazan ziltzari? Oraingo bildurrok dodazan irudipen ikaragarriak baño txikiagoak dira. Nire oldozpenak bein-beñean burutapen utsa baño ez dau il-eragitea ta, orraitiño, peko utsak egin-bearra itoteraño aztintzen dau ni gizon onen izate bakarra; eta ez da ezer, ezer-eza baño (berekautan).

        Bankuo'k.— Begira, zelan dagon gure laguna liluratuta.

        Macbeth'ek.— (Berekautan). Errege berezkoak egin ba'nagi, berezkoak ezarri dagisket buruan burestuna, nik neuk zirkiñik egiteke.

        Bankuo'k.— Omen barriak etorri yakoz ganera: guk yazten doguzan iñoren yantzien antzera ez yakoz eraasten soñeri erabillien erabilliz ezik.

        Macbeth'ek.— (Berekautan). Datorrena datorrela, aldiak eta orduak egunik latzena zear be aurrera egiten dabe.

        Bankuo'k.— Macbeth yauna, zure aginduaren begira gagoz.

        Macbeth'ek.— Indazue zuon laguntzea: nire buru motela aztutako gauzetan ebillen. Yaun maiteok, zuon nekeak nik egunoro irakurteko bira eragiten dautsadan orrian dagoz yarrita. Goazan Erregegana. Ausnartu yazo dana, eta anartean orretaz sakon oldoztuta, gure biotzetako kezkak eragozpenbarik eta astitsuago eralgi dayoguzan alkarreri.

        Bankuo'k.— Bai eta ondo pozik alan be.

        Macbeth'ek.— Ordurarte, asko da. Goazan, adiskideak.

 

(Alde dagie)

 

 

IV. Agerlekua. Forres. Errege-yauregiko gela bat. Ereslariak yoten. Duncan, Malcolm, Donalbain, Lennox eta otseña datoz aurrera.

 

        Duncan'ek.— Cawdor il-eragin ete dabe? Orretarako yoanak ez ete dira etorri oraindik?

        Malcolm'ek.— Errege yaun, oraindik ez dira etorri, baña a ilten ikusiko bategaz itz-egiña nozu; orrek esan daustanez arek argi ta garbi autortu ebazan bere salkeriak; zu nagusi orren parkamena eskatu ei eban, damu itzala iragarri; bere bizian egiñiko gauzarik onena bizia iztea izan ei zan; eriotz-aldean iragarri eban nor zan: uskeri utsa bailitzan, ortik zear yaurtin eban berak eban ondasunik yoriena.

        Duncan'ek.— Gizonaren gogoa zelakoa dan arpegitik igarteko biderik ez dago. Nik gizon aregan uste osoa neban.

 

Macbeth, Bankuo, Ross eta Angus datoz aurrera.

 

        Lengusu oso gorasarregarri ori! Eskar txarrezko nire obena urrin-oraintxe aztuna yatan; niri aurreak artuta i urrin be urrin eldu az-ta, sariaren egorik bizkorrena be geldo utsa dok i ora tzeko. Gitxiago irabazi al endun! nire eskarrak eta ordaña ire irabazien aldean andi agertzeko! Auxe bakarrik yoat esateko nik ordaindu-ala ta geyago baño geyago dala zor yakana.

        Macbeth'ek.— Zor dautzudazan menpekotasun eta zintzotasuna eurak dira euren ordain nik eurak betetzean. Zure garaitasunarena gure egin-bearrak artzea da, ta zure errege-aulki ta erriarentzako gure egin-bearrak seme ta otsein dira; eta seme-otseñok, ezer onik egiten dabenean, egin-bearrekoa ez besterik ez dabe egiten zure maitasuna ta txera onaren begira.

        Duncan'ek.— Ondo etorria ona; oraintxe asi nok ni ilurrean sartzen eta alegiñak-alegin egingo yoadaz i landara oso betea azteko. Bankuo zindo, ik ez dok irabazi gitxiago, ta olan dala autortu bear yoagu-ta, itxi egistak i biribildu ta ni biotzean sartzen.

        Bankuo'k.— Or azi ba'nadi, uztea zeurea da.

        Duncan'ek.— Nire poz ugariak euren betetasunean aldakorrak dira-ta, euren buruak oñaze-tantakadetan ostondu-gurarik dabiltz. Seme, senide, thane ta nigandik urren zagozenok yakin nire erria Malcolm nire semerik zarrenaren ardurapean yarri gura dodala, ta seme orreri aurrerantzean Cumberland'eko Erregegai eretxiko dautsagu, baña omena berak bakarrik ez dau eroan bear; ez orixe, irabazi dagiezan guztiai be andiki-agiriak, izarrak legetxe, diz-diz egingo dautse... Emendik Inverness'era, eta geitu zuekanako nire zorra.

        Macbeth'ek.— Zugaitik egiten ez dana nekea da; nerau izango naz mezudun (iragartzalle) eta zuri aurreratzeaz nire emaztearen belarriak poztuko dodaz; au dala-ta apal-apalik agur.

        Duncan'ek.— Cawdor goragarri!

        Macbeth'ek.— (Berekautan). Cumberland'eko Erregegai! Ori oztopoa da, ta oztopo orretan edo yauzi egin bear naz, edo bere ganetik yauzi egin, nire bide-bidean dago-ta. Izarrak, itzali zuon argiak! Ez begiz argik ikusi nire asmo baltz-bildurgarriak. Begiak kiñu dagio eskuari! Orraitiño bedi begia ikusten bildur dana, bein egindakoan ikusi dagian.

 

(Alde dagi)

 

        Duncan'ek.— Egia, Bankuo goragarri, a gizona kementsu-kementsua da, ta arentzako gorapenak nire yanari dira. Ori niretzako oturuntzea da. Goazan bere yarrai, gure aurretik yoatean aren ardurea guri txerea egiteko yoan da-ta. Bardinbako senide dok a.

 

(Ereslariak yoten. Alde-dagio)

 

 

V. Agerlekua. Macbeth'en yauregiko gela bat. Macbeth Anderea dator aurrera idazki-irakurten.

 

        Macbeth Andereak.— «Gurenda-egunean urten yatazan bidera, ta biderik onenetik yakin dot areik ilkorrena baño yakituri andiagoa dabela. Itaun geyago egiteko erreten nengoalarik, areik aidetu, aidetan ezereztu egin zirian. Yazoaz arritu ta liluraturik nengoala Erregeren mezudunak eldu yatazan eta orok Cawdor'ko Thane izenagaz gora-aipatuten ninduen; izen ori lenagotik emon eustien arako sorgin aiztak, eta gerorako agur au: Gora, errege izateko ori! Au iri nire anditasun-kide maite-maite orreri iragartea on dala uste izan yonat, iri agindutako anditasunaren barririk ezagaitik pozaren egin-bearrak baztartu ez daginazan. Biotzean sakon yarri ori ta agur.»

        Glamis az i ta bai Cawdor be, eta agindu yakana izango az, baña ire izakerearen bildur nok; biderik laburrena artzeko gizon zintzoaren esne geyegi yok orrek; ik andi izatea gura enduke gura, andikeria be ba-dok ik izan, baña bide gaiztorik artzeke. Ik ire gurari bizia onez iritxi gura enduke; ez enduke gura txakurkeririk, baña a ta guzti be makurkeriz irabazi gura enduke ik, Glamis andi, deadar onek diñona egin bear enduke: «Onan egin bear dok, lortu gura ba'dok, egiten bildur azana ez egin izana gura dok an baño beñego.» Ator ona arin, ire belarrietara nire adorea eralgi dagidan eta txibita-otsean nire miñaren adorez uxatu dagidan in urrezko zer borobilerako bidea eragozten dauskan oro, dirudienez, alan-bearrak eta beste mundukoen laguntasunak zer borobil ori ire bururatu yoek-eta.

 

(Otseña dator aurrera)

 

        Ze barri yoagu?

        Otseñak.— Errege dator ona arratseon.

        Macbeth Andereak.— Zoratu egin yak iri olakorik esateko. Ez dok ire ugazaba berarekin? Eta ori egia ba'litzok, arek mezua bidali izango yeustan, gertakuntzak egiteko.

        Otseñak.— Bekizu atsegin eta egia da; gure thanea bidean da; neure lagun bat etorren bera baxen arin, bai, ta arnas-estuaren arnas-estuz ito-bearrean, ozta-ozta eukan arnasarik asko niri mezu au emoteko.

        Macbeth Andereak.— Lagun akio, barri andiak yakazak-eta.

 

(Otseñak alde-dagi)

 

        Nire torreko arresi-barrura Duncan'en sarrerea garrankadaka iragarten dauen belea bera be latza. Zariena zariela, erdu ona ilkorren oldozpenen yaube zarien beste mundukook, ementxe ta oraintxe ken egistazue emetasuna ta buruko ertzetik beatzetararño bete nagizue biotz-gogortasunik itzalenez! Loditu nire odola, itxi damurako ate ta bideak, nire asmo dongeari izatearen berezko erruki-izpirik urreratu ez dakion eta asmoa egiñenetara eltzeke gelditu ez daiten! Erdu nire emakume-biotzera, emendik esnea kendu ta esne-ordez beaztuna sartzeko; erdu zuok gizeraile-lagunok, zuon izate ikus-eziñakaz edonon eurenezko okerretan laguntzale zarienok! Erdu, gau itsu, eta gaiztokiko kerik baltzenezko yantzia yantzi egik, nire aizto zorrotzak berak egiñiko zauria ikusi ez dagikan, eta zeruak, ilunbezko estalkia-zear kirika eginda, «Geldi! geldi!» deadar ez dagientzat.

 

(Macbeth dator aurrera.)

 

        Glamis andi! Cawdor goragarri! Orreik baño andiago, arako «Oraindik aitziña errege izango az» a gaitik! Ire idazkiak oraingo aldi ez-yakiña baño arago eroan nayok eta etorkizuna ointxe argi yakusat.

        Macbeth'ek.— Nire maiterik maiteena, Duncan ona yatorkun arrats onetan.

        Macbeth Andereak.— Eta noz yoateko emendik?

        Macbeth'ek.— Biar, bere asmoa danez.

        Macbeth Andereak.— Bost! Egundo ez dau ikusiko eguzkiak «biar» ori! Zure arpegia, ene thane, or gizonak gauza bakanak irakurri leikiezan liburua yatzu: aldiko atzipetu, aldiko barrukoa erakutsi; txera argia egin zure begi, esku ta miñez lora errugearen antza azalean, baña suge zitala barruan. Datorrenari arrera ona egin bear yako, ta zuk arrats onetako egikizun nagusia nire ardurapean itxi. Egikizun orrek datozan arrats eta egunetarako nagusitasuna ta yabetasuna geuri bakarrik emongo dauskuz.

        Macbeth'ek.— Orretaz geroago ta luzaroago itz dagikegu.

        Macbeth Andereak.— Ik arpegia argi erabili. On-egitean aldaka dabilen arpegiak beti bildurra iragarten yok. Gañetiko oro itxi nire kontura.

 

(Alde dagie.)

 

 

VI. Agerlekua. Lengoxea. Gaztelu-arreea. Zaamiolak yoten. Macbeth'en otseñak begira. Duncan, Malcolm, Donalbain, Bankuo, Lennox, Macduff, Ross, Angus eta begiralariak datoz aurrera.

 

        Duncan'ek.— Gaztelu au toki zoragarrian dago. Gure sentzunetara firi-firi ta gozo datorren aideak berak be ez dau bera goratzeko iñoren bearrik.

        Bankuo'k.— Toki oneri zerutiko arnasa gozo-usaña dariola erakusten dau elexa-zale ta uda-igarle dan elayak be, bere etzaleku maitetzat gaztelu au artu dau-ta. Txari onek ez dau artu bere abi ta ume-seaskatzat ez abe urtenik, orma-baldarik, ez orma-euskarririk, abia dingilizka yarri baño, eta txoriak umeak ezi ta yokerarik geyen daben tokiko aidea leuna dana ikusita daukat.

 

(Macbeth Anderea dator aurrera)

 

        Duncan'ek.— Aor, aor, gure ostatari adeigarria! Gure yarrai dabilen maitasuna iñoiz gure kezka-bide izaten da, baña a ta guzti be maitasunari dagokiozan eskerrak egiten dautsaguz, eta nik onegaz emoten dautzudan ikaskizuna auxe dozu: guk zure nekeai amore-egitea ta zuk zure kezkakaitik guri eskerrak egitea eskatuko dautsazula Yainkoari.

        Macbeth Andereak.— Zuk gure etxe oneri egiñiko omen andi ta yorien aldean gure otsein-agiriak txiro ta bakar litzatekez, zeatz, birritan eta beste ainbestetan egiñak ba'lira be. Bai aspaldi, bai ointsu-ointsu emon dauskuzuzan andizuren-mordoagaitik zuri zorrean gelditzen gara.

        Duncan'ek.— Non dogu Cawdor'ko Thanea? Orpoz-orpo yarraitu dautsagu ta berari txerea egiteko asmoa izan dogu, baña a zaldiz ibilten ona yatzu; eta aren maitasun andi ta aztala baxen biziak gu baño lenago ekarri dau berera. Ostatari eder eta zintzo, zure ostatuko gara arrats onetan.

        Macbeth Andereak.— Guk, zure otseñok, gurea, geure buruok eta geure dan oro piloan dogu zure nagusitasunak noz-gura arakatu ta aztertzeko; eta guzti ori emonda be zeurea zeuri atzera emon ez besterik ez dogu egiten.

        Duncan'ek.— Ekazu esku ori; nire ostatariagana eroan nagizu; a guk asko maite dogu ta arentzako gure emaitz-iturria oraindik ez da agortu. Zure baimenaz, ostatari-andera.

 

(Alde dagie)

 

 

VII. Agerlekua. Gazteluho atari bat. Zaamiolak yoten eta zuziak. Aurrera datoz: Mai-begiralaria ta otsein batzuk, yaki-ontzi ta gañetiko mai-gauzakaz, eta arat-onat dabiltz. Gero Macbeth dator.

 

        Macbeth'ek.— Egitekoa egingo danean egingo dala, arin egitea litzateke on. Errege ilteaz oztopoak baztartu ta nire elburua lortu al ba'nengi ta zartada au emengo danaren asiera ta danaren azken izan, baña emen, ementxe, ta oraintxe gero?, orrezkero yauzkada batez geroko bizitzan gengokez. Baña onetariko egipenak emen berton be izaten dabe euren zigorra: odolixur-bideak irakasten doguz eta irakaspenok irakaslearen burugañera etorten dira izurri-antzo. Guk edendu dogun ontziko edar'a bera zuzentza esku-bardiñak geure ezpanetara ezarri daroa. Erregea bitariko entziña (konpiantzeak) daukie emen gurean; bata ni aren senide ta menpeko izatetik datorko, ta zer biok bata baño bestea sendoagoak dira nik asmotan dodanik ez egiteko; bestea, ni ostatari nayako, ta ori nayakonezkero, a ilten datorrenari nik ateak itxi bear neuskioz, ez neronek aiztoa ebali. Gañera, Duncan au ain biotz oneko, ain bere egikizun-betetzaile da. Au dala-ta onen egintza onak bere eriotzearen aurka, aingeruen antzo, adar-ots itzalez deadar egingo dabe. Eta errukiak, ume yayoparriaren antzera, axebolada-egoetan yarrita, edo-ta zeruko kerubien eta aideko zaldi ikus-eziñen gañean, egipen ikaragarri au edozeñen begi-aurre-aurrera egotziko leukie ta negar-malkoak axea bera be ito. Nire asmo-zaldiari sayetsetan kiñetuteko aztalik ez dot, gañera yauzi egiteko irritsa baño, ta irrits au, zaldibizkarraz arago yauzi eginda, iñoren gañera yauztekoa da.

Macbeth Anderea dator aurrera

 

        Zek zakarz ona? Ze barri dogu?

        Macbeth Andereak.— Aparia amaitu-agiñik dago: zer dalata alde egin dok yatokitik?

        Macbeth'ek.— Nire eske egon don ala?

        Macbeth Andereak.— Ez dakik egon dana ala?

        Macbeth'ek.— Zeregin onetan ez gayonazan aurrerago arek oraintsu omen andiak ezarri daustaz, eta guztitariko lagunabar-artean izen eta entzuterik onenak dodaz eta izen eta entzute ezin-obeok oraintxe egin bear leukie dizdiz, ez orren arin baztartu.

        Macbeth Andereak.— Mozkortuta ete yegoan ik eder eretxiko itxaropena? Arrezkero lo egon ete dok? Eta orain itzarri ete dok len berekitetik egiña orain zurbil eta ikaraz begiratzeko? Oraindik aitziña ire maitasuna be orrelakotzat etsiko yoat. Gurariz azana bera egitez eta kemenez izateko bildur ete az? Bizitzedergarritzat dokana gura ete enduke lortu ta gero doilorrarena egin, beñolako katuari yazo yakoan legetxe, «gura neunke» ri «ez naz azartzen» erantzunda?

        Macbeth'ek.— Ixilik, arren. Gizoni dagokionik egin-eziñik ez yonat. Ez yagon ni baño adoretsuagorik.

        Macbeth Andereak.— Ze piztik alde eragin daua, beraz, asmo aretatik? Egiteko gertu engoanean, orduan, orduan intzan i gizon, eta orain orduan baño be gertuago ba'engo, gizonago be ba-intzake. Orduan ez yegoazan ire alde ez aldia, ez eta tokia, eta orraitiño biak ire alde yarteko gertu intzan; orain biak dozak ire alde eta eu ez ago euren alde. Ugatza emona nok eta ba-yakiat señari ugatza emotea zein gauza samurra dan eta a ta guzti be, ik egipen au egiteko egin izan dokan lez nik zin-egin izan ba'nayoan egin, arpegira irribarre gozoa egiten yeustan señari kenduko nayeutsan aginbako oyetatik titi-burua ta zartadaz garaunak aterako nayeutsazan.

        Macbeth'ek.— Eta porrot-egingo ba'gendu?

        Macbeth Andereak.— Ze porrot eta porrot-bako! Lotu ire adorea aizto-mokoa sartzen dan tokiari ta ez yoagu porrotik egingo. Duncan loak artu dagianean —eta gaurko bidaldi neketsuak laster lo-arazoko yautsok— aren gelazain biak ardo ta txitxipanaz mozkor-mozkor egingo yoadaz, eta buruaren atezaña dan oroimena deuseztuta geldituko yakiek, adimena, barriz, irasita; Areik txarri-lotan eta euren izateak, ardan-zopatuta, il-antzo datzaen artean, zer ez egin guk biok zaintzale-bako Duncan-eri? Zer egin ez gure egintza itzelaren errua ezarriko dautsegun aren gela-zain edabez zaragituai?

