L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. azila-gabonila) —<eugo3331>




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

 

.— «Garagarrilaren 9'an, Zumarraga'n, Ama Antigua'koaren inguruan izan dute aurten, euskeraz ikasten ibili diranak beren urteroko jaia. Meza nagusia goizeko amaika ta erdietan; baina, lotsagarria... kanpai aundirik jo bage, iñor konturatu ez dedin. Eleiza inguruan zaudenei txilin txiki batez dei egin zien. Gure txepelkeria ote da, edo, nun bizi gera, bizi ere? Dana dala, ez bildurtu, ta aurrera euskeraren alde. Zorionak euskera ikasi duten guziei». Auxe iakinerazi digu Gipuzkoa'ko neska gazte batek.

 

.— Gipuzkoa'tik «Julita» neska gazteak auxe idazten digu: «Lorailaren 26'an, Gipuzkoa'ko katoliko gazteak aurten Ordizia'n izan gendun gure urteroko bilera. Geien poztu ninduen gauza, gure anai Laburdi'tar ak ikustea Eskualdun Fededun. Euren agurra euskeraz egin zigutenean, anitz txalo jaso zuten, begiak pozarren negarrez genituela eta biotza ler egiteko zorian. «Euzko-Gogoa» ren bidez nere esker eta zorion beroenak bialtzen dizkiet. Jaungoikoak nai izango al du «Eskualdun Fededun» ikurrinpean guziok, al dan arinen, alkartuak ikustea.»

        Gipuzkoa'ko txoko batetik etorri zaigu berri negargarri au: «Bi urtez Euskaldun-erri txiki batean egon ondoren, beste azixeago batera aldatu zuten apaiz gazte bat, Meza eman berria, bera. Lenbiziko errian «Joven de carácter» irakurtzen zien (bein izan-da ere!) gazteri, oiek «carácter» zer zan galdezka zitula. Urrengo errian sartu zanean «Aita gurea» ta «Agur Mari»'rik etzekizkin euskeraz. Kristau-ikasbidetik errezatu zun, irakurriz, Agurtza (Beingoz bederen) kulpito-gainetik».

.— Beste batek auxe idatzi digu Gipuzkoa'tik: «Euskeraz bi itz alkarri erasten etzekian apaiz gazte bat, E.G.'ren bitartez guziok ezagutzen degun Endoia'ren inguruko Lastur'erakoa eman-da bidali nai izan zuten... Gizon pina, apaiz-berri au, orrelakorik ezin zezakeala-ta, eliz-agintariengana joan zan. Ontan, beste nunbaitera bidali zuten. Jakina, lekaime-etxeko apaiz, ta al zuen eran erriko apaizeri zerbaitetan laguntzeko. Ala omen zion beste apaiz-lagun batek: «Etzak aitorlekuan euskeraz ez dakikenik jarri, bestela «guardi-zibillak» besterik etzaik joango-ta». Itz auen esaleak iru urteren buruan «zibillak» besterik bage dirau aitorlekuan».

 

.— Buenos Aires'ko «Laurak bat»'etik ango EUZKO DEYA'n agertu dan euskeraren aldeko lantxo bat igorri digu Mentxaka iaunak, orrelako zerbait egin daiten gure Euskalerri gaixoan: 1º) Begiratu nortzu diran euskaldunak bizi diran errietan, kanpora (Ameriketara-edo) ioateko gogoa duten gazteak, bere bizibidea irabazteko. Gure adiskideek, bearko lukete artu aien izenak, lanbideak, eskolako iakintzak, urteak, azikerak eta abar eta bialdu erri-nagusietako (Bilbao, Donosti, Iruña, Gazteiz edo fabrika edo lantegi aundiak dauden errietako) «bitartekoei». 2º) Erri-nagusietako «bitartekoek» bear dituzte bilatu bere erriko adiskideen artean, lantegi nagusietako gerenteak eta kapatazak eta oien bidez gure baserrietako gazteei lana bilatu Euzkadi'n bertan. Onela bi gauza lortuko genituke gure aberriarentzat: 1º) Euzkadi'k eluke galduko orrela berak ainbeste bear ditun eusko-semerik ezta beren lan eta maitasunik ere, eta gure aberrian euskal-enda ta bere izakera ta gogoa zabalduko litzake belaunik belaun.

2º) Gure euzko-gazteak beteko lituzketen Euzkadi'ko lantegietan, elitzake sartuko denbora berean erbestetar bat... eta onela arerio bat gutxiago gure Errian. Orra, labur bada ere, Argentina'ko euskaldunen asmo ederrak gure errietako euskaltzaleek burutu ditzaten.

