Itz-Lauz
Eskualdun semeri
Etienne Salaberry
Bethi izan dira, chimichtak zeruan, gorriz thindatzen dituztela, lanhoen mulkho ilhun-biribilak.
Bethi izan dira, mendi gainetik orzi-harraskak, inharrosten dituztela, pumpe eta pumpe, errekatik errekak.
Bethi izan dira chimichta suge gorhailak, lanhoen artean; bethi orzi-karraskak, mendi kaskoetarik burrumban.
Bethi zorigaitzez, izan barazuza-harri erorze ikharagarriak, zampa-zampa, kiski-kiska, lehertzen eta zangopilatzen dituztela ezin haundituz, choriekin gochoki erasian ari ziran, ogi gurjo-minberak.
Bethi beharrik, erautsia gelditu orduko, jalgi da etchetik laboraria, sega bizkarrean.
Bethi moztu ditu laharra bezain pochulu bilhakatu lastoak, eta berak su eman, eskua doi-doi bat ikbaratzen ziola.
Bethi goizean goizik abiatu, akhuluaz ernarazten dituela, malin eta ildoari hasteko lotsa diren, idi adar haundi, ezin iratzartuak.
Barazuza-harriak, lana erretch...
oren laurden bat ez behar, larritu ogiaren, etzan-lasto-ez deus, lurrean edatzeko.
Garratz eta luze, laborarien lana
asteak ez aski, aztaparrari esker, hazia ereinik, mailez-mail, goratzen ikusteko...
Emeki egina, laster desegina!
Bizkitartean, zombat aldiz, erortzen baita harri-gogor dichuria, eta hamberze aldiz aitzurrari lotzen laboraria.
Zoin urrun barreatzen baita harri erautsia, eta hain urrun chutitzen, goizean goiz, laboraria!...
Harri uharrak behin ere ez izitu laboraria!
Behin ere ez agortu laborariaren oldarra, harri uhar lazgarriak.
Hara zergatik, harri hedoia zalaparta, edo ez zalaparta, Eskual-Herria berdin ferdail dagon, iguzki samurraren hats pean..
Iphar aldeko hegalak bezain ferde, arbola pizkor, eta belhar gordainez beztitua.
ego aldeko eremuak bezain distirant, iguzkiaren zilhar argiaz, gain gainetik aphaindua.
Eskualdun mendichkak, daukan etche andanarekin, iduri magnolia, erramu basaren abarra, ainhitz lore chuhail ageri, hosto zabalen erdian.
Eskualdun gaztea, Eskualdun umea.
Laborariak, harri jaustearen ondotik duen thema, ogi landa chehatuaren alderat,
zuk, ez duzua othe ukhanen, zure gogo, eta zure bihotzari buruz?...
Zure arbasoek ez dautzuzte bakharrik utzi, Jaungoikoak ontasuntzat eman, phentze eta landa, othar eta oihan, mendi eta itsaso...
Jaungoikoaren izenean, hel arazi daukizuzte. Eskuara hitzen alhor saindua, Eskualdungoaren bizi-bide ospegarria...
Mila eta mila urthez arbasoek bere asmuaz eta kasik bere eskuez orhatu hitzen alhorra, ohiduren bizi-bidea...
Mila eta mila urthez, haitzaren erroak buztinean baino barnago, Eskualdun bihotz zolari harrapaka lothurik egon diren ohidura bizi-bideak.
Jaungoikoak nahi ukhan du, zuhau izan zinten, berak diren jenden artean.
Zuhaur, zure mintzo eta ara bereziekin.
Zuhaur eta ez berze norbeit; eta are gutiago erdia hau eta erdia hura den nahastikako zerbeit...
(Barkha gure malzurkeria)... ez mando buru-aphal ulidun, bainan behor lepho-lodi, odol demendren khechu batekin.
Zure irhintzinak, chut-chuta iragan behar du, haur ttipiaren begiak bezain miko, gau belzean ñirñir so dauden izarreri buruz...
Zure pilotak, jo eta jo, aintzin-gibel, eskuin-ezker, airetik eta herrestan ibilki behar du jauzika, berekin eremeiten dnela zure arimako ahur bat phindar.
Zure chichtuak, besta goizean jauz erazi behar du mendi zilhoetan lokharturik dagon oiharzuna, bizia ez baita terren-kenten hethi berdin, kirets eta atsegin gabekoa.
Bainan nola ez ohart, hegoak berekilan kharreatzen dauzkigula, berze bizi-molde, berze hitz-edoi mulzoak?...
Bizi-molde eta hitzak, jausten badira gure herniaren gainerateuri ephela bezain eskiki, orduan agur lagun auzoeri! Kanteil guzietarat idekirik dago Eskualdun zerua!
Aldiz, baduztelakotz erthohil, indar eta diru, soldado eta erakasle, nahi balituzte kaliturik ezarri, barazuz herniaren gisa, zure ohidura maiteak
Orhoit zite Eskualdun gaztea, gure landetan, erautsi madarikatuak baino kopeta eta iraupen gehiago ukhan duela laborariak.
Orhoit zaite, Eskualdun gaztea, sorthu zirela laborari.
Sinhesten dut, bethi ama Eskualdunak, haurraren ezpeinak ibil araziz bere amak eta amaren amak ibilki bezela,
Nahiko duela, arraposki, herrebeski, haurrak erran dezakion, Ama.
Sinhesten dut, bethi alta Eskualdunak, bere aitak eta aitaren aitak lanetik etcherakoan bezela, bella dagola, bihotza pil-pil.
Haurra jin zaikion haldamaldaka, eta musu eman bizarrez zikhindu mathelan, diolarik, Aita.
Izan dira bethi jende idorrak: kharraka heien ezker bulharra, eta hatchemanen duzu edo diru kafia, edo urgulu ohantzea. Bainan izan dira ere bethi emazte diren emazteak, gizon diren gizonak, jende-jendeak...
Sinhesten dut Eskualdunak, egonen direla bethi Eskualdun...
Jesus Jauna, zuk ere, hamabi dizipuluren gainean, ez duzu bat baizik aurkhitu, zombeit urhe pochirentzat saldu zituena,
Eta zure gorphutza, dena karramaska zagolakotz khurutzetik dilingan, bil arazi ditu ingurirat jende-keta ezin athertuak.
Sinhesten dut, bethi Eskualdun gazteak lehiatuko direla Eskual-Herriaren zaintzerat, zuk eman baitiezute, Jauna, odolean laborariari sarthu diozun, ogi landa harriaz andeatuaren alderako, urrikalmendu eta amodioa.
|