        Macbeth'ek.— Mutil utsak sein-egin; ire izakera bildurgea ar utsen ama izan bear litzateken. Baña orreik loti biok odol-orbanez loitu ta euren sastagaiz Errege il-eraginezkero, lagunabarrak siñistuko ete yonai orreik izan diriala ta ez geu Errege il-eragin dabenak?

        Macbeth Andereak.— Nok siñetsiko besterik guk aren eriotzeagaitik egin doguzan gedar eta naibage-erakusketak dirala-ta?

        Macbeth'ek.— Ebatzita ta gertu nayagon eta gorputzarekiko indar oro egikizun ikaragarri ori egitera itzuliak yonadaz. Aurrera! eta iruzur egin txerarik argienez; guzur-arpegiz estali guzurbiotzak dakiana.

 

(Alde dagie.)

 

 

 

II. ekitaldia

 

I. Agerlekua. Inverness. Gaztelu-barruko larraña. Bankuo dator aurrera, zuziagaz aurretik Fleance dala.

 

        Bankuo'k.— Zelan yoak gaba, seme?

        Fleance'k.— Ilargia yatzi da; ez dot entzun erloyurik.

        Bankuo'k.— Ilargia amabietan sartzen dok.

        Fleance'k.— Nire ustez, beranduago da, yauna.

        Bankuo'k.— Eldu, artu nire ezpatea. Ortzea ez yagok gauzak alperrik galtzera; ango argiak danak yagozak itxungita; orregaz be konturatu adi. Lo-gale beruna baxen aztuna yoat, baña ez yoat lorik egin gura. Aldun errukiorrak, eutsin nagizue lotan izateak yareiten dauzan oldozkune dongeetan! Ekak nire ezpatea. Nor da or?

Macbeth dator aurrera, ta Otscña zuziagaz

 

        Macbeth'ek.— Adiskide bat.

        Bankuo'k.— Zer da, yauna, oraindik itzarrik? Errege oyan datza; oituaz-gañetiko pozaldia izan dau ta emaitz andiak bidali dauz zure otsein nagusientzako; ontzi yorian sartuta dagon ikatzarri bikain au zure emaztearentzako bidaltzen dau ta bere ostatari-andera maitagarriarentzako zuzenbidea dakar.

        Macbeth'ek.— Gerturik ez gengozanezkero gure biotz ona izan da gure utsen betegarri ta ordeazko; baña agerraldia otoz-otokoa izan ezpa-litz, gurariak bere kontura lan egin izango eban.

        Bankuo'k.— Ondo dago. Bart arako iru sorgiñakaz ames egin neban; zuri areik egi-izpiren bat erakutsi eutzuen.

        Macbeth'ek.— Nik ez dautset yaramonik egiten; orraitiño, astirik ba'dogu ta zu orretarako gertu ba'zengoz, orretaz itzalditxo bat egin gengike.

        Bankuo'k.— Zeuk gura-aña luzaro ta atsegin-atsegiñez.

        Macbeth'ek.— Danean dala, nire gurariaren alde yarri ba' zaitez, zure omenerako izango da.

        Bankuo'k.— Olan dala, omen ori geitzen nabilen artean bape ez dot galtzen: baña bein-beñean biotza azke dot eta zintzotasuna zindo ta garbi. Aolkuak artuko dodaz.

        Macbeth'ek.— Bitartean ondo lo-egin.

        Bankuo'k.— Eskerrik asko, yauna; bardin euk be.

 

(Bankuo'k eta Fleance'k alde dagie.)

 

        Macbeth'ek.— Oa ta ire etxandereari esan egiok nire edabea gertau dagianean txiliña yo dagiala. I oa oera.

 

(Otseñak alde dagi.)

 

        Sastakaya ete da emen nire aurrean dakustana, kirtena niganantza dauela? Aurrera, mutil! Eldu bear dauat. Ez aut oraindik eta, orraitiño, oinganik ikusi akust. Ikuskai itzal ori, beste sentzumenentzat ez-ta, ikusmenak bakarrik oartzekoa ete az? Ala irudimen utsak sortuko sastakaya ete az, guzur utsa, garaunen beroaren beroak asmatua? Oraindik baakust ikusi ta oraintxe zorrotik ateraten dodan au legetxe ukagaya az antzez. Neuk neroan bidea erakusten daustak eta olangoxe izkilua erabilteko nintzoan. Nire begiok edo beste sentzunen yolasgarri dira edo beste guztiak batera añakoak: oraindik be ba-akust eu, bai ta ire ago kirteneko odol-tantakadak be, baña oneik ez len. Ez dok olangorik. Nire egikizun odoltsua da ori nire begiai iragarten dautsena. Orain munduaren erdikiñeko izakiak ilik dirudie ta kurtxoin-ostean dagon loari ames zitalak inondiko barrabaskeriak egiten dautsoez. Orain daragoyoe sorgiñak Hekate'ri (2) opariak egiten; eta begiralaritzat otsoa, erloyutzat otsoaren ausia dauan giza-il-eragile zimela, otso-ausiaren deira, lapur-oinkadaka, Tarkin'en (3) urrats lizunekaz, yoan doa bere asmoetarantza, mamua bai'litzan. Ik, lur sendo ta ikarabako orrek, ik ez egikezak entzun nire oinkadak, nondik eta nora doazan, arriak eurak be nire atzera-aurreen barri emonezkero bera beteteko sekuleko erea dodan nire egikizun ikaragarri au eskuartetik kendu ez dagisten. Ni ez yoko bai yoko nabilkon artean ori bizi da; itzak arnasa otzegia emoten dabe egiñenak berotzeko. (Txilin-otsa da.)

        Ba-noa ta egiñik dogu; txiliña deyez dot. Ez al dok entzungo, Duncan, iretzako zerurako edo su-lezarako il-kanpaya dok-eta. (Alde dagi.)

 

Macbeth Anderea dator aurrera.

 

        Macbeth Andereak.— Orreik mozkortu dauzanak berak ni biztu egin nau; orreik itxungi dauzanak ni ixitu egin nau. Entzun! Ixilik! Mozoloaren kallazia (zaratea) izan da, «gau-on»ik latzena emoten dauan yoale-zain zori txarrekoarena. Ba-daragoyo arek; ateak idigi dira ta otscin mozkorrak euren eginbearrari irri dagioe; nik euren edabeari edena nastu dautsat eta bizia ta eriotzea or dabitz alkarreri ekiten zeñek irabaziko.

        Macbeth'ek.— (Barruan). Nor dago or? Ba!

        Macbeth Andereak.— Ai ene! Itzarri dirianaren bildur naz, eta oraindik egitekoa egikizun da; egiñak bildurtu-bearrez egitekoaren bildur gara. Entzun! Euren sastakayak gertu itxi nebazan, ezin yazo zeitekean arek ez aurkitzerik. Lo egoala nire aitaren antza artu ez ba'neuntso, neuk egin izango neban. Nire senarra!

 

(Barriro dator aurrera Macbeth.)

 

        Macbeth'ek.— Egitekoa egin dot. Ez zendun entzun zaratarik?

        Macbeth Andereak.— Mozolloa oyoka ta txirritxirriak txirtxirka entzun dodaz. Ez ete zendun itzik egin?

        Macbeth'ek.— Noz?

        Macbeth Andereak.— Oraintxe.

        Macbeth'ek.— Berantza nentorrela?

        Macbeth Andereak.— Bai.

        Macbeth'ek.— Entzun! Nor datza bigarren lo-gelan?

        Macbeth Andereak.— Donalbain.

        Macbeth'ek.— Au ikuskizun baltza da (bere eskuak begira).

        Macbeth Andereak.— Tentelkeri andia ikuskizun baltza dala esatea.

        Macbeth'ek.— Batek lo egoala barre egin eban, eta beste batek «Erailtea» gedar egin eban. Olan alkar iratzarri eben; eurei entzuteko zutundu egin nintzan, baña euren otoitzak eginda barriro lotara yarri ziran.

        Macbeth Andereak.— Bi dagoz lo-gela baten.

        Macbeth'ek.— Batak «Yainkoa lagun bekigu» gedar egin eban, eta besteak «Olantxe»; areik ni lagun-eskegitzalle-eskuokaz ikusi ninduenean arein bildurrari adi, areik «Yainkoa lagun bekigu» gedar egin ebenean, ni neu ez nintzan gauz izan «Olantxe» erantzuteko be.

        Macbeth Andereak.— Ez egizak gauzak olan artu.

        Macbeth'ek.— Baña zegaitik ez nintzan ni gauz izan «Olantxe» erantzuteko? neu nintzan Yainkoaren laguntzea geyen bear nebana, ta «Olantxe» eztarrian lotu yatan.

        Macbeth Andereak.— Onango egitadai ez yakie onan erago bear, ostean zoratu egingo yaku.

        Macbeth'ek.— Norbaitek gedar au egin ebala iruditu yatan: «Ez geyago lorik!» «Glamis'ek loa il egin dau, eta au dala-ta Cawdor'ek ez dau geyago lorik egingo, Macbeth'ek ez dau geyago lorik egingo.»

        Macbeth Andereak.— Nor zan olango gedarra egin ebana? Thane adeigarri, gauzak olan buru-makal-antzo artuta ire sendotasun begiragarria erkindu egiten dok. Oa ur-bila lekuko zikin ori ire eskuetatik kentzeko. Zegaitik ekarri dozak sastakayok euren lekutik? Orreik an egon bear yoek; artu ta eroan egizak atzera eta otsein lotiak odoldu egizak.

        Macbeth'ek.— Ni ez nayonan ara barriro; egin dodana gogoratuten be bildur non; nire begiok egin dodanagan barrien-barri yarten ez non azartzen.

        Macbeth Andereak.— Gogo-makal ori! Ekazak sastakayok: lo dagoana ta ila irudiak ez besterik ez dozak. Ume-begiak dira txarren-irudiaren bildur. Odola dariola ba'dago, odol aregaz odolduko dodaz otseñen arpegiak, eurak errudun agertu daitezan.

 

(Alde dagi. Barruan ate-yoka.)

 

        Macbeth'ek.— Nondikoa ete da zartada ori? Zelan ete nago ni edozein zaratak bildurtzeko? Ze esku dira oneik? Ene! Eskuok begiak ateraten daustiez! Netun (4) andiaren itxaso nagusiko ur guztiak asko izango ete nire eskuko odola zeatz kentzeko? Ez, urak eskua garbi-bearrean eskuak itxasoak eta itxasoak gorrituko dauz, urdiña gorri-eginda.

Macbeth Anderea barrien-barri dator aurrera.

 

        Macbeth Andereak.— Nire eskuok be ireen margokoak dozak, baña lotsa nintzatekek irea lango biotz zuria ba'nayeunkek. (Ate-yoka barruan.)

        Egoe-aldeko ate-yotea dantzut: goazan gure lo-gelara. Ur apur batek ikuziko dau gure egipena. Olan izatekotan bai dala gauza erreza! Ate-yoka ta yoka daragoyozu, baña iñok yaramonik ez. (Ate-yoka ostera be barruan.)

        Entzun! Ostera be ate-yoka; yantzi egik ire lo-atorrea, gu yagita aurkituezkero susmo txarren bat iñok artu ez dagiantzat; ez adi olan tenteldu ire oldozketetan.

        Macbeth'ek.— Nik egiña yakiteari buruz neronek ez yakitea litzateke onena. (Ate-yoka barriro be barruan.)

        Ire ate-yote orregaz Duncan iratzarriko al dok! Ai al ba'endu!

 

(Alde dagie.)

 

Atezaña dator aurrera. Ate-yoka barruan.

 

        Atezañak.— Bai, norbait ate-yoka dabil benetan! Gizonik su-lezako ate-zain ba'litz, berandurarte egon bearko leuke ate-idigiten (Ate-yoka barriro). Yo, yo, yo. Nor dago or Belzebu'ren izenez? Ugaritasunaren begira egoneko lugiña dozu emen bere burua urkatuta; erdu garaiz; mai-zapirik asko izan eskura; emen izerdia bota bearko dok ori dala-ta. (Ate-yoka.) Yo, yo! Nor da or beste txerrenaren izenez? Arranoa! Emen egiaren eta guzurraren bien alde zin-egiteko gertu egoneko bat dozu, Yainkoaren izenaren amaikatxo azpikeri egindako maltzurren bat, baña Yainkoari ezin sartu izan eutsan ziririk. O! ator barrura maltzur ori. (Ate-yoka.) Yo, yo, yo! Nor da? Arrano, arranoa! Ingelandar yostunen bat datorku ona, Pantze'tiko galtzerdiak ostu ebazalako. Sar adi i be, yostun, ire koipeok emen urtuteko. (Ate-yoka). Yo, yo! Bein bez atsedenik! Zer zara zu? Baña toki au su-lezea izateko otzegia da. Ez noa emendik aitziña txerren-atezain izaten; lorazko bideak-zear betiko sutegira doazan guztitariko ogibideetariko batzui sartzen izteko gogoa neban nik izan. (Ate-yoka.) Oraintxe! Oraintxe! Arren, bai, arren, ate-zañaz erruki izan. (Atea didigi.)

 

Macduff eta Lennox datoz aurrera.

 

        Macduff'ek.— Adiskide, beranduen baten yoan intzan oera orren berandurarte lo egoneko ala?

        Atezañak.— Egia esan, yauna, edan eta edan erago geuntsan ollarrak bigarrenez yoarte, eta edabea, yauna, iru gauzatarako da el-bide.

        Macduff'ek.— Zertzuk dira edabeak berariz dei-egiten dautsen iru zerok?

        Atezañak.— Ara, yauna, oneixek: surra margoztutea, logalea ta txiz-estua. Yauna, lizunkeria da edabeak dei-egiten dautsana ta ez dautsana; lizunkeri-galea dakar ekarri baña bai bete eziña be; au dala-ta asko edana lizunkeriari ziri ederra sartzen dautsana dala esan leike; sortu egiten dau sortu, baña bai ezereztu be; biztu egiten dau, ta bertatik il; «Aurrera»! diñotso ta bertatik: «Atzera»! Erabagia ar-azoten dautso ta bertatik itxi eragin; au dala-ta ziri ederra sartzen dautso lotan eta an izten dau ago bete agiñegaz.

        Macduff'ek.— Siñesten yoat i bart ago bete agiñegaz gelditu intzana.

        Atezañak.— Ori egin eustan, yauna, baña neuk be ordain ederra emon neutsan, eta nire ustez, arentzako indartsuegi izan-da, batzuetan zangoetatik oratzen eustanarren, nik arteziz yaurtigi neban.

        Macduff'ek.— Ire ugazabak zirkiñik egin ete yok? Gure ate-otsak iratzarri yoek; or yatok bera.

 

Macbeth dator aurrera.

 

        Lennox'ek.— Egun on, yaun zindo!

        Macbeth'ek.— Egun on bioi!

        Macduff'ek.— Erregek zirkiñik egin ete dau, Thane argi?

        Macbeth'ek.— Oraindik ez.

        Macduff'ek.— Berari goxetik deitzeko agindua emon eustan; larri-larri garayari aurrera yoaten itxi dautsat.

        Macbeth'ek.— Beragana eroango zaut.

        Macduff'ek.— Au neke atsegingarria yatzu, baña a ta guzti be nekea.

        Macbeth'ek.— Soin-nekea dakarren lana gogoko yaku. Au da atea.

        Macduff'ek.— Dei-egiten azartuko naz, zeregin au tertzioan egin-bearrekoa dot-eta. (Macduff'ek alde dagi.)

        Lennox'ek.— Gaur ete doa Errege emendik?

        Macbeth'ek.— Bai, gaur; gaurko eguna izentau eban.

        Lennox'ek.— Igarokoa gau artegea izan da; gu getzazan etxeko ke-bideak axeak lurrera egotzi ebazan eta, or diñoenez, aidean be negar-intziriak entzuten izan dira, eriotzearen garrazi bakanak; eta etorkizun negargarrirako sortzen dagozan sute itzala ta gizakien arteko naste-borrasteak iragarri ei dabez itz ikaragarriz; gau-txoriak be ixiltzeke erago dautso oyoka atzenbako gau orretan; ba-dira lurra beroenak artu ta ikaratu egin dala diñoenak be.

        Macbeth'ek.— Gabaro latza izan da benetan.

        Lennox'ek.— Nire oroimen gazteak ez dau gabaro orren latzen barririk.

Macduff dator ostera be aurrera

 

        Macduff'ek.— Onangorik! Onangorik! Onangorik! Ez miñek, ez biotzek ezin asmau leikie iretzako izenik!

Macbeth eta Lennox'ek.— Zer yazoten da?

        Macduff'ek.— Naste-borrasteak bere egitekorik andiena egin dau! Giza-il-eragilerik zantarrenak zartadaka Yaunaren izenez igortziaren lokia zulatu dau ta andik soñaren bizia ostu.

        Macbeth'ek.— Zer diñozu? Bizia ostu?

        Lennox'ek.— Erregen buruz ete dinozu?

        Macduff'ek.— Zoaze lo-gelara ta manatu egizue zuon ikusmena Gorgon (5) barri onegaz; ez niri itz-eragin, ikusi ta itz-egin zeuok.

 

(Macbeth eta Lennox'ek alde dagie.)

 

        Itzarri! Itzarri! ta yo asalda-yoalea: erailtzea ta azpikeria! Bankuo ta Donalbain! Malcolm! itzarri zaiteze! Aztindu eriotz-antzeko lo ori, eriotzea bera begiratzeko! Gora, gora, ta ikusi ebaztegun andiaren irudia! Malcolm! Bankuo! Yagi zuon ilobietatik bai'litzan ta erdu mamu-antzo ikuskizun ikaragarri au begiratzeko!

 

(Asalda-yoale-otsa da)

 

Barrien-barri dator aurrera Macbeth Anderea

 

        Macbeth Andereak.— Zer yazoten da adar gorrotagarri orren otsez etxe onetan lo dagozanak batzarrera deitzeko? Esan, esan!

        Macduff'ek.— Andera zindo ori, nik esan dagikedana entzutea ez da zuretzakoa; barrien-barri emakume-belarrira esateak entzun-ala eriotzea lekarkio.

 

Bankuo dator aurrera barriro.

 

        Ene Bankuo! Ene Bankuo! Eure Errege ugazaba il egin dabe!

        Macbeth Andereak.— Ai enetxoa! Ai enetxoa! Zer? Gurean?

        Bankuo'k.— Gogorregia edonorako be. Duff maite, itzok yan egizak, arren, eta olangorik ez dala yazo esan egik.

 

Macbeth eta Lennox datoz aurrera barrien-barri

 

        Macbeth'ek.— Au ikusi baño ordubete lenago il ba'nintz, zorioneko bizitzea izango neban, une onetatik aurrera nire biziak ederrik ez dau-ta; yostallu utsa baño ez da dana; entzute ona ta adeya biak il dira; bizitz-ardandegi onetan, ardoa aterata, ardodunaren arrokizuntzat ondar-loi utsak geditu dira.

