Itz-Lauz
Ohantzetik kampo
Etienne Salaberry
Zombeit hitz aintzin solas. Nor zoin diren ikusgarrian partalier.
1º DEBRUA, gorriz bezti, lehengo jendeak bezela, galzak zangoeri lothu-lothuak, eskuan arraita, edo ahoan armonika edo chichtua. Dago bethi Piarresen gibelsuan, zeiharka, itzultzen dela, Piarres itzulzearekin. Joiten ditu OHANTZETIK KAMPO airearen lehen bi lerroak, tentazione gisa, Piarres hasten delarik, Eskual-Herriaren kontra (KANTUZ, 26 garren kantua). Ez du nehorek debruari kasu emeiten, ez duelakotz nehorek ikusten.
2° PIARRES, Eskual-Herrirat heldu den gizon zahar bat, arrunt jauna, arropa suhailez besti, lehen ahokian zuten kapa belza, besotik dilingan.
3° Muthiko eta nechkato gazteak, JOANES ETA KATTALIN, jarriak zur muthur baten gainean, elgarri solasean eta irriz, muthikoak akhulua eskuan, nechkatoak arrestelua ondoan.
OHANTZETIK KAMPO
(Aitzinatzen da Piarres. Debruak joiten airea. Gero ichilzen)
Piarres. Agur adichkideak! Iduri zinukete gostuan zaudeztela jarririk iguzkitarat. Ez dukezue ukhan behar, ainhitz arrangura gaichto sabelean! Zuretzat patar gehienak ordoki.
Joanes. Zuk errazu jauna! Bizkitartean denpora ederrak badu, gostuan egoiteaz berzerik. Eguna luze uda minean. He. men gaude, bi orga belhar helduak etcherat, berze biga zabal zabala phentzean. Hats hartu behar dute izpi bat jendek, bai eta uztarriko idiek. Ez zazula uste ukhan, zilin-zin-zin, alferrik gaudela.
Piarres. Ni nago, ez dukezuenez bizkitartean, belhar eta idietarik berze zerbeit achola... Gazteak ari direlarik ahapeka, ez hizala hurbil haldamaldaka.
Kattalin. Jauna, ez dugu nehori kalterik egiten. Eta aita edo amak ikusirik ere, berdin zaikigu. Ez gira ari, jeus zer gorde.
Piarres. Haur gazteak, ez derasat holako solas minkhorrik. Haur gazteak, iduri zinukete, bi chori pollit, burua erne, begia biphil, lephoa igikor, ohantze bazterrean, eta ohantzea, bersulariak zion bezela
«Hanchet oihanean, oihan ederrean
Zeruari hurbil inahala, adar gorenean»...
(Hasten da debrua ta Piarresek aphalago) Nik ere ba nuen ohantzea,; ohantze gochoa, hosto eta belharrez ihaurtu ohantze ephel-eztia, duda-mudarik gabe, burua chut, eman bainiz ihesari, ikus ahala urrun eta urrunago!...
Kattalin. Urrunetik heldu zira, beraz jauna? Ageri duzu, eiki, akhitua zirela. Badu halako daldara erkats bat zure mintzoak: emeiten ez dela bere ezti hartan.
Piarres. Ba urrunetik heldu naiz, edo, mintza nezautzuten ahoan bilorik gabe, ethorri naiz Parisetik. Bainan ez naiz bethi Parisen egoiten. Banoha, arat hunat, egun Ameriketarat, bihar Afrikarat, etzi Aziarat. Ez nitake gehiago nihun koka. Ez naiz gehiago nihungoa, eta hola hobe. Lurrik ez duena, hura dohatsuena!
Joanes. Ez duzu bizkitartean eskuara mikorik ere ahantzia, Garbiki mintzo zira, eta ez dena itzuli-mitzuli zombeit fartzuntzien pare: erdara ez ikhasi, eta eskuara ahantzi. Gu bezela mintzo zira, eta uste lukete frangotek Baigurako semea, gure herritarra zirela.
