Itz-Lauz
Aralarko artzaia
Arozena, Andoni
(Urrutira begira, txistu luzea)
Fiii...iit! Ia Pinto, goikaldeko aiek... fiiii.... iit...! Bo! utzi, utzi ortxc.
Eguraldi ona datorrela dirudi; orrela obe.
Egun aundia dugu gaur. Mikel Goiaingeruaren eguna.
«Mikel, Mikel guria; zaindu, zaindu Euskal-erria».
Orrela dio esaerak eta orixe eskatzen dizugu gaur euskotar zintzo guziok.
Orain ere ezpata nun erabili ba duzu. Azeri gaizto asko dabilzkigu inguruan. Barruan areago. Lengo irantsuge ura baño gaiztoagoak oraingo pizti madarikatu alen auek!
Alare, ordea, itxaropen oso osoa dugu Zugan Mikel guria. Eusko lurralde erdi-erdian zagoz eta mendi onen inguruan auzpez daukazu erria: Laburdi ta Zubero Auñamendi egalean, Naparro zabala aurrez-aurre: Ego aldera Araba poxpoliña, urrerago Gipuzko ta araxeago Bizkai.
Gizon naiz emakume, zar eta gazte, lurralde barrukoak eta erritik at, ludi zabalean sakabanatuak dabiltzan euskotar zintzo, guziok otoitz bero bat mamituko dizute gaur: Mikel, Mikel guria; zaindu, zaindu Euskal-erria! Nik ere, Aralar'ko artzai apal onek, egunero bezela, orixe eskatzen dizut.
Alegiñak eginda gero asaldarien zipozkeripean burua makurtu beste biderik ez dagola dirudinean, zoritxar ilundiak guzia ito, asmo onenak ezerezean urtu, uste ta irrikiak amets uts biurtu, zerua bera ere, zeru eder ori gorroto ta zitalkeri odei beltz artean izkutatu, zenbait elizgizonen jokera makurraz lotsatu... guzi-guzia, asmo ta amets, itxaropen, ekite ta lotsa, guzia amildegian bera galdu dala dirudinean... bide bat ba dugu oraño, orratio!
Bide ederra, bide loratsua: siñismendunon bidea. Ludiko oker eta akatsak, gogorrenak ere, Kristo'ren zuzentza zorrotzak berdinduko dituela ondo bai dakigu!Noiz...?
Aldiari neurria artzeko kaxkarregiak ez ote gu? Nolanai ere ez dezagun etsi.
«Al dugun bezela ta ez nai dugun bezela» edo ta «atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu». Oraiñaldia txarra dala? Itsas-asarrea ere baretu oi da. Gañera «ardiak beeka egonik ez du jaten belarrik», baita ere «arian arian zeatzen da burnia». Eta guk ba dugu zertan ari.
Beraz, bide bakarra, auxe dugu: Ekin eta jarrai! «Orixe» olerkariaren bertso jator ura bear dugu gogoan:
«Zatozkida Goi-arnas
eizu nerekin lan,
erri baten arnasa
mamitu dezadan.
Geroak esan beza
«Erri bat izan zan»
edo-ta ats emaiogun
ontan iraun dezan.»
Iraun dezala, bai. Iraun dezala gure erri zarrak. Eta ortarako zure laguntza bearreko zaigu Mikel Goiaingeru ori.
Zortzigarren mendean dragoitzarra uxatu bazenuen, gaur ere badago zer uxatu emen.
Teodosio Goñi bulartsuak bere utsegitearen ordaña mendi auetantxe bete nai izan zuen, baña Oduko Euskal-erri aren egoera benetan larri egin zanean Teodosio'ren gerri medarretik burnizko kate lodia puskatu zenion. Orduko Amaya emazte zintzoaren aizpa maratzak dituzu gaurko gure emakume auek ere. Orduko erri bera gaur osasun eske.
Orregatik datozkizu, urtero bezela, gazte taldeak mendi gora otoiz egitera.
Be aldeko naiko berri ekarriko digute gaur gazte oiek. Obeto esan, zarrak berri. Lendanez guzien erantzuna ba dakit.
«Be aldean zer dugun? Gero ta «coreano» geigo...!»
Nolabait bereiztu bear ba ta... «coreano» dute izena orain auzo erritik datozkigun oiek. Bazter guziak «coreano» dalakoz kutsutu zaizkigu oraintxe... mendi goiak ezik. Bertako ainbeste erbestean eta atzerritarrak barruan. Noiz arte luzatuko ote gure zoritxar au?
«Orixe» ren bertsoetara jo dezagun berriro:
«Gure aitonen Jaungoiko aundi,
irutan santu zerana,
zure semeek lizundu dute
ats ez diteken izena.
Euskalerrian ez bedi zabal
koko-erriko legena.
Lendanik ba du gaitzik aski,
ta oildu betza aiek aurrena.»
Kistar bezela lagun urkoari laguntza zor diogula aztu gabe, gure eginbear nagusiena euskal kutsua gorde, bere izena goratu ta zoriona alde guzietara zabaltzea dala ere ez dugu aztu bear.
Alabaña, gure zenbait gizon aundi coreanoen etorrera ontzat artzen dutenak bai omen dira. Ederra bertsua! Mendi muturretan gabiltzan artzai gizajo auek gutxi dakigu gizon jakitun oiei erantzuteko, baña... arraio, arraiopola!... gai baitzuetan jakiteak baño zentzu argiak geigo balio duela uste dugu.
Nere barrutian ardi arrotzak sartzen badira kaltegarri zaizkit. Nereak zaintzen naiko lan ba dut besterenak artu gabe. Eta egunen batean artaldea ugaritu nai bai dut, neronek aukeratzea ez ote bidezko?
Ez gaitezen txepetxak izan! Esaera zarrak gezurrik ez «Lurra biguñago, arra barrenago». Lendik naiko barruan sartu zitzaigun eta ondorenak nabarmen asko dagoz itsu edo kaiku ez danarentzat.
Orain ere, jende orrek lengo lepotik burua: «Azeri zarrari ilea joan, baña antza ez». Gabiltzan ba. erne... al badugu beintzat!
Ara...! ara gazte talde bat an... (Deika) E... up!... Agur gazteak... Zer?... Bai, bai... jarrai ortik; gero, ezkerraldeko bide xigorretik gora artu... Bai... Ordu erdi bat barru elizan izango zerate... Agur, agur... ondo joan
A...! Gazte auek ematen dute poza! Jauna'ri eskerrak gaztedia gurekin dator.
Seme-alaba zintzoak dituen ama pozik dagoke!
Zu ere, Euskal-erri zar naiz berri, pozik zagozke. Neskamutilak agurka datozkizu. Azken urteetako nekeen ordain oparia duzu.
Ekaitz ondorengo eguzki-laztan gozoak eraginda lur guztia jantzi berriz apaindu ta indar biziz suspertzen dan bezelaxe, azkenaldiko zoritxar ondoren gure erria ere jai aundiari dagokion alaitasunez lozorrotik esnatu ta adore biziz jeikiko da.
Eguzkiaren dizdiz argiak lurralde zear barreatuko diran egun zoragarri artan «Jeiki, Jeiki»ren eresi gartsua Aralar'ko Mikel guriaren aingerutaldeak abestua dala idurituko zaigu:
Jeiki, Jeiki etxekoak,
argia da zabala!
Itsasotik mintzatzen da
zilarrezko adarra,
bai eta ere ikaratzen
Olandresen ibarra!
|