 

Malcolm eta Donalbain datoz aurrera.

 

        Donalbain'ek.— Ze oker yazo da?

        Macbeth'ek.— Zeu izan, eta ez dakizu? Zure iturri, buru ta zure odolaren iturburua agortu da: iruron iturburua agortu da.

        Macduff'ek.— Zure aita Errege il egin dabe.

        Malcolm'ek.— Ai ene! Nok?

        Lennox'ek.— Dirudienez, bere lo-gelakoak il dabe; euren esku ta arpegiak odolduta agiri dira, baita euren burukoen gañean, garbitzeke aurkitu doguzan sastakayak be; adi-adi begiratu ginduezan baña ez eben ezer iragarri. Gizonen bizirik ezin itxi zeitekean arein ardurapean.

        Macbeth'ek.— Tz! Nire asarre bizian areik illaren damu dot.

        Macduff'ek.— Zegaitik egin zendun ori?

        Macbeth'ek.— Nor izateko zur eta ebatzi-ezin, bare ta asarre, zintzo ta ez-aldeko une berean? Ez gizonik. Nire maitasunaren maitasunak lenen bururatu yakona egin eban, adimen bareagoari aurreak artuta. An egoan Duncan luze etzanik, bere zidar-narrua an-or-emenka odolezko orbanez beterik, eta bere sastakai-zuloak an agiri zirian ago-zabalik, eurak-zear barrura ondamendia sartzeko izatearen atakea bai'litzazan; bestetik, antxe il-eragilleak, euren ogibide-margoz bete-beterik, euren sastakayak edozelan odol gogorrez yantzita ebezalarik; nok eutsin eskuari, maite izateko biotzik eta maitasun ori erakusteko kemenik danezkero?

        Macbeth Andereak.— Lagun zakidaze emendik alde egiten. Ai enetxoa, bada!

        Macduff'ek.— Yagon anderea.

        Malcolm'ek.— Zer dala-ta dagoz geldi gure miñak, arazo au geyen geurea danezkero?

        Donalbain'ek.— Zer esateko guk emen? Laratro-zuloan legetxe gagoz, gitxien uste danean berealakoan oratu gengikiez eta gureak egingo leuke-ta? Alde dagigun emetik; gure negarmalkoak oraindik sortzeko dira.

        Malcolm'ek.— Gure oñaze gorria be oraindik eragiteko da.

        Bankuo'k.— Yagoizue anderea

 

(Macbeth Anderea atera daroe.)

 

eta agirian txarto dagozan gure lotsakizunak estali dagiguzanean, batu gaitezan, eta egipen odoltsu au zeatzago aztertu dagigun, obeto ezagutzeko. Bildurrak eta kezkak astintzen gauez; Yainkoaren esku indartsuetan nago ta, ori dalata, ixilean dagon azpikeri maltzurraren aurka gogor yokatzeko gertu nago.

        Macduff'ek.— Bai neu be.

        Guztiak.— Guztiok be bai.

        Macbeth'ek.— Astirik galtzeke gagozan gertu ta batu gaitezan batera aretoan.

        Guztiak.— Ondo erabagita.

 

Malcolm eta Donalbain'ek ez besteak alde dagie

 

        Malcolm'ek.— Ik zer egiteko asmoa dok? Ez gayoazan orrein batzarrera; gizon guzur-darioentzako gauza erreza dok oñazearena egitea. Ni neu Ingelanda'ra nayoak.

        Donalbain'ek.— Ni Eire'ra; banazeko zoriak obeto yagongo gauz; gagozan toki onetan gizonen irri-barreetan sastakayak yagozak; odolez urrego dan eta odoltsuago izateko bidean.

        Malcolm'ek.— Eriotza bat egin dauen aztamakil ori oraindik ez dok eldu lurrera, eta guretzako biderik egokiena ta galbiderik gitxienekoa aren itutik alde egitea dok... Beraz, zaldi-ganera, ta agur-egite-koipekerietan ibilteke zirrist-egin emendik. Errukirik ez danean bere burua ostonduten dauen lapurra lapur zurra dok.

 

(Alde dagie.)

 

 

II. Agerlekua. Lengoxea. Gaztelutik at Ross eta Agure bat datoz aurrera.

 

        Agureak.— Irurogeta amar urte oneitako gauzak ondo gogoratzen dodaz; aldi orretan ordu bildurgarriak eta gauza bakanak ikusia nozu, baña bartkoen aldean utsa dira areik.

        Ross'ek.— Ai! Aita ona, ba-dakuszu zerua, gizonaren egiñenak asarratuta, bizileku oneri zemaika dabillena; dagoneko egunak argituta egon bear leuke, eta orraitino gau illunak argi bideztia itoten daragoyo, idunetik oratuta; gaua geyago dalako ala eguna lotsa dalako estaltzen ete dau illunbeak ludiaren arpegia, argi biziak mosu-emon bear leuskion tertzioan?

        Agureak.— Au ez da berezkoa, egiñenak be ez dirian lez. Igeroko Asteartean aztore bat ebillen arro egaz goi-goyan eta, ara! mozollo sagu-yale batek oratu ta il egin eban.

        Ross'ek.— Eta Duncan'en zaldiak —gauza bakana ta ziurra auxe— eder eta bizkorrak, euren endearen kutunak, euren izakeran basati ta uxo egin zirian, euren aska-abeak ausi ta igesi egin eutzuen; menpetasunaren aurka yagi zirian, gizadiari guda-egiteko-edo.

        Agureak.— Alkar yan ebela diñoe.

        Ross'ek.— Orixe egin eben egin be, arriturik begiratzen eben neure begion aurrean. Emen dator Macduff ona.

 

Macduff dator aurrera

 

        Zelan doaku mundua, yauna?

        Macduff'ek.— Zer, ba, ez dakutzu zeuk ala?

        Ross'ek.— Ezagun ete da odoltsua baño odoltsuago dan egiñen au nok egin dauen?

        Macduff'ek.— Macbeth'ek il dauzanak.

        Ross'ek.— Ai ene! Ai ene! Zer onik itxaro eikien ortik?

        Macduff'ek.— Areik erosita egozan; Malcolm eta Donalbain, erregeren seme biak, ixillean igesiak dira, eta egiñenaren susmoa euren ganean dago.

        Ross'ek.— Ori be ez da berezkoa; irabazirik ez datorkon andikeria, bizibideak kenduko dautsiezana! Olan izatekotan, ezpaibage Macbeth izango da errege.

        Macduff'ek.— Dagoneko dago izentaurik, ta Scone'ra yoango da erregetzea an artzeko.

        Ross'ek.— Non da Duncan'en gorpua?

        Macduff'ek.— Colme-Hill'era eroana da; an dago bere aurrekoen azurtegi gurena ta azurrok yagoten dauzan tokia.

        Ross'ek.— Scone'ra zoaz zeu be ala?

        Macduff'ek.— Ez, lengusu, ni Fife'ra noa.

        Ross'ek.— Ondo dago, ni ara noa.

        Macduff'ek.— Ori ondo, gauzak ondo eginda ikusiko al dozuz. Agur. Yantzi zarrak ez ete yakuz etorriko barriak baño obeto?

        Ross'ek.— Agur, aita.

        Agureak.— Yainkoaren onespena zuretzako ta txarretik ona ta arerioetatik adiskideak egin gurako leukiezan guztientzako

 

 

 

III ekitaldia

 

I. Agerlekua. Forres. Errege-yauretxeko gela bat. Bankuo dator aurrera.

 

        Bankuo'k.— Or dok orain: errege, Cawdor, Glamis, dana, arako emakume sorgiñak agindu eben legetxe, eta bildur nok orretan eskuak ez dokazala garbi; baña ire ondorengoentzako ez zala izango be esan yoen areik: neu izango nintzala errege askoren iturburu ta aita. Ara, Macbeth, areik esana egi izan ba'dadi iretzako lez niretzako be; arein itzak benetakoak ba'dozak, aiko, iretzako egi urtenezkero zegaitik ez izan niretzako be etorkizunaren iragarkiak eta nire itxaropenaren puzkarriak? Baña... ixil, itzik bez geyago.

 

Adar-otsa. Macbeth Errege, Macbeth Andera, Errege-anderea, Lennox, Ross, Yaunak, Andereak eta Otseñak datoz aurrera.

 

        Macbeth'ek.— Amen gure ostatukorik nagusiena.

        Macbeth Andereak.— Orreri dei-egitea aiztu ba'litxaku aiztu, gure yai andi onetan utsune andia izango zan ta ez bape egokia.

        Macbeth'ek.— Yauna, gaur arratsean apari andia egiteko gara ta zu ara erdutea gure neunke.

        Bankuo'k.— Zure nagusitasunak agindu begist, nire menpetasuna lokarririk azkatu-eziñenez orreri betiko loturik dagota.

        Macbeth'ek.— Zaldiz ibilteko ete zara arratsalde onetan?

        Bankuo'k.— Bai, nire yaun on.

        Macbeth'ek.— Ostean zure aolkua artuko neunke, gaurko batzarrean zuk emona sentzunezkoa ta nire onerakoa izan da-ta; baña biar emongo daustazu. Zaldiz urrin yoateko ete zara?

        Bankuo'k.— Ene yaun, oraindik eta apari-bitartean yoan leitekeanik eta urrinen; nire zaldia dabillen baño bizkorrago ibilli-ezik, gabari eskatu bearko dautsadaz ordu bat edo bi ilun.

        Macbeth'ek.— Ez utsik egin gure yaira.

        Bankuo'k.— Ene yaun, ez dot egingo.

        Macbeth'ek.— Entzun dodanez, gure lengusu odolduak artu dabez Ingelanda'n eta Eire'n; alan be ez dabe autortu euren aitaren eriotza biozbagea ta entzuleen belarriak iñondiko asmakizunez bete dabez; baña orretaz biar itz-egingo dogu, orretaz itz-egiteko batera batzarra dagigunean. Zoaz arin zaldiganera. Agur. Arratsez etorriarte. Fleance be zeugaz ete doa?

        Bankuo'k.— Bai, nire yaun on; gure aldia guri deyez dogu.

        Macbeth'ek.— Zuen zaldiak bizkorrak eta apatx-gogorrak izango al dira; au dala-ta zoaze euren bizkarretara. Agur. (Bankuo'k alde dagi.)

        Gizon bakotxa bere astiaren yabe bedi arratseko zazpirakarte; lagun-artean egoteari txera argiagoa egiteko, ni aparitakorarte bakarrik egongo naz; bitartean Yainkoa lagun dakizuela!

 

Macbeth Andereak, Yaunak eta abarrek alde dagie.

 

        I, yauntxo, itz bat iri: areik gizonak zer esango-begira ete yagozak?

        Otseñak.— Ene yaun, areik yauregiko ate nagusiaren andikaldean dagoz.

        Macbeth'ek.— Ekazak gure aurrera. (Otseñak alde dagi.) Onan izatea utsa da; onan bildurbage izatea da gauzea; Bankuo'ri dautsagun bildurra bildur andia da; aren berezko erregetasunean bildurtu eragiteko zeozertxo ba-dago; a kementsu-kementsua da ta aren bildurbako gogoak bere-berea dau aren kemenari oztopobage lan egiteko bideak erakusten dautsazan zurtasuna. Aren ez besteren bildurrik ez dot; aren menpean nik nire asmoetan atzera-egin bear dot, diñoenez Marka Andonik Kaissar'en menpean legetxe. Arek arako aiztak be agiraka egin eutsen niri egundo lenengoz errege-izena emon eustenean eta berari be itz egiteko agindu eutsen; eta gero, igarle-antzo, errege-erreskadearen aitatzat agur-egin eutsoen; nire buru-ganean ondorengobako buruntzea imini eben eta nire eskuetan urre-zigor antzua, areitatik, nire semek-barik, beste senideren batek kentzeko. Olan izatekotan, Bankuo'ren ondorengoen alde egin dodaz nik egitekoak; aren onerako il dot nik Duncan maitagarria; eurekaitik eta eurekaitik bakarrik bete dot nik gorrotoz nire bake-ontzia; areik errege egiteko emon dautsat nik gizon guztien arerioari nik dodan pitxirik yorien eta ederrena. Bankuo'ren azia errege egiteko! Olangorik yazo baño len, erdu, zoria, guda-tokira ta imini nire agoan guda-eupadea! Nor da or?

 

(Otseña dator aurrera barrien-barri Eralle bikin)

 

        Oa orain atetara ta ago an guk dei-egin-arte.

 

(Otseñak alde dagi.)

 

        Atzo ez ete gendun alkarrekin itz-egin?

        I Eralleak.— Bai, atzo, eta zure nagusitasunari atsegin bekio.

        Macbeth'ek.— Ori ondo, eta orain nire esanak ondo aztertu ta ausnartu ete dozuez? Yakizue, ba, a izan zala, zuok gu gintzala oker uste izanarren, igeroko urteetan zuok irabazi ez zenduen bear izan gorrian euki zinduezana; zuon eder-etsiz, au da gure oraintsuengo batzarrean zuoi argi imini neuntzuena: zelan arek etentzaka begia zuon ganean eukiten eban, zelan edozetan bidea ebaten eutzuen, iñoren eskuko ziñien, eskuko orreikaz nok lan egiten eban eta beste amaika ta amaika gauza biotz eta bururik otzenari «Au egiten eban Bankuo'k» esan-azoko leuskioenak.

        I Eralleak.— Bai, zuk iragarri zeunskun ori.

        Macbeth'ek.— Bai, orixe egin neban eta aurrerago be yo neban eta au izango da gure bigarren batzar onen gaya. Zuon eroapena orren andia ete da zer oneri aurrera yarraitzen izteko? Kisto-irakatsiak orren barrura sarturik ete dozuez, bere esku aztunaz zuok illobiraño makurtu ta zuonak betiko eskekotu dauzanaren eta aren ondorengoen alde otoi-egiteko?

        I Eralleak.— Gizonak fiara, yauna.

        Macbeth'ek.— Bai, izen-erreskadan gizontzat agiri zarie, eiza-txakur, erbi-txakur, naste-txakur, txakur ule-leun-luze, txakur usikari, altzo-txakur, ur-txakur eta txakur-otsoak guztiak txakur izena daroen legetxe; izendegi arduratsu ta zeatzak ba-diñotzu zein dan bizkorra, zein astiro ibiltekoa, zein zurra, zein etxe-txakurra, zein eiza-txakurra; bakotxa izate esku-zabalak emoniko emayari buruz bereizten da; ori dala-ta, bakotxari bere zertxoa eransten yako guztitarikoentzat dan izenez ganera. Olantxe da gizonakikoa be. Orain zeuok esan gizonen erreskada zeatzean gorengo malletan ala berengoetan zagozien, eta zuon biotzetan iminiko dodan egikizuna beteezkero, zuon arerioarenak egin dau; orregaz gure biotza ta maitasuna irabazten dozuez, guk geuk be, a bizi daño osasun txarra daroagunok, a ilezkero sekulakoa geunkake-ta.

        II Eralleak.— Yauna, munduagandik artu dodazan zartada ta ukabilkadak asarre gorria emon daustie-ta, emen nozu neu egiten dodanak ardurarik emoten ez daustana, munduari apena emonezkero.

        I Eralleak.— Neu nozu beste bat; zoritxarraren zoritxarrez aspertuta nago; zoriak tarraz ebali nau-ta, nire bizi onetan zirti-zarta yokatzeko gertu nagotzu, bizi au obatu edo beroni atzena emoteko.

        Macbeth'ek.— Biok dakizue Bankuo izan dana zuon arerioa.

        Eralle biak.— Egi utsa, ene yauna.

        Macbeth'ek.— Nirea be ba-da ta luzaro be luzaro izan be, nire biziko une oro nik biziaren urren dodanaren aurka ekin eta ekin daragoyo-ta. Nik arpegi emonda kendu neike a begien aurretik eta nire guramenari agindu be bai ori ederretsi dagiala, baña olangorik ez dot egin bear arenak eta nireak bionak dirian adiskide batzukaitik. Nik ez dot galdu bear arein maitasuna ta bai negar egin neronek ilten dodanagaitik; ori dala-ta da zuon laguntasunaren billa nabillela; lagunabarraren begietatik estali egiten dot arazo au ainbat zio aztunegaitik.

        II Eralleak.— Yauna, zure agindua beteko dogu.

        I Eraileak.— Geure biziak...

        Macbeth'ek.— Zuon kemenak argi dagi zuok-zear. Geyenez be ordubete-barru iragarriko dautzuet non yarri; ezagun egin zakioez tertzioari, salataririk onena bera da-ta, une-unean yo; egiteko ori arrats onetan egin bear da ta ez yauregian bertan, urrintxoago baño; beti uste izan dot eragozpenik ez dodala bear nire bidean; a (Bankuo) baztartuta, ez itxi ezetariko oztoporik, ez eta adabakirik nire larrean; arek aren seme Fleance lagun dau, baña semea baztartzea aita baztartzea añako da niretzat-eta, semeak aitaren zoria izan bear dau ordu baltz orretan. Erabagi zeuok zeuotara; laster natorke zuokana.

        Eralle biak.— Ene yauna, erabagia artuak gara.

        Macbeth'ek.— Laster noakizue; barruan egon.

 

(Eralleak alde dagie)

 

        Eginda dago: Bankuo, ire arimearen egazkadea, zerurakoa ba'dok, arrats onetan izango dok.

 

(Alde dagi)

 

 

II. Agerlekua. Lengoxea. Errege-yauregiko beste gela bat. Macbeth Anderea ta Otsein bat.

 

        Macbeth Andereak.— Bankuo'k errege-yauregitik alde egin ete dau?

        Otseñak.— Bai, anderea, baña arratseon dator atzera.

        Macbeth Andereak.— Erregeri esan egiok itz gitxi batzuk entzuteko lain asti dauenentz.

        Otseñak.— Itanduko dautsat, andera. (Alde dagi)

        Macbeth Andereak.— Ez dago ezer, dana da galdurik, gure guraria pozbage lortu ba'dagigu: guk banatu daroaguna bera izatea obe da, banatuta bada-ezpadako poza izan baño.

Macbeth dator aurrera.

 

        Zer da ori, ene yauna? Zegaitik zagoz bakarrik, irudipenik baltzenak zure laguntzat dozuzala ta euren gayagaz batera il bear leukien oldozpen orrei eragin eta eragin? Ezin zuzendu leite kezan gauzai ez litxakie yaramonik egin bear: egiña egiñik dago, aor.