Piarres. Untsa ikhasia, ez da aise ahanzten. Lehen urtheak bildua, ez da azkenaz higatua. Haurrak tinki erkuratu duena, zaharrak han du tente ahurrean. Barna jautsi da eskuara ene baithan! Sarthu da eskuara ene bhotzean, elhorri mehail, punta gorria bezela. Lothu da eskuara, ene bihotz mamiari, hara nola elhorriaren ezten buru chorrotcha. Eta ez diot khen; ez diot jalgi. (Hasten da debrua) Zuhurtzia litake enetzat, itzulzea Pariserat, itzulzea lehen bai lehen Londreserat, itzulzea Madrilerat, itzulzea Neiorkerat... Han badira etcheak, zuen mendietako harroka pitrailak bezen gora; han badira jendeak zure feirietan bezela chinhaurri; han arnoa, zirt eta zart ari jauzika baso zabaletan, ichurtzen dituela, amets eta lokharia, zurrupitan.
Kattalin. Ez da eni hastea, bar-bar-bar, eskeiniz merke elhe onak. Bainan ez dezaket gorde, gogoak emeiten dautala, ez zinukela nihundik, lothu behar bideari, egun bederen. Churphail duzu begitartea; horail kopeta, bi marra luze-ilhunekin. Iguzkiak bero-kichkeildu nahi duelarik, badabilazu estalgi belz bat, ez baitakit nungo moda den hori.
Piarres. Eskual-Herriko ohidura, haur ederra!... Mendi gain hotarat iragaiteko hartu dut estalgia, usu haise mehea, hemen latz delakotz, firurikan hichtuz ari. Ohartu gabe, hala nahi zukelakotz ene asmu samurrak, eskurat erori zaita estalgi belza, Eskual-Herrian, hilaren laguntzalek jaunzten duten bezelakoa. Ezen doluminetan naiz ene gazte demboraz. Hiltzerat utzi dut... Ehortzia dut ene haur dembora... Hobeki eginen nuen, ez banintz hunat hurbildu... (Joiten debruak zombeit soinu). Ongi egin nezake orai ere urruntzen banintz hemendik, joanki norapait bethikotz!...
Joanes. Zendako jin zira beraz, egoiteko orde zinen tokian?
Piarres. Eta zuek zendako jarri zirezte elgarren ondoan? Zuen ezpeinek erran liote, akhituak zireztela, bainan zuen bibotzek salha liote, elgar maite duzuela. Nik ere uste nuen ez nuela hemengo mendichkentzat atchikimendurik gehiago, eta ibil nintakela Larrunetik Baiguralat, Ursuiatik Jaizkibelerat, Italiatik Suisarat bezela... (Hasten da debrua) Eta huna nun ene bihotz eria hasi zitzaitan pil-pil, joka barnean! Maite othe dut bethi Eskual-Herria bere etche eta eliza, bere phentze eta mendi patarrekin? Haren zeruak, lanho lits churiez iduri du aphaindua, iguzki, lore zilharra, zabal-zabala, denen artean. Ezen, hemen sortua naiz ni ere: Etchehaundian!...
Joanes. To, barkhamendurekin, zu zira beraz jauna, Etchehaundiko Piarres, mediku, jakinsun aiphatua! Zombait eta zombait aldiz, mintzatu zautazte zutaz etchean. Eta ni Errekaldeko Joanes; ene. aldeko pimpirina hau, Ithurriondoko Kattalin! Kasik auzo gira Etchehaundiarekin!...
Piarres. Orai Errekaldeko Joanes, orai Ithurriondoko Kattalin. Bainan bihar, nungo nagusi eta etcheko andere?
Joanes. Ikusi behar! (so eginez Kattalini) Gure ustez eta gauzak ez gaizki itzulikatuz, urthe bat barne, Errekaldeko nagusi eta etcheko andere, edo izaitekotz, Errekaldeko etchetiar. Berdin zaikigu, elgarrekin balin bagira
Kattalin. Ba, Jainko maiteak emeiten badauku osagarria; eginen dugu zerbeit. Ez da izan behar izikor heietarik: Ez gira lotsa!...
Joanes. Bainan Sauna, zuk Etchehaundia zurea zinuen, zure aitametarik ukhana. Nik balinbanu halako etchea, ondo hotan ez baita hak bezelako phentze mahasti albor dituenik, eta gehienak eskua bezain ordoki! Zer oihanak ez dauzka ere, denak leihotik ikusten! Holako etche bat ukhan balu, Joanesek ez zucla salduko dolarrez sakela tuntur jinikan ere Amerikano eroslea! Nahiz behar orduan, egiten den ahal dena!
