L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Egizko gertaera bat

 

Antonio Iturrioz Urizar

 

Jose Iñasio, Azkoiti'tik mendietarontz aurkitzen dan errixka batean bizi zan. Urteetan bai berak irugoitik gora. Euskalerri'ko sendi gei geienak oi diran bezenbateko sendi zintzoaren buru baitzan anbat seme-alabaz.

        Gizon ixilla ta langillea Jose Iñasio gurea. Gizon ixilla... Auetxek dira itz bi, gure bazterrean edonor, naiz ta andikiena izan, anitz begirapenez goraipatzen dutenak. Ospe oitzaz iritxi zan Jose Iñasio zartzarora.

        Izendatu nai ez degun erri txiki artan ez zan beñere ezertxo gauza nabaririk ezagutu izan Jose Iñasio'n urteetan. Bere ixiltasunaren magalean zegian aurrera biziak an.

        Baiña bein baten eldu zitzaien txerrenaren kaku-makua zirudian gertakaria, bere eragipen ziztriñaren pean agure jator ura nastu zuena. Dakusagun nola. Negumiña; egun baño lodiago zegoen elurra, ez mendietan soillik, orobat beitietako aranaldeetan. Esnedunek eraman zuten errira, basurde izugarri baten oñatzek elurrean ekus izan zituztelako berria. Egia esan, barano aietako egoiliarrek aurretiaz etzuten iñolazko basurde-agerketa oroimenik; eta esnedunek ziotenez, oñatz aiek adirazten zutenaren arauz ba'omen zeuzkan amar arru goititik pizti arek.

        Alako albizteak aditurik, adoretu ziran erritxoko mutil gazteak. Berealako baten atondu talde ausardia ta erabaki zuten biaramunean, eguna argitzean, basurdeari guda ematea. Errian zegoen ardandegi bakarra ikuraztu zuten biltzar-toki.

        Eguna gabe bildu ziran eiztariek ardandegi artan, bakoitza bere iskilluaz; batak, aizkora zekarren; besteak, aitzurra; urrengoak, mallu erpin-geztaritua, ta ala.

        Lekorean ari zan otz aundiari gogor egiteko ta goizaldean barneko arra dagokan eraz illerazteko adarreko bat edo beste patar edaten zeudelarik, aurkeztu zitzaien Jose Iñasio, bostortzekoa bizkarrean zekarrela. Arritu ziran mutil gazteak eta eretako batek zirautsan,

        — Baiña zu ere gurekin al zatoz, Jose? Elurretan basurde billa ibiltzea ez ote lankizun zakarregia zure adiñerako?

        Baiña agure adoretsu ark etzion iñori jaramonik ere egin. Urbildu ardandegiko ugazabari ta agindu zion edontzi bete patar ateratzeko, sudarraz-bera zerion dindirria eskumuturrez txukatzen zuen artean.

        Eiztari taldea landaz aurrera zanean, elurra belaunetaz gora eltzen zitzakien. Jose Iñasio aurrenen zijoalarik, berak ikusi zituen, beste iñork baño len, basurdearen oñatzak.

        Aizak, Pello —ziotsan gazte batek bere aldemenekoari—, ez genuan gauza erraza, ordea, agure ori orren kementsua zanik uste izatea.

        Piztiaren elurtzako oñatzek eren nabaritasunez bidatzen zituztela, anbat ibillera larri egiñen geroz, nozpait atzeman zioten bere izkutalekuari; sasi ta arantzarte zabal, sakona zan berau. Inguratu zuten eiztariek, biraldian ustaia eralduaz eta asi ziran bertara arrika, txiztuz eta deadarrez.

        Basurdea, lenengoz zurrunga zakarrak eman izanarren, etzuen nai izan irten bere estalgunetik; baiña ari ta ari, alakoren baten or agertu zezakien bizkarreko zurdak txutik zituzela, purrustada izugarriek egotziz. Aietako mutil batek jo aizkoraz sorbalda gañean eta aberea, ukaldiak suturik, itzuli zezakion berberean eta albo-ortzez zango batean zaurituz geroz an laga zuen elurtzan, blai odoletan; eta bigarren erasoaldira zioakiola, mutil ura iretsi naian, katamotzaren jauziz alboratu Jose Iñasio abereari ta bostortzekoa zaietzetik zear sarreraziz, lurrera josita zeukala eutsi zion, beste eiztariek lagun aratu zitzaizkion arteño. Oroen eskuz bukatu zioten bizia basabereari. Ark bere azken ostikada ta garrasiak eman zituenean, gazte aiek lendabiziko azkarren irten zuten beren marratik, oiuz eta txaloka, txapelak gora jaurtigiz. — Gora Jose Iñasio! Gora gure buruzagi kementsua! —, aditzen zan.

