Itz-Lauz
Donostiako Etnographi-Museoan
Lekuona zaharra'k
Donostiarrok, illean-illean zuen Museo ederrari ikustaldi bat egiteko oitura dezute. Eta ikustaldi oietan, norbaitek dakianak dakiana ikusleai azalpen bat egiteko oitura, orla Euskalerriko Etnographia apurka-apurka ezagutu dezazuten.
Epaill-eko azalpena nik nere gain artua daukat. Dakidan zerbait nik ere esan dezaizuedan. Ez dakit nola beteko dedan nere egitekoa ta nere -emandako itza.
Nik dakidana, gutxi da. Gutxi, eta, jakin ere, ez ain sakon jakiña. Barkatu bearko didazute nere gaurko ausarteria.
* * *
Baserritar bezela eta oyartzuar bezela, Oyartzun'go baserrietan nik ikusitakoak aipatu nai nizkitzuteke; eta ola, kuttuna, kaikua ta kontrabandoko barrilla aukeratu ditut nere berriketarako gai; eta, propina bezela, berriz, baserrietako kutxaren gauzatxo bat, artearekin eta Arkeologiarekin zer-ikusi pixka bat duana. Arkeologi-kontuan ere nere bizian zerbait ikusia baitnaiz...
Orra, bada, nere gaurko gaia: ain xuxen, euskeraz lau k dituan gaia: kuttuna, kutxa, kaikua ta... kontrabandua.
Eta orrenbestez, asi gaitezen.
I. KUTTUNA
Lenengo-lenengo, kuttuna ikusiko degu.
Kutun itzak, euskeraz iru gauza esan nai ditu: a) kutuna edo gutuna = karta; eta b) kuttuna = maitea; eta d) kuttuna = aurtxoai gerritik zintzilik ipintzen zaien pitxitxoa.
Lenengo, karta ipiñi det; uste bait-det auxe dala itz onen lenengo esanaia. Kutuna edo gutuna, Laburdi eta Naparreraz; karta; esan-nai ondotxo ezaguna; esan-nai jatorrikoa.
Bigarren eta irugarren esan-naiak, lenengo ontatik datoz. Biok berdintsu. Aipa dezagun lenengo bigarrena: kuttun = maite.
Itz onen gora-beherak, onela dira nere iritziz: kuttun ez da edozein maite, biotz-biotzeko maitea baizik, ezkutuko maitea... Begira: gure antziñako neskatxak oraingoak ere berdin dezakete beren maitetxoen kartak-eta karteratxo ezkutu batean, ots, kutun batean gordetzen zituzten neronek ikusi izan det olako karteratxo bat eta kolkoan-edo ezkutuan erabiltzen zituzten. Ontatik datorke ederkitxo maitearen «kartari» bezela, «maiteari» berari ere, benetan biotz-biotzeko danean, ots, ixilkako, ezkutuko danean, maite-kuttuna esatea. Orra, beraz, bigarren esan-naia.
Irugarrenak ez du orrenbeste zearka-mearkarik. Umetxo jaio-berriari ipintzen zaion pitxia, karteratxo bat oi da, barruan Ebanjelioak dituan sobre kartestalkitxo bat... Ondo ipinia dago, beraz, izena. Adierraza du bere esan-naia. Kuttuna, ots, karteratxoa, kartatxoa.
Irugarren oni natxikio orain. Eta, izenaren azalpena eman degun ezkero, ikus dezagun zer ta zertarako dan pitxi zintzilikario au.
* * *
GAIZKINAK. BEGIZKOA
Itz bitan esango det zertarako dan: begizkoaren kontrako, aurrari norbaitek egin lezaioken begizkoaren indarra apurtzeko. Begizkoa zer dan jakin naiko dezute zuetakoren batzuek orain. Ara ba: ba'dira munduan «gaizkiñak» deritzaten norbaitzuek; iñori kalte egiten bizi izaten diran batzuek; gaizkiñak, ots, gaizki-egilleak. Oietakoak dira, adibidez, sorgiñak etab. Gaizki egiteko esku ta indarduna, alegia.
Indar ori, gaizkiñak, aldiz, zenbait errezu-bidez erabilliko dute, errezu edo zenbait formula misteriodunez, formula oiek era berezi batean esanez eta...
Aldiz beste era batera erabilliko dizute; esanez ez baño, mago-erara zerbait egiñez; esate baterako, beren gaiztoz norbait iltzea nai badute, kandela bat piztu ta ura erre arte antxe ari, ura erretzen dan bezelaxe berak iltzea nai duten ura il ta akaba dedin ixiratzen; edo-ta, argizagizko txontxongillo bat egin eta arrixe biotzean orratz bat sartuta, alaxe berak nai duten ura il dedilla ta il dedilla irrikatzen...
Bañan gaizkiñetan batzuek ba'dute beste indar aundiagorik ere: begiratze utsa naikoa dute, berak gaizki nai dioten ura gaizkierazteko; begietatik alakoxe fluido galgarri bat omen darie olakoai; eta orixe da begizkoa egitea. Italeraz gettatura esan oi dana edo; begietatik jaurtitzen duten alako kaltegarri bat.
Orixe da, ba, begizkoa. Eta begizkoak, iñori baño errezago kalte egin bait-lezaioke ume txikiai, orretxegatik da aurtxoak iñor baño obeto zaitu bearra gaizkin oien begiratu okerretik, begizkoak... Eta, arritzeko gauza, bai omen dira, berak nai gabe ere, eta ezta jakin ere jakin gabe, begizkoa botatzen duten zenbaitzuek; eta suertatu bait-diteke, aurra olakoren baten begiratu gaizto baten mendean arkitzea. Orregatik da, berriz ere, aurra al dan era guztiez zaitu bearra. Ortarakoxe da, ba, gure kuttuna. Begizkoaren kontrako, begizkoak aurrari kalterik egin ez dezaion.
KUTTUNA BARRUTIK
Eta guzti ortarako, zer du kuttunak? zer da kuttuna bere barruan?
Antziña, ikusten danez, kuttunak etziran, orain bezela, Ebanjelioak gorderik dauden karteratxoak; beste zerbait baizik. Beste ori, aldiz, azkonarraren atzaparra izan oi zan; aldiz, indi gaztain-ale bat... ori bai, zillarrezko-edo estutxe apain batean ondotxo ezarria, eta, gure kuttunak bezelaxe, aurraren troxetatik ondotxo zintzilikatua.
Gaur dan egunean oraindik erabilli oi dira olako azkonar-atzaparrak, begizkoaren kontrako; bañan, aurrarekin baño areago ganaduekin, idi-uztarriarekin-eta... bai ba, aurrak bezelaxe ganaduak ere oso izukorrak omen dira-ta begizkoarentzat. Zenbait gaizkiñek naikoa omen-du idi-uztarri bati begira itz auxe esatea: «Au idi-pare ederra!» ganaduari begizko gaiztoa egiteko. Orregatik, bada-ezpada, olako alabantziari esatean, baserritarren, artean oitura da beste itz oiek gañeratzekoa: «San Anton'ek bedeinka dezala!»