Piarres. (irriño batekin) Ez nuen behar ordurik. Ez nintzan diru eskasetan, Errekaldeko Joanes! (Hasten da debrua) Saldu dut Etchehaundia, han izan nizalakotz hazia; han xurgatu dutalakotz amaren bulharrarekin, girichtino fedea. Han bizi izanki, haur urthe maithagarrienak, zuek diozuen bezela, eskualdun eta fededun. Ez naiz gehiago fededun, ez dut gehiago egon nahi eskualdun! Joanes Errekalde, saldu dut Etchehaundia, ene sortetchea zelakotz!...
Kattalin. Nahi duzuna ihardetziren daukiguzu jauna, bainan hori ez zait untsa. Edo, egiaren erraiteko, hori zaita arrunt gaizki! Ez da nun amak eskustatu baitzitu, cta hura, bere nahitarat salzen!... Holako deia, dei okhaztagarria. Holako gutizia, gutizia higuingarria... Lehertu behar litakeen tirria! Guk badugu zamariño bat, guziz maitea, bel-belcha, izar churia kopetan. Ba naski, ba dabila jauzi eta pumpe phentzean, baina amari jarraikitzen zaio, itzulzen delarik etcherat. Ez litake errebelatu eta joan. Errekalderat ere. Nihaur ezagutzen nu emeiten baitazkot artho achalak, mamia ere gordeka, askotan. Eni jiten zaita. Ez berze bati. Eni, ezpeinak, ene erhietan gaindi alha...
Piarres. Haur gaichoa, zamariak egin ez dautzuna, eginen dautzu gizonak; Uztarra emanen malzurkiago, chuchenago, gizonak baitaiki nola jar, eta nun zer hunki... (Hasten debrua) Herra lothua zaita bihotzean, sua othe sasian bezela! Ez da Jainkorik zeruan, jainkoaz mintzo zaiztan jende ala gauzak, nik ezin jasain, nik behar chehatu. Behar barreatu.
Kattalin. Balio du Jauna, zu bezela jakitatearen jakitateaz hampatzea, ez ohartzeko, zeru-lurrek badutela norbeit Egilea. arrastelu gider hunek duen bezela norbeit abar chuchenetik moztu duena, oihanean, eta lanthu emeki, gosturekin; balio du jakitatez asetzea, ez zilhatzeko dela Norbeit, lerratzen girelarik, salhatzen baitaikigu beharri chilhorat, nehorek aditzen ez duen hitza: «Geizki hori, geizki eta itsusi.»
Piarres. (Hasten da debrua zakarki) Bainan nik, nechkatcha gaztea, nik irakurtu ditut liburuak metaka, aldi batez ez bailezazke joan denak Joanesek, orgetan, idiekin. Nik irabazi dut aski diru erosteko Baiguraren inguru-inguri dauden eremu guziak. Ez diot, bide makhur-kakolarik ez dutala behin cre hartu, ez, bainan ukhan ditut gizon batek ardiets ditzazkeen munduko ohore gehienak... Zuek aldiz, hemen zagozte herrichka tchar huntan. Zer luke balio chahakoak, ez baliz arno dorpheaz bethea? Zer balio ginuke gure burua ez balitz...
Joanes. (Chutiturik) Errazu jauna, aiphatuak aiphatu, aski! Egon zite zure arrangurekin! Ez gira, ez jakinsun ez eta aberats. Bainan ez gira ere ez zozoak, ez ohoinak. Eta eskualdun zahar-hitzak zion, larri ala chehe, gizona, gizon zela. Ez hunki haren ohorea!
Piarres. Jar zite Joanes, jar zite gizona. Ageri zait baduzula zainetan nihaurek daukadan odol khechu hez-gaitza. Eskualdun odola, odol garbien artean, odol garbia!
Eskualdun odola, odol chirrichta beroetarik, chirrichta beroa!
Eskualdun odola, gerezi basak eman bihika gorrietarik, bihika gorria...