        Nork daki nola ler eragin etzioten agureari, eman ziozkaten besarka kartsuez. Baiña ala ere pozarren zegoen Jose Iñasio, gudaldi artako gizaguren bera adirazi baitzan. Nior atara jarri gabe, berez berez biurri zan eiztari taldearen gudalburu.

        Mutil zaurituari tarratada batez alkandoratik atera zioten oial zatia ta beragaz lotu zangoan zeukan zakailla. Gero, lotu esku-oñak abereari, iragan eren bitarteetatik pago-adar sendora luzenik luzen ta, bai mutil, bai piztia bizkarrez zekarzkiela, abiatu ziran eiztarik errirontz. Aberea, agatik zintzilika, dingili-dongoloan zekarten, jualetzar beltz eta itsusia iduri, elur zuriaren agerian orañik obekiago zeintzen zitzaizkiola bai bere beltzura ta itxura izugarria.

        Errira sarreran, or zetorren Jose Iñasio guzien aurretik, ordu artan bera zan gudalburu kementsuari zegokion tajuz: lerden, ausarditsu, besoai eragiñaz, ogeiren bat urte gutxitu bailitzaizkion

        Ardandegiko maiaren gañean utzi zuten basaberea, auzokoek ekus zezaten.

        Geroz izan ziranak erritxo artan! Jan-edan oparoak egin zituzten eta bertso berriak atera ere bai, eretzaz Jose Iñasio anitz goraipatzen zutela.

        Arazo orien aztapean zearo bestelatu zan agure ura; lenago gizon ixilla ta erdi-lotsakorra izan eta abar, orain berak zerebilzkian zalaparta nabarienak ardandegian, egunero, etxekoek arrimen andienean zeduzkala. Etxeratzen zanean, begiak nirnir egiten zioten; iñoiz bein alborakatxoak ere ba-zegiztan, ardo-atsa zeriola. Ori gauaz agitzen zitzaion. Egunaz, etzuen ark naiko asti auzokoei, banan banan, basurdatearen gora-berak etengabe atzalpentzeko baizik. Bere adixkideak, matraka ura eun bider entzunez gogaiturik, iges egiten zioten. Amar aneurkiñezko biraldian etzuen Jose Iñasiok gizaki bakar bat basurdearekiko gertaera ura xeeki etzekianik.

        Egun baten, aita ardandegian zarataz zebillen artean, bildu etxekoek eta artu zuten erabakia ark zeukan setakeri nabarmen eta alkekitsua nolabait burutik atera erazotzeko. Ta biaramunean seme nagusien biak txit benazki itzegin zioten, txaldankeri ura bertan bera ta beingoan laga zezala larderiatuz. Seme aiek, eztabaida luzea ezkero aitaren baia ar izan zutenez, sakon eta gozoro pozez beterik arkitu ziran. Etxe artara, berriren berriz, itzuli zan bizimen egokiaren atsegiña.

        Orrelaz zirala, seme nausiak igandean eskeindu zion bazkaria etxean, Burgos'en soldauzkan urteak egiñen geroz erriratu zan Txomin bere adixkide miñari. Bazkari oparoa, izan ere ura. Anbat ipui erabil zituzten maiean, bai etxeko mutillek, bai arrotzak. Jose Iñasio zan soillik aoa ideki ere etzuena, jan eta edan egiteko ezik; garbi nabaitzen zitzakion an zerebilzkien arloengandik urrun zeukana burua. Orratio, alakoren baten, naiezian edo oarkabez bezela, usteze ameskaitz nastetsu batetik atzarri zala, esan zuen bere Azkoitia'r izkeraz,

        — Txomin..., e?...; an ere..., ibillikoie..?

        — Jose Iñasio jauna..., zer? —erantzun zion arrotzak.

        — Diotsut, Txomin, an ere... ibillikoiela! Nola ez ba ibillikoie bai...

        Seme nausiak garbi zekustanez aita nolako arira zetorren, (berak doillortzat zeukan ari madarikatu batera) agitz saminduta aserre baño aserreago zirautsan, «ori bai dala itza jatea, aita, egundaño alakorik!» Eta Jose Iñasio'k, ordurako barnean sortuta gora zetorkion setakeriaren indarrari eutsiteko almenik gabe, zital jardetsi zion,

        — Nik etsioat auxe baizik: an ere..., an ere ibillikoiela, ibillikoiela!,

        — Baiña aita, nola Txomin'ek jakin dezake zertzuk liraken «ibilllikoien» alu oriek?

        — Basotxarrixak, seme basotxarrixaaaak... i

 

Atzalpena:

Adarrekoa, patar-neurritxoa zan gure sorterrian, Eibar'en.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.