Ori esanaz, begizkoaren indarra ezeztatua, apurtua gelditzen omen-da. Eta itz ori ez dion alabantza-zalea, gaizkin-sospetxosoa omen da; eta, nolanai dala, begizkoa galazteko zenbait itzaiek oitura orixe du: uztarrian buru-larrupean, ardi-narrupean, az konar-atzapar bat antxe ipintzeko oitura. Gertatu bait-liteke, bestela, norbaitek naita edo nai-gabe, idiai begizkoa egitea.
Itzai bati bein gertatua esango dizutet.
Ba'zegon egon, gure itzaia, idi-parearen aurrean, idiai ats-eragiten... askotan oi duten bezela, akulluaren arrimuan bi besoak, bera ere ats-egiten. Eta ontan, or urreratzen zaio giza seme arrotz bat, eta, idiak alabatu nai alegia, ta or esaten dio arako len aipatu degun itz sospetxoso ura: «Auxe idi-pare bikaña!» Eta ez al zuan bukatu esatea ez bait-zuan San Anton'ik aipatu kraska, or laurkitzen zaio akullua, tximistak jo duan zugatza bezelaxe... lurrera erori etzanean noski itzai gizagajoa apio zeukan akulluarekin batean.
Itzaiak ematen zuan explikazioa: eskerrak akulluaren eztenari noski; eztenak erakarri zuan beregana, bestela zuzen-zuzen idiengana zijoan begizko ikaragarria. Eztenak erakarri, eztenak bereganatu, tximist-orratzak tximista oi duan bezela-bezelaxe...
Gaur dan egunean, diodan bezela, gure etxeetan ez bide-da azkonar-atzaparrik erabiltzen begizkoaren kontrarako, aurtxoakin. Orren ordez ta indi-gaztain-ale ordez kuttuna Ebanjeliodun kuttuna erabilli oi da...
Eta orixe da kuttuna; izenak dion bezela, kartatxo bat, kartestalkitxo bat, sobretxo bat, karteratxo bat; eta aren barruan, liburu txiki-txiki batean, San Juan'en Ebanjelioaren asiera: Initium Sancti Evangelii secundum Joannem. Mezaren bukaeran, bedeinkapen-ondoren esan oi dan Ebanjelioa berbera. Laister ikusiko dezute nolako zer-ikusi aundia duten elkarrekin, kuttunak eta Mezaren azkeneko Ebanjelioak gai onetan.
Zer esanik ez da, kuttuntxo ori sedazko tela fiñez egiña izaten dala; sedazko tela fiñez egiña, ta sedazko ari gorriz-eta iosi ta bordatua, eta urrezko tilista-pitxiz apaindua. Sedazko lokarri batetik txintxilik. Eta aurraren gerriko troxatan txintxilikatua.
KUTTUNA TA ELIZA.
Ikusi dezute, ikusi, len nola zan, eta gaur nola dan. Len azkonar-atzaparra edo-ta indi-gaztain-alea; gaur Ebanjelioak. Atzotik gaurrerako aldatze au, evoluzio au, Sinismenaren indarrez egin izan da, zalantzarik gabe. Sinismenaren indarrez. Ez bait-det, ordea, «Elizaren aginduz» esan nai. Erria bera da olakoetan, bere Sinismenari jarraituz eta uste onez, olako gauzak eratzen dituana. Erria bera, Sinismenaren eta Elizaren gaiak berak ortarako beretzakotzen dituana. Erriak, bere barruko siniskeri zaharrai jarraikiz jarduten du olakoetan.
Begira. Erriak oraindik ere beti ere mago-mentalitatea du. Ez gure Erriak bakarrik; erri oro, alde guztietako erriak. Eta zenbait gaitz eta gaxotasun, misterioz sortzen dirala uste du; ta berdin baita misterioz sendatu bear dirala ere. Orixe da mago mentalitatea izatea. Antziña-antziñeko mentalitatea. Eta magoen siniskerietan, gauza jakiña da nolako garrantzi aundia ematen zaien, eta nolako indar bortitza aitortzen, itzezko zenbait formulai. Abrakadabra, adibidez, mundu guztian da ezaguna mago-formula bezela, zenbait arrigarrizko gauza lortzeko; berdin, baita, Sesamo etab. itz. Erria beti ere siniskeri oietan bizi da, olako siniskeriz inguratua, leporaño sartua; iñungo Sinismen eta Jakinduriak gora-behera Elizaren beraren predikoak gora behera oso nekez uzten bait-ditu erri xumeak olako siniskeri zaharrak; eta, uzten baditu ere, usterik gutxiena danean, antxe berritzen ditu.
Orra bada: siniskeri magiko orren eta Kristau-Sinismenaren nahastetik, nahaskillotik, interferentzi bezela sortzen dira gero gure kuttunarena bezelako sorkari nahasiak. Itz eta formulak aipatu ditut lentxuago; itz eta formula indartsurik munduan bada-ta, kristauarentzat Ebanjelioak dira, Jaungoikoaren Itza diranez. Itzik indartsuena, Jaungoikoaren Itza; gauza guztiak ezerezetik atera zituan Itza... Sinismen au lehengo sinistekariarekin nahasirik, orixe izan da, zalantzarik gabe, kuttunaren nahaskilloa munduan sortu dana (1).
Ebanjelioak gaizkiñen kontra izan dezaketen indarra, Elizak berak ere nolapait aitortu izan du. Beste mentalitate batekin ordea. Guztiok noizpait ikusiak izango zerate Elizaren olako zenbait rito edo zeremoni. Adibidez, Mayatzeko Gurutze Santuaren egunean erri askotan da oitura, mendixkaren batean dagon Ermitaren batera Prozesioan Letaniak kantatuz igo, eta an, munduaren lau aldeetara Iparraldera, Egoaldera, Sortaldera ta Sartaldera lau Ebanjelioan Asierak kantatzea, ekaitz gaiztoak konjuratzeko... Gaizkiñen kontra, ikusten dezuten bezela... Berdin, bada, baita kuttunean ere erriak. Elizak Konjuruetan egiten duana, egiten du baita, erriak ere kuttunean.
Beste mentalitate baten barruan, ordea, esan dizutet lentxuago. Elizak «otoitz eta eskabide bezela» erabiltzen duana Jaungoikoari eskabidez eta otoitzez alegia erriak mago-formula bezela, «formula eragikorra bezela» erabiltzen baitdu; ots, len aipatu degun misteriozko gauza bat bezela misterioz gaitza etorri, misterioz gaitza aienatu. Bi mentalitate elkarrengandik oso bestelakoak. Bata, Jaungoikoari errukia eskatzeko; bestea, misterioaren indarra gaitzari ezartzeko, indarrean ezartzeko. Bata, bada-ezpadako ondorenakin; bestea, ustez naita-ezko ondorenakin...