Zuk zure uhainetan badabilzazu nahas-mahas, oldar paregabea, eta urgulu gaichtoa..
Zure zampak ibili zuen Frantses, Xabiereko semea, Chinatiar zedarrietaraino.
Eta nik hartu dut berze bide bat, zu akhulatzale, nahi bainuke iragan ikus ez dezaketan gain gaineraino. Haurrak badakizieia, seme gaztearen ichtorioa?...
Kattalin. Nik segurik ez. Amattok ez daita holakorik kondatu.
Joanes. Nik ere ez dut uste. Has zite, ikus dezadan.
Piarres. (Hasten da debrua) Gizon batek bazituen bi seme, eta gaztenak erran zion aitari: «Aita emadazu ene etche-phartea». Eta aitak eman zion. Egun laburrik barne, seme gazteak jo zuen urrun, berze herri ez ezagutu batetarat...
Kattalin. Orai badakit (Laster mintzo). Han bere ontasun guzia jan zuen, lizunkerian biziz. Gosete bat gaitza gerthaturik, eman zen muthil. Cherrieri botatu, leketarik janen zuen, bainan nehorek ez eskaintzen. «Chutituko naiz, egin zuen bere baithan, chutituko, eta joanen aitaren ganat». Urrun zelarik oraino aitak ikusi zuen, joan lasterka hari buruz...
Piarres. Hori duzu, zure solasea. Enea, ez dut berdina... (hasten debrua)
Han bere ontasuna, nola ez zuen baliatu, ekhararazten ziola, hamarrendako ehun! Aberats okhitua, jakitatea eta ohoreak ukhanki tole, itzuli zen etcherat. Aita ez zaion hurbildu. Hila zen, behar bada haren grinaz higatua! Saldu zuen etchea muthilari, eta joan han harat ihes, norbeit hil balu bezela. Bainan, noiztenka bazohan herrialde, aire harzearen estakuru. Aldi batez aurkhitu zituen zur muthur batean jarririk bi gazte, zer nahi baitzuten bat berzeari erreiteko...
Ohantze bazterrean zauden, bainan kantuak dio chori amaren chori-umez
«Ez zituen gaichoak luzaz gochatu
Zeren egunekin baitzaizkoten hegalak luchatu.»
Utz-azue Eskual-Herri Ohantze hersia. Utz Eskual-Herria, eta jin nerekilan. Zatozte, Joanes eta Kattalin. Egunetik haste zure zoriona
Joanes. Ez naiz gauza haundiren jelos. Ttipi-ttipitik ekharria naiz ardietarat. Arthalde eder bat ezarri gogo dut Errekaldean. Hartarik bizi gitazke!
Piarres. (Debrua ari) Bizi zitazkete, bainan chuhurki. Nik emanen dautzuetet arthalde haundiagoa, phentzeak halakorik ez baituzue ikusi... Ala nahiago balinbaduzue emanen lana hirietan. Ausarki ekhar dezakeen lan garbi-arratcha. Herritik urrun ahantziko dituzue, Eskual-Herriko ohidura, fedea. Biziko zirezte ni bezela, arima hutsa!...
Kattalin. Bainan Jauna, zer derasazu? Zendako gelditu zira gure ondoan, gure gorputzari ongi egiteko, ala gure arimaren uspelzeko, dioten bezela haur tzar batzu girelakotz oraino... Fedea bada denetan. Denetan begira ditake.
Piarres. (ari debrua) Haur batzu zirezte oraino, ba! Astean, igandea gogoan, igandean elgarrekin solastatzea, zure arrets, ez dezakizie zer den sofritzea!... Sofritu ez duena, haur bat da, oraino esnez hazia. Arrangurek dute, eta ez urthek, haurretik gizona jalgitzen. Kattalin, ez zitela jauz; ez zitela khecha! Ahantzkitzu ene erasia erhoak! Zendako hasi nitzautzun hitz emeiten, nik dakita? Gure jaidurek itzulikatzen gituzte, ez baita aise heien ikhertzea. Bathaiatzerat ekharri duten haurrari, apheza hasten zaio ufa eta ufa, emeiteko bere hatsa. Eta nik ere, eman nahi khaldan naukan sukharraren hats errea. Eman nahi ez fedea, bainan fede gabea. Ni ere aphez, zerbeiten, eta behar bada, norbeiten...