        Macbeth'ek.— Sugea zauritu egin dogu, baña ez il; zauriok osatuko yakoz eta lengoxea izango da; bitartean gure gaiztakeri laburra aren lengo agiñak usigiteko zorian gelditzen da. Baña yoskune-giltzak lokatu bediz, mundu biak minartu begie, guk gure yataldiak bildurrez egin eta gabero ikaratzen gabezan ames bildurgarriak euren urduritasunez guri loa gal-azo baño len; dogun toki au betetearren betiko atsedenera bidali doguzan illerartean izatea be obe da, gogo-oñaze bizitan, atsedenbage, liluraturik, gau osoetan etzanik egotea baño. Duncan bere illobian dago; bizitzako artegatasun aldakorraren ostean arek lo ederra dau; azpikeriak bere egitekorik dollorrena egin dau; ez galtzaiduk, ez edenek, ez etxeko gaiztakerik, ez erbesteko gudaroztek. Ezek be ez dautso ukutuko geyago.

        Macbeth Andereak.— Tira, leundu egizuz begirakune latzok, ene yaun leun orrek; gogo-argi ta pozdario agertu arratseon gure maikideen artean.

        Macbeth'ek.— Olantxe agertuko naz, maite, ta zeu be olantxe agertuko al zara, gogoratu egizu Bankuo; bera dala lenengoa iragarri egiozu, bai zure itzez, bai zure begiz; gure omenok yagoteko onan labankeri-darioka ta gure biotzak zelangoak dirian iñok ikusi ez dagizan, gure arpegiz estali-bearrez bizi garean artean ez gagoz bildurge biziteko.

        Macbeth Andereak.— Itxi egiozu orri geldi.

        Macbeth'ek.— Ai! emazte maite, arrabioz beterik dot burua! Ba-dakizu Bankuo ta bere Fleance bizirik diriana.

        Macbeth Andereak.— Baña eurekan izamenaren eredua ez da betirakoa.

        Macbeth'ek.— Oraindik poz-biderik ba-dogu; zeartagarri dira; pozik izan, beraz; estalpeko saguzarrak egaz egin baño len; kakarraldo narru-baltzak bere burrundada lo-arrazotekoaz Hekate illunari dei-egiteko gabeko durundu arrausi-eragillea atera baño len egite zaratatsu ta itzala egiñik izango da.

        Macbeth Andereak.— Zer da egiteko zareana?

        Macbeth'ek.— Maite orrek ez al dozu yakingo, egindakoan txaloak yoarte. Ator gau begi-isle, itxi egik egun errukiberearen begi samurra, ta birrindu ta ayenatu egistazu zurbil nindun lokarri aztuna! Argia gizenduaz doa, eta belea bela-basora doa egaz; eguneko gauza onak burua makurtzen eta loak artzen asiak dira, gabeko egille baltzak euren oratze ta narrukadak egiteko yagiten dirian bitartean. Zu nire itzak arriturik zaukiez; baña zagoz ixilik; txarto asiko gauzak txarrak berak sendotu daroaz; au dalata, zagoz neukin, arren.

 

(Alde dagie)

 

 

III. Agerlekua. Lengoxea. Zugazti nai landa bat, errege-yauregirako ateaz. Iru Eralle datoz aurrera.

 

        I Eralleak.— Nok agindu euskan iri gugana etorteko?

        III Eralleak.— Macbeth'ek.

        II Eralleak.— Ez dogu zetan izan orren susmo txarrik, gure egitekoa ta gure bearlekua zeintzuk dirian dakianezkero.

        I Eralleak.— Ago, ba, gure artean. Eguzki-sarreratik oraindik egunaren argi-izpi batzuk ba-datoz; orain bidazti berantiarrak, aztalak sartuta, zaldiari arin eragiten dautso, ostatura tertzioz eltzeko; eta kukuka gagokozan urlia urreratuaz dator.

        III Eralleak.— Entzun! Zaldi-apatx-otsa dantzut.

        Bankuo'k.— (Barrutik) Eup! Ekaguzue argia.

        II Eralleak.— Bera da orrezkero; aparitera deitutako enpaduak onezkero errege-yauregian dira.

        I Eralleak.— Orren zaldiak or dira deslai.

        III Eralleak.— Ia legoa bateko bidean; baña besteetan be orrek olantxe egiten dau, baita beste edozeñek be; emendik errege-yauregirako bidea oñez egiten dabe.

        II Eralleak.— Argia! Argia!

        III Eralleak.— Bera da.

        I Eralleak.— Beragana, mutillak.

 

Bankuo ta Fleance datoz aurrera zuziagaz

 

        Bankuo'k.— Arrats onetan euria izango da.

        I Eralleak.— Betor. (Bankuo'n ganera doa)

        Bankuo'k.— Azpikeria! Azpikeria! Igesi egik, Fleance ona, igesi! igesi, igesi! Ik emon engike ordea. Yopu ori!

 

(Il egiten da, ta Fleance'k igesi dagi. )

 

        III Eralleak.— Nok itzali dau argia?

        I Eralleak.— Ez zan ori egin bear zana ala?

        III Eralleak.— Lurrean bat baño ez dago; semeak igesi egin dau.

        II Eralleak.— Gure egikizunaren erdikinik onena galdu dogu.

        I Eralleak.— Ondo dago, goazan emendik zer egin dogun esatera. (Alde dagie)

 

 

IV. Agerlekua. Lengoxea. Errege-gela bat yauregian.Oturuntzea gerturik. Macbeth, Macbeth Anderea, Ross, Lennox, Yaunak eta Otseñak datoz aurrera.

 

        Macbeth'ek.— Zuon omen-mallak ezagun dozuez, yarri; eta atzenen bioz-biotzetiko ondo-etorria.

        Yaunak.— Eskerrik asko zure erregetasunari.

        Macbeth'ek.— Ni neu berengoen artean yarriko naz, ostatari apalarena egiteko. Nire ostatari-anderea yarriko da maipuruan; baña tertzioan ondo-etorria eskatuko dautsagu.

        Macbeth Andereak.— Yauna, emon egiozue nire aldez gure adiskide guztiai, nire biotzak ondo etorriak diriala diño-ta.

        Macbeth'ek.— Ara, oneik euren biotzetatiko eskerrez erantzuten dautzue. Alde biak bardiñak dira; ementxe yarriko naz, erdi-erdian.

 

(Atetara dator lenengo Erallea)

 

        Neurribage izan poza; bertatik edango dogu neurri bat mai-inguruan. Arpegian odola dok.

        Eralleak.— Orrezkero Bankuo'rena da.

        Macbeth'ek.— Obea az i atetan a barruan baño. Garbitu dozue ala?

        Eralleak.— Ene yauna, aren samea ebagita dago; neuk ebagi dautsot.

        Macbeth'ek.— Sama-eballerik onena az i; baña i aña ona dok beste orrenbeste Fleance'ri egin dautsana; ori be ik euk egin ba'dok, ire bardiñik ez yagok.

        Eralleak.— Errege yauna, Fleance'k igesi egin dausku.

        Macbeth'ek.— Orrezkero nire larrialdia ostera be ba-datorkit; ostean ase-betea nintzatekean; arri zuria baxen osoa, atxa baxen oñarri sendokoa; bere ontzian artzen gauzan aldea baxen zabala ta guztiena; baña orain gelatxoan, zulotxoan, leku estuan sartuki nago, ez-bai eta bildur zantarren barruan loturik nago. Baña Bankuo garbitu ete dozue eskier?

        Eralleak.— Bai, nire yaun ona, arekan dago eskier, buruan ogei sastakai-zulo dauzala; orrek gitxienez enotzea dakartso izate biziari.

        Macbeth'ek.— Eskerrik asko orregaitik; an datza sugetzarra; igesi dauen mamarroak gerora edena aziko dau, baña bein-beñean ez dau agiñik. Oa; biar eragoko orretaz barrien-barri.

 

(Eralleak alde dagi)

 

        Macbeth Andereak.— Ene errege yauna, zuk ez dozu poz-gedarrik egiten; oturuntzeak diraueño, biotz onez emoten dozula sarritan erakutsi ez ba'dagizu, olango oturuntzea saldua yatzu; yan norberenean egiten da ondoen; yanari gatza ta piperra ezarten dautsazana egiten dautzuezan arrera ta txerak yatzuz; olangobako batzarra batzar otza ta utsa litzateke.

        Macbeth'ek.— Gogoratzalle maite! Orain betor yan-auste ona yan-galeari laguntzeko, eta osasuna bien alde!

        Lennox'ek.— Yauna, zegaitik ez zara yezarten, arren? (Bankuo'ren kokoa yagi ta Macbeth'en yezarlekuan yarten da)

        Macbeth'ek.— Bankuo atsegingarria emen ba'gendu, aterpe onen barruan gure erriko omena ta edergarria geunkake, baña aren ezbearrari erruki izateko baño bide geyago dot begirapenik eza arpegira botateko

        Ross'ek.— Yauna, aren ona-eza aren aginduaren lotsagarri da. Zure goitasunak zure errege-laguntasunaz ederragotu begiguz, arren

        Macbeth'ek.— Maya beterik dago.

        Lennox'ek.— Yauna, amen yarleku bat utsik.

        Macbeth'ek.— Non?

        Lennox'ek.— Ementxe, ene yaun. Zek ikaratzen dau zure goitasuna?

        Macbeth'ek.— Zuotatik zeñek egin dau au?

        Yaunak.— Zer, ene yaun on?

        Macbeth'ek.— Ik ezin esan engike ori nik egin dodala; ez egistazak aztindu ule-moltso odolduok.

        Ross'ek.— Zaldunak, yagi; onen goitasuna ondo-ezik dago.

        Macbeth Andereak.— Yarri, adiskide zindook; nire yaunak sarritan izaten dauz olango aldienak eta yayotzatikoak yakoz; yarrai yezarrita, arren; aldien ori ez da luzarokoa; bertatik yarriko da ondo barrien barri; yaramon andirik egin ba'dagiozue, min emongo dautsazue ta aldiena luzatu; yan eta ez egin yaramonik orreri. Gizon ete zara?

        Macbeth'ek.— Bai, eta ez bape bildurtia, alan be txerrena bera be ikaratuko leukean ori begiratzeko.

        Macbeth Andereak.— Ori bai benetako uskeria! Ori zure bildurraren irudia berbera yatzu; ori da, zeuk esanez, Duncan'gana eroan zinduzan arako aideak aterako sastakaya. Ara, egiazko bildurraren antz utsa dirian ikara ta aldikadok ederto letorkioz sutondoan emakumek esango leukean ipuñeri, aren amamak be bayeztuta. Lotsagarri utsa! Zegaitik egiten dozuz mosu-eragiketa orreik? Orreik amaitutakoan, aulkia begiratu baño ez dozu egiten.

        Macbeth'ek.— Arren, bai, arren! Ikusi an! Begira! Adi Ara! Zer diñozue? Eta zer daust niri? Burua makurtu al ba' dok, itz be egik. Il-etxetxoak eta gure illobiak guk illobiratuak atzera bidali bear ba'dabez, gure oroigalluak sayen urdallak izango dira.

 

(Kokoak alde dagi)

 

        Macbeth Andereak.— Zer? Ostera be zoroen zoroz kikilduta?

        Macbeth'ek.— Ni emen ba'nago egon, nik ikusi dot.

        Macbeth Andereak.— Zoaz ortik, lotsarren!

        Macbeth'ek.— Odola lenago be ixuri izan da, beñolako aldietan, giza-legeak izakera zindoa baztartu baño len; bai, ta arrezkero be belarriak entzuteko itzalegiak dirian erailketak egin izan dira; igeroko aldietan, bein garaunak ateraezkero, gizona il egiten zan eta a zan gizonaren atzena; baña orain, edonor ilteko be asko dirian ogei zartada izanarren euren kaskarretan, barrien-barri yagi egiten dira ta gure aulkietatik bultzaka uxatzen gabez; au olango gizon-iltea baño be bakanagoa yatzu.

        Macbeth Andereak.— Ene yaun zindoa, zure lagun zintzoak zure begira dagoz.

        Macbeth'ek.— Aiztuta nengoan; ez yosi zuen begiak nigan, ene adiskide zintzo-zintzook. Gaitz bakana dot izan, baña ezagun nabenentzat uskeri utsa da. Tira, maitasuna ta osasuna guztioi; yezartera noatzue; ekazue ardoa, bete ontzia. Mai osoaren pozerako edaten dot, eta uts egin dauskun gure adiskide maite Bankuo'ren alde. Emen ailego bera! guztien eta aren alde egarri naz, eta guztiok alkarren.

        Yaunak.— Gure zureganako bete-bearrekoen eta zintzotasunaren agiritzat.

 

(Kokoa barriro yagiten da)

 

        Macbeth'ek.— Oa ortik! Ken akit begien aurretik! Lurrak iruntsiko al au! Ire azurrak ez yoek munik, ire odola otzik dok; nigan yosten dokazan begi orreitan ez dok ikusmenik!

        Macbeth Andereak.— Au egunoroko gauzatzat ar egizue, yaunak; ez da besterik; orrek aroari dagokion poza gal-azo ez besterik ez dautso egiten.

        Macbeth'ek.— Gizonek dagikeana egin-eziñik ez dot; urreratu akit Errusi'ko artz ule-latzaren antzeko, sur-adardun nai Irkani'ko katamotzaren antzeko; ar egik ori ez bete edozein antz, eta nire kirio sendoak ez dozak ikaratuko egundo; edo biztu akit barriro, eroan nagik basamortura ezpatea eskuan dokala; an ikaraz ikusi ba'nagik, autor egik orduan neska-kumea nazala. Alde emendik, itzal ikaragarri, irri uts orrek! Alde!

 

(Kokoa ezereztu egiten da)

 

        Bai, olantxe; ik alde eginezkero, ni ostera be gizon nok. Yezarri oraindik, arren

        Macbeth Andereak.— Poza uxatu egin dozu, batzar gozoa banatu, nasterik arrigarrienagaz.

        Macbeth'ek.— Izan ete leiteke olango gauzarik eta gu menderatu udako ostotsak legetxe, guri berarizko ikarea sartubage? Arriturik naukazue; ni nazana izan-da, orain konturatzen nazanean zuok olango ikuskayak ikusi ta zuon matralletako berezko gorritasuna ez dozuela galtzen, nireak zuri-zuri gelditurik.

        Ross'ek.— Ze ikuskai, ene yauna?

        Macbeth Andereak.— Ez egin itzik, Yainkoarren; geroago txarrago doa; itaunak asarratu egiten dabe; bertatik, gau on; ez egon yoateko aginduaren begira, len baño len yoan baño.

        Lennox'ek.— Gau on, eta Erregeri osasun obea eldu bekio!

        Macbeth Andereak.— Gau on atsegingarria guztioi.

 

(Yaunak eta Otseñak alde dagie)

 

        Macbeth'ek.— Odola izango dau; odolak odola izango dauela da esakunea; iñoz ikusi dira arriak igituten, eta zugatzak itz egiten; aztuak eta gauzak eurak-euretara alkarregaz kirimil duta egoteak, mika, bela ta bela-txingak bide diriala, atera izan dabe argitara odol-gizonik ezkutukoena. Zer da gaua?

        Macbeth Andereak.— Larri-larri goxagaz eztabaidan dabillena, zein zeindanka.

        Macbeth'ek.— Zer dala-ta diñozu Macduff'ek ez dauela erdu gura izan gure agindu andia arek izan-da?

        Macbeth Andereak.— Deitu zeuntsan ala, yauna?

        Macbeth'ek.— Bide batez dantzut orixe; baña dei-egingo dautsat; euretatik iñor ez dago euren bakotxean otseñen bat erosita ez daukodanik. Biar yoango naz, eta goxetik yoan be, aizta sorgiñekana; geyago esango daustie; orain txarrena biderik txarrenez yakin-bearrean nago-ta; neure onerako, eragozpenak baztartu bearrean nago; odoletan samaraño sartuta nagonezkero ta aurrera egin-ezinik aurkitu, atzera-egitea aurrera-egitea añean nekorra litzateke; gauza ondo bakanak dodaz buruan eta burutik eskura yoango dira, ta aztertu baño len egin bear dira.

        Macbeth Andereak.— Zuk biziki guztiak onduten dauzana bear dozu: loa.

        Macbeth'ek.— Goazan, goazan lotara. Ni galtzen nauena gauzen asierako bildurra da; nik ekiña bear dot, ekin gogorra; egiten oraindik as-parriak gara.

 

(Alde dagie)

 

 

V. Agerlekua. Iñarradia. Ostotsak. Iru sorgiñak datoz aurrera ta Hekate'kin baizen dira.

 

        I Sorgiñak.— Zer yazoten yatzu, Hekate? Asarre-arpegia dozu.

        Hekate'k.— Ez ete dot asarrerako biderik, atsozar lotsabako azartuegiok? Zelan azartu zarie zuok Macbeth ezetz-igarrietan eta eriotz-arloetan olan atzera-aurreka ebalten? Neu nozue zuon lilurapenen irakasle, neu kalte guztien asmatzalle-ta, zelan ez nozue deitu bein be neronek be neurea egiteko edo-ta gure antzearen andia erakusteko? Eta, okerrago dana, zuok eginiko guztia seme gaizto, gorrotsu ta asarretsu baten alde izan da; eta a, beste asko legetxe, bere onaren billa dabil, ez zuonaren billa. Baña zuzendu orain egin dozuen okerra: zoaze ta zatoze goxean nigana Akeron'go (6) lezara; ara elduko da a be bere etorkizuna yakin-miñez. Gertau zuon ontzi ta lilurak eta gañetiko guztia. Ni aidera noa; arrats au zeregin goibel eta itzalean emoteko naz. Eguerdi-aurretik arlo andia egin-bearrean nago; iretargi-adarretik eskegita dago lurrun-tantan lodia; axe oratu bear dot lurrera baño len; a aztu-antzez lurrun-urtu ba'dagit lurrun-urtu, arek eragiko dauzan irudizko mamuak, euren lilura-indarrez a (Macbeth) buru-naste itzalera eroango dabe. Arek zorionari aztalak sartuko dautsaz, eriotzeari irri-egingo dautsa, ta bere itxaropenak zurtasun, eder eta bildurraren ganetikoak izango dira; eta ba-dakizue segurukeria dana gizonaren areriorik andiena.

         

(Eresi ta abestia barruan: «Urten, urten, eta abar»)

 

        Entzun! Deyez dodaz; begira, nire kokotxoa laño baltzaren ganean dago yezarrita, ta nire ordeazkotzat dago.

 

(Alde dagi)

 

        I Sorgiñak.— Goazan, goazan arin; a laster da atzera be.