KUTUNA TA AZKENEKO EBANGELIOA
Mezaren Azkeneko Ebanjelioa aipatu dizutet lentxuago. Azkeneko Ebanjelio ori, San Juan'en Ebanjelioaren Asiera da. Initium Sancti Evangelii secundum Ionnem. Kutunekoa bezelaxe. Eta, izan ere, biok gauza batera datoz. Biok gaizkiñen kontrakoak dira. Ots, Mezakoa sorgiñen kontrakoa. Eta berdin baita kutunekoa ere.
Begira. Azkeneko Ebanjelioa, Meza Santuaren eraxkun bat da; eraxkun jator-jatorra. Meza, Ite, Missa est esan ezkero, zearo bukatua dago. Itza bera dago esaten: «Zoazte; bukatu da» Itz oen ondotik datorren dana, eraxkun bat da. Lerrengo, Apaizaren bedeinkapena, propina bezela. Eta urren beste propinatxo bat: San Juan'en Ebanjelioaren asiera. Bii eraxkun.
Bigarren propinatxo au, Erdi-Aroan sartua da Mezatan. Erdiaroan, jendeak sorgin-bildurrez bildur laborrian bizi ziran. Eta ez da arritzekoa, jende izutu aiek Apaiz Meza-emalleari eska zezaioten zer-edo-zer erremedio sorgiñezko izurri aren kontra, plaga bildurgarri aen kontra: arren ta arren, erria bedeinkatuz gañera, erriaren gañean esan zezala Ebanjelioa, «atera zitzala Ebanjelioak» gaur esan oi dan bezela, «Ebanjelioak atera»...
Orixe'ren Euskaldunak irakurri dituzutenean, ikusiko zenduten gai onetxekin zer-ikusirik duan gauzatxo bat; XII Kantuan («Eultzia» bait-du izena) erriko Apaizak, bere auzoko Katalin sorgina ote-dan du errezelo; eta, zalantzatik ateratzeko, auxe egiten du: Katalin Mezetan dan batean Azkeneko Otoitzak esan ondoren, Mezako Liburu aundia, oi dan bezela itxi bearrean zabalik uzten du... bai ba, Mezako Liburua zabalik dagon arte, Elizan iñor sorgiñik arkituko balitz, ez bait-zuke kanpora ateratzerik, alik eta beste norbaitek Liburua ixten zuken arte... Olaxe ezagutu zuan gure Apaiz jatorrak, bere auzoko Katalin sorgiña zana; antxe egon bait-zan neska maltxurra, lurrari josita bezela, Elizatik ezin aterarik, alik eta Meza-mutillak Liburu bedeinkatu ura itxita Sakristira eraman zuan arte...
Orra bada, nolako zer-ikustekoa duten alkarrekin Mezaren Azkenak, ots, Azkeneko Ebangelioak-edo eta Kutunak. Biok sorgiñen kontrakoak dira garbi-garbi.
Eta orra, berriz ere, zer dan ta zertarako gure aurtxoai ipintzen zaien kutuna, sedazko karteratxo bitxi ori...
II
KUTXAK ETA ZUMARRAGA'KO ANTIGUA'KO ZUR LABRATUAK
Eta igaro gaitezen orain Kutxaetara ta Zumarraga'ko Antigua'ko tallaetara, egur landuetara. Ez degu, egur landu oietaz zer-esan aundirik. Erabat auxe bakar-bakarrik: talla oiek romanikoak dirala, romanikoak bete-betean. Gotikoak baño zaharragokoak. Ez noa orain, zenbat urtetakoak erabakitzera. Urte-kontu ori, gauza zalla da erabakitzen. Estiloari natxikio orain. Estiloz, romanikoak dirala. Askotan, gotikoaren garai jatorrean bertan, estilo romanikoak ere irauten bait-du iraun, arkaismoz-edo. Orregatik ez diot «urtez» ezer. Bañan estiloz, bai: zalantzarik gabe esan dezakegu, talla oiek bete-betean romaniko dirana.
KUTXA ROMANIKOAK
Askok esango du, ori entzutean: «Ori ola bada, gure ba errietako kutxak ere ala izango dira, romanikoak: Zumarra ga'ko talla oiek eta gure kutxak elkarren oso antzekoak bait dira».
Ez dago gaizki esana. Ba'dirala, ezik, kutxak eta kutxak. Ez bait-dira guztiak estiloz berdiñak izaten. Ba'dira gure Museo ontan kutxa barrokoak. Baita kutxa renazimientotarrak ere. Bai ta gotikoak ere, romanikoez gañera. Eta azkenik baita romanikoak ere, bete-betean romanikoak. Bakoitzak zer zertzelada duan, ordea, bait-da errez emen esatea. Begiratuz, errezago ikusi diteke. Ala cre romanikoentzat auxe esango det: oso ezagungarriak dirala estilo ontako zig-zag eta ronbotxoak eta zerra-ortz-itxurak, eta errenkada-kontuan errenkada simetrikoak, itz batean, geometri-iduriak (ikus 1 edergarria). Gotikoan, berriz, trazeria esan oi zaion errenkada biribil gurutzetuak etab Renazimientotarretan, panelatuak bezela. Eta barrokoetan osto pillatuak etab.
Zumarraga'ko Antigua'ko zurajeetan soliba eta frontaletan, frontal-muturretan, adibidez lerro ta errenkada simetriko asko arkituko degu, eta ronbotxo ta zig-zag-illara asko... (Ikus 2 edergarria).
ANTIGUAKO GIZA-BURUAK
Bañan gaur beste zer bati eldu nai diot, batez ere. Gizaburu batzuei (Ikus 3 elergarria).
Arritu ta txundituta gelditu nintzan, lenengo aldiz ikusi nuanean, nolako elkarren antza zuten alde batetik Zumarraga'ko giza-buru oiek, eta bestetik Araba'ko Tuesta erriko Eliza romanikoan arkitu izan ditudan beste buru batzuek. Esango dizutet Elizaren zein lekutan, iñoiz edo bigar ara joaten baziñate, ere, antxe ikusi ditzazuten. Nik ikusi nituan bezela Elizaren absidean daude, Aldare Nagusiaren atzean. Elizaren kanpo aldetik, leio romaniko eder batean, aldamenetako pillare biren kapiteletan
Buru aiek nolakoak diran? Zumarraga'koen antz-antzekoak. Burua esan det, bañan aurpegia esan bear nuan, «maskarillak» obeto. Aurpegi luzexkak, trianguluan, triangulo luzexkan, matrail-ezur eta okotz-aldea estu ta mehe-mehe, Ejipto'ko Tutankamen Pharaon ena bezela, bizar-izpirik ere gabe, begiak berriz, ameslari, betazalak goxo-goko itxiak; eta ezpañak estu-estu, txilibitua jotzen bezela... Itz batean, beste mundu bateko izaki mistiko batzuek iduri.
Idurikatu ezazute dana al dezuten egokien, eta begira orain Zumarraga'ko aurpegi oiei... Orixe zan gaur esan nai nizutena: zeñen elkarren antzekoak diran.
Bañan, orain beste oarkai txiki bat.