Kattalin. Trumilka irakurtu dituzula liburuak, Jauna, eman dautzutea segurtasuna, ez zirela enganatzen, ez zirela, zure ozka hortan, aldez-berze lilluratzen: ez argitu, bainan gaicho, edo zoro?
Piarres. Kattalin maitea, zure zamari pollitak, bere izarñoa kopetan, baduke buztan-zurda kuchkulatu puntan, zuhurtzia gehiago ezinez eta gure jakinsunek bere kasko zabal-gibe lean! Ah badute haro! Bainan batek ezin erakuts, zeruetan ez direla munduen harri meta kakolak baizik! Zombat liburu ez ditut hartu, eskua ikharan, ustez-eta emanen zautatela, Jainkorik ez zelako, azken hitza!... Eta botatu bazterrerat! Badira gutiz loriatzen direnak. Badira, guti, aski baitzaiote. Badira ez direnak gehiago auzika artzen bere gogoarekin, bildu-eta ontasun eta ohore. Bi soseko buru-arin gichonchkila horietaz, ez naiz jelos! Kattalin, Kattalin, zure zamariak badu zuhurtzia gehiago. Buztan kuchkulatu ukhaldiaz lekhuarazten du ausikika ari zitzaion lespada-ulia. Ez dut uste, holakorik eginen dautzuten gure jakinsun aundiek. Jakinsunaren badute izena. Bainan izena ez da izana (Hasten debrua) Egia erran, nork edo nork, haiza dezakete, lespada bezela, burrumban hurbilzen zaikigun, Jaungoikoaren orhoitzapena?...
Joanes. Berzeak berze, bederen bakean zaudea; gostuan bizi zirea, jauna, zuhaurekin?
Piarres. Joanes, uste dugu bethi, azken indarrean, goiti botatu dugula, gure arima. Bainan ez da thu edo heldarrarekin aurthikitzen. Ez da thua eta heldarra bezela ahotik jalgitzen. Barnean dago arima bethi gordea, eta gizona ez ditake uros izan, arima duelarik barnean, zauri samin bilhakatua! Arima saminduak, minbera ezartzen denak, gorputzeraino
Katalin. Gogorat heldu zait orai jauna! Badakizua, zergatik gaituzun hemen hatcheman, elgarren ondoan jarriak?
Piarres. Zendako bada, Kattalin?...
Kattalin. Hala beharra, erran lezakete zombeitek. Bainan nik diot, Jainkoaren nahia. Gerthatuak ez dira Jainkoaren baimenik gabe gerthatzen. Ni nago ez direnez guziak, haren amodiotik jalgitzen! Sobera jasaiten duzu; gu aldiz errotik dohatsu. Eriak badabilza iguzkitarat eta zu jin guri hurbil, uste gabean, eraman dezazun iguzki ephel zombeit pochi. Orhoit hola...
Piarres. Zer diozu, Jainkoak ezarri dautala bidean, zepho gisa, zuen zoriona?
Kattalin. Jainkoak eta debruak biek hedatzen dituzte zephoak, bainan ez chede berarentzat.
Piarres. (Hasten debrua) Zephoa, zepho. Ez naute ez gizonek, ez Jainkoak hatchemanen bere zephoan. Ez duzu ezagutzen, haur gaichoa, Piarres Etchehaundi-ren jite borthitza... Ez duzu ezagutzen Etchehaundiko Piarresen bihotz koska, odol oiesa! Ez duzu ezagutzen Piarres. (Debrua ari da, ondo-ondorat hurbilduz)
Begitan hut Eskual-Herria,
churi direlakotz hire etcheak, iduri irri-karkailaz ari, hain ilhun delarik ene gogo-barnea.
Begietan hut Eskual-Herria,
hire eliza dorre zingilek erakusten baitute zerua, eta ni, sisti-sasta, behereko ontasunetan ibilki, eroraino sarthua!...
Begietan hut Eskual-Herria,
hire jendea belhaunikatu baita Jaungoikoaren aitzinean, eta nik nihauri bihurtu bakharrik ene agurra!
