Atarikoa
Etxe-aldaketa
Sei urte anditan euskal-zuriari eutsi dio Guatemala'n gure aldizkariak. Sei urte andi, euskeraren alde atergabe lanean Iainkoak daki nolako erstura ta naigabez inguraturik. Ala ere zeruak ez dizkio ukatu bere asmoak aurrera eramateko bear zitun kemen-adoreak. Gogoz eutsi dio euskal-zuziari, gogoz iñolako ekaitzaldi ta erasoaldien artean, gure aberri maitagarria odei beltz-aztunez zanpaturik euskal itzerditxo bat ere aizetara iaurtitzeko ezinduta arkitzen zan bitartean. Aldi larri ortan Euzko-Gogoa'k, soil ta bakar mundu guzian, etxetik alde, erritik urrun, aberri-izkera ostikopetuaren erlantza lau aize-xokoetara barreiatu du Guatemala'ko lur eder ontatik.
Baiña, zoritxarrez, ludi ontan mugagaitzik ez dago, zer guziak, ots, gizaki guziak, sorkari guaziak alde batera edo bestera mugatuak dira, eta mugak ain zuzen, goiz edo berandu bere sare artean atzematen ditu. Eta gure aldizkariari muga etorri zaio orain ari geran erri ontan beintzat, eta mugabear orrek beste mugarte batzu billatzera darama Euzko-Gogoa orain arte baiño kementsuago, bear bada, bere lanari lurralde berrietan ekiteko. Labur esan, Euzko Gogoa'k Guatemala uzten du, eta auxe duzute irakurle maiteak, lurralde ontako bere azken emaria, zenbaki auxe, alegia.
Aldizkariaren zuzendariak aberriratzea erabaki du eta berakin darama aldizkaria ere gure arbasoen kabira. Eta bearrezko zan. Nork ukatu lezaioke gure zuzendariari aberriratzerik, ia ogeitamar urtez aberritik landa gaztaroko urterik ederrenak euskeraren alde erre ondoren? Antxe dauka bere amatxo, antxe dauzka bere senideak eta antxe dauka gure lur puxketa mintsua ere aspalditik zai. Eta antxe dauka batez ere, ain gartsu, ain laztanki maite duen gure izkera, gure euskera xaarra bero eske, maitasun eske, laguntza eske. Eta ziur gaude gure zuzendariak, orain arte bezela, beroa, maitasuna ta laguntza emango dizkiola.
Ez du aldizkaria bertan bera uzteko asmorik; aintxe aberri naigabetuan, lekuaren gaiñean ikusiko du nola aurrera atera Euzko-Gogoa eta askabiderik arkituko dio korapillo orri maratilla zaillenen aurrean ere amor emateko gizona ezpaita, euskaldun maiteek laguntza pizkat ematen baldin badiote batez ere. Lankide batzu aberritik alde iraun bearrean arkitzen gera ordea. Baiña sortuko litzaken tokian ez diogu Euzko-Gogoa'ri arnasik ukatuko arazo ta indarrek utziko liguteken neurrian. Euzko-Gogoa'k gizaldi berri bat sortu du euskeraren inguruan, eta gizaldi orri euskotar eta euskaldun guziok nora-ezean eutsi bear diogu, gizaldi orren auzi ta asmoak zoritu ditezeño, burutu ditezeño.
Euzko-Gogoa'ko gizaldiaren auzia Euskalerria dugu, eta auzi orren askabidea Euskera, EUSKERA SOILIK. Oraiñarteko gure gizaldiek ez dute guk bezela Euskalerriko auzia azaldu. Auzi ori, esan bear, aiek ere beren barne-muiñetan sentitu zuten, auzi orren askabidea ordea, ez zuten guk bezela izkeraren gaiñean ezarri, euskeraren gain, alegia. Ez dago besterik: gure auzia euskerak askatuko du, ez beste ezerk... Orregatik Euzko-Gogoa'n ari izan geran idazle guziok euskera landu, apaindu ta egokitzen eman ditugu gere onenak, Euskadi'ko mugarte ta gizamailla guzietan aberri-izkera loratu dedin. Euskera mugatu nai bagenu, gure auzi au bertan gertatuko litzake ustel eta gure erriaren bizitzak ez luke askabiderik izango. Gizaldi eder au Euzko-Gogoa'ri zor zaio, gure erriaren auzi-mauzi guziak euskeraren bitartez garbitu nai lituken gizaldi berria.
Zer egin du, ordea, gure aldizkariak bide ortan? Bildumari gain-begiratu bat eman besterik ez daukagu zer egin duan ikusteko. Lenik eta bein euskerari iñolako esirik iarri ez. Ez du esparru extuetan erabilli aberri izkera; orain arte amestu ere ez zitun zabal-uneak iriki dizkio eta euskerak ederki erakutsi du zabalune ez-oitu oretatik edonungo izkerak bezin txairo ibilli zitekela. Lan zoragarri ortarako euskal-urregin argienak bildu dira. Luma bikaiñenak antxe ari izan zaizkigu euskeraren barne-ondasunak azalerantzen eta bidenabar gaitasunak nabarmentzen.
Irurogeitamar urregin batu ditu aldizkariak bere orrialdeetan. Nungo beste aldizkarik alkartu ditu ainbeste euskal-idazle? Orain arte beintzat, guk dakigula, batek ere ez. Eta gerorako ere, lurralde ontan agertzen dan azken banakoan beren euskal-maitasunaren neurria erakutsi nai dute idazle azkarrok.
Olerti saillean, gure batzaldian sarituak izan ziran olerkari goitarren poemak agertzen ditugu. Sari bakarra «Bizi-nai» Mitxelena'tar Salbatore olerkariaren poemak eraman zun; oso-osorik irakur zenezakete orrialde oietan. Dedu-aipua Etxaniz, Onaindia eta Aurraitz'ek ukan zuten. Oien poemak ere, guziak izan ez arren, geienak beintzat, ementxe arkituko dituzute. Benetako antologi zoragarria, iñoiz gutxitan euskeraz ikus ditekena. Ar bezate olerkari maiteek eskerronik beroena. Elerti-sailla, or ikusiko duzute zeiñen aberats datorren. Iakintza-sailla ere gure maizu aundien argitasunez gaiñezka datorkigu. Antzerti-saillean «Lur-ikara» euskeraz egin dan antzerki ederrena bear bada, argitaratzen dugu. Irakurleek erabakiko dute.
Orra Euzko-Gogoa'k gure gizaldiari egiten dion opari ederra.
Agur luze bat ar beza Guatemala'k. Euskerak zor andia egin du lurralde eder onekin, aberrian arnasestuka, itomenean zegon bitartean, atzerriko egurats ederra eskeiñi diolako.
Agur zuei ere, irakurleak, agur laburra ordea, gure aldizkaria, ahal bezin usu, zuen artean izango baita berriz ere.
Axularrekin amaitzeko: «Orai bear dugu permatu; orai bear derauegu eskuei eragin», eta ORAIN orri aurrerantzean ere sendoki eutsiko dio Euzko-Gogoa'k euskera laztana irozotzeko.
|