Itz-Neurtuz
Nere baserri
Ariztieta
Nere lagun maite Baxurko'ri, biotzez.
Goiko mendian
Nere baserri;
Bere izena «GAINZURI»
Nere jaiotz-lekua,
Kabi zar, eztitsua.
Biotz barruko
Lore maitea
Nere guraso
Zarren etxea!...
Nere guraso
Kutun, laztanak,
Egizko euskaldunak,
Beti zintzo lanean,
Ongi bizitu
Ziran pakean.
Negu txarra zanean,
Etxeko sukaldean,
An giñan beti
Ipui kontari,
Bai-ta ere gure euskal
Kanta zarrak kantari.
Danak il ziran...
Gaxo-maiteak...
Kristau berdingabeak!...
Ta eskerrak beudeki,
Ikasi nuen ongi.
Goi-goratzen gartsuki,
Nere baserri,
Lilluragarri.
Gaur, lan egiñaz zintzo,
Emen ongi bizi naiz,
Paketsu eta alaiki.
Nere asaben
Basetxe zarra,
Betikoz nik emango
Dizut bizitzeko zuk
Bear dezun indarra,
Izan zaitezen
Sendo ta azkarra.
Zintzo ekin bear dut,
Gogo onez, zuregatik,
Neretzat zeralako
AMA on, zoragarri!...
Basoko lurrin
Gozoaz nere
Barrena ongi ase,
Beko kaleko
Kutsu txarretik iges...
Ori da nere
Asmo bakarra.
Bestela uste gabean...
Irentsiko dituzte
Iguingarrizko arrak,
Gureak diran
Baso, sagasti,
Mendi ta ibarrak!!
|