EUSKO-BURU-EREDUA
Euskaldunok ba'degu, giza-irudiari buruz, eredu bat, ideal bat. Eredutasun ori guztiak daukagu, buruan edo biotzean, ez dakit nun, barru-barruraño sarturik. Nik uste erri guztiak ba'duten olako ereduak; erri bakoitzak beretza-koa. Baita nor-bera bakoitzak ere. Eta ez giza-irudiari buruz bakarrik; baita beste zerki guztiai buruz ere. Etzan nunbait bei baten ereduari egoki-egoki zegokiona, arako, Xenpelar'ek parragarritu zuan betroi aren musajea:
Begi bat itsua du,
adar biyak motzak;
krisellua dirudi
aren kokotzak...
Ba'zuan Xenpelar'ek bei ederraren eredu, an, bere iruditegiaren barru-barruan. Ernani'ko betroi gaxoarengandik biziro bestelakoa...
Askotan entzun izan diegu, baita, gure aiton-amonai ere, au bezelako onu ta kontsejurik, eredu-gai ontan: «jan, matia, jan asko, neskatxa galanta egiteko». Neskatx ederraren eredua gure artean, neskatxa galanta da. Eta guk Gipuzkoa'n «motza» laburrari esaten diogun bezela, Bizkaia'n «motza» itsusiari esaten zaio. Agiri danez, euskaldunontzat, ederra izateko, galanta, ots, aundia izan bear da. Laburrak, ez dira eder.
Orra, beraz, euskaldunok nola degun giza-irudiaren eredua, gorputzaren goi-beari buruzko eredua.
Bañan ez goi-beari buruz bakarrik. Baita aurpegi-ederrari buruz ere.
Begira.
Antropologoak diotenez, eusko-aurpegi-eredua (eusko-aurpegi tipikoa) matrail eta okotzera meharra da, ta garun aldera, berriz, zabala. Eusko-aurpegi tipikoa, trianguloa da, buruz-perako triangulo jatorra. Ez da arritzeko, beraz, euskaldunok eredutzat daukagun giza-aurpegia (aurpegi tipikoa) ere, olaxe izatea: triangulatua, buruz beherako triangulo luzexka. Eta, zenbat-eta giza-aurpegi bat triangulotasun ontatik geiago aldatu, urrutiago aldatu, orduan-eta aurp-egi zatarrago euskaldunontzat...
Ara, laister kaikua ikustera joan bear degu. Eta ez bait-da triangulozko eredu orren kontrakoago dan irudirik, kaiku bat baño...
Pentsatu al-dezute iñoiz, zergatik esaten zaion euskeraz «kaiku», «kaikutzarra» gizon baldar bati? «Gizon kaikua»... «mutil kaikua»... Oroitu ezazute orain, arestian esan dizute dana: kaikua dala, ain xuxen, trianguloaren (triangulo luzexka baten, kono luzexka baten) irudirik kontrakoena... zilindroa, konoaren kontrako dan bezela...
Gizon, matrail-ezur-zabala; ao-inguru-sendoa; gizon ortzaundia, prognatiko-antza: orixe da euskaldunontzat gizon baldarra... Alaxe bait-dirudi, izan ere, olako musajeak: orixe, «kaikua»...
Orixe zan, gaur esan nai nizuten beste gauzatxoa.
GURE ESKULTOREAK
Bañan gai onixe buruz, beste gauzatxo bat ere esan nai nizuteke nik gaur.
Gure Aldare Nagusietako «histori» ta irudiai begira egoteko oiturarik baldin badezute, gauzatxo bat igerriko zenduten onuzkero: «onak» diran norki ta personaje guztiai Belen'go artzaiai, adibidez, eta San Jose'ri Jesus'en Jaiotzetan gure eskultore-jendeak beti ta beti triangulo-aurpegia ipintzen dietela, on-aurpegia, alegia, aurpegi egokia, aurpegi eredua...
Urte batzuek ba'dira, Frantzia'ko jakintza-aldizkari bat, Nature, ikusi nuala, eta an gauza onoxe buruzko zer-edo-zer Alberto Dürer, dibujatzalle alemanaren dibujoak aipatzen zituan Nature'n artikulo polit batek; eta gizon-aurpegiaren esannaia ta expresioa aztertzen zuan. Dürer'en dibujoen bitartez; eta ontara zetorren artikuluaren gun guztia: aurpegi triangulatua dala, ain xuxen. Dürer'en dibujoetan aurpegi onaren (on-aurpegiaren) eredu ta ixpillua. Dibujo-zale aleman arengan, aurpegi bakoitzak ba'duala bere esan-naia; matrail-zabalak Jalea, jatuna esan nai duala; bekoki txiki ta garun-estuak, kretino ta zoroxka; bekoki-txiki ta matrail-estuak, ez jan ta ez lan, gizon gizagaxoa; sudur-aundiak, berriz, menditarra, aldatz-gora ta behera ibilliaz, arnas-bideak aunditua... Bañan ori bai, beti ere eredurik bikañena, eleganteena, egokiena, bekoki-zabal ta okotz estua, garun-zabal ta matrail-medarra... Ain xuxen eskultore euskaldunak darabilten neurri ber-bera...
Eta, arritzekoa: Flandetarren ta zenbait Italiarren Jesus'en Jaiotzetan artzaiak eskultore euskaldunetan ez bezela, geienetan, okotz aundi ta bekoki txiki azaldu oi dirala. Oroi Carpaccio'ren ta Breugel'en eta David'en zenbait Jesus'en Jaiotzako artzai-erreskadak, besteak beste: aien bekoki txikiak eta matrail-alde sendoak...
Orixe zan gai onixe buruz esan nai nizuten zeratxoa.
Eta dana dala, geldi bedi ortan gauza au: Zumarraga'ko zur labratuak, romanikoak dirala, alde batetik, Tuesta'ko Eliza bezela: eta ango ta Tuesta'ko aurpegiak eusko-aurpegi-eredu jatorrak dirala, triangulo-aurpegiak, alegia, bestetik...
Eta onenbestez, Zumarraga'ko Antigua-Elizako zur labratuai agur egin-da, goazen orain kaikuetara, matrail-ezur medarrak utzita, matrail-ezur zabala dirudian zerbaitetara... ots, buruz beherako kono luzexka utzita, zilindro-jendeetara: kaikuetara.
III
KAIKUA
Kaiku-izenak, bi gauza esan nai ditu: lenengo, guztiok dakigun zurezko ontzia; eta bigarren, gizon baldarra. Bañan kaikua, izenez eta iduri'z ere baldarra ta itsusia dan arren, izanez eta bere barrunbez, jakinduri aundiko gauza da
Kaiku-izena, latiñek etorria degula esan izan du norbaitek (2). Neurriz gora gauza mehetuaz ezik. Gaur, Eliz-latiñez «itsua» cæcus (cecus bezela) esan oi dan arren, lehen-lehen Ciceron'en denboran-edo cæcus, edo-ta obeto caicus esan oi-bait-zan. «Itsua» da beraz kaikua. Zer duan zer-ikusirik kaikuak itsutasunarekin? Gure etimologi-zale meiak, baietz, ba'duala, dio; onelaxe: Erromatarrak, «Ni, tontotzar au!» esan bear zutenean, Me caicum! esan oi omen-zuten. Ola azaltzen dala ez dakit nik nun, Terentio'ren Comaedia'ren batean-edo. Me caicum! = «Nere tontotzarra!». Eta izan ere, kaikuak orixe esan nai bait-du: tontotzarra, baldarra... Ez legoke ain gaizki, etimologi mehetxua ez balitz....