 

(Alde dagie)

 

 

VI. Agerlekua. Forres. Errege-yauregiko gela bat. Lennox eta beste Yaun bat datoz aurrera.

 

        Lennox'ek.— Orainarteko nire itzaldietan zure oldozpenai ukutu baño ez dautset egin, baña oldozkunok argiago ikustea baleiteke; nik auxe bakarrik diñot: gauzak bakan etorri diriala. Macbeth Duncan maitagarriaren erruki izan zala; bai, ba, illik egoan-da; eta Bankuo oldartsu-oldartsuari bidean beranduegi egin yakonda, zuk besterik uste izan ezik, Fleance'k il ebala esan geinke, Fleance'k igesi egin eban-da. Gizoni ez yako bidean belu egin bear. Nok uste izan ez baltzetan be baltza izan zala Malcolm eta Donalbain'ek euren aita maitagarria iltea? Egipen gorrotagarria! Macbeth'ek artu eban naibagearen andia! Bere asarre errukiorrez ez ete ebazan zatitu bertatik edanaren yopu ta loaren mendeko zirian gaizkille biak? Ez ete eban egin ori bikainki be bikainki? Bai, eta bai zurtasunez be, arein ezetza entzuteak ilik ez dagon edozeñen biotza asarre bizitan yarriko eban-da. Au dala-ta, arek gauzak ondo egin dauzala diñot nik. Yaungoikoak besterik ebatzi dau, baña arek Duncan'en semeak giltzapean euki ba'leuz euki, uste osoa dot aita eratea (iltea) zer dan ondo be ondo erakutsiko eutsiela; baita Fleance'ri be. Baña nagon ixilik! itz agiriegi egitearren eta erregearen aparira uts-egitearren, entzun dodanez, Macduff aren asarrepean bizi da-ta. Yauna, esan ete zeinke non dagon egotez

        Yaunak.— Errege anker onek yayotzatiko eskubideak beretzako kendu dautsazan Duncan'en semea Ingelanda'ko errege-yauregian yatzu ta Edorta yainkozale-yainkozaleak txera argiz artu dau ta zoritxarraren gogo txarrak ez dautso ezer kendu Edorta'ren begien aurrean. Macduff ara yoana da bera be, errege gurenari eskatzeko Northumberland eta Siward gudazalea iratzartzen lagun dakiola, orrein laguntasunaz eta Edorta'ren eder-etsiz, gu barriro be gure mayetan okela ta gure gabetan loa izateko gai-izan gaitezantzat; gure yai eta oturuntzetan aizto odoltsurik ez izateko; guk menpekotasun zintzoa emoteko ta artzen doguzan omenak utsean artzeko, orain zer guzti orrein gogo bizia dogu-ta; eta barri onek emon dautsan asarrearen asarrez eta gudea etorrikoaren bildurrez errege gertakizunak egiten asia dogu.

        Lennox'ek.— Iñor bidali ete eban Macduff'egana?

        Yaunak.— Bai, bidali eban, baña geznari ilunak «Yauna, ni ez, ni ez noa» argi ta garbia entzunik bere bizkarra emon eta tararaka eragoyon, «Damutuko yak erantzun onegaz nire bidean oztopoa iminten dokan egun au» esaten bai'legoan.

        Lennoxe'k.— Orrek kontuz ibilteko aolkua emon leyo, eta zurtasunak eskatzen dauen baxen urrin egoteko. Angeru gurenen batek egaz egingo al dau Ingelandara ta areri barriok yakin-eragin a etorri baño len. Onespen bizkorra erduko al da esku zantarpean oñaze-miñez dagon erri onetara!

        Yaunak.— Nire otoitzak arekin bidaliko dodaz

 

(Alde dagie.)

 

 

 

IV ekitaldia

 

I. Agerlekua. Artzulo iluna. Erdian maskillua irakiten. Ostotsak. Iru sorgiñak datoz aurrera.

 

        I Sorgiñak.— Katu nabarrak iru aldiz egin dau miau.

        II Sorgiñak.— Iru bidar; eta kirikiño latzak bein egin dau irrintze.

        III Sorgiñak.— Txerrenak gedar dagi: «Tertzioa da, tertzioa da».

        I Sorgiñak.— Zoaze bira-biraka maskilluaren baranoan; egotzi barrura barruzki edenduak. Arripe otzean ogei ta amaika gau ta egunez lo-eginda, izerdi-edena sortu dokan kunkun orrek irakin egin lenen ontzi liluratuan!

        Irurak.— Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin, erre; eta ik, maskillu, puxekak atera.

        II Sorgiñak.— Zingira-sugearen galartzua (edea) irakin-eragin eta egosi maskilluan; suge-linderearen begia ta ugaraxoaren beatza, saguzarraren ulea ta txakurraren mina, suge-gorriaren izpia eta ziraun-agiña, muskerraren zangoa ta ontzearen egoa, su-lezako salda-antzera irakin-eragin eta puxekak atera, lilura indartsu ta kalte-giña lortu dagiguntzat.

        Irurak.— Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin eta erre; eta ik, maskillu, puxekak atera.

        III Sorgiñak.— Iransuge-ezkatak, otso-agiña, sorgiñen soin igarra, itxaso asarre-gaziko marrazoaren biusturia, gabaz aterako otzerri-bedar-susterra, Yudar biraotiaren gibela, suntzaren beaztura, iretargi-ilunaldian aterako agin-azal-edeak, Turkarraren surra ta Tartaritarraren ezpanak, bide-ertzeko arekan emagalduak erdiratu ta erdiratu-ala itotako sein-atza. Zer guztiokaz salda lodi ta eraskorra egizue; eraantsi orreri katamotzaren barruzkiak, maskillukoen geigarritzat.

        Irurak.— Beste ainbestetu, beste ainbestetu lana ta nekea; su-egin, erre, eta ik, maskillu, puxekak atera.

        I Sorgiñak.— Otzitu orain tximino-odolaz, eta orrezkero liluragaya sendoa ta ona da.

 

Hekate dator aurrera

 

        Hekate'k.— Ederto be ederto egiña! Alegiñak-alegin egingo al dozuez, sari bana izango dozue-ta. Eta orain abestu maskillu-baranoan, mamu ta koko-marroen antzera estuna eginik, barruan artzen dozuen oro liluratzeko.

 

ABESTIA

 

        «Espiritu baltz eta zuriak, espiritu gorri ta urdiñak, nastu, nastu, nastu, nastu al dozuenok.»

 

(Hekate'k alde dagi.)

 

        II Sorgiñak.— Atz-orkoroak minberatu egiten yataz-eta, zer zantarren bat ba-dator onantza; yo dagianak yo dagiala atea, idigi, erskayok!

 

(Macbeth dator aurrera.)

 

        Macbeth'ek.— Zelan zagoze gaberdi-sorgin ezkutu ta baltzok? Zeri daragoyozue?

        Irurak.— Izenik eztauena egiten daragoyogu.

        Macbeth'ek.— Zuon ogibidearen izenez nagotzue eske; dakizuen lez dakizuela, erantzun egistazue; axeak azkatu bear ba'dozuez be ta elexak lurreratzen itxi; naiz-ta ugin bistzuak itxas-ontziak nastu ta iruntsi; naiz-ta oraindik bedar dan garia lurrera eratzi ta zugatzak lurreratu; naiz-ta gazteluak ikara egin eta euren yagoleen buru-ganera yausi; naiz-ta yauregiak eta arri-meta zorrotzak makurtu ta euren oñarriari mun-egin; naiz-ta izadiko zer guztien aziak eurak be yausi ta ezereztu; ondamendia bera asetu ta okadaka asiarteraño ba'da be, erantzun egiozue nire eskariari.

        I Sorgiñak.— Itz egik.

        II Sorgiñak.— Eskak.

        III Sorgiñak.— Erantzungo dauagu.

        I Sorgiñak.— Esan egik gure agoetatik ala gure ugazabaenetatik entzun gura dokan.

        Macbeth'ek.— Dei-egiezue, ikusi dagidazantzat.

        I Sorgiñak.— Egotzi barrura bere bederatzi umeak janeko txarri makerearen odola; egotzi garretara abetik eskegiko erallearen koipe-antzeko izerdia.

        Irurak.— Erdu goiko naiz beko; erakutsi zeure burua ta zure ogibide antzetsua!

 

(Ostotsak dira. Izkilluz estali. Buruaren Kokoa yagiten da.)

 

        Macbeth'ek.— Esan egistazu, indar ez-ezagun orrek.

        I Sorgiñak.— Itz-egin-bearrik ez dok; orrek ire barrua irakurten yok; orren itzak entzun, baña euk ez esan ezer.

        Kokoak.— Macbeth! Macbeth! Macbeth! Kontu Macduff'ekin; kontu Fife'ko thaneakin. Itxi egistak alde egiten.

 

(Yatzi egiten da.)

 

        Macbeth'ek.— Zareana zareala, eskerrik asko zure aolku onagaitik; egin-eginean be nire bildurren erara yo dozu, baña itz bat geyago.

        I Sorgiñak.— Orreri ez yako gogoko iñok aginduterik; or yatok beste bat lengoa baño altsuagoa.

 

(Ostotsak.  Ume odolduaren Agerkizuna yagiten da.)

 

        Agertuak.— Macbeth! Macbeth! Macbeth

        Macbeth'ek.— Iru belarri ba'neunkaz, irurakaz entzungo neunskizu.

        Agertuak.— Izan adi odoltzale, kementsu ta erabagiko; barre egik giza-almenari irri-egiteko, emakumegandik yagok Macbeth'eri gatxik ez dautso egingo-ta.

 

(Agertua yatzi egiten da.)

 

        Macbeth'ek.— Orrezkero bizi adi, Macduff; zer dala-ta izan bear ire bildur? Baña au ta guzti be segurutasuna beste ainbestetu egingo dot, eta zoriari lokarri bat kendu, ez, ez az biziko; bildur biotz-zurbillari «guzurra diñok» esan eta ostotsak gorabera lo-egin dagikedantzat. Zer dogu au?

 

Ostotsak dira. Buruntz-dun Umeren Agerkunea, eskuetan zugatza duelarik, errege-semeren antzera yagi ta buru-tontorrean erregetza-iragarkin borobilla dakarrena.

 

        Irurak.— Entzun egiok, ez baña itzik egin.

        Agertuak.— Izan adi leoi-izakerako, arroa, baña ez bekik ardura nok minberatzen, nok asarratzen auan, edo-ta ire aurka azpi-yana egiten nor dabillen yakitek; Macbeth ez dau iñok iñoz menderatuko arik eta Birnam'go baso andia Dansinane'ko mendi garaira bere aurka etorriarte.

 

(Agertua yatzi egiten da.)

 

        Macbeth'ek.— Olangorik egundo ez da yazoko. Nok eroan leike basoa? Nok agindu zugatzari lurrari deutson sustarrari izteko? Iragarki gozoak! Ondo yagok! Matxinada-buru, ez adi yagi Birnam'go basoa yagiarte, ta gure Macbeth goyan yarria izakereari deritxon-arte biziko da, ta gero, gizon ilkorrari berez dagokion tertzioa eldu daitenean, arnasea atertu. Baña oraindik kezka bat dot biotzean; zure antzeak esan al ba'dagist, esan egistazu: Bankuo'ren ondorengorik iñoz izango ete da errege errege-erri onetan?

        Irurak.— Ez ibilli geyago yakin-guraka.

                Macbeth'ek.— Asko izango yat; ukatu egistazue au, eta betiko añena yausi bekizue ganera! Yakin-eragistazue. Zegaitik irunsten dau lurrak maskillu ori? eta ze zarata da au? (Zamiola-otsa.)

        I Sorgiñak.— Agertu!

        II Sorgiñak.— Agertu

        III Sorgiñak.— Agertu!

        Irurak.— Agertu orren begien aurrean, eta bete oñazez orren biotza; erdu itzal-antzez eta alde egin!

         

Zortzi Errege agertzen dira eta alde dagie urrengorik-urrengo, azkenengoa eskuetan izpillua dabela; Bankuo dator euren yarrai.

 

        Macbeth'ek.— Bankuo'ren mamuaren antzekoegi az; bera! Ire buruntza (koroi) orrek begi-bolak erre egiten yaustazak; eta ik, bekokia urrez inguraturik dokan beste orrek, lenengoak langoxe ulea dok; irugarrena aurrekoa langoa da. Sorgin txarriok! Zeagaitik erakusten daustazue au? Laugarrena be? Ikaratu, ene begiok! Zer da au? Erreskada au munduaren atzenerañokoa izango ete-da? Oraindik beste bat? Zaspigarrena? Ez dot ikusi gura geyago; eta oandik zortzigarrena agiri da, ta onek daroan izpilluan asko geyago dakustaz; eta batzuk bola bikotxak eta errege-makil irukotxak daroezala dakust. Ikuskizun ikaragarria! Orain dakust egia dana, eta izan be, Bankuo odolez txipirriztinduak irribarre dagist eta bere semetzat erakusten daustaz. Zer! Au onan ete-da?

        I Sorgiñak.— Bai, yauna, dan au onantxe da; baña zegaitik ete dogu Macbeth orren arriturik? Erdu, aiztak, ekarri poza onen gogoari, eta erakutsi pozkarritzat doguzan biderik onenak; nik nire aldetik aldea liluratuko dot ots-dagiantzat eta bitartean zuok zuon ingurutxo-dantza barregarria egin, gure omenak bere ondo-etorria ordaindu dabela biotz onez esan dagian errege andi onek.

 

(Eresia. Sorgiñak yantzan daragoyoe, eta gero ondatu egiten dira.)

 

        Macbeth'ek.— Non dira areik? Yoanak ete? Egutegian beti-betiko dongetsitzat bego ordu zoritxarreko au! Goazan, goazan atera emendik.

 

(Lennox dator aurrera.)

 

        Lennox'ek.— Zer da adeigarri orrek gura dozuna

        Macbeth'ek.— Ikusi ete dozak sorgin aiztak?

        Lennox'ek.— Ez, ene yauna.

        Macbeth'ek.— Ez dira zure aldamena-zear yoan ala?

        Lennox'ek.— Ez, egiz, ene yauna.

        Macbeth'ek.— Ustel bedi areik ganean daroazan aidea, eta bedi zoritxarrekoa arei entzinduten dautsena! Zaldi-apatx-otsa entzun dot. Nor izan da emendik-zear igaro dana?

        Lennox'ek.— Macduff Ingelanda'ra igesia dala zuri esaten etorriko bi edo iru yatzuz, yauna.

        Macbeth'ek.— Ingelanda'ra igesia!

        Lennox'ek.— Bai, ene yaun ona.

        Macbeth'ek.— Aldi! Ik ire egikizun andi-itzalak aurreratu egiten daustazak; igesi-asmoari ezin aurrerik artu, egitekoa asmoagaz batera yoan-ezik: une onetatik atxine nire biotzean lenen sortzen dana bera izango da nire eskuan lenen sortuko dana be. Eta oraintxe be, nire oldozkunak egiñenakaz osotuteko, bein oldoztua bedi bertatik egiña; otoz-otoan elduko naz Macduff'en gaztelura; Fife'ren yabe egingo naz; emon ezpata-agoari aren emazte, seme-alaba ta senitarte osoa; ez zoro-arrokeririk; egiteko au nire asmoa otzitu baño len beteko dot. Ikuskizunik asko dogu!  Non dira zaldunok? Zoaz eta ekardazuz dagozan tokitik. (Alde dagie.)

 

 

II. Agerlekua. Fife. Macduff'en gazteluko gela bat.

 

Macduff Anderea, bere Semea ta Ross datoz aurrera.

 

Macduff Andereak.— Zer egin ete eban arek bere erritik igesi eragiteko?

        Ross'ek.— Eroapena izan bear dozu, andera.

        Macduff Andereak.— Arek ez eban izan ezetarikorik; aren igesia zorakeri utsa izan zan; gure egiñak ezik gure bildurrak egiten gau etoi edo saltzalle.

        Ross'ek.— Zuk ez dakizu bildurra ala zurtasuna izan zan areri eragin eutsana.

        Macduff Andereak.— Ze zurtasun eta zurtasunbako! Zurtasuna ete da berak igesiko lekuan bere emazte, umetxo, etxe ta yauntzak iztea? Ez gau maite; ez dau arek berezko bioz-samurtasunik; egaztirik txikiena dan txepetx makalak berak be, umeak abian ba'dauz, burruka egingo dau mozolloagaz. Dana da bildurra, maitasuna ezer bez; olan bidebage iges egiten dan lekuan zurtasun gitxi dago.

        Ross'ek.— Lengusin maite-maite, zure buruari emon aolkuak, arren; zure senarra zindoa, zurra ta sentzun andikoa da, ta berak daki ondoen aldiari zer dagokion ondo. Ez naz azartzen asko geyago esaten; aldiok biotz-gogorrak yatzuz; etoyak, saltzaleak gara, geuk ez dakigularik; bildurrak zurrumurrua dakarsku, ta ez dakigu zeren bildur garean; itxaso asarre ta indartsuaren ganean gabiltz ara ta onaka. Ba-noa zure baimenaz; luzarobage emen izango nozu barrien-barri; txarrenean ez dabe iraungo gauzak, edo ori ezik gora-egin lenera yoteko. Ene lengusin lirain, Yaungoikoa lagun dakizula

        Macduff Andereak.— Aitaduna da, ta bai aitabagea be.

        Ross'ek.— Luzaroago ba'nengoke emen, zoroa nintzateke; zure ondamendia ta nire ardurea litzateke; agur dagitzuet bertatik. (Alde dagi.)

        Macduff Andereak.— Yauntxo, ire aita illik dok; eta orain zer egiteko ik? Nolan biziko az?

        Semeak.— Txoriak legetxe, amatxo.

        Macduff Andereak.— Zer? Arrak eta euliak yanda?

        Semeak.— Lortu dagidanaz, esan gura dot, eurak be beste onenbeste egin daroe-ta.

        Macduff Andereak.— Txori errukarria! Ik ez dok iñoz izan sare; zer eraskor, zulo, ezta beste arrapagalluren bildurrik.

        Semeak.— Eta zegaitik izan bear neunke, amatxo? Txori makalak be ez dabe bildurrik. Nire aita ez da il, zuk diñozuna gora-bera.

        Macduff Andereak.— Bai, a ilik yagok; zelan egingo dok ik aitatzakoa?

        Semeak.— Eta zuk zeuk zelan egingo dozu senartzakoa?

        Macduff Andereak.— Nik edozein merkatutan ogei erosi nayeikezak.

        Semeak.— Olan izatekotan barriro saltzeko erosiko dozuz.

        Macduff Andereak.— Sentzun andiz itz egiten dok eta, egitan, iretzako sentzun geyegiz.

        Semeak.— Nire aita etoya (saltzallea) ete zan, amatxo?

        Macduff Andereak.— Bai, etoya zoan.

        Semeak.— Zer da etoya?