.— Euskaldunen artean iopurik eztugulako izan, edota, gure Euzkadi iopu andi bilakatu dalako, edo, eztakit zergatik, IOPU itza dala-ta bazterrak arrotu dira. Ona emen Solaun ikasiaren gutun iakingarria gai ortaz: berau irakurri ta gero, zalantzarik eztagolakoan nago, neu beintzat. «Adiskide laztan ori: Bear dan eskuz ta buruz ateratzen duzun aldizkari atseginean, IOPU astindua dala-ta oar bat irakurri dut, ots, iraila-urrileko Irakurlearen Txokoan.

        IOPU = SIERVO aldeko argibidea erabat indartzeko, auxe eratxikitzea egoki litzake, bear bada; baitik bat xeetasunok eztakizkitenek begien aurrean izan ditzaten, nonbait.

        1. — Azkue'k dakarzkin atsotitzak «Los refranes y sentencias de 1596» deritzan idaztitik iasoak dira; Silvain Pouvreau, van Eys ta abarren baino eundaka urteak lenagoko aitorra, beraz: ezaguna da, idazti orrek dakarren euskera ioria.

        2. — Diralako atsotitzok españerazko itzulpena alboan zutela argitarazi ziran, euskerazko itz bakoitzari zegokion erdal-itza zenbakiz ezarrita, alegia. Arrezkero, aipatutako atsotitzon ingurumariak aztertuta, argi ta garbi ageri da IOPU itzaren esan-naia. Bestalde, argitaralpenaren egileak berak itzulia daukagu itzez itz: SIERVO 276'garrenean, SUBDITO 292'garrenean, CRIADO 435'garrenean (Azkuek uts egin zizun azken onen zenbakia aipatzean, eta 437 ezarri).

        Itzulpenok zintzo-zintzo iaso zitun Gorostiaga'tar Ion'ek bere VOCABULARIO del REFRANERO VIZCAINO DE 1596 idaztian. Arrezkero, enura bage, Azkue'k bere iztegi aundian dakarren itzulpena ongi egina dago.

        Azkue'k berak, ordea, Silvain Pouvreau'ri auxe egozten dio IOPO = siervo, criado, dakizunez. Ontaz auxe uste dizut: Silvain Pouvreau'ren eskuz idatzitako iztegian IOPO - CERF (OREIN) irakurtzen omen da. Dalako Silvain Pouvreau'k berak uts egin zulakoan nago, ta ez, ordea, onen iztegia irakurri zunak. Ortan nago ni, beste argibiderik ezpadago. Ta nik, beintzat, besterik eztut ezagutzen. Silvain Pouvreau'k sorterazi zun naskila ditekenetakoa da, bestalde: itz egiterakoan, SERF eta CERF berdin-berdin ebakitzen baitira.

        Onenbestez aski. Biotzetiko goraintziak. Solaun'dar J.'k».

.— Azkenengo zenbakiari buruz auxe digu Gipuzkoa'ko «gazte» batek: «Olabeaga Anaia'ren olerkiak pozik irakurri ditut, eta nik bezela, euskal-elertizaleek ere onartuko dituztela uste dizut. Orain arte Lassalletarrok etziran arlo ontan ezagunak; ongi egin du, beraz, Anai Inaziok bere izenaren ondoan «Salletarra» ipinita. Etienne Salaberry, Goiria, Abalegi'ko P., Gaztanaga'tar Jexux, Otsalar, Lastarri, José Aguerre, Aurraitz: ezagunak geienak, eta gai egokiak etorri andiz darabilzkite. Jarrai ezazu olerkiak argitaratzen, euskaldunen artean franko gera olerki-zaleak-eta. Abeletxe'ren euskera oso egoki egiten zaigu guzioi; tamalez, ordea, gutxitan ikusten ditugu idazle onen lanak. Labayen jaunaren «Jostuna» ezdet irakurri oraindik. Maixu da antzerki lanetan, eta gauza ederra izango da, noski. Poliki poliki irakurriko det. Belandia'ren «Euzkeltzale Bazkuna» jakingarria da, benetan. Orrelako gaiak beti izaten dira garrantzi aundikoak, gu gazteontzako batez ere. Utsa'ren «Belko» gauza ederra iruditu zait. Ez da nor-nai idazle on ori, ezta utsaren urrengokoa ere. Zinkunegi'ren «Kepa Deunaren Ollaxkoa» ondo idatzita dago: onek euskeratu zun Balmes'en «Irizpidea» irakurtzeko abagunea izan dizut, naiz ta oraingo gazterik geienak ez ezaguna izan. Lan ederra «Azkoiti»'rena: onen euskera errex ulertzen dizut. Etxaniz, beti bezela, umore oneko gauzak ematen. Ipui orren gaia oso ezaguna izan-arren, bixkor konpondu du berri antzera egiteko. Andoze'ren ipuia atsegina, noski, ta poliki baina polikiago emana: gazte-antza artzen diot, baina, badu giarra idazle on izateko. Uarrain'en «Euskal-Eresi Zaharrak» pozik irakurri ditut. Euskera ederra onena. Etxaide al da? Etxeberria'ri etzaio erdoitu, ez orixe, euskal-idaztortza: gai jakingarria, benetan, zerbait berri ikasi nai dutenentzat. Bergili'rena, zati laburretan, ondo deritzat argitaratzea, nere iritziz, beintzat. Gai zailla ori, euskeratzeko, noski; lan meritu aundikoa, ordea. «Pake-zale» obeki ezin; eztio gezurrik, nere ustez. Mendiola'ren «Abere-itz-eta» eta «O. ta O»'ren «Euskera» jarraipena, pozik irakurri ditugu gazteok: onelako lanak, kategori aundia ematen diote gure aldizkariari. Ibinagabeitiarena, benetan, jakingarria; ez nekin egin diran jaien berririk, ipuin-txapelketarenik ere ez, tamalez. Poztu nau Tauer'en idazlantxo orrek. Nik neronek esan nion bein Tauer jaunari poztuko nintzala euskal liburuen alde kritika antzerako lanak idatziko ba'litu, eta zer-edo-zer egiten asi dala poz-pozik ikusten det. Beste iru liburuen kritikak ere ongi daude.