...etimologi mehetxua ez balitz, eta mehetxuaz gañera, kalparreko ille bakan samarretatik elduta plazara ekarria. Erosoago or daukagu griegoz kayke itza, potua esan nai bait-du eta itz ortatik sortua bait-da latiñez caucum ere, esan-nai berarekin. Artzai-itzak biok. Gure kaikua bezela. Ez bait-dakigu, ezik zurezkoak ziran, ala adarrezkoak, kayke eta caicum oiek. Edonola ere, txiki-antzekoak ziran, gure zurezko potuaren kidekoak-edo (3).
Ikusten danez, Me caicum'en teoritik beste teori ontara, ba'da alderik asko. Teori artan, gure kaikuaren izena latiñetik artua izango genduan; teori ontan, berriz, grekotik. Artan, caicum, i latinduna da; ontan, kayke, y grekoduna... Dana dala, bego bere ortan oraingotz gauza au; eta goazen beste zerbaitetara.
KAIKUAREN APOLOGIA
Kaiku, jakinduri aundiko gauzaren bat dala esan dizutet. Sakondu dezagun pixka bat gai auxe: «Kaikuaren jakinduria»
Esan dezagun lenengo, kaikua zer dan, kaikuaren definicioa. «Ganaduak ieizteko, zurezko ontzi zintzilikakoa». Orixe da kaikua.
«Ganaduak ieitzi», «esneak batu» ere esan, oi da; erderaz ordeñar.
«Zintzillikako ontzia»; erabilli bear danean, alaxe, zintzillik erabilli bear izaten bait-da, eta esku bakarrarekin erabilli gañera, esku batetik zintzillik-edo, beste eskuz ieiztea egiteko.
Esku batetik zintzillik erabilli-bear onek, ontzi batean problema bat sortzen du, ain errez ezin erabaki leikean problema bat: ontziaren ekilibrioa, batez ere egurrezko ontzi batean.
Burnizko ta kobrez-ko ontzietan pertzaetan problema au errex erabakitzen da: uztai-moduko esku-leku edo kerten batekin, naiz eskuleku gogor ezarria dala zartan-pertzetan bezela naiz eskuleku ibilduna, gaurko baldeetan izan oi dan bezela. Bañan zurezko edo egurrezko ontzietan, ez dago olako konturik. Eskulekua ezin ezarri leikio «ezarri», burnizkoa czartzen dan bezela. Egurrari berari «atera» bear zaio. Egur beretik atera.
Egia, atera leikio aldamenetik, belarri-modura adibidez «apatzean» egin oi dan bezela. (Ikus 4 edergarria). Bañan apatza ez bait-da, kaikua bezela esku bakarrez zintzillik era biltekoa, bi eskuz erabiltzekoa baizik. Eta ola, apatzak bi eskuleku ditu, bi belarri bezela, bere bi aldamenetan. Kaikua, ordea, esku bakarrez eta zintzillik erabilli bear bait-da... Nola askatu korapillo au?
Gure artzaiak, beren jakindurian, auxe asmatu dute egitea eskulekua kertena edo-ta kiderra ez aldamenetik, kanpotik, baizik-eta ontziaren barruko aldetik atera izan diote; kaikuaren egur berean, kaikuaren barru-aldetik barru-aldera centro de gravedad dalakoaren billa, kerten sendo bat. (Ikus 5 edergarria).
* * *
«Ederki! esango dezute. Ederki askatua dago korapilloa... Ta jakintsuki askatua, gañera».
Ala dirudi; bañan oraindik zer-edo-zer palta du askapen orrek, soluzio orrek. Obeto: askatu-ustez, problema nahastu egin zaio artzai jakintsuari. Eskulekua barrengo aldetik egitearekin, ontziari ekilibrioa eman dio; bañan esneari kaiku-sarrera galazi dio. Ieizten ari daneko esne-txorrotadak eskua jotzen dio ereiztalleari; eta eskua ta esnea zikindu... Nola askatu korapillo berri au?
Lengo problemaren askapena jakintsua baldin bazan, au ez da motelagoa. Ara. Kaikua zilindro bat da. Egurrezko zilindro bat, sagarrezko edo altzazko zilindro, barren-utsa, barrenustua. Apatza ere berdin bait-da.
Eta berdin baita zurezko potua ere, txikiagoa ezik au bes teen aldern.
Zilindro barren-ustuak. Bañan potua eta apatza guk «abatza» esaten degu zilindro zutak diran bezela, zilindro zutituak, alegia, kaikuari artzai jakintsuak irauli-antza eman dio Pisa'ko Torre-antzera, irauli-antza, oker-antza, makurtu-antza. Eta ola, kaikuaren sarrerako ezpaña, askotaz ere luzeago aurrera ateratzen da; eta ezpain-luzetu artatik ain ederki ta ain apain artzen bait-du ganaduaren errapetik datorkion esne-txorrotada. Ikusi besterik ez dezute edozein kaikutan edo kaiku-iruditan, zilindro irauli au dan gauza egokia, ieizte-lan nahastutxo artarako. (Ikus berriz ere 5 edergarria).
Orra, bada, ederki asko askatu ta erabaki bi korapillo oiek. bi problema oiek. Ekilibrioa, eskulekua barru-aldera atereaz, eta ieizte garbiaren problema, zilindroa irauli-antzeratuaz. Ontzia bera eskuan artu besterik ez dezute, ederki asko guzti orren konturatzeko.
Orra, berriz esan-da ere, nola ditekean, ain izen baldarra duan ontzia, mekanika-jakinduriz bete-beterikako sorkari bat izatea. Gure artzaien sorkari bat. Ez bait-dira, guk uste izaten degun bezain motz, buruz eta irudipenez, gure artzaiak... Amezketa'ko Pernando etorriko zaitzute burura uneontan. Baita neri ere. Ez bait-zan ain motza buruz, gure ipuietako Pernando ura. Ezta gure mendietako beste artzaiak ere.
* * *
Gai polit au bukatzeko, orain geienok dakizuten gauzatxo bat, gogoangarria benetan: nola egosten dan esnea, zurezko kaiku batean, ontzia bera erre gabe. Ori ere problematxoa bait da. Burnizko ontzia ez erretzea, ez da arritzeko gauza. Bañan zurezko ontzia, esnea bereartan egostean, ez erretzea?... Lais ter ikusiko dezute.
Antziña-antziña, zurezko ontziak beste ontzirik etzegonean, olaxe egiten zan beti, zurezko kaikuan egosten zuten esnea. Eta gero ta gero ere egoste-lana kaikuan egin nai zutenean, era berean egiten zuten. Eta nik neronek ere ikusi izan det egosketa-era ori; ez esnea egosteko, bañan bai «kaikua erretzeko» ots, kaikua desinfectatzeko.