        Macduff Andereak.— Zin-egin eta guzurra esaten dauena.

        Semeak.— Eta ori egiten daben guztiak etoyak ete dira?

        Macduff Andereak.— Ori egiten dauen oro etoya dok, eta eskegi egin bear litzatekek.

        Semeak.— Eta zin-egin eta guzurra esaten daben oro eskegi egin bear ete dira?

        Macduff Andereak.— Guzti-gutiak.

        Semeak.— Nok eskegi bear dauz?

        Macduff Andereak.— Nok, gizon zintzoak ez bestek?

        Semeak.— Ori olan ba'da, guzurtiak eta zin-egilleak zoroak dira, eta izan be, guzurti ta zin-egillerik asko dago zintzoak benderatu ta eskegiteko.

        Macduff Andereak.— Orain Yaungoikoa lagun akik, tximinotxo orreri! Baña nolan yokatuko dok aitarik ezean

        Semeak.— A ilik ba'lego, areri negar egingo zeunskio; egingo ez ba'zeuntso, ortxe litzateke ezagunen laster neunkakela aita barria.

        Macduff Andereak.— Barritsu errukarri ori! Nolan itz egiten doan!

 

Geznaria dator aurrera.

 

        Geznariak.— Yaungoikoa lagun bekizu, andera eder! Ez nozu ezaguna, nik neuk zure zindotasuna ondo ezagutu-arren. Galbideren bat ur-ur dozulakoaren susmoa dot; gizon lauaren ondo-esana aintzakotzat artu gura ba'dozu artu, ez al dozu emen yarraituko; alde emendik zure txikiakin; zuoi onan bildur-ikarea sartzeko basatiegia nazala uste dot; ur-ur dagotzuen au baño txarragorik zuoi egitea ankerkeri zatarra litzateke. Yaungoikoak gorde zagiezala! Ez naz azartzen emen luzaroago egoten. (Alde dagi.)

        Macduff Andereak.— Nora igesiko? Ez dautsat iñori okerrik egin, baña oraintxe gogoratzen yat ludi onetan bizi nazana; emen sarritan oker egin izana goragarri yatzu; on egin izana, ostera, aldiz, zorakeri kaltegarr'tzat artu oi da; Au dala-ta, «nik ez dot gatxik egin» ezko emakume-esi au eregiten dot nire burua yagoteko? Ze arpegi dira oneik?

 

(Eralleak datoz aurrera.)

 

        I Erailleak.— Non da zure senarra?

        Macduff Andereak.— Ez al da aurkituko zu langoak idoro leiken toki dongean.

        I Erailleak.— A etoya da.

        Semeak.— Guzurra diñok, gizatxar ule-kirmil orrek.

        I Eralleak.— Zer diñok, kakanarru orrek? (Sastakaikadak emon-ala). Etoi-kume orrek?

        Semeak.— Eran (il) nau, amatxo! (Il egiten da.) Igesi, igesi, amatxo!

 

(Macduff Andereak alde dagi «Eralleak» gedarka eta Eralleak atzefik doakozala.)

 

 

III. Agerlekua. Ingelanda. Errege-yauregi-aurrean. Malcolm eta Macduff datoz aurrera.

 

        Malcolm'ek.— Goazan bakarreko itzalperen baten billa, an gure biotzak asazkatuarte negar egiteko.

        Macduff'ek.— Ori baño obe litzakigu yayotzatikoa dogun gure adorezko ezpateari gogor eutsin eta, gizon onen antzera, gure yayotza uren eta bera-yausiaren ganean iztartolaka yarri; egunabar barri bakotxak alargun barriai kallaziak eragiten dautzez, oñaze barriak yoten dabe zerua arpegian eta erantzun egiten dau zeruak, Eskolanda'ren miña berea bai'litzan, eta berak be kallazika daragoyo, oñazeari oñazez erantzuteko.

        Malcolm'ek.— Siñesten dodanari negar-arrantzea egingo dautsat; dakidana siñetsi egingo dot; eta ordeazkorik emon al ba'dagit erea nire alde dodanean, emon egingo dot. Zuk esana ba-leiteke egia izatea. Bere izenak berak miñean baba-zorroak ateraten dauskuzan errege anker au bein zintzoa zala uste zan; zuk maite-maite izan dozu; oraindik zuri ez dautzu ukutu. Ni gaztea nayatzu, baña irabazi einke aren aurrean nire bidez, eta zurtasunak, baketuteko, yainko-aizun asarreari bildots makal, gaxo ta errugea eskeintzea eskatzen dau.

        Macduff'ek.— Ni ez naz etoya.

        Malcolm'ek.— Baña Macbeth ba-da. Gizona, ona ta onbidetsua izan-arren, urten leiteke bide onetik errege-agindua betete-arren; baña azketsi (parkatu) egistazu, arren; nire oldozpen eta susmoak gora-bera, zu zareana zara; ba-dago oraindik angeru onik, onenak yausi izan-arren; gauza zantar guztiak azal ederrez yantziarren, ederra beti izango da eder.

        Macduff'ek.— Nik nire itxaropenak galdu dodaz.

        Malcolm'ek.— Bear ba'da nik nire susmoak nebazan lekuan be bai. Zer dala-ta itxi zenduzan, eurai agurrik be egiteke, alango leku gorrian zure emaztea ta semea, areik biotz-eragille yorriak, maitasunaren lokarri sendo areik? Erantzun egistazu, arren-bai-arren, nire espa ta susmoak zure entzute onaren gitxigarribarik nire buruaren yagongarri izan daitezan; zu izan zaitekez zintzoa nik besterik uste izan-arren.

        Macduff'ek.— Erion odola! erion odola, erri gaxoa! Ankerkeri andi, sendotu egik ire oñarria, ontasuna ez dok azartzen iri «Geldi or» esaten-da. Aurrera ire okerreriakaz, ire yauntza bidea eskierra dok-eta. Ondo ibili, yauna; nik ez neunke izan gura zuk uste nozun gizatxarra gizon ankerraren bendean dagoan lur osoagaitik, eta Eguzki-alde aberatsa neuretzako ba'litz be.

        Malcolm'ek.— Ez zakidaz mindu; ez dautzut esan gura bildur osoa dautzudanik. Nire ustez gure erria buztarpean geroago berago doa; negarrez eta odola dariola dago; egunerik egunera ago bat geyago dabe bere zauriak; bai, ba, nire ustez, an esku asko eragiko litzatekez nire eskubideen alde; eta emen, Ingelanda maitagarri onek ainbat milla gudari opatu daustaz; baña, au ta guzti be, nik gizon anker aren burua ostikopean zapaldu, naiz neure ezpata-mokoan eroan dagidanean, nire erri errukarriak len baño akats geyago izango dauz; aren lekua beteko dauenak min andiagoak eta egundoko askotarikoagoak emongo dautsaz.

        Macduff'ek.— Nor izan leiteke olangoa?

        Malcolm'ek.— Neure buruaz daragoyot; nigan guztitariko akatsak dozuz mentatuta ta euren pipilak idigi daitezanean, Macbeth baltza edurra baxen garbi irudituko yatzu; eta erri zoritxar rekoak a bildostzat eukiko dau nire neurribako okerren aldean.

        Macduff'ek.— Su-leza ikaragarriko txerren-taldeetan ezin agertu leiteke Macbeth'en okerreriai ganetik egitekorik.

        Malcolm'ek.— Autortzen dot a gizon odoltzale, aragikoi, arpegibako, maltzur, lasterregi, azeri, lupu, ta izenik dauen guztitariko oben-kiratsa dariona dana, baña nire aragikeriaren sakonak ez dau atzenik: zuon emazte, zuon alaba, zuon emakume etxe-zain, eta zuon emakumezko otseñak ezin bete izango leukie nire lizunkeri-lezea; eta nire gurariak lereari eusteko eragiko orma ta esi guztiak lurrera eratsiko leukez: Macbeth bera obea da errege izateko onango au baño.

        Macduff'ek.— Girriñen geyegikeri neurribakoa norbere burua yopu eragitekoa yatzu izan; egin-eginean be orixe izan da errege-aulki zoriontsua aldiz-aurretik ustu dauena, ta errege asko ren yaus-eragillea. Baña ori ta guzti be ez izan bildur zeurea dozuna artzeko; ase-bete zeinkez zure atsegiñak gonburuz eta a ta guzti be otzarena egin, iñok zure barririk ez dakiala. Emakumerik asko dogu euren kitetik orretarako gertu egongo dirianik; aragikerira orren itzulia izanarren, nagusitasunari euren burua euren kitetik opatuko dautsoen ainbeste iruntsi al izateko añako sairik ezin izan zeintekez.

        Malcolm'ek.— Onez ganera, nire girriña saskeletan zikozkeri neurribakoa be azten yatzu ta mizke azi be; izan be, ni errege ba'nintz, andikiai buruak moztuko neunskiez euren lurren yabe neu egite-arren; euren bitxiak eta onako beste onen etxea gurako neunkez; eta nik geyago izateak oraindik geyago izatearen gosea biztuko leuke; orretarako, bidebako auziak asmauko neunkez on eta zintzoen aurka ta aberastasunagaitik ondatu egingo neunkez.

        Macduff'ek.— Zikozkeriak erro luzeak eta sakonak izaten dauz izan; uda-antzeko aragikeriaren aldean erro kaltegarriak emoten dauz, eta auxe izan da gure errege eranak(ilak) eran(il) dauzan ezpatea; baña ez izan bildurrik; Eskolanda'k badau zure guraria gonburuz beteteko lain ondasun, zeure-zeureak dirianetan; edergarrien ondoan yarriezkero, akatsok eroatekoak yatzuz.

        Malcolm'ek.— Baña nik ez dot ezetariko edergarririk. Erregeri dagokiozan edergarrietarik, esaterako, zuzentasuna, egiti-izatea, neurriko izatea, yarria izatea, esku-zabaltasuna, yarraipena, errukia, apaltasuna, zaletasuna, epea, oldarra, sendotasuna, nik ez dot onein sundarik be; baña gaiztakerien edozetariko erak eta merak aldean dodaz. Bai, nik agintzarik ba'neu izan, gogakidetasun-esne gozoa su-lezara egotziko neunke, alkarrenarteko bakearen aurka orroa-egin, eta lurreko batasuna nastu ta kirimildu.

        Macduff'ek.— Eskolanda gaxoa! Eskolanda gaxoa

        Malcolm'ek.— Esan, onango gizona agintzeko gauza dan ala ez; ni esan dodana langoxea naz.

        Macduff'ek.— Agintzeko gauza? Ez, ezta biziteko be! Erri orren errukarri! Eskubidebako ta agintza-makillea odolduta daukan agintaria dozu; noz ikusiko ete dozu barriro egun osasuntsurik, zure errege-aulkirako eskubiderik benetakoenak dauzana bere autorrez gauza izan ez eta bere zanetako odolaren lotsagarri ba'da? Zure aita errege errege guren-gurena izan zan; zu bere belaun-ganean bere oñen ganean baño sarriago ekarriko errege-anderea, bere bizian egunero ilten zan. Ondo ibilli! Barrien-barri zure buruari zeuk ekarriko gatxok dira egin-eginean be ni Eskolanda'tik erbesteratu nabenak. Ene biotz au! Ire itxaropena ementxe ta oraintxe amaitzen dok!

        Malcolm'ek.— Macduff, ire biozkada zintzo orrek, zindotasunaren seme dan biozkada orrek, nire gogotik kezka baltzak uxatu yozak, eta nire oldozpenak ire bene-benetako zindotasun eta omenaren adiskide egin yozak. Txerrenaren Macbeth'ek aleginik asko egin izan yok i legetxe etorriko askoren bitartez ni beraganatzeko; eta zurtasun-apurtxoak beti atzera eragin yeustak iraduz siñiste errezegitik; baña Goiko Yauna bedi gu bion tarteko! Ointxeganik yarten nok ire esanera, eta nik hire buruaren kaltez esanekoak ez esantzat emoten yoadaz; emen berton zin-bidez ukatuten yoadaz neure buruari ezarriko orban eta lotsakizunak, nirekin zer-ikusirik ez yoek-eta. Oraindik emakumeri ez yautsat ukutu; egundo ez yoat ziñik ausi; ozta-ozta izan yoat neureaganako lerarik; emoneko itzik ez yoat iñoz yan; txerrena bera ez neunskio salatuko bere lagunari; egia ez yoat maite bizia baño gitxiago; nik lenengoz esaneko guzurra neuri buruz esan yoadana dok; ni nazana ire ta nire erri zoritxarrekoarena dok, zuok agintzeko; izan be, i ona orduko, Siward zarra, orain nonbaiten aurkitzen dirian amar milla gizon kementsukin gure errirantza egiteko zoan; orain guztiak batera yoango gozak, eta ekinaldiaren atzena gure alde izango al dok, auzia bera gure aldekoa dan lez! Zer dala-ta ago ixilik?

        Macduff'ek.— Olango gauza ondo etorriak eta txarto etorriak alkarregaz adiskidetzea gatxa da.

 

(Osagillea dator aurrera.)

 

        Malcolm'ek.— Ondo dago; laster ekingo barriro. Zu, errege urteteko ete da?

        Osagilleak.— Bai, yauna: errukarri-mordoa dago berak noz osatuko begira; euren gatxen osapidea yakintzaren alegin guztiak ezintzat emon dau, baña zeruak aren eskuari emoniko gurentasuna andia be andia da-ta, arek ukutuaz bertatik osatzen dira.

        Malcolm'ek.— Eskarrik asko, osagille. (Osagilleak alde dagi).

        Macduff'ek.— Ze gatxeri buruz erago dautso orrek

        Malcolm'ek.— Gatx ori gexoa yatzu; errege on onek egite oso arrigarriak egiten yozak; emen Ingelanda'n izan nokan bitartean sarritan ikusi yoat neronek olango gauza arrigarriak egiten. Berak yakik ondoen zelan eskatzen dautsan zeruari baña orrek osatu egiten yozak gatxik bakanenak dabezan gizakiak zorroa legetxe puztu ta andituak, aragi bizia erakusteraño zaurituak, ikusiak berak erruki emotekoak eta osagilleak guztiz etsita itxiak; otoi-eginda, idunetik dingilizka urrezko guren-irudia iminten yautsek; eta, diñoenez, orren urren etorriko dirian erregeai osatzeko almena itxiko ei yautsek onespentzat. Almen bakan onegaz batera etorkizun dirian gauzak aurrezdik ikusteko almena be ei yok zerutik. Orren errege-aulkiari onespen andiak deutsoe ta, onegaitik, orreri «eskarrez betea» deritxoe.

        Macduff'ek.— Begira, nor datorku emen?

        Malcolm'ek.— Neure erritarra da izan, baña oraindik ez dazagut.

Ross dator aurrera.

 

        Macduff'ek.— Ene lengusu zintzo, ona ondo etorria augu.

        Malcolm'ek.— Orain ba-dazaut; Yaungoiko on, garaiz urrindu gugandik gu alkarganako ez-ezagun egiten gauzana!

        Ross'ek.— Olantxe bedi, yauna.

        Macduff'ek.— Eskolanda lenean ete yagok?

        Ross'ek.— Erri errukarri-erukarriarena! Larri-larri bere burua ezagutzen be bildur da! Areri ezin esan gure ama, gure illobia baño; an ezer ez dakianak ez betee iñok, ez dau egiten irri-barretxo bat be; an asperenak, intziriak, kallaziak, eta alan be biotz-erdiragarriak egiten dira, ez egin-gurea iragarri; an atsebage gorriak eguneko lilurapena dirudi; il-kanpak entzuten dirianean, nekez itanduten da an norenak dirian; an gizon onen bizitzak lorak euren pipil-orritxoetan baño lenago amaitzen dira, gexotu baño be lenago ilda.

        Macduff'ek.— Irudiaren ederra, eta zoritxarrez egi-egia!

        Malcolm'ek.— Zein da ointsuengo atsekabea?

        Ross'ek.— Orain ordubetekoak, esaten daragoyotenari «ixi!» diñotso; minutoko da barriren bat.

        Macduff'ek.— Nolan lago nire emaztea?

        Ross'ek.— Zure emaztea onik.

        Macduff'ek.— Eta nire seme-alabak?

        Ross'ek.— Areik be onik.

        Macduff'ek.— Gizon biotz-gogor arek baketan itxi ete dauz?

        Ross'ek.— Bai, ondo bakez zinan nik agur egin neuntsenean.

        Macduff'ek.— Ez adi orren itz-urri. Zelan yoazak gauzak?

        Ross'ek.— Ekarri dodazan barri aztunok ekarteko bidea artu nebanean gizon andiki asko argitara urtenak zirialakoaren zurrumurrua ebillen ibilli eta zurrumurru orren sendagarritzat gizon ankerraren indarrak batzen ikusi nayoazan neronek; oraintxe da arei gureai laguntzeko garaya; zu Eskolanda'n ikusiak berak gudariak sortuko leukez, gure emakumeai eurei be burruka eragingo leuskie, euren naibage ikaragarriak ganetik kentzeko.

        Malcolm'ek.— Ba-goazala ara yakitea bedi euren biotz-nasaigarri; Ingelanda biotz onekoak Siward adoretsua ta amar milla gizon emon dauskuz guri laguntzeko; Kistarren artean ez da agertu a baño gudari zarrago ta oberik.

        Ross'ek.— Biotz-nasaigarri oneri beste onango bategaz erantzun al ba'neyo erantzun! Baña nik esateko dodazen itzak belarrik entzuteko baño egurats utsean eta gedar egin-alean esateko obeak yatzuz.

        Macduff'ek.— Zeri dagokoz? Guztioi batera? Ala norbaiten biotzari alogerantzo zor yakon atsekabea yatzu?

        Ross'ek.— Zintzo dan biotzik ezin gelditu leiteke zoritxar orretan kide-izateke, zatirik andiena zuretzako izan-arren.

        Macduff'ek.— Niretzako ba'da, ekazu ta ekazu len-bañolen.

        Ross'ek.— Zure belarriak egundo entzun izan daben otsik gogorrena entzungo dabe-ta, ez al dautsoe betiko gorrotoa artuko nire miñari.

        Macduff'ek.— Ba! Sundea artu dot.

        Ross'ek.— Zure gazteluan otoz-otoan sartu dira; zure emaztea ta zure umeak basatikeri itzalez eran (il) dabez; oreinok zelan il ebezan zuri esatea areinari zeure eriotzea eranstea litzateke.

        Malcolm'ek.— Yaungoiko errukiorra! Zer dok ori, gizon? Ez yantzi egundo ire buruan txapelik; ixuri atsekabe-itzak; ixileko atsekabeak txutxu-putxu egiten yautsak biotz beteegiari, ta eztanda eragin.

        Macduff'ek.— Nire seme-alabak be bai?

