Idazti Berriak
Leturiaren egunkari ezkutua
Ibinagabeitia'tar Andima
Txillardegi. Leturiaren egunkari ezkutua. Bilbao 1957.
Aldizkari onen zuzendariak liburu ontaz kritikatxo bat egiteko eskatu zidan luzaro ez dala. Anartean, EGUNKARI onen otsandia nereganatu zan or-andik, eta urduri nengoen eleberri aipatu ori noiz ikusiko. Ain zuzen ere, nere atsarteak asi ditudan egunean eskuetara zait Txillardegiren liburua, txukun ta apain Bilbao'ko «LEN ETA ORAIN» argitaldariak oi duenez. Paketean zetozen beste liburuak aldebat utzita, Txillardegirenari ekin diot, gogoz ckin ere.
Eta egia esan, etziran ustel atera eleberri onen inguruko berri onak. Liburu berria benetan gure elertian, oraintasunez betea, idazle azkar baten arnaz beroaz oretua ta pizkortua. Bai, irakurle, oretua ta pizkortua. Idazlearen arnasa dariten liburu gutxi izan dugu orain arte gure artean: geienetan idazlea kanpoaldetik baizik ez zaigu agertzen, barnetik ez ordea. Txillardegiren liburu ontan aldiz, idazlea bera agiri zaigu oso-osorik bere esankizun, auzi ta gogoeta sakonetan, eta liburu au idazlea bera dala esan bear, ez estiloz bakarrik baita mamiz ta giarrez ere.
Ez da errexa, egia esan, norbere mami-giarrak, nolarebait mintzatzeko, papera iraultzea, eta orixe iritxi du bete-betean Txillardegi gazteak. Guk ere bear genuen orrelako zerbait. Euskal-idazleak eginkizun andi ori bear bezela betetzeko girorik sekula ez dutela izan esango nuke. Berez gera lukur ta esku-eutsiak euskaldunok barneko gure katramilla ta auziak gordinki ta ausarki biotz aratoletatik atera ta irakurlearen gogora aldatzeko. Maitasun gai ontan batez ere, beti ibilli izan gera erabe ta lotsati, ez noski euskaldunok maitabidean besteak baiño otzago geralako, axari-kumeago geralako baizik gere maite-kontuak estaltzen.
Mitxelenak ederki diñonez itzaurrean, milla eratan azaldu digute maitasuna idazleak, eta oraindik ez dira adierok akitu ezta akituko ere gizona gizon deño, ardatz orren inguruan baita biltza lur ontako auzi ta gora-bera guztiak. Orixe izan, ain zuzen, gizadiari berean eusten dion iturria, gizakiak ainbat ur-mota darizkin iturri agortu-eziña, berez bakar ta orokar. Eta Txillardegik argi ta garbi erakusten digu bere novela ederrean euskaldunok ere badugula esatekorik gai orren inguruan, eta esateko iakingarriak.
Ez zaitut aspertuko, irakurle, liburu onek iradoki dizkidanak azalduz eta ainbeste bulko ta ustekizun ernerazi dizkit nere baitan. Baten batzu idazle azkarrarekin bat ez datozenak, iakiña. Zerbaiterako dugu bakoitzak gere burutxoa, pentzatzeko alegia, eta bat bederak geure pentsamenduak ditugu edo bear genituke beintzat. Unamuno'k ziñonez, benetako idazleak zerbait ernerazi ta iradoki bear du irakurlea baitan. Txillardegik, ala fede, ederki iritxi du elburu ori bere eleberri zoragarriarekin. Beste gorapenik egingo ezpaliote, auxe luke aski gure letretan lenengo errenkadan ezarteko.
Izkerari buruz enoa ezertxo ere esaten. Ez naiz gramatikakeritan murgilduko gure artean oi danez. Novela au irakurtzean ez zait bururatu gramatika danik ere, ez itz-berririk ezta lapurtar klasikorik ere. Auxe bai; darabillen euskerak gogoa erabat iñarrosi dit, eta gogoak iñarrosteko gai dan izkera benetakoa ta egiña da.
Ongi etorria, Txillardegi, gure soro mear ontara, itzaurregillearekin mintzatzeko. Ez da gogoa, ala ere alako barne pozatsegiñak ekarriko dizkitzu noiztanka. Gaiñera zu bezelako langille azkarren bear-gorrian arkitzen da gure baratzatxo au.
|