Ortarako betetzen da kaikua esnez lenengo, eta denbora berean artzen dira eta surtan ipintzen iru edo lau arri biribil, iru edo lau «esne-arri» edo «kaiku-arri»; eta arriak surtan goritzen diranean, artzen da bat tenazakin eta botatzen da esnatara, eta gero beste bat etab... laister ikusiko dezute esnea irakiten... kaikua bera erre gabe.
Ikusi dezuten bezela, sua etzaio ezartzen kaikuari kanpotik, azaletik, barrutik baizik... ots, eskulekua bera bezelaxe, barru-aldetik sua ere. Kaiku-arria edo esne-arria zer dan? Ofita-arri biribilla. Edota, gerrateetan-eta erabillitako kañoi-txiki-bala burnizkoa... Oyartzun'en ba'da gurdi-bide bat Medikun-etxeberriko gurdi-bidea, bide pika samarra; bide artan ikusi izan det neronek, nola pirrika-pirrika, goitik bera etorriaz, biribiltzen diran inguru artako ofita-arriak; aietxek bait-dira gero kaikuarritarako egoki-egokiak...
«Egokiak dirala» esan det; bañan obeto esan nezakean «izaten zirala»; gaur ez bait-da esnerik egosten arri gorituak esnetara sartuaz. Nik, ala ere, esan dezaket olako zerbait ikusi izan dedana gure jaiot-etxean. Gure amona zanak Tomasa Intxaurraundieta'k olaxe «erretzen zuan» tarteka-tarteka egunoro beiak ieizten erabiltzen zuan zurezko kaiku ederra. Egunoro-egunoro uretan garbitu ta ondartu; bañan tarteka-tarteka baita erre ere. Kaiku-ondoan beatz bi esne; eta bota esnetara kaiku-arri gori bat edo beste, ta zapi zuriz estali ontzia, ta euki alaxe, lurruna ta erre-usaia zeriola, ta jira batzuek ere eman gañera esne-kutsua alde guztietara el zedin... Erre-usai gozoa banatzen ez bazuan gero kaiku-erretze arek sukalde guzitik!
Olaxe ikusi izan nuan nik egiten zuala gure Amona Tomaxa zanak.
Eta olakoxe gauza ezkutuak ditu bere baitan gure kaiku zaharrak.
Merezi bait-zuan merezi, itzaldi onetan aipatzea, Jainkoarren
NORENA DA KAIKUA?
Eta azken-itz bat oraindik.
Kaikuaren izena grekotik artu ote-degun esan dizutet lentxuago. Izena. Baña izana ere bai? Orra or, ondo erabaki bear dan beste gauzatxo bat. Kaikua, izen ta izan, dana-an, oso-osorik, greko-jendeai zor al-diegu euskaldunok?
Ez bait-det olakorik uste.
Ez det esango, dana-dan ta aso-osorik gure artzaiak sortua izango danik. Bañan ezta oso-osorik grekoengandik artua ere.
Zerbait izango du aiengandik artutakorik, izenez-gain ere. Bañan gure kaikuak dituan jakinduri-zertzeladarik geienak, beste iñun besterik agertzen ez diguten arte, gure artzaien sorkari di rala siñestu-bearra dago.
Ez degu uste izan bear, gure kultura, kultura bakartia danik. Ori ez. Ez da munduan kultura bakarti-bakartirik. Duan guzti-guztia bere-berea duanik, alegia. Kultura guztiak dute elkarre kin artu-emanik asko. Ez da gutxi, erri batek, beste erriekin berdin duan kulturari, gizaldi ta gizaldien buruan zer-edo-zer, geitu izan izatea. Eta gure artzaiak kaikuari geitu ta erantsi diotena, ez da utsaren urrengoa izan. Dana dala, guk dakiguna, auxe da: grekoen kayke'tik gure kaikura zenbait alde ba'dagola zain-zañetan ere. Dakitenek diotenez, grekoen kayke eta latinoen caucum, iturria edo esnea edateko, pour boire, ontziak ziran (4); gure kaikua, berriz, ez zan ura edateko, ezta esnea edateko ere; ortarako potuak zituzten gure artzaiak, zurezko edo-ta adarrezko potu txikiagoak; kaikua, ordea, ganadua ieizteko, esnea batzeko zan. Kaikua, potuaz besteko zerbait da, beste zerbaitetarako gauza: esnea batzeko ta esnea egosteko, gañera. Orra or alde galanta. Eta ori, besteak beste. Kaikuak dituan beste zertzelada jakintsuak alde batera utzita: kaikuaren ekilibrio ederra, alegia, ta kaikoaren zilindro-irauli-tankera, eta esnea egosteko era jakingarria...
Artzai-garaian orain gizaldi ta gizaldi asko gure kulturak grekoen kulturarekin izango zuan zer-ikusirik eta berdintasunik. Bañan, gizaldiek joan eta gizaldiek etorri, ez da izan makala artzai euskaldunak kultura ari erantsi dioten eraxkun berezia.
Besteak beste, orra or lekuko ta testigu, gure kaikua.
IV
KONTRABANDISTAREN BARRILLA
Eta goazen orain, azkenik, kontrabandistaren barilla ikustera. Oyartzun'go kontrabando-barrilla, Naparrua'tik ixpiritua, ots, alkohola kontrabanduan pasatzeko barrilla zapala.
Barrillak berak ez du zer-ikusi aundi-aundirik Beste barrillak uztaiak biribil-biribillak dituzten bezela, onek uztaiak zapal antzekoak izatea. Orixe da barril onen izate nabarmena. Bai ba, bizkarrean eramateko atsegiñago bait-da, alde batetik, eta, brusa gañetik botata ezkutatzeko ere bai egokiagoa, bestetik. Ortaz gañera ugal bat ere ba'du, ertz batetik eta bestera, ontzia ugal artatik zintzilik erabiltzeko, naiz ugala bekokian ezarririk, naiz beste eraren batera... Orra gure barrillaren izate guztia. (Ikus 6 edergarria).
Esan det zer kontrabando ekarri oi zan barril oietan, eta nundik: Naparroatik, eta ixpiritua. Zertarako? Tota egiteko. Tota edo tuntulla, edo bixigarria, ots, «aguardinta». Bai-bait zan denbora batean, Oyartzun'go ostatuetan, Naparrua'ko ixpirituarekin «aguardinta» ederrik egiten zekian ostalarik. Gosari txikietarako-ta... Orixe zan kotrabando aren etekin guztia azkenik. Bitartean, berriz, ots kontrabandista gizajoarentzat, pezeta zillarren bat edo beste ateratzea, Arano edo Goizuetatiko joan-etorri batengatik...