        Ross'ek.— Emazte, seme-alaba, otsein, aurkitu al izan eben guztia.

        Macduff'ek.— Eta nik andik urrin egon-bear! Nire emaztea be ilik?

        Ross'ek.— Esana.

        Malcolm'ek.— Nasai biotz ori! Atsekabe itzal au osatzeko, gure asperkuntza andia bedi osakai.

        Macduff'ek.— Orrek ez dau seme-alabarik. Nire txikitxo guztiak ala? Guztiak esan dozu? Ai! su-lezako mirutzarra! Guzti-guztiak ete? Zer? Nire txitatxo maite guztiak eta euren amea bera-egazkada bakarrean?

        Malcolm'ek.— Gizon-antzera ekiok arazo orreri.

        Macduff'ek.— Olantxe egingo dot; baña gizon-antzera artu bear dot min be; zelan gogoratu ez nik, orreixek izan ziriala nire ondasunik ederrenak? Ikusi ete eban Yaungoikoak ikusteko ori ta euren alde yarri ez? Macduff oben-ontzi, areik guztiak igaitik artu yoen artu eben zartadea! Nire ezereza! Euren erruz barik, nire erruz sakaildu ebezan areik: Yaungoikoak betiko atsedena emongo al dautse orain!

        Malcolm'ek.— Bedi auxe zure ezpatearen zorroztarri; naibagea asarre gorritu bedi; ez amuztu biotzik, asarrez bete baño.

        Macduff'ek.— Ai! Nire begiak emakumearena egin lei ta nire miñak arroputzarena! Baña, Yaungoiko ona, bitarteko aldia laburtu egizu; Eskolanda'ko txerren au ta ni aurrez-aurre yarri gagizuz; imini egizu a nire ezpatea beteko bidean; igesi ba' dagi igesi, Yaungoikoa bedi aren erruki be.

        Malcolm'ek.— Esakera ori gizon-esakera dok. Ator, gayoazan erregegana; gure indarra gerturik yagok; gure egiteko bakarra agur egitea dok; Macbeth gari eldua dok yo ta ikaraz lurrera yalgiteko, ta goiko almenak gertu yaukiezak gari ori ebateko igitai zorrotzak. Nasai adi, al ba'dok; ostean egunik ez datorkon gama luze egiten dok.

 

 

 

V. ekitaldia

 

I. Agerlekua. Dunsinane. Gazteluko Gela bat. Osagillea ta Goi-emakumezho Otseña datoz aurrera.

 

        Osagilleak.— Gau bi egin dodaz zurekin batera yagoten baña zure esanetan ez dot aurkitzen egi-antzik. Noz izan zan oraintsuengoz a ibili zana?

        G.E. Otseñak.— Errege kanpora-ezkero, neuk ikusi dot ori oetik yagiten, gau-yantzi luzea bere bizkarreratzen, bere gelatxoa idigiten, andik ingia (papela) artu, aloztu, an idatzi, idatzia irakurri, gero irakurratza ezarri ta, atzera oera yoaten; baña guzti ori egiten eban artean lo-zorroan.

        Osagilleak.— Izameneko naste andia yatzu ori: lo osasungarria egin eta, erabatera, itxarrik dagonaren egitekoak egitea! Lo zorroko artegatasun orretan, ibilteaz eta ganetiko beste zeregiñak egiteaz ganera, edonoz ezer esaten entzun ete dozu?

        G.E. Otseñak.— Bai, eta nik ezetara be barriro esango ez neunkeana entzun be.

        Osagilleak.— Niri esan zeinskit, eta obeto esango ba'zeunst.

        G.E. Otseñak.— Ez zuri ez beste iñori, nire esana sendesteko iñor izan ezik. Aa, emen dator bera!

 

(Macbeth Anderea dator aurrera, argizai ixituaz.)

 

        Olantxe ibilten yatzu ori egin-eginean; eta, siñetsi egistazu, lo gogorrean. Adi zakioz; urreratu zakioz.

        Osagilleak.— Zelan eldu da argi orretara?

        G.E. Otseñak.— Zelan? Bere aldamenean egoan; etentzake eukiten dau argia aldamenean; bere agindua da ori.

        Osagilleak.— Ba-dakuszu; orren begiak zabalik dagoz.

        G.E. Otseñak.— Bai, baña euren asmamena itxita dago.

        Osagilleak.— Zeri daragoyo orain? Begira, zelan igurzten dauzan eskuak.

        G.E. Otseñak.— Eskuak olan ikuziarena egitea oiturea dau orrek; zeregin orreri ordu-laurenean daragoyola ikusia dot.

        Macbeth Andereak.— Oraindik be orban bat emen dago.

        Osagilleak.— Entzun! Berbetan daragoyo; zer diñoan idatzi egin bear dot, zeatzago ta sendoago yarri dagidan nire oroimenean.

        Macbeth Andereak.— Alde, orban denganiño ori! Alde, gero! Bat; bi; beraz, egitordu da; su-lezea iluna da! Uf! ene yauna, uf! Guda-gizona zu, ta bildur? Zer dala-ta nok yakingoaren bildur gure almenari erantzutekorik iñor ez-ta? Eta orraitiño nok uste eikean agure orrek orrenbeste odol izan eikeanik?

        Osagilleak.— Entzun ete dozu ori?

        Macbeth Andereak.— Fife'ko thaneak ba-eban bere emaztea; non da orain emazte ori? Zer, ez ete dira eskuok eguño garbituko? Orretaz itzik bez geyago, ene yauna, orretaz txitik bez; zure ikaratze orregaz dana galtzen dozu alperrik.

        Osagilleak.— Zoaz, zoaz; zuk yakin bear ez zeunkeana dakizu-ta.

        G.E. Otseñak.— Esan bear ez leukeana esan dau; bai orixe: Yaungoikoak daki orrek zer yakin dauen.

        Macbeth Andereak.— Oraindik odol-sundea da emen; Arabi'ko usain gozo guztiak ez dira asko eskutxo oneri usain ona emoteko. Oi, Oi, Oi!

        Osagilleak.— Ze aspera dogu ori? Orren biotza aztun dago.

        G.E. Otseñak.— Nire soin osoaren ederra-arren, ez neunke izan gura olango biotzik nire bularrean.

        Osagilleak.— Ondo dago, ondo dago, ondo dago.

        G.E. Otseñak.— Yauna, eskatu Yaungoikoari olan izan daiten.

        Osagilleak.— Gatx au ez da nik osatu daikedana; orraitiño nik ezautu dodaz lotan batera ta bestera ibiliak izan-arren, euren oyetan bakez il izan dirianak.

        Macbeth Andereak.— Ikuzi zure eskuak, yantzi zure gauatorrea; ez izan orren zurbil; barriro diñotzut Bankuo lurrean datzala; arek ezin urten leike bere illobitik.

        Osagilleak.— Ori be ba-dogu?

        Macbeth Andereak.— Oera, oera; ate-otsa da: goazan, goazan, goazan, ekazu esku ori; bein egiña egiñik dago; ez dago ori banatuterik; oera, oera.

 

(Alde dagi)

 

        Osagilleak.— Oera yoango ete da orain?

        G.E. Otseñak.— Artez.

        Osagilleak.— Txutxu-putxu zantarrak dabiltz or zabal; izamenaren aurkako egiteak izamenaren erako ez dirian kezkak sortu oi dabez; gogo gexoak euren buruko-azal gorrai esaten dautsez euren izil-muxilek. Orrek osagillea baño bearrago dau Yaungoikoaren laguntzea. Yaungoiko, Yaungoiko, parkatu ta erruki zakiguz guztioi! Yagoizu; aldendu ta ayenatu orregandik kezkarik emon leyon edozer; eta zure begiak ez aldendu orregandik; onenbestez, gau on; orrek nire susmoak egiztau ta nire begiak ikaratu egin dauz; ba-dot nik nire eretxia, baña iñori esateko adorerik ez dot.

        G.E. Otseñak.— Gabon, osagille on.

 

 

II. Agerlekua. Dunsinane-alboko lurraldea. Menteith, Caithness, Angus, Lennox, eta gudariak datoz aurrera arratz eta ikurriñekaz.

 

        Menteith'ek.— Ingelanda'ren indarra ur da, zuzendaritzat Malcolm, aren osaba Siward, eta Macduff ona dauzala. Aspergurariz erreten datoz, euren zegaiti maitagarriak gizon mindua odola izurtzera ta gudaketa latzera zirikatzekoak dira izan be-ta.

        Angus'ek.— Birnam basoaren ertzean bat-egingo dogu eurekin: bide ori dakarre.

        Caithness'ek.— Bai ete-daki iñok Donalbain be bere anayeakin dagonik?

        Lennox'ek.— Yauna, eskier dakit ez dagona; neuk dot gizon nagusi-nagusi guztien izen-erreskadea; or dagoz oraintxe be gizatasunaren lenengo aldian diriala iragarten daben Siward'en semea ta bizar-bako gazte asko.

        Menteith'ek.— Zeri daragoyo gizon odoltzaleak?

        Caithness'ek.— Dunsinane andia ondo sendotzen daragoyo; batzuk zoratu egin yakola diñoe; gorroto gitxiago dautsoenak amorru-kemena dauela dasae; baña, dana dala, gauzak artu daben bidetik ezin eskuratu izango dauz ezetara be.

        Angus'ek.— Orain asmetan dau arek zelan eskuetan gili-gili egiten dautsoen arako ixilean eginiko eriotzak; orain, txitean-piteango matxinadak agiraka egiten dautsoe aren ainbestetan yaneko berba ta zitalkeriari. Bere agintzapean dagozanak aginduaren-aginduz bakarrik igitzen dira; zirkinik be ez maitasunez; orain dakus ondo arek bere aginpidea nasayegi daukola, lapur motxoak gizatoaren yantzia legetxe.

        Menteith'ek.— Nok ezarriko dauste, orrezkero, errurik aren sentzunai, atzeraka egin eta ikaratu ba'daitez, aren barruan dagon oro an aurkitzeagaitik andiak esaten ba'daragoyoe?

        Caithness'ek.— Ondo dago, goazan aurrera, zuzenez bear dautsagunaren esana egiteko; goazan zorion gexoaren osakaiaz bat-egitera, eta aregaz batera, gure erri au garbitzeko, ixuri dagigun gure azkenengo tantakadarañokoa.

        Lennox'ek.— Edo bear dan aña, lora nagusienari ura egin eta bedar txarrak itoteko. Goazan Birnam-aldera.

 

(Alde egin eta yoan doaz.)

 

 

III. Agerlekua. Dunsinane. Gazteluko gela. Macbeth, Osagillea ta Otseñak datoz aurrera.

 

        Macbeth'ek.— Ez ekarri niri barririk geyago; doazala guztiak egaz: Birnam'go basoa Dunsinane'ratu-arte bildur zurbilleak ez dau nirekin zer-ikusirik. Zer yat Malcolm mutilla? Ez ete da emakumegandik yayoa? Gizonen gora-bera ta atzera-aurreak ondo ezagun dabezan beste mundukoak auxe esan dauste: «Ez izan bildurrek, Macbeth; emakumegandik yayokok ez zau egundo azpiratuko.» Orrezkero, ba, igesi, thane azpi-yaleok, eta nastu Ingelandar mizkeri-zaleakin; agintzeko dodan gogoa eta bularrean daroadan biotza ez dira, ez, makurtuko ezpaiz ez eta ikaratuko bildurrez.

 

(Otsein bat dator aurrera)

 

        Txerrenak baltzituko al au arpegi-zurbil denganiño ori! Nondik dakak ata-arpegi ori?

        Otseñak.— Amar milla dira.

        Macbeth'ek.— Ateak ala, zital?

        Otseñak.— Gudariak, yauna.

        Macbeth'ek.— Oa, igurdi egik arpegi ori, ta azal gorria imini egiok ire bildurrari, zitori-gibeldun orrek. Ze gudari, adabaki ori! Denganiñoen denganiñoa! Izerazko ire matrallak bildurraren aolkulariak dozak. Ze gudari, gazur-arpegi?

        Otseñak.— Ingelandarren indarra, zure on-eretxiz.

        Macbeth'ek.— Alde begi arpegi orrek emendik.

 

(Otseñak alde dagi.)

 

        Seyton! Ikusiak berak biotza larritu egiten daust. Seyton, diñot! Matxinada onek edo betiko yarriko nau, edo oraintxe nire yarlekutik kendu. Luzaro asko bizi izan naz; nire bizikerea igartzeraño yatsi da, orri-bellegia da; eta zartzaroaren lagungarri izan bear leukien gauzak, esaterako, omena, maitasuna, esaneko izatea, adiskide-mordoak, nik olangoen begira egoterik ez dot; bai, ostera, euren ordez, añenak, ez zarataka, baña bai biotzbiotzetik; itz utsezko omena, arnasa utsa, ta orixe be biotz gaxoak ukatu-gurako leuke, baña ez da azartzen. Seyton!

 

(Ba-dator Seyton)

 

        Seyton'ek.— Zer da maitagarri orren guraria?

        Macbeth'ek.— Bai ete dok barririk geyago?

        Seyton'ek.— Len ekarriko barri guztiak egiztau dira, ene yauna.

        Macbeth'ek.— Burrukan egingo yoat nire azurretatik aragi guztia urratu ta kenduarte. Ekak nire guda-yantzia.

        Seyton'ek.— Bein-beñean ez dozu aren bearrik.

        Macbeth'ek.— Yantzi egin bear yoat neure burua. Bidali ortik-zear zaldun geyago, arakatu erri osoa alderik-alde; urkatu bildurrik aipatu dagienak. Ekak nire guda-yantzia. Nolan dago zure gexoa, osagille?

        Osagilleak.— Ez txarto be txarto, ene yauna, baña sarri-sarri datorkozan burutapenak kezkaz bete ta loa galazoten dautsoe.

        Macbeth'ek.— Osatu egiozu gatx ori; gexorik dagoana gogoa izanezkero, ez ete dozu orrentzako osakairik? Atera aren oroimenetik sustar sakonak emoneko naibagea; atera igurtzika garaunetan idatzita dauzan kezkak; eta aiztu eragiteko, itzulietarako osakairen bategaz aren biotza azpian arturik daukan zer aztun eta kaltegarria andik ateratekorik?

        Osagilleak.— Olango gatxaren osakaya noberak artu bear dau, ez iñok emon.

        Macbeth'ek.— Egotzi egiek osagilletzea txakurrei, nik neuk ez yoat bear ezetarako. Ala, yantzi egistazue guda-yantzia; ekak nire makillea; Seyton, bidali ortik-zear. Osagille, thaneak nigandik igesi doaz. Ala, yauntxo, bidali egizak. Nire erriko ura urtu al ba'zendu, osagille, ze gatx dauen aurkitu, ta garbitu ta lengo osasuneratu, erantzunak barriro yoko leukezan txaloak yoko neunskizuz. Atera ta yaurtin, esan gura dot. Ze usturi, pitusgarri, ze barrua garbitzeko osakaik igurtzien-igurtziz, atera ete legiz Ingelandarrok emendik? Bai ete dozu euren entzuterik?

        Osagilleak.— Bai, ene yaun ona; zure errege-gertakuntzak entzun-eragiten dauskue zeozer.

        Macbeth'ek.— Ekazu nire atzera. Ez dot izango ez eriotzearen ez edenaren bildurrik, Birnam'go basoa Dunsinane'ra eldu-arte.

 

(Osagilleak ez, besteak alde dagie)

 

        Osagilleak.— Dunsinane'tik urrin ba'nengo egon, irabaziak nekez ekarriko ninduke ona barrien-barri. (Alde dagi)

 

 

IV. Agerlekua. Dunsinane-aldeko lur-arloa: Basoa agirian. Arratz eta ikurriñakaz Malcolm, Siward zarra ta onen Semea, Macduff, Menteith, Caithness, Angus, Lennox, Ross, eta Gudariak, yoan doazala, datoz aurrera.

 

        Malcolm'ek.— Lengusuak, lo-geletan bildurbage lo-egin al izateko egunak ur diriala ditxarot.

        Menteith'ek.— Orren ezpairik ez dogu.

        Siward'ek.— Ze baso da gure aurreko ori?

        Menteith'ek.— Birnam'goa.

        Malcolm'ek.— Gudariak zugatz-adar bana ausi ta bakotxak berea aurrean eroan begi; olan gure indarra ostendu egingo dogu ta igarri-gurarik dabiltzanak barri okerrak eroango dabez.

        Gudariak.— Olantxe egingo dogu.

        Siward'ek.— Guk geuk ez dakigu besterik, gizon anker-ustetsu ori oraindik Dunsinane'n dala ta aren aurrean guri erantzuteko dala baño.

        Malcolm'ek.— Orixe da aren itxaropenik andiena; eta izan be, ezetariko erarik emonezkero, gitxi nai asko, matxinadea sortzen dautsoe; ta iñor ez da gelditzen aren bendean bear utsez ezik, eta orreixen biotzak be ez dagoz aren alde.

        Macduff'ek.— Areri buruzko gure esa-mesa zuzenak gorabera, begira dagigun gure eginbearra, ta yokatu dagigun gudari zur-arduratsuen erara.

        Siward'ek.— Urreratuz dator bere ondorenaz zer dogun eta zeren bearra dogun ezagutu ta esan-azoko dauskun aroa. Ekite-aurreko esa-mesak itxaropen ziur ezez beteak izaten dira; ondorengo ziurra zartadak ebatzi bear dabe, eta orretarako eroan aurrera gudea.

 

(Alde dagie, guda-lerroka, urrengorik urrengo)

 

 

V. Agerlekua. Dunsinane. Gaztelu-barruan. Arratz eta ikurriñakaz, Macbeth, Seyton, eta Gudariak datoz aurrera.

 

        Macbeth'ek.— Eskegi gure ikurriñak ate-aldeko ormetatik: Bein-beñeko guda-gedarra au da: «Ba-datoz»; gure gazteluaren indarrak orreik inguratuenari irri-egingo dautso; darrayela emen goseak eta beroenaren aldikadak eurak iruntsirik gelditu-arte. Gureak izan bear leukienak orreikin egotea izan ez ba'litz, euren billa yoango gintzazan adoretsu ta arpegiz-arpegi ta, guk geyago eginda, eurenerantza bultzau. (Emakume-negarra barruan)

        Zer da zarata ori?

        Seyton'ek.— Emakumeen negarra yatzu, ene yaun on. (Alde dagi.)

        Macbeth'ek.— Larri-larri bildurra zelangoa dan be aztuta nago; izan da aldia gau-gedarrik entzunezkero nire sentzunak otziturik gelditzen yatazana; eta iñori gauza itzalik entzunezkero, buru-narrua yagi ta ikaratu egiten yatan, bizia an bai'legoan; orain gauza ikaragarriz narruak artu-alean andituta nago; eriotza-oldozpenak egunean-eguneangoak dodaz-ta, gauzarik itzalenak be ikara bat bera be ezin emon daustie.