        Irakurlearen txokoa mami aundikoa, gizona. Or aipatu nauzu euskal-idazle berrien artzen. Egia esateko, naiz ta nik nere burua ezer gutxian euki, poztu egin nau nere izen txiroa euskal-idazle berrien artean sartuta ikusi detanean. Gazteen laguntzaile, zera, noski, eta aurrera bultzatzen gaituzu, eta ondo egiten dezu, alabearrik. Gazteok aurreruntz joateko laguntza bear degu, ta ez beldurtuta uzteko iritzi gordinik. Eskerrik asko, ba, ta aleginak alegin egingo ditugu gure euskera maitean geroago ta obekiago idazteko.»

 

.— «Mila ta bat gauetako ipuiak» ere euskeratu dituzte. Erderatik itzultzeak iatorrizko izkuntzatik itzultzeak beste indar eta mami eztie emango ipui ospatsu oiei. Baina lana ederra dala ezin uka ta txalotu bear, euskal literaturan lan ori ipini dun «Azkoiti» idazlea. Aurrera!»

        Auxe idazten digu Kolombia'tik Batiz'tar Nikola euskaltzale argiak. Praga'tik Tauer'tar Norberta'k berriz, auxe: «Zenbaki ontan «Milla ta bat gauetako Ipuietatik» artutako itzulpen bat arkitzen da, Azkoiti'k egina. Jakin nai nuke nor den itzulpen onen egilea. Nere anaiak ipui oiek txekoerara itzuli ditu». Dalako Azkoiti idazleak euskeratu ditun ipuin guziok emen dauzkagu ta banan-banan guziak argitaraziko ditugu.

 

.— Filma esateko «itzalberri» derabilgu Abalegi'ko P. euskal-idazle bikainak banako ontan. Ona emen itz-berri onen azalkizuna, berak idatzi digunez: «Txina'n nintzala, eta batez ere gorrien menpera yausi ondoren, lau urte luzez iya ezer egiteko aukerarik gabe etxe-zuloan egon bear izan nizun artan, amaikatxo eta amaikatxotan gure izkuntza ederraren zuztarrak agirian ipintzeko «burutazioak» izaten nitun. Burutazio itz au, Andoain'en asko esaten zan. Orain ez dakit esango dan. Nola nai ere ez da ain egoki sortutako itza. Orra, bada: Txina'n zinearentzat «tximist-itzal» asmatu nun. Txina'tarrak esaten duten erara.

        Bainan, igazko udazkenean, arrebaren etxean nintzala, Andoain'en, orain an zabaldu oi duten esnea gendun lelo, Ipar-Amerikarrak duan ematen duten autsezko esnea, edo, esne auts-biurtua. Orduantxe, nere ezkon-anaiak, esne orri «esne-berri» deitu zion. Ez, noski, itz eder bat asmatzeko asmoz, baizik eta, euskeraz bear bezela itz egiteko gogoz. Nere ezkon-anai orrek, espaineraz iya ezertxo ez daki.

        Orduantxe neri ere auxe gogoratu zitzaidan: Tximist-itzal baino kinemarentzat «itzalberri» obe nikek. Eleberri, pestaberri, amaberri eta abar bezela. Orain arteko itzalak nolakoak izaten ziran badakizu. Kinema ere itzal bai'litz artu liteke. Beintzat argazkiz artzen dituzten gayak itzalian sartzen dituzte, eta antxe daude mintza mee-mee batean berriro argiz gure begien aurrera ateratzeko. Lenbizi asmatu zunak, parantzetarra zala uste det, kine deitu zion: berri artan beste izen oberik ez zulako. Zuk «kine» zer dan badakizu; eta, ibiltzen dana eta diranak, kinemakoak bakarrik ez dira.»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.