Begietan hut Eskual-Herria,
mendeak eta mendeak baitira othoitza burrustan badohala hire mendietarik Nagusiari buruz, etche guzietako khearekin.
Begietan hut. Ez hiot jasain. Hire gogoa nuk-ek nahi kalitu. ltho hire fedea
(Harzen du lur pozi bat). Lur malsoa! Lur eztia! Phurrusketan johan den lur ezdeusa. Busti-eta erhieri lothuko den lur lohitsua! Lur zikhina! Gaua baino belzago duk hire erraia (Debruak eskua emeiten dio gorphutzetik iduri eramanen duela). Aiphatzen baitute, hire gibelean gordetzen dela, hil ez ditakeen sua... berdin zaitak: jin beharrak jin ditela, ez nuk beldur! (Deslotzen debrua).
Bainan, zer diot... mozkor amets batez, othe naiz bethea!... Ala, ala lur hunek bazuena ez nakien indarra?... Gure arbaso fededunen izerdiarekin duk nahasia. Eta ni fededun horien seme! Badukea lur hunek, lurraz berzelako indar miresgarria? (Botatzen du lurra) Etchehaundian haur ttipia ninzalarik, aitak jarzen nindian, besoen artean, mahi gainean, bera othoitz egiteko, emeiten zelarik mahi aitzinean, eta nik unchasko ihardesten, noiz edo noiz aitaren biloekin josteta... Banian athorra berria, amak joan ninduelarik, Eguberrietan, eskutik elizarat, Jesus Jaunari eskerren bihurtzerat. Eni beha zagoan, eskuak zabal, lasto bir-bira baten gainetik. Egiten ginian Maiatzeko hilabetean othoitz berezia, Ama Birjinari, bi ezko haren bi alderdietan, su-phindar! Segur nuk, berze haurrak bezela, bathaiatu-eta, Amatchi-k luze-luzea ezarri ninduela etzanik haren aldarean... (debruak deslotzen du besoa Piarres, malgutzen).
Ai, zer dut bihotzean?... (Erortzen da lurrerat, debruak zombeit urhats egiten gibelerat. Chutitzen Joanes eta Kattalin.)
Ama!
Kattalin. (Hartuz eskua) Joanes, hila da. Zer behar dugu egin? Abiatu laster zerbeit laguntzaren-keta?
Joanes. Gizonen laguntzak debalde ditu denak, hemendik goiti! Berze laguntza baten eske dago! Ezar dezakogun gainetik berak zabilan estalgi belza. Gauza ospegarria zendu-eta ere gizonaren gorputza! Itsusi litake, haren uztea, erdi buluzia iduri, lurraren gainean. Holako bat zor diogu Piarres Etchahaundiko zenari, gure auzoa zenaz geroz (Estalzen dute).
Kattalin. Arima duke, gain-gainetik, laguntza gose! Bainan Jainkoa, ez dea, Aita urrikalmendutsua? Eta burhasoek lagundu balinbagituzte, munduko, gure lehen urhatsetan, nola sinhets ditake, utz gitzazketela, azken orenean, gure-ber; utz, hara nola umechurtch, guretzat othoitz egin gabe! Badakite gure ezinberzearen berri.
Joanes. Piarres Etchehaundikoak, oihu egin du bere amari. Eta guti egin zion amak, haren galdea, hel arazi Birjina Ama sainduari (biak emeiten dira belhauniho, eskuak uztarturik, debrua gibelka joaiten muruari kontra jar artino).
Biak. Omiasaindorez goresten ditugun, gure hil-herrietako, fededun ohiak, othoitz egizazue Piarres Etchehaundikoarentzat.
San Frantses Xabierekoa, Ignazio Loyolakoa, Michel Garikoitzenekoa, othoitz egizazue zure anaia dohakabe, Piarres Etchehaundikoarentzat!
Birjina Saindua urrikal zitzaio
(Espeinak bildurik mulzo batek kantatzen du azpitik uholde baten pare, gero borthizki, KANTIKAK 181):
Othoi, Ama maitea
Urrikal zaizkigu
Jaunaren hasarrea
Othoi, ezti zazu.
(Ondoratzen erridaua).
|