Elerti
Rousseau Ion Iakue
(1712-1778)
Udalaizpe
Aren berri izateko iturri iori ta ederra dugu bearrik: beraren «Aitorkizunak», arean: bertan oso ta bizi agertzen zaigu eskuarki, egiti bait da, naiz ta bere buruaren utsak eta lotsagarriak aitortu bear. Alare, axolaz onartu bear ditugu aren esanak oro. Idazti ori berrogei ta amalau urte zitularik idatzi baitzun, noizpeinka uts egiten dio beraren oroimenak, berberak aitor dunez. Ain zuzen ere, oker ainitz idoro ditute gizon ikasiek idazti ontan. Alako idaztietan oi danez, etsaien aurka txakurrenak esaten ditu ta bere burua eder agertu nai du, etorkizunari buruz.
Aurtzaro deitoragarria izan zun, eta gurasoek etzuten azi ta ezi, bear zutenez. Iitez makur eta okerbera zan, ta azibide-gabekeri orrek ioera zitalok garatu zitun. Aitak bertan bera utzi zun eta beiaren boskarren txala bezela gelditu zan: ara ta ona noragabe alderrai ibilli zan arrezkero. Beraren urte zurienak Lambercier eliz-artzaiarenean igaro zitun, nonbait. Alare, bertan bizitzez egoterik etzun opa izan. Gero, baratari ezein batenean, andik irudigin batenean bizi izan zan. Gogaiturik etxe iges ibilli zan, ara ta onaka bear gorrian. Diru poxi baten aldera katoliku biurtu omen zan, antza. Irakasle ta ogipeko iarrai zun. 1741 garren urtean Paris'era io zun otzurrik gabe. Labur, andik alde egin bearra ukan zun. Arrezkero, Montaigu'ko kondearen zadorlari egon zan urte t'erdiz. Berriz itzuli zan Paris'era, ta Dupin Andrearen, Diderot'en eta Epinay'ko Andrearen adiskide egin zan: ain zuzen ere, azkeneko andre onen etxean asi zun bere «Eloise Berria».
1762'garren urtean «Emil» idazti aipatua argitarazi zuneko, Paris'tik iges egin bearra izan zun eta Neuchatel'eko zertanean eskutatu egin zan. Andik Inglaterra'ra io zun Hume iakintzaleak deituta. 1778'garren urtearen asieran il zan.
Aren bizitzaldian zenbait orañen ageri dira. Warens'go andreakin eta Houdedot'eko andreakin izan zitun ar-emanak bezgarri dira, adibidez. Baitik bat bere seme-alabak zapuztea ez da barkakizun, iñola ere. Ingirarik gabe bere lau seme-alabak umezurtz-etxean sartu zitun. Mandoak umerik ez, umearen miñik ez. Aiurriz arroxko zan, eta andikiekin ibil-nai itoa zun. Bestalde, andikion aurka esatekoak esaten ditu ta aldarte txarrak ioten zunean, zokokari gorri billakatzen zan. Itzak ederrak eta putzak miñak zitun. Azken urteetan, bazter eta zulo bakoitzean izterbegiren bat ataizean ikusi-iduri zun. Zuzen eta bidearen aurkako gizon argi onek ateraldi burutsuak oi zitun. Aren bizitza dana ekaitz txoroak astindu zun. Idatzi zitun idaztiak oro besteak artezteko izan ziran. Au ere bada ba! Bere burua oker erabili ta besteak zuzendu nai.
Rousseau'ren idaztietan Prantzi'ko Matxinadaren iñusturi-orrua ta ekaitz-zurrunbilloaren ereta-durundia entzun-iduri dala buruak ematen dit.
Beraren lenengo idaztian ageri dira geroago azalduko ditun asmoen aziak. «Iakintza ta ele ederraren berrizteak indarrik ba ote du ekanduak garbi erazteko?». Galdekizun orixe egin zun Dijon'go iakintza batzordeak norgeiagoka antolaturik. Ezezko biribilla iardetsi zun Rousseau'k. Nork bere alegiñez utsetik nolarebait sortzea omen dugu ikuskizunik ederrena. Aro-erdiko gaupetik gora eraiki omen zan Europe zabala. Ez-iakiñen eta alotzen garaia duzu Aro-erdia, Rousseau'ren iritziz. Ortan gogaide zun Voltaire berebat. Bearrik sarrasendar takerrek ekarri omen zuten ele ederren berpizkundea. Gezu baten, ele-ederra ta Iakintza gaingora zoazten, nora-nai dirdaiak iario. Gizakume elkartuek, ordea, lili-txorta ederrak daramatzite burnizko billurren azal gaiñean. Aurrerapenok gizona izadiarengandik aldendu egin zuten. Gizarteko ar-eman eta ioan-etorrietan ez da ageri aurrerapenik, beraz.