«Opizioa izango zan ba uraxe ere» esango dezute. Alaxe zan, bai; guztiaren bearreko opizioa. Anka-zain onak bear zituan opizioa beintzat, bai. Ez bait-ziran, izan ere, edozein batzuek izaten Gipuzkoa'ko Provintziaren Mikeleteak kontrabandistaen ondotik ibiltzeko. Ankazain-ondunak berak ere, Aritxulegi'ko lepoan egon oi zirenak, batik-bat; eta Arlepo'ko Bentakoak zer esanik ez... Baztar aiek ondotxo miatuak eukitzen zituztenak. Euskaldunak aiek ere. Goierrikoak ezik. Eta azkarragoak eta lekuaren berri obeki zekitenak, batez ere, izaten bait-ziran Oyartzun'go mutil gazte menditarrak...
Bañan gaur ez det nik, Naparrua'tiko kontrabando txikia bakarrik aipatu nai. Ez bakarrik; ezta geien ere. Prantzia'ko mugakoa, beti ere aundiagoa izan da. Au, ordea, ez bait-zan barrilletan egiten; paketetan, baizik... Makiñatxo bat gazte oyartzuarrek paketetan ibillitako bideak Prantzia'ko mugako aiek.
Bi edo iru gauzatxo esango dizkitzutet kontrabandistaren bizi-bideari buruz.
KONTRABANDUAREN INGURUAN IRITZI
Eta lenen-lenengo, galdera bat: Zer iritzi merezi oi zuten, bizibide ortan ibiltzen ziranak?
Gaur gauzak asko aldatu dira. Gauza asko ahaztu ere egin da urteen buruan. Eta ola, gure egunetan bizi diranak, ez dute, ez dezakete izan, aspaldi batean, gure artean, kontrabandoari buruz izan oi zan iritzirik. Erriaren iritzia. Elizaren beraren iritzia.
Azkeneko oni natxikiola, lendabizi, nik esan dezaket, bati baño geiagori arrotz egingo zaionik zer-edo-zer. Gazteiz'ko Seminarioko Moral-klasean galdetu izan zan gure denboran bein baño geiagotan: «Kontzientziaren azpiko legea al-da, kontrabandoa galazten duan legea?». Eta guk entzuten genduan erantzuna, auxe izaten zan: «Besteak beste, Euskalerrian, kontrabandoaren kontrako legea, ez da kontzientziarenpeko legea. Euskalerrian kontrabandoa egitea, kontzientziaren bidean, libre da.»
Erantzunaren arrazoi-bidea? Euskalerriko lege jatorrez, Frantzia'ko mugan Aduanarik etzegola. Libre Comercio genduala Frantzia'rekin. Gero ezarri zigutela Aduana ori; eta erriaren gogoaren kontra ezarri ere; eta erriaren kontrako legea zalako, etzala legea; kontzientziaren bidean autsi zitekean. Cobernuaren «agindu» bat zala baizik. Orixe zan Moral-klase artan bein baño geiagotan entzun izan genduan erantzuna. Eta erantzun ori ematen zuana, zarron-zale bat zan. Urte asko munduan eginda, oraindik asko ez dala il dan zarronzale purrukatua; oso gizon seriyo ta jaungoikozkoa.
IXIL-LANA
Elizaren iritzia olakoa bazan, nolakoa izango zan erriarena? Zer-esanik ez dago. Erria kontrabandistaren alde
Begira: kontrabandistaren izaera, ezer bada-ta, izaera ixillikakoa izatea da. Kontrabandistaren ibilliak, ez ditu jakiten, ezta kontrabandistaren emazteak berak ere. Kontrabando-lagunak berak ez dute jakiten, beste laguna zein bidetatik etorriko zaien, elkarrekin leku jakin batean topo egin bear dutenean ere... Ain da ixillikakoa kontrabando-zalearen opizio ixil ori. Eta ixil-kontu guzti oiek, ondo ixillik eukiko dizkitzu erri guztiak, baita zure etsaiak berak ere. Ezta izango erri guztian iñortxo ere gizon jatorrik, kontrabando bat salatuko dizunik.
Gertaera bik erakutsiko dizute norañokoa dan erriaren leialtasun ori kontrabando-zalearentzat.
ARAKIN BERRITSUA
Irun'go Aduana jarri-inguruko urteak ziran. 1850-inguruak. Bayona'rekin Gipuzkoak libre comercio zuanean, Gipuzkoa'n jazten zan sedarik geiena Bayona'tik ekartzen zan. Ez Gipuzkoa'koa bakarrik, baita Españia'n jazten zanetik asko ta asko ere, Gipuzkoa'n zear ekartzen zan, gero Ebro'ko Aduanan «pasatzeko». Ikusten danez, Santander'ko pasiegoak ziran oso mutil azkarrak lantegi artan: Kastilla'ko Aduanak pasatzen, alegia.
Bañan Aduana Irun'a ekarri zigutenean, pasiego-jende ura kontrabando-billa Gipuzkoa'ra bertara etortzen asi zan. Eta ola gertatu zan orain esatera noana
Pasiego-kuadrilla bat eldu zan bein, seda-paketeak bizkarrean, Bayona-aldetik, oitu bezela, goizaldean, Oyartzun'go baserri batera Urkabeatzeko baserri Latera, an eguna, lotan-edo igarota, gabez berriz ere Santander'erako beren bideari jarraitzeko. Etxekoandreak, oitua bera ere, bañan ainbeste gizonentzat jatekorik asko etxean ez-eta, or biraltzen du etxeko alaba txikia inuzentea, gaxoa aragi-billa erriko arategira. Eta arakiñak, arritua nunbait ainbesteko aragi-eskearekin: «Nexka esaten dio, zer, eztaiak al-dituzute?». Eta nexka gaxoak: «Ez; paxiegoak ditugu, bart etorriak»...
Arakiña berritxu-xamarra izan, eta beste askotan bezela erriko karabineroakin txuliatzen ari dala, or ateratzen zaio, atera bear etzitzaiona: «Zuek emen, kalean, paseatzen zabiltzaten artean, bai jende azkarragorik Urkabeatzea-aldean!...».
Etzuten karabinero aiek geiagoren bearrik izan. Zuzen-zuzen baserrira joan, eta an arkitzen dute sedazko pakete-pilla ederra... Eta karabineroak pozik; bañan arakin txoroa estu; zabaldu bait-zan erri guztian arakin berritsuaren berritsukeri kaltegarria. Eta ain gaizki begiratua izaten asi zan, bearrik bazuan erritik Ameriketara iges egin bear izan zuan. Eta ez dakit au egia dan, bañan bai erriak esaten duala, Ameriketan ere etzala luzaroan bizi izan; pasiegoren batek bere merezia eman ziola, alegia. Erriak ala dio. Olakoxe leialtasuna dio erriak kontrabando-zaleari.
IZPIRITU-BARRIL BAT GARI-SOROAN
Ni neu ere ikusia nago olako zer-edo-zer.