 

(Barriro dator aurrera Seyton.)

        Zegaitik izan zan arako garrazia?

        Seyton'ek.— Errege-Anderea il da, ene yauna.

        Macbeth'ek.— Geroago il bear eukean, alan onako itz onentzako aldia be izango zanda. Biar, eta biar, eta biar or dator oinkadatxoka ta erdi-tatarrez egunik-egun, itzaren azkenengo ataltxoa be esatekoa-barik esana izan-arte; eta gure «atzo» guztiak zoroai argi egin dautse eriotza austsurarteko bidean. Itzali, itzali, argizagitxo labur ori! Bizia ibilli dabillen itzala baño ez da; antzezlari errukarria yatzu; antzokian dagonartean bein arro-puztu, bein asarretu egiten yatzu ta, gero, ez dozu aren barririk geyago; ergelaren ipuña dirudi: zarata ta bizitasunez betea, baña mamibagea.

 

(Geznaria dator aurrera.)

 

        Miñari eragiteko ator i; esan arin esatekoa.

Geznariak.— Ene yaun atsegingarri, neronek ikusia dala diñodana esan bear neunke nik, baña ez dakit nolan esan.

        Macbeth'ek.— Tiruk, be, esan egik, yaun.

        Geznariak.— Mendi-tontorrean zai nengoalarik, Birnam-aldea begiratu neban eta, begiratuaz bat, basoa igika asi zala iruditu yatan.

        Macbeth'ek.— Guzurti ta yopu ori! (Yo dagi.)

        Geznariak.— Onan ez ba'da, betor nigana zure asarrea. Emendik iru legoa-bidean ikusi zengike ba-datorrela; ibili dabilen basoa diñot.

        Macbeth'ek.— Ik diñoana guzurra ba'dok, zugatzik urrenetik eskegiko aut bizirik, gosearen-gosez irrintze egin-arte; ik esana egia ba'dok, ostera, ez yaustak ardura euk beste orren beste egingo ba'daustak be. Oraintxe zirti-zarta egiteko gertu nago; eta oraintxe asten naz konturatzen guzurra egi-antzez esan daroan txerrenak ziri ederra sartu eustala: «Ez izan bildurrik. Birnam'go basoa Dunsinane'ratu-arte»; eta orain basoa etorri dator Dunsinane'ra. Artu izkilluak, artu izkilluak eta goazan landara!

        Orrek autortzen dauena egia ba'da, ez dago ez emendik alde-egiterik, ez-ta emen geldi yarraitzerik be. Eguzkia ikustez be aspertuta nago ta mundua ankaz gora yausiko ba'litz gurago neunke. Yo izkilluetarako yoalea! Putz-egin axe orrek! Ator, ondamendi! Gitxienez be guda-yantzia aldean dogula ilgo gara. (Alde dagie.)

 

 

VI. Agerlekua. Lengoxea. Gaztelu-aurreko zelaya Arratz eta ikurriñakaz Malcolm, Siward zarra, Macduff, eta abar eta euren Gudaroztea, zugatz-adarrakaz datoz aurrera.

 

        Malcolm'ek.— Urrik asko gara; egotzi lurrera zuon orrollo-estalkiak, eta erakutsi zuok zer zarien. Zu, osaba adoretsu, nire lengusu ta zure seme zintzo-zintzoa danarekin, zu izan gure lenengo ekitaldiko buru; Macduff adoretsuak eta nik artuko dogu ganetiko arloaren ardurea, nik ebatziaren arauz.

        Siward'ek.— Ondo ibili. Arrats onetan gizon ankerraren indarra aurkitu ba'dagigu aurkitu, benderatu gagizala, yoten ez ba'dakigu.

        Macduff'ek.— Itz-begie gure adar guztiak; putz-egiezue egin-alean odola ta eriotzearen geznari zaratatsuoi. (Alde dagie.)

 

 

VII. Agerlekua. Lengoxea. Zelaiko beste arlo bat. Gudara-otsak. Macbeth dator aurrera.

 

        Macbeth'ek.— Taketari lotu nautsoe; ezin dagiket igesi, baña, artzak legetxe, nagoan toki onetan burruka egin bear dot. Nor eta zer da emakumegandik yayo ez zana? Orrako orren bildur izan bear dot, edo iñoren be ez.

 

(Siward gaztea dator aurrera)

 

Siward gazteak.— Zer yak izena?

        Macbeth'ek.— Entzunak berak bildurtuko au.

        Siward gazteak.— Ez; ez-ta ire izena su-lezako izenik beroena baño beroagoa ba'dok be.

        Macbeth'ek.— Macbeth dok nire izena.

        Siward gazteak.— Txerrenak berak ez leuskio aipatuko nire belarriari ori baño gorrotagarriago yakon izenik.

        Macbeth'ek.— Ez, bildurgarriagorik ez.

        Siward gazteak.— Guzurra diñok, anker denganiño orrek; nire ezpateaz erakutsiko dauat guzurti utsa azana.

 

(Burruka daragoyoe ta Siward gaztea eranik da.)

 

        Macbeth'ek.— I emakumegandik yayo intzan, baña nik emakumegandik yayoko gizonek eragiten dauen ezpateari irri ta barre egiten yautsat. (Alde dagi.)

 

Gudara-otsak. Macduff dator aurrera.

 

        Macduff'ek.— Durundua alderdi aretatik dator. Gizon anker, erakus egik ire arpegia! I nire ezpatearen zartadeak ez besterenak eran (il) ba'agi, nire emazte ta seme-alaben mamuak ez nayoek baketan itxiko. Zelan emon nik zartadeak Eire'tar gudari gaxoai, euren izkilluak eroateko alogerean artuak baño izan ez-ta? Nire zartadea iretzako dok, Macbeth, eta ori ezean, agoa amustubage, nire ezpatea atzera bere lekan sartuko yoat, egitekoa egiteke. Arrayo ori or ago, urrean; ots eta durundu ozen ori irea ez bestena ezin izan leitekek. Zori ori, aurkituko al dot a gizona! Auxe ez besterik ez dautzut eskatzen.

 

(Alde dagi. Gudara-otsak)

 

Malcolm eta Siward zarra datoz aurrera.

 

        Siward'ek.— Emendik-zear, ene yauna; gaztelukoak onez gure benderatu dira; gizon ankerraren aldekoak aldea bietan daragoyoe erasoten; thane kementsuak adoretsu daragoyoe ekinaldian; larri-larri dagoneko da eguna zurea ta egitekorik gitxi baño ez dogu.

        Malcolm'ek.— Geure aldamenean geugaz batera ekiteko arerioak aurkitu doguz.

        Siward'ek.— Sartu, yauna, gaztelura.

 

(Alde dagie. Gudara-otsak.)

 

 

VIII. Agerlekua. Lengoxea. Zelaiko beste arlo bat. Macbeth dator aurrera.

 

        Macbeth'ek.— Zer dala-ta egin nik arako Erromatar zoroarena ta nire burua neure ezpateaz eran? Iñor bizirik dakustan-artean, nik orrei, eginiko zauriak ederrago emongo dabe.

 

(Macduff dator aurrera.)

 

        Macduff'ek.— Bira-egik, su-lezako txakur orrek, bira-egik!

        Macbeth'ek.— Beste gizon guztietarik igandik alde egin yoat, baña atzeratu akit; nire gogoa lendik yagok ire odolez beteegi.

        Macduff'ek.— Itzik ez itxaron nigandik; ezpatea dok nire itza; zital ori itzez esan leitekean baño odoltiago az (Burrukan daragoyoe.)

        Macbeth'ek.— Alperrik abil; niri odola ateratea ez dok errezago ire ezpata zorrotzez ire inguruko eguratsean akatsa egitea baño; ire ezpata-agoa zaurikorren buru-ganera egotzi egik. Nire bizia liluratua ta emakumegandik yayori amore ez egitekoa dok.

        Macduff'ek.— Ez akio entzun ire lilurapenari; eta orainarte i aren otsein izaneko txerrenak esan begisk: «Macduff bere amaren errayetatik garaiz-aurretik atera eben.»

        Macbeth'ek.— Denganiñoen miña ori diñostana, nire gizatasunak dauenik onena bildur-ikaratu daust-eta! Eta esangura biko itzez ziria sartzen dauskuen txerrenoi ez al dautse iñok siñetsiko: gure belarriari agindu egiten dautsoe, baña gure itxaropenari agindua ausi! Ez yoat egin gura burrukarik ikin.

        Macduff'ek.— Orrezkero nire benderatu adi, dollor ori, ta bizi adi aldiaren ikuskizun eta begirakizun izateko; gure kokomarrorik bakanenak legetxe, abean iminiko yoagu ire irudia ta bere azpian auxe idatzi: «Emen ikusi daikezue agintari biozbageko izana».

        Macbeth'ek.— Ez nayoak nire burua iñoren bende yarten, Malcolm gaztearen oñetan lurrari mun-egin eta erri zeak niri iñondiko añenak egozteko. Birnam'go basoa Dunsinane'ratu, ta i emakumegandik yayo-eza izan-arren, nikin ekin bear dauena atzeneraño yoko yoat. Nire soñaren aurrean nire guda-ikurdia yarten yoat. Erdu ganera, Macduff; eta denganiñoak eroan begi «Geldi, asko da» leen esango dauena!

(Alde dagie, burrukan.)

 

Ekinetik alde-egitea, Eresi aloya. Arratz eta ikurriñekaz Malcolm, Siward zarra, Ross, Lennox, Angus, Caithness, Menteith, eta Gudariak.

 

        Malcolm'ek.— Emen ez dirian gure adiskideak onik eta ondo etorriko al dira.

        Siward'ek.— Baten batzuk yoan-bearra da; eta, orraitiño, galduak galdu, egun au lango egun andia merke erosi dogula nik uste.

        Malcolm'ek.— Macduff eta zure seme zintzoa ez dira agiri.

        Ross'ek.— Zure semeak, ene yauna, gudari onaren zorra ordaindu dau; gizon izaterarte bakarrik bizi izan da; eta bere kemenak orixe erakutsi-ordukoxe, gizonki il zan, egoan lekuan, atzerantza zirkinik egiteke, erasota.

        Siward'ek.— Il da ala?

        Ross'ek.— Bai, eta guda-tokitik atera dogu; zure atsekabearen neurria aren gaitasuna ez bedi, orrezkero atzenik ez leuke-ta.

        Siward'ek.— Zauriak aurrekaldetik ete dauz?

        Ross'ek.— Bai, aurretik arakoak dira.

        Siward'ek.— Tira, ba; olan ba'da, bedi Yaungoikoaren gudari! Buruan uletan beste seme ba'neuz izan, ez neunskie gurako eriotza ederragorik; eta olan, aren il-yoaleak yota dagoz.

        Malcolm'ek.— Ori baño atsekabe geyago zor yako-ta, ori neure kontura.

        Siward'ek.— Ez yako besterik zor; ondo yoan dala diñoe ta bere kontua ordaindu dau; eta olan Yaungoikoa lagun dakiola! Emen dator biotz-nasaigarri barria.

 

(Barriro dator aurrera Macduff, Macbeth-en burua dakarrela.)

 

        Macduff'ek.— Gora errege! orixe zara-ta; begira, non dozun zuri erregetzea ostuko denganiñoaren burua; azke gara orain: zure errege-erriko pitxiz inguraturik zakust eta orreik eurok be nik zuri eginiko agurra bera daukie euren gogoetan; eta orreik eurok be nikin batera zarata ta deadarrez esango al dabe: Gora, Eskolanda'ko Errege!

        Guztiak.— Gora, Eskolanda'ko Errege!

 

(Eresi alaya.)

 

        Malcolm'ek.— Aldi-arlo andirik ez yat yoango zuon maitasuna banan-banan aintzakotzat artu ta nire burua zuokin bardindu baño len. Ene thane ta senideok, oraindik aitzina kondeak izan zaiteze, Eskolanda'n egundo izan dirian izen orretariko lenengoak. Onez ganera egiteko dana, bere aldian egingo da, esaterako, agintza anker eta zur orren sareetan ez yauste-arren erbestera igesiko gure adiskideai dei-egin; argitara atera arakin il onen eta, uste danez, bere burua bere eskuz eraneko errege-andera denganiñoaren aginduak bete ebezan biozbakoak; au ta guk egingoaren begira dagon beste edozer bearreko, neurriz, garaiz eta bere tokian egingo dogu, Yaungoikoa lagun. Orrezkero, eskerrak guztioi bertatik, guztioi eta bakotxari, ta gure buruntzaketa-yaya Scone'n ikusteko deya orainganik or dozue.

(Eresi alaya. Alde dagie.)

 

Amaya

 

Salta (Argentina)'n 1957'garren urteko Dagonillaren 18'an.

 

(1) BELONA. Erroma'tarren mito-iztiz, emakumezko guda-yainkoa zan. Marte'ren arreba edo emaztea.

(2) HEKATE, su-lezetan agintze andiko anderea. Birgili'k «caeloque Ereboque potentem» (Aeneis VI, 247), bai ortzean bai su-lezan indartsua, ereisten dautso.

(3) TARKIN, Erroma'ko lenengo erregeetarik zaspigarrena ta azkenengoa yatzu emen. Onen semea Sesta'k, lizunkeri-irrits eutsi-eziñak bultzauta, Lukertze emakume on-maratz eta sendi urtenekoa ta ezkondua, indarrez eta gabaz, laidotu ei eban. Yazokune baltz eta iguingarri onek Erromarrak asarre bizitan yarri ebazan, eta iguñaren iguñez erregea ta erregeak bein betiko ortik-zear bidali ebezan eta errege-agintza-ordez Erkal-agintzea sortu-azo.

(4) NETUN, itxaso-errege, Erroma'tarren mito-iztiz.

(5) GORGON. Izen au iru aiztak eroyen. Euzkeldunen-artean nok ez dau entzun neguko gau luzeetan, esaterako, «giz-otsoaren» ipuña? Giz-otsoa ez da ez gizon uts-osoa, ez otso uts-osoa. Olango zer bakanak zirian Gorgonak be: ez emakume uts-oso, ez suge uts-oso. Soñak emakumearenak zirian, baña euren buruetan ule-ordez suge kirimilduak ebezan. Ebezan esan dot, ei ebezan esan-bearrez, alango izakirik izan ezpaita izan. Gorgonok begiratzen eben oro arri egiten ei eben.

 

 

 

 

Itz gitxi ezagun batzuk

 

ADEI: Iñogazko ar-emonetako begirapen eta lotsa.

AIZUN: Guzurrezko.

AMORE-EGIN: Iñoren esan naiz agindura yausi. Ola naiz abea indarraren indarrez okertzen danean, «oben egin» duela esan daroagu; ol edo abe orrek indarrari amore-egin dautso.

ANKER: Bioz-gogor, odoltzale.

ANDIZUREN: Entzute ona, lotsa andi. Euzkel gaiztoz «errespetoa».

ANTZOKI: Euzkel gaiztoz «teatroa» deritxona, an benetako gauzak-barik benetak oen antzekoak erakusten dirialako.

APEN: Asperkunde. Gaitzen bat egin dauenari emoten yakon ordaña.

ARRATZ: Danborra. Danbor eta danbolin-otsak eragiten dautse gazteen zangoai.

ASPERA: Estu-larritasunak eragiñiko arnas-otsa.

ATZ: Eskuko bost erroetarik edozein. Oñetakoa ba'da, be-atza deritxo.

ATZIPETU: Ziria sartu norbaiteri.

BURUNTZA: Erregeak buruan nozik-bein errege-agiritzat eroaten daben zer borobila.

BURESTUN: Aurreko itzaren esan-gura berekoa da. Erestuna eriestuna dan legetxe, burestuna, buru-estuna da.

DOLLOR: Adorebage, bildurti.

EDEN: Euzkel gaiztoz «bereno».

ENTZIN: Iñogan yarten dan uste ona; euzkel gaiztoz «konfiantza».

ERAN: Il-azo, il-eragin. Itz au zarra da ta orain bere ordez erriak «il» ebalten dau, abereai buruz izan-ezik. Abereak ez ei dira ilten, «tragau» baño. Nondik eta noz sortu ete da siñiskera au gure errian?

GEZNA: Norbaiteri beren-beregi eroaten yakon barria naiz agindua.

GEZNARI: Gezna edo mezua daroana.

GORASARRE: Egitada goragarrien bategaitik norbaiteri egiten yakon begi-argi agiria.

GUDAROZTE: Gudari-talde andia.

IKURDI: Beñolako gudetan gudariak, ezkerreko besoari eutsola, soñaren aurrean, eta soñaren goi-aldea yagoteko ebalten eben zurezko nai beste gayezko soin-yagongarria.

IKURRATZ: Euzkel gaiztoz «sillu».

KURTXOIN: Zerbait estaltzeko goitik bera dingilizka yarten dan oyala.

LEKA: Ezpata-ontzi edo zorroa. Arratia'n «zeruka» esango geunskio.

LURRUN-URTU: Ura nai beste edozein lobel lenen lurrundu ta urren, lurrun ori atzera urtu. Orixe egiten da ardoari «espiritua» kentzeko.

PEKO: Susmo, ezpai.

SASTAKAI: Aizto edo «kutxilo»-antzeko izkillo ago-zorrotz laburra.

SEASKA: Sein-aska, seña egoteko aska-antzeko oetxoa.

SEIN: Umetxo, aurtxo. Emendik datoz «sentzain» eta «otsein» itzak.

THANE: Itz au sarritan darabilt lan onetan. Ezta euzkerazko itza, baña yatorrizkoan, ez beste izkuntzetan ordeazkorik ez dauenezkero, aldatzake ebali dot. Fowler'en Ingelandera-iztegiak itz oneri buruz auxe diño: «(Ingelanda'ko goiz-edestian) gizon bere buru-yabe uts eta yayotzatiko andikien bitarteko mallako edonor».

YOPU: Eskubide-bako gizakia, iñorena dana. Itz oneri oraintsu norbaitek euzkotasuna ukatu egin izan dautso. Euzkotarrok yopurik izan ez dogulako, olangoen izenik be ez ete dogu gura? Yoputasunari dautsagun iguña andia be andia da, urrean.

YORI: Eder-aberats.

ZIO: Zerbait egitera naiz ez egitera bultzetan gaituana. Zio-barik ezin dogu ezer egin, ez Yaungoikoak berak be. Dagiguna onegaitik, orregaitik, agaitik edo aragokoagaitik egiten dogu.

ZITORI: Txilin-antzeko lora zuri, sendo, ezpan-zabal, bost-orrikoa emoten dauen urte-landarea yatzu. Gazteleraz «azucena».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.