Eder eta onaren zomorropean norberaren ariurri makurra estali oi da. Orra gure ekanduak irabazia eleder eta iakintzaren bidez.
Makur ori, gaiñera, ez da gure aldiari bakarrik dagokiona. Gaingora io duten erri guziek onbidearen aurkako izan dira. Erakusburuz zenbait errien iarduna ekarri da kar: Aigitu, Elade, Erroma, Konstantinopoli, Txina, alegia.
Areago oraindik: berez ta sortzez gure makurbideak dira eleder eta iakintzaren iturburuak ta iatorriak: alperkeria, eder-naia ta gurikeria aizatu egiten dute. Gure on naia makurrerazi ta gure asmoak ezkertu egiten ditute, besterik ez.
Orra ele-eder eta iakintzaren aurkako gure Rousseau. Beste sariketa batean galdekizun auxe iarri zuten: nondik nora dator gizakumeen arteko ez-berdintasuna? Izadizko legeak onartzen al du? Rousseau'ren erantzunean auxe irakurtzen dugu: egoera artan berdintsuak omen ziran gizakumeek oro: gizakumea on eta on-zalea omen, eguzkipeko bazterretik bazterrera bakea zan nagusi: iabegorik ez zuten gizakumeek, ezta eder-itsusirik ere. Gizakumeok erriratu ziranean, ordea, dana alperrik galdu egin zan. Berez gizakumeak ez zeukaten errian bizi bearrik, gizakumeak gizakumea ezpaitu bear, matxango edo otsoak kiderik bear ez duten bezela. Gizarte ta erriak sortu baikoz, gizakumeen arteko ez-berdintasuna etorri da. Besterik uste dugu euskaldunok: esana da, «mendiak mendia bear ez, gizonak gizona bai».
Asmo oiek dira «Emil» aipatuaren ardatz ta erditoki: idazti ontan azaldu zun bere azibidea. Oroen Egillearen eskutik sortzen dana ona da: gizonaren eskuartean dana lorrindu egiten da, ordea.
Idazti orrek bost atal ditu. Ikasle bat aukeratzen du Rousseau'k: «Emil», alegia, belaun-etxeko semea, aberats okitua, ume-zurtza. Mutiko onen azibideari begiratuko dio Rousseau'k arretaz. Aurra izketan asi-garaian, aren adimena ta biotza ezten eta azten ari da Rousseau. Aurrenik okerretik begiratu bear du aren biotza, ta gezurretik babestu aren gogoa. Eredu gaiztoak itzuri, ta aolku ustelak ikasleari bazterrerazi al izateko, basora eroan daroa, morroi galduengandik urrun, errietako ekandu beltzetatik alde. Amabi urteko mutil koskorra dalarik, idazti bat ere ez dio eskura nai, oraindik: ez dakitenarengaz itz egiten irakasten baitute. Idaztion ordez, ogibide bat erakutsi nai dio. Egia esan, Emil aberatsa da: baiña nork iakin? Ezurteak ditu gaiñean, matxiñaden gizaldia badator. Arotz egingo du, beraz. Amabost urteko mutilla da aldi ontan. Gauza aundirik eztaki, ziñez: baiña dakin apurra zain eta muin daki. Aren adimena gaiturik dago, non-naiko egiak bere egiteko. Edestiaren izenik ere ez daki, ezta metapisike edo zillegigoarenik ere. Iñoren gentza asaldatu gabe bizi izan da oraiñarte, bere buruaren iabe, bere eskuko, ta zorioneko.
Garai ontaraño berandutu du Rousseau'k Iainkoaren berri ematea. Udako goiz eder batean muiño batera eroan daroa Rousseau'k bere ikaslea. Ikusterrean ikuskizun begi betegarria izaki, bere siñeskizunak azaltzen dizkio. Ludia naimen altsu ta iakintsu batek erabilli darabil: Iaungoikoak, alegia. Alare, Iaungoikoa iauresteko lurrun-ontzi, txurru, gopor, antuxin eta beste atuxik ez du bearrezko. Norberak bere gisa ta bere baitan iauretsi bear du Iaungoikoa, beste itzik ezpaitigu egin. Ontan uts egiten du. Emil gizon egin zaneko, adiskide artean sartzen du; emaztegaia aukeratu ta ezteiak antolatzen dizkio. Azkenengo atalean andrearen azibideari buruz ari da.
Orra «Emil» aipatuaren giarra. Idazti ori irakatsi berriz ta onuragarriz kunkuin ageri da. Ondore onik ekarri zun, noski. Aur-azibideari iaso aundia eman zion, aldi artan aurren iaramonik ezpaitzan. Andikien artean, amak berak zabartuxe ziran eta Rousseau'ren eragitez ama aiputan artu zuten. Alare, bere ustekizunen oiñarri ustela duzu. Aurren ioera makurrak ezi-erazteko iaramonik ez du egiten.
Gizarteko Egiunea. XVIII'garren gizaldian gizarteari lur-io erazi nai zioten idazleak oro. Rousseau'ren alegiñak, ordea, orube berrietan gizartea eraikitzeko izan ziran. Orra gizarteko egiunearen mamia. Erri amestu berria sorterazi nai luke, aspaldiko erri zarren ereduz. Txakur amets urdiña! Parantzi'ko Matxinadaren aziak ageri dira idazti ontan. Arrezkero, gaiok astindu, irauli ta erabilli bearrez aunitz ibili dira.
«Gizarte-egiunea» idazti aipatuan laugarren idaztian eta lenengo atalean Gernika'ko Aritza aipuz goresten omen du Rousseau'k, Garate iakintsuaren iritziz (ikus Justo Garate, Cultura Biológica y arte de traducir, 178-9 garren orrialdetan, Eusko Iakintza vol. III, 4-5-6gn. zenbak. 396-7 g. orr.). Oraiñarte beste itzulpenetan artza bezela iarri omen dute, Gernika'ko Aritz aipatua eskutaturik. Orra or aipu ospetsua euskeraz:
«Eguzkipeko erririk zoriontsuenean, arizpean erriko garatzak baserritar saillek antolatzen ditutela eta beti zugur ari dirala ikusten danean, orrenbesteko antzez ta kuxeluz ospatsu bezin errukigarri biurtzen diran beste errien gurikeriekiko arbuia itzuri al diteke?"
Idazle zurrian, iñolako ospea iritxi zun Rousseau'k, eta tximistak bezela dirdai egin zun. Berriren berrirengo idazlea dugu. Alako idazlerik ez zan agertu aspaldidanik: etorri andia du bere, alegia. Idaztankera labur eta aizkoratuaren orde, luze ta zabala darabil; idaztankera zorrotz ta izoztuaren orde, sutsu ta gartsua darabil. Bero-bero dator beti, naiz ta usuegi zirtolari etorri. Non-naiko edozertan bereki duzu.
Aren ondoren osasungarriak luzaroan iraun zun. Gure aroko elertia ere zordun zaio oraindik. Iainkoarenganako zaletasun berria nolarebait berpiztu zun, idazle artean, beintzat. Berari zor zaio izadiaren zirradak azaltzea. Nork axkurez bere buruaren berri eman eta norberaren biotzondoa berak ekarri zun. Iturri ioritsua benetan Rousseau'k ele-ederraren alor aberatsetan ilki erazi zun iturria!
Rousseau'ren berri iakitea euskaldunoi ernegarri zaigu: bere adiskide mamitsu Altuna ta Portu'tar Imanol Iñaki izan baitzun (ikus I de Aralar, «El Conde Peñaflorida y los Caballeritos de Azcoitia» 170g. orr.: Julio de Urkijo e Ibarra, «Menendez Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia», San Sebastian 1925).
Bere aitorkizunetan luze ta zabal aipatzen du gure erritarra: orra aren esanen giarra:
«Venezia'n euskaldun bat ezagun nun, Carrio nere adiskidearen laguna: gizon on guzien adiskide izatea artze zezakean. Gazte maitegarri au iakintsu ta on izateko iaioa zenun. Eder-antzearen zaletzeko Itali zear ibiltaldia egin berri zun. Bere egikizunak bukaturik ker-ker etxeratzeko asmotan zegoen. Eder-antzea arentzako atsedenaldi bat besterik ez zala esan nion, iakinkizunak lantzerako egiña baitzan. Orien zaletzeko, Paris'en sei illabeteko egonaldia aolkatu nion. Nere esana onarturik Paris'era io zun. An zegoen nere zai, ni ara ioan orduko. Bizitetxea aundiegia zun beretzako ta berakin bizi izateko eskeiñia onartu nion. Ikaskizun sakonetan murgildurik arki nun. Ark iritxieziñik ezertxo ere ez zan. Dana irentsi ta bere egiten zun egundoko lasterrenik. Aren niganako esker ona, azkurri ura aren gogora ekarri niolako, iakin-bearrez mindurik baitzegoen, berberak antz-emateke. Gogo sendo artan arki nitun argi ta on domuak! Nik bear nun adiskidea uraxe zala igarri nion. Gure ioerak ez ziran berdiñak iñola ere. Beti eztabaidaka ari giñan. Biok setati giñan, iñoiz ere ez giñan erabakide izaten. Alare, elkar berezi eziñak giñan, eta etengabe gibelez ari izanik, biotatik iñork ez zitekean nai izan bestea bestetariko izaterik... Apen asmorik ezin ziteken aren gogoan sartu, ez eta ere aren irrikarik ere aren biotzean. Arroegia zenun, asperkoi izateko ta maiz entzun nion otz-otz auxe esaten: illen-ume batek ere ezin zindekela mindu, gaitzitu. Biguin izateke, gizatsu zenun. Aurrak bai-liran, emaztekiekin iostatzen zan. Adiskideen izter-anderekin atsegiñez ari izaten zan, alakorik, ordea, ez nion ezagutu, eukitzeko irrikarik ere ez. Aren biotza iaten zuten onbide-garrek egundo ez zioten utzi sentiduenak sorterazterik. Axalez españar bat bezin iainkozalea zenun, barnez, ordea, aingeru baten iauntzaletasuna zun. Neu kenduta, bizi naizen ezkero ura ainbateko amorregillerik ez dut ikusi. Erlisio-gaiñean nola oldozten zun iñorengandik iakiteko gogorik iñoiz ez zun izan. Adiskidea iudu, ostelari, turku, iainko-bageko, eliz-zale izan zitekenik axolarik ez zion ematen, gizon zintzoa izan ezkero. Aburu ezazoletan (indiferente) setati eta isiti izan arren, erlisio edo moraleko zerbait ari genunean, gogo bildurik isildu egiten zan edo auxe esaten zun xaloki: nere buruaren arduradun baiño ez naiz. Sinistu-eziña, benetan, nola alkartu ditezken orrenbesteko gogo-goratasun eta zeaztasungogoa: zeatz-zeatza baitzan. Aldez aurretik eguna orduka, ordu-laurdenka ta minutuka banatu ta tinkaturik zun eta banaketa ori zeatz-meatz betetzen zun. Ain zuzen ere, itz bat irakurtzen ari zitekenean orduak io izan ba'lu, amaitu bage idaztia itxiko zizun.
Ikasketa bat edo beste burutzeko bere garaia zun: bere gogarpenerako, izketaldietarako, eginbideetarako, Locke aztertzeko, agurtza esateko, ikustaldiak egiteko, musikara ko, pinturarako bere orduak zeuzkan. Ta ezerk ere ez zun irauli al izango bide ortatik, ez atsegiñak, ez ziltzaldiak ez egoki izateak ere. Ortarako, ordea, naiko izzn ziteken egingoren bat betebearra. Aldiaren banaketa zerrendan iartzen zidanean nere baiezkoa iristeko, parreka asten nintzaion eta azkenik arrituaren arrituz negarrari ematen nion. Egundo iñori ez zion gogaiteragiten eta gogait egiterik ere ez zun iasaten. Adei-legez nekarazten zuten gizakumeekin latz zan; gogatsu zan, minbera izateke. Aserre zala maiz ikusi nun, baiña iñoiz ere ez mindurik. Aldartez alai zenun, iñor baiño areago, izan ere. Narrita zale izanik, iñorenak onetsi ta adarra ioten ari izatea atsegin zitzaion. Ontan buruen buruko zenun, ziri-bertsoetarako ezpaitzan aketza. Gogoa berotzen ziotenean zaratatsu ta zalapartari zenun, ta urrundik entzun erazten zun bere abotsa; baiña garraxika ari zanean ere irriparrez ikusten nun eta beroaldietan ere guziei gogoko zitzaien itz ederren bat beti arkitzen zun. Ez zan españar ez larru-mintzaren margoz, ezta birikandiz ere. Larru-mintzez zuri urdiña zan, matraillak zuri-gorri zitun eta illea gaztainkera, ia orail. Luze ta ongi egiña zan. Bere gogoa abetaltzeko tankeratua zun salina. Buru-biotzez iakintsu ura, gizonen ezagutzalle ura zenun nere adiskide. Ez dan edonori erabateko erantzuna. Ogi ta mai ta iaki giñan-ezkero, aurrerantzean bat egiñik bizitzea erabaki genun. Zenbait urte igaro ondoren, nik Azkoiti'ra ioan bearra nukean, aren ondoan beraren lurraldean bizi aal izateao. Gure asmoaren xeetasunak oro atondurik geneuzkan biok, aren ioanaldiaren aurregunez. Obekienik antolatutako asmoetan uts egiten duna soilik peit zitzaigun: gizonen mendeko ez dana, arean. Geroko gertariak, nere ausiabartzak, nere eskontzak, aren eriotzak buruenik bein betiko bereizi giñuzan». Orra Rousseau'k idatzia, Altuna euskalduna aiputan arturik.
Bestera dezagun itza. Arritzekoa benetan! Gure artean Rousseau'ren gogaide ainitz izan ditugu. Or dugu egunotan gure «Orixe», esate baterako. Asmoz maiz Rousseau'ren gogaide dirudi. «Azkenik literatura orrek oiturak andeatzen ditu. Ele-eder dalako ori, eunetatik berrogei ta emeretzi, gordinkeri, likiskeri, lizunkeri, urdekeri, ustelkeri besterik ez da» (Euzko-Gogoa 1954, 101 g. orr.). Itzok Rousseau'gandik Orixe'k ietxi ditula dirudite. Alare, auxe egia: Rousseau'renik Orixe'k ez dula irakurri lepoa egingo nuke. Nondik nora dator antz ori, beraz?
Zarra da, nonbait, eztabaida ori idazle artean. Elizgurasoen artean lipizta berauxe sortu zan Elade ta Erroma'ko ele-ederrari buruz. Eliza narerik zegoan. Bere buruaren iabe agertu zan orduko iaurerri zabalean. Gazteak azi ta ezi bear zituten. Eliz-idaztiak soilik onartuko al zituten? Ala Elade ta Erroma'ko idazleen ederra bereganatu al zezaketen? Bi alderdi sortu ziran Eliz-gizonen artean bekoz beko. Lenengoak Elade ta Erroma'ko eleederra erabat arbuiatu zun, Iainko-semeen tupustagarri zitekela-ta. Besteak, ordea, Elade'ko ta Erroma'ko eleederra onartu zizun, aur eta gazteen azibiderako. Azken oien iritziz, likiskeri gordiñen artean ere izarrarri zenbait arki zitezkean. Beraz, osotara ez ziran zapuzgarri. Oien alegiñei esker, gure artean iraun dute aspaldidaniko idazle zarrok. Orduko lekaide ta eliz-gizonek ondu larrutxetan agertzen baitira idazle zarron olerki ederrak.
Elade'ko ta Erroma'ko ele-ederraren alde Eliz-guraso bikaiñenak iarri ziran eta burruka ortan garaille egokitu ziran. Ikusgarri, benetan, Basili ta Naziantzo'ko Gergori gurenen iarduna! Bi biok Atenai'ratu ta ango ikasguetan Elade'ko ele-ederra bere egin zuten. Iesu'ren izena ez, beste atsegiñak oro arkitzen zitun Augustin gurenak Kikero'k idatzi «Hortensius» elkarrizketa ederrean. Ieronimo gurenari buruz auxe oroiterazi nai dizut: «kistar baiño areago Kikero-darraio zirudila» iauki oi zioten aren izterbegiak.
Gure ustez ere, oraingo ele-ederrari buruz sortu-auzian, bekoki zabalagoak bear genuke izan. Aurrenik idaztiok gizakume ikasien eskuetan zer gaitz sortu lezaketen ez dugu ikusten. Gero, gaiñera, oraingo ta lengo ele ederrean badituzu likiskeri zenbait. Ori ezin ukatu. Alare, likiskerion artean badira izar-arri ugari. Arrezkero, besterik gabe, oraingo ta lengo ele-ederra osotara artuta arbuiagarri danik ez deritzagu. Ortarako bekoki extuegia izan bear.
|