Gure jaiot-etxeko soro batean zan. Gari-soroa. Uzta zan. Eta gari-ebaiten ari ziran langilleak. Eta, gari-ebaiten ari dirala, or topatzen dute soro-erdian, gari-artean, ixpiritu-barril bat... Uste dezute iñork jakin zuala? Etzuan iñork tutik ere esan. Ezkerreko begiarekin keñu egin oxta-oxta alkarri. Gari-ebailleak, disimulo ederrean, gari-ebaki-zirrinda bat gañean estalgarri ta ezkutagarri ipiñi, eta jarrai lanari; eta antxe egon zan gure barrilla illuntze-arte iñortxok ere ikutzeke; eta, illundu zuanean, an azaldu zan barrillaren jabea ixil-ixillik, bere ura jasotzera; bai bait-zekian, ondotxo bait-zekian, antxe arkituko zuana, berak utzitako lekuan eta berak utzi bezela-bezelaxe...
Ez dala gaur dan egunean olako leialtasunik baztar askotan? Ez ba. Len ere esan dizutet, gauza asko ahaztu dirala gure artean, eta iritzi asko aldatu. Bañan orain urte batzuek, beste era batera ziran gauzak. Kontrabandoan zebillenari, «bere egitekoan» dabillenari bezela begiratzen zitzaion; eta baita lagundu ere. Dana dala, ez beintzat salatu, ta gutxiagorik ere. Eta ola zebiltzanai etxean sarrera ematea ere arrotzari aterpea ematea bezela begiratzen zan, ots, ospitilade bezela... Gure denbora bateko etxekoandre zabalak ain ondotxo egiten zekiten ospitalitadea, arrotzarekiko abegi ta arrera ona. Arrotz ororentzako abegi ona. Naiz-ta kontrabando-zalea izan, naiz-ta gerratean Santakrutz Apaizaren mutilla; zer-esanik ez beartsuaren bat bañan.
ETXEKOANDRE ZABALAK
Gure etxeko andreen biotz-zabaltasun oni buruz, bear bada entzunik izango dezute, bañan esan nai dizutet emen alako gertatu ezagungarri bat, Iturriotz'ko Bentan gertatua.
Ba' dakizute nolako bakartegi ta bidagurutzean dagon, dalako benta sonatu ura. San Ignazio bera arkitu izan bait-zan gau bat pasatzen benta artantxe, Paris'etik Azpeiti'ra zetorrela...
Karlostarren gerraten omen-zan. Zarauz'tik Asteasu'ra, Asteasu'tik Zarauz'a, txitian pitian ibiltzen ziran nunbait, bai karlostarrak bai nazionalak edo-ta kristinoak. Batzuek joan orduko, besteak etorri. Eta, bestela pixka bat ere bai, bañan alako joanetorriz Iturriotz'ko etxekoandrea asko oitu bide-zan, guztiokin ondo eukitzen. Eta ola, bein gertatu zan karlostar konpañiren bat benta-barruan zegola, or ustekabean ikusten duala bentaaldera etortzen beste nazional-konpañi bat... Etxea zabala zan... orri eskerrak. Etxea zabala, ta etxeko andrea oraindik zabalago. Ezkerreko eskuarekin karlostarrai keñu, ezkuta zitezela azkar ezkerreko aldean; eta eskuiarekin nazionalai, sar zitezela, sartu, ostatuan, guztiontzat zer-edo-zer izango zala-ta...
Eta alaxe gertatu zan, etxe zabal artan, tellape berean ta ordu berean «alojatu» izan zirala bi konpañi, elkarren billa zebiltzanak, bañan etxekoandrearen biotz zabalak ederkitxo elkarrengandik estali zituanak.
Olakoxeak izan oi zirala, alegia, gure denbora bateko etxekoandreak, arrotzai abegi on-egite-kontu ortan. Len esan dedan bezela, berdin bait-ziran, naiz beartsuarentzat, naiz soldaduarentzat, naiz kontrabando-zalearentzat...
MIKELETE IRUZURTUA
Beste gertatu bat, eta bukatzera noa.
Kontrabando-zaleen artean gauza garratzak gertatu izango zirana, pentsatuko zenduten onezkero; bañan olako gauza garratzak kontatzea besteren bati utziko diot nik; eta gaur gauza parreragille bat bakarrik kontatu nai dizutet. Kontrabandoko barril batekin gertatua ain xuxen; emen daukagun onen antzantzeko barril batekin.
Oyartzun'en zan, karlostarren bigarren gerrate-ondoan.
Bi kontrabando-zalek barril bat izpiritu sartu nai zuten kaleko ostatu batean. Bañan Mikeleteak beti an ibiltzen bait-ziran kale-gañean, etzan izaten lan erreza. Eta kontrabando-zaleak al zituzten iruzur ta tranpak erabilli bear izaten zituzten beren lanerako. Eta egun artan pentsatu zutena, izan zan, barrilla gurdikada bat orbel artean ekartzea.
Etorri ziran bada biok beren gurdiarekin, eta beren gurdi ori al zuten bezain alde etxeari alderatuta barrura sartzerik etzuten baserrietan bezela, espoloyuak galerazten bait-zien eta asi ziran, saskikada bat orbel artu ta etxe-barrura, ta gero beste saskikada bat eta berdin... alako batean poliki-poliki barrilla ere orbel-artean ezkutuan sartzeko. Bañan mikelete arranoak alako izaiñak! or jartzen zaie bat, planto! ate-ondoan, begia erne gure bi gizonen egitekoari, pentsatzen bait-zuan pentsatu bere baitan, kontrabandoren bat ote-zan orbel-arte artan.
Etziran estutu orratik gure mutillak. Azeri zaharrak izaki. Alako batean mutilletako batek, saski aundia bete orbel bizkarrean, estropozo egin alegia espoloio-ertzean, eta muturrez aurrera erori alegia... ta or botatzen dio mikeleteari saski orbel guztia burutik behera; zearo estali bait-zuan gizagajoa bere txapel gorri ta guzti orbelpean... Eta nere mikeletea arnaska ta puzka orbelpetik ezin aterarik dabillen artean, beste azariak an artzen du esku bietan barrilla, ta azkar asko ezkutatu ere ostatu-barruan, begira zeuden guztiak mikeletearen bizkarretik parrez lertzen zeudela...
Olakoxe axarikeriak egin bear izaten zituzten gure kontrabando-zaleak beren «opizioan», txanpon batzuek ateratzeko ere bai, bañan nik uste, beren deporte artan beren jokotxuak egiteko areago. Arrixkuko deporte artan; arrixkuko bezain gazteentzako pozkari oi diran deporteetako batean... Kontrabandoan.
* * *
Eta orra orrenbestez amaitu nere lau k'en Itzaldia, Donostia'ko Etnographi-Museoko erri-gauzai buruz.
(1) Kutunean Sinismenaren interferentzia bezelaxe, goratxuagoko itzaiaren akullu-austean, beste interferentzi bat agiri da: phisikaren interferentzia, elektrologiaren interferentzia, tximist-orratzaren atraccion de las puntas deritzana alegia.
(2) Vizcarra, Zacarias - «Vasconia españolisima» - Madrid 1937.
(3) Ernout-Meillet - Dictionnaire Etym. de la lang. lat. - Paris 1951.
(4) Ikus Ernout-Meillet